Descárgate la app
Hiritarren txartela "Más por ti" klubera atxikita dauden Nafarroako saltokietan erabili ahal izango da
2011ko maiatzaren 3a
Hiritarren txartela "Más por ti" klubera atxikita dauden Nafarroako saltokietan erabili ahal izango da
Hiritarren txartela Nafarroako Gobernuak sustatzen du Toki Admonistrazioaren bidez. Gaurtik aurrera erabili ahal izango da Nafarroako Denden Federazioaren "Más por ti" klubera atxikitako establezimenduetan. Amaia Salanueva Murguialday Toki Administrazioko kontseilariak eta Inmaculada Abinzano Garjón federazioko presidenteak lankidetza protokolo bat sinatu dute gaur goizean, txartela bezeroak leial bihurtzeko elementu gisa erabili ahal izateko.
Salanuevak onuragarritzat jo du lankidetza eta, horren bidez, hiritarren txartelaren proiektuaren egokitasuna eta herritarrentzako duen erabilera aitortu ditu. Horrez gain, kontseilariak azpimarratu du balitekeela, gerora, txartela eskaintzak eta proposamenak pertsonalizatu nahi dituzten enpresentzako ziurtapen gisa erabiltzea, esate baterako, museoetan, igerileku pribatuetan, e.a.
Nahi duenak txartela zerbitzu horrekin lotu ahal izango du "Más Por tí" klubaren bidez. Hiritarren txartela hiritarren arretarako telefonoetara (010, 012) edo klubera bertara deituz (948 010131) eman ahal izango da altan eta Foru Erkidegoko eskualdeetan hedatuta dauden sareko 200 establezimenduetan erabili ahal izango da. Federazioak aurreikusi duenaren arabera, baliteke establezimenduen kopurua datozen egunetan handitzea.
Gaur egun, ia 19.000 bezerok gozatzen dute "Más por ti" klubak eskaintzen duenaz; honako herri hauetan erabil daiteke: Altsasun, Beran, Corellan, Elizondon, Lekunberrin, Lodosan, Irunberrin, Martzillan, Iruñan, Azkoienen, Garesen, Zangozan, Donezteben, Tafallan eta Tuteran.
Bestalde, Nafarroan hiritarren txartelaren 288.000 erabiltzaile daude 49 udalerritan. Toki Administrazio Departamentuak udal zerbitzuak erabiltzeko egiaztatze sistema komuna eta homogeneoa sustatu zuen; askotariko erabilera gehitzeko aukera ere ematen du. Hori hala izanik, instalazioak erabiltzeaz gain, liburutegietako erabiltzaileak identifikatzeko edo Eskualdeko Hiri Garraioa ordaintzeko balia daiteke. Hari gabeko sistema batek zerbitzua arintzen ditu, txartela irakurgailu batean sartu beharrik izan gabe.