Descárgate la app
Euskarabideak trantsizio digital eleaniztunari buruzko topaketa batean parte hartu du Donostian
2022ko ekainaren 2a
Euskarabideak trantsizio digital eleaniztunari buruzko topaketa batean parte hartu du Donostian
Nafarroako Gobernuko Euskarabidea - Euskararen Nafarroako Institutua bere lehentasun estrategikoen ildotik, Donostian izan da, "Hizkuntzaren Ekonomia Berriaren Trantsizio Digital Eleaniztunean" izeneko jardunaldian. Topaketa Hizkuntza Naturala Prozesatzeko Espainiako Elkarteak hainbat erakunde publikoren laguntzarekin antolatu du.
Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, Estatuko eta beste autonomia erkidego batzuetako administrazio publikoko beste arduradun batzuk, industria eta enpresa alorrekoak, eta mundu akademiko zein zientifikokoak bildu ziren topaketa honetan. Jardunaldian zehar gai honetako aldaketei arrakastaz nola ekin aztertu zuten, aldi berean hizkuntza eta kultura guztien biziraupen digitala bermatuz.
Era berean, agerian geratu zen hizkuntzaren teknologia adimen artifizialaren alor berritzaileenetako bat dela, hazkunde azkarreko eragin ekonomikoa duena, eta, aldi berean, European Language Equality proiektuaren emaitzek erakusten duten bezala, aurrerapen teknologiko nabarmen hori ez dela hizkuntza guztietan berdin garatzen egiaztatzeko. Horregatik, eleaniztasuna sozialki errentagarri bihurtzeko erronkaz ere aritu zen saioa, berrikuntza, zerbitzuak, produktuak eta negozio-eredu berriak kontuan hartuta.
Halaber, Estatuko hizkuntzei eta haien garapen digitalari buruzko eztabaida-mahai bat egon zen jardunaldian, eta bertan parte hartu zuten Espainiako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako, Kataluniako Generalitateko, Valentziako Gobernuko eta Galiziako Xuntako ordezkariek. Ekitaldiak ekimen publiko ezberdinak aurkezteko ere balio izan zuen, hala nola Gaitu, AINA eta Nós.
Topaketak, gainera, aukera eman zuen hizkuntzaren teknologiaren industriaren inguruko ezagutzak partekatzeko, arlo horretako ikerketarekin zein prestakuntzarekin lotutako esperientziak kontrastatzeko, eta hizkuntzaren ekonomia berriaren PERTE (Eraldaketa Ekonomikoa Berreskuratzeko Proiektu Estrategikoa) aztertzeko. Hizkuntza koofizialek hazkunde ekonomikorako eta nazioarteko lehiakortasunerako faktore gisa duten potentziala aprobetxatzea planteatzen duen ekimena da, adimen artifiziala bezalako arloetan, besteak beste.
Saioa amaitu aurretik, parte-hartzaileek hizkuntza-teknologien artearen egoerari buruz eztabaidatu ahal izan zuten eleaniztasunaren ikuspegitik, baita hizkuntza-teknologietan talentua atxikitzeari eta erakartzeari buruz ere.