Descárgate la app
Landa Garapenak 2 milioi bideratu ditu Nafarroako Ubidearen jarduketa-eremuko nekazaritza ustiategietan ureztatze ekipamenduaren inbertsioetarako
2022ko otsailaren 11a
Landa Garapenak 2 milioi bideratu ditu Nafarroako Ubidearen jarduketa-eremuko nekazaritza ustiategietan ureztatze ekipamenduaren inbertsioetarako
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, 2 milioi euro bideratuko ditu Nafarroako Ubidearen jarduketa-eremuko nekazaritza-ustiategietarako ureztatze-ekipamenduetarako inbertsioetarako laguntzen deialdirako. Deialdi hori Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren ebazpen batean jaso da, eta duela gutxi argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO).
Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren baitako laguntza da eta eskatzeko epea apirilaren 1ean amaituko da.
Neurri horren helburuen artean honako hauek nabarmentzen dira: etekin ekonomikoa handitzea, ustiategiaren errendimendu fisikoak eta ekoizpenen kalitate-mailak hobetzea, ekoizpen-kostuak murriztea, uraren eta energiaren erabileraren eraginkortasuna hobetzea, teknika berritzaileak hartzea, nekazaritza-sektorean enplegua mantentzea eta sortzea, lan- eta osasun-baldintzak hobetzea eta nekazaritza-jardueren dibertsifikazioa bultzatzea.
Laguntzak kapitaleko zuzeneko diru-laguntza izango dira. Onuradun bakoitzeko eta deialdi-ekitaldi bakoitzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko inbertsio-bolumena 100.000 eurokoa izango da ustiategiko NLU (Urteko Lan Unitate) bakoitzeko, inbertsio-plana gauzatu ondoren zehaztuta, 800.000 euroko mugarekin guztira. Gainera, espediente bakoitzeko diruz lagun daitekeen gutxieneko inbertsio-bolumena 7.500 eurokoa izango da; onuradun eta deialdi bakoitzeko gehieneko laguntza 300.000 eurokoa; eta 2014-2020 programazio-aldian onuradun bakoitzeko gehieneko laguntza 800.000 eurokoa izango da.
Gainera, laguntza-portzentajearen muga hauek ezartzen dira diruz lagundu daitekeen inbertsioaren zenbateko osoaren gainean: % 30 oro har, eta % 40 nekazari gazteen kasuan. Gainera, gazteek parte hartzen duten elkarte-ustiategien kasuan, oro har ezarritako muga 10 punturaino igo ahal izango da, gehienez ere % 40, gazteek kapital sozialean parte hartzen duten proportzioaren arabera.