2019ko otsailaren 13a

Agoitzeko Emakumearen Aurkako Indarkeria Epaitegiak Natalya Balyuken heriotzagatik daraman auzi penalean pertsonatuko da Gobernua

Haren bikotekidea behin-behinean dago espetxean, komunikatuta eta fidantzarik gabe, ustez Natalya hiltzeagatik

Gaurko bilkuran Nafarroako Gobernuak erabaki duenez, herri-akzioa egikarituko da ustez Natalya Balyuk hiltzeagatik Agoitzeko Emakumearen Aurkako Indarkeria Epaitegiak haren bikotekidearen aurka daraman auzi penalean.

Biktima Nafarroako Ospitale Gunean (NOG) hil zen, 2018ko abuztuaren 27an, ustez bere senarrak etxean, Uharten, eragin zizkion lesioen ondorioz zenbait egun ospitaleratuta egon ondoren. Abuztuaren 28az geroztik ustezko hiltzailea espetxean dago behin-behinean, komunikatuta eta fidantzarik gabe.

Exekutiboak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Aholkularitza Juridikoko Zerbitzuaren esku utzi ditu dagozkion jardun prozesalak, Foruzaingoa kasu honetan egiten ari zen ikerketa amaitu ondoren.

Gogorarazi behar da, 14/2015 Foru Legeak dioenez (apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa), «Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta toki entitateek prozedura penaletan pertsonatzea erabakitzen ahalko dute herri-akzioa egikaritzeko, emakumeen aurkako indarkeriaren kasu larrienetan edo delitu ekintzaren ondorioz emakumea hiltzen denean».

Azkenik, Gobernuak elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkie Natalyaren senideei eta lagunei, eta nabarmendu du lanean jarraitu behar dela emakumeen bizitza, askatasuna, duintasuna eta erabateko herritartasuna kaltetzen dituen indarkeria mota oro desagerrarazteko.