Descárgate la app
Nafarroak hitzarmena sinatuko du Estatuarekin oliba-olioaren eta mahaiko oliben merkatuen informazio-sistema kontrolatzeko
2022ko otsailaren 2a
Nafarroak hitzarmena sinatuko du Estatuarekin oliba-olioaren eta mahaiko oliben merkatuen informazio-sistema kontrolatzeko
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onartzen duen akordioa hartu du, olio-merkatuen informazio-sistemaren kontrolak egiteko (oliba-olioa eta mahaiko olibak). Ikuskapen hori Nekazaritzako Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziak (AICA) egingo du, Ministerioaren beraren mendeko erakunde autonomoa baita.
Hitzarmenaren testuan jasotzen denaren arabera, Nafarroako Gobernuak AICAren eskuetan utziko du kudeaketa, Foru Komunitatean ezarritako operadoreek olio-merkatuen informazio-sistemari (oliva-olioa eta mahaiko olibak) egindako aitorpenetan jasotako datuak egiazkoak diren egiaztatzeko beharrezko kontrolak egiteko. Agindu horrekin ez da inola ere aldatuko Nafarroari gai horretan dagozkion eskumenen titulartasuna.
Hitzarmenari jarraiki, AICAk bi aldeek onartzen duten kontrol-programan oinarrituta lan egingo du; bertan, operadore-mota bakoitzeko, kanpaina bakoitzean kontrolatu beharreko instalazio-kopurua zehaztuko da.
Horretarako, Nafarroak, urte bakoitzeko irailaren 30a baino lehen, honako hauen zerrenda emango du: olio-errotak, transformazio-industriak, oliba-olioa ontziratzeko makinak, findegiak, oliba-patsaren olioa ateratzeko makinak eta oliba-olioaren eta mahaiko olibaren gainerako operadoreak, jarduneko kanpainan jarduera dutenenak eta Foru Komunitatean kokatuak.
Jarduera horiek AICAk berak finantzatuko dituenez, ez du inolako ondorio ekonomikorik izango Nafarroarentzat.
Hitzarmena indarrean egongo da 2024ko irailaren 30era bitarte, eta, bi aldeek aurrez hala adostuta, 2028ko irailaren 30era bitarte luzatu ahal izango da.