Descárgate la app
Abenduko ezohiko eurite eta uholdeek eragindako kalteak konpontzeko jarduera plana onartu du Nafarroako Gobernuak
2022ko martxoaren 23a
Abenduko ezohiko eurite eta uholdeek eragindako kalteak konpontzeko jarduera plana onartu du Nafarroako Gobernuak
Nafarroako Gobernuak jarduera-plan bat onartu du abenduko euriteek eta ezohiko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko. Planak 8.144.000 euroko zuzkidura du 2022 eta 2023 ekitaldietarako, eta nekazaritza-azpiegiturak konpontzeko laguntzak aurreikusten ditu (bai toki-erakundeenak, bai Ureztatzaileen elkarteenak eta ustiategi partikularrenak), baita errenta galtzeagatiko laguntzak eta aseguru-lineei egindako konpentsazioak ere.
Zehazki, Gobernuak asteazken honetan egindako bileran, Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilariari baimena eman zaio 2022rako 4.572.000 euroko eta 2023rako 3.572.000 euroko urte anitzeko gastuaren konpromisoa hartzeko.
Itziar Gomezek adierazitakoaren arabera, “zenbateko garrantzitsua da, hots, 8 milioi euro, nekazaritzako azpiegiturekin loturiko kalteen %100 nahiz nekazari eta abeltzainentzako errenta-galerak eta aseguru-lineentzako konpentsazioak konpentsatzeko”. Kontseilariak gehitu duenez, “pasa den abenduko ezohiko eurite eta uholdeek kalte ugari eragin zituzten, Erriberan nahiz mendialdean eta Pirinioetan, eta 140 herri baino gehiago kaltetu zituzten”.
Asteazken honetan onartutako Planean jasotzen denez, ezohiko suteek eta uholdeek kaltetutako nekazaritza-azpiegitura publikoetarako laguntzetarako partida bat sortuko da, 5.145.814 eurokoa, eta horietatik 2.572.907 euro 2022ko gastuen aurrekontuaren kontura izango dira eta 2.572.907 euro 2023ko aurrekontuaren kontura.
Horrez gain, milioi 1 euroko partida bat egongo da ezohiko uholdeak direla-eta Ureztatzaileen Komunitateetako nekazaritza-azpiegiturak konpontzeko, 2022. urterako; beste laguntza-partida bat egongo da ezohiko suteek eta uholdeek kalteturiko nekazaritza-azpiegitura pribatuetarako, milioi 1 eurokoa 2023rako; eta laugarren laguntza-partida bat ezohiko uholdeengatik azpiegitura pribatuetan izandako kalteetarako eta errenta-galerarako, 2022ko gastuen aurrekontuan.