2009ko urriaren 13a

Nafarroako eta Espainiako gobernuek mendetasunari buruzko hitzarmen bat sinatu dute, 5,8 milioi eurokoa

Hitzarmena sinatzeko ekitaldiko buruak Nafarroako presidentea, Miguel Sanz, eta Osasun eta Gizarte Politikako ministroa, Trinidad Jimenez, izan dira
Nafarroako eta Espainiako gobernuek mendetasunari buruzko hitzarmen bat 
sinatu dute.
Nafarroako eta Espainiako gobernuek mendetasunari buruzko hitzarmen bat sinatu dute.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuko presidenteak, Miguel Sanz Sesmak, eta Osasun eta Gizarte Politikako ministroak, Trinidad Jimenezek, bilera egin dute gaur arratsaldean Nafarroako Jauregian, mendetasunaren arretaren inguruko jarduerak egiteko lankidetza hitzarmen bat sinatze aldera. Hitzarmenaz gain beste gai batzuk ere jorratu dituzte.

Zehazki, gaur sinatu duten hitzarmenak Ministro Kontseiluak 2008ko abenduan hartutako konpromiso batekin dauka lotura. Konpromisoa da estatuaren funts berezi bat sortzea, ekonomia eta enplegua dinamizatzeko. Hitzarmenaren asmoa da, hain zuzen, programak zehaztea eta mendetasunaren arreta zerbitzuak sustatzeko kredituak gobernu zentraletik Nafarroako Gobernura transferitzeko prozedurak ezartzea; kredituak 5.802.045 eurokoak dira.

Dokumentuan adierazi dute, gainera, kreditu horiek finalistak izango direla eta erabiliko dituztela, bakarrik, autonomiarako eta mendetasunaren arretarako sistemaren zerbitzu sarea garatzeko eta modernizatzeko, batetik, eta profesionalak prestatzeko, bestetik. Halaber, asmoa da sektorean lanpostuak sortzea.

Gauzak horrela, hitzarmenari jarraiki jarduera hauek egingo dituzte: Nafarroako Gobernuaren berezko instalazioak eta ekipamendua hobetzea (794.000 euro); "Minusbaliotasunaren espazioa" proiektua gauzatzea, minusbaliotasunak dauzkan jendeari egunez arreta emateko eta beste zerbitzu batzuk eskaintzeko, hala nola San Jose zentro zaharrean egingo den baliabide zentroa (300.000 euro); zentro eta zerbitzu pribatuetako azpiegiturak hobetzea, homologatze aldera (850.329 euro); Tafallan buruko gaixotasunak dituzten pertsonentzako zentro okupazionala eraikitzeko obren zati bat finantzatzea (727.000 euro). 

Horrez gain, hitzarmenean honako hauek ere sartu dituzte: tokiko erakundeei eguneko zentroak eraikitzeko finantzaketa proiektuak (1.100.000 euro); mendetasuna duten pertsonentzako laguntza teknikoak (420.100 euro); kalitateari buruzko prestakuntza, profesionalentzat eta profesionalak ez diren zaintzaileentzat (454.000 euro); egokitutako garraio zerbitzuak hobetzea (175.600 euro); eta egoitzetan ostatu hartzeko lekuak sortzea. Ostatu hartzeko lekuak dira, hain zuzen, psikogeriatriako 8 lagunentzako lekuak (162.516 euro); minusbaliotasunak dituzten 28 lagunentzako eguneko lekuak (213.000 euro); buruko gaixotasunak dituzten 7 lagunentzako lekuak, zentro okupazionaletan (67.000 euro); buruko gaixotasunak dituzten 12 lagunentzako lekuak, lagundutako egoitzakoak (281.000 euro); eta minusbaliotasun psikikoak dituzten 20 lagunentzako lekuak, babespeko etxebizitzetan (257.500 euro).