Descárgate la app
Lekunberrin sorgailu eolikoen ardatzak fabrikatzeko enpresa-proiektua foru intereseko inbertsioa bezala aitortu da
2017ko uztailaren 26a
Lekunberrin sorgailu eolikoen ardatzak fabrikatzeko enpresa-proiektua foru intereseko inbertsioa bezala aitortu da
Nafarroako Gobernuak gaurko (asteazkena) bilkuran onartu du Lekunberri de Corte, S.L. enpresak sustaturiko enpresa-proiektua foru intereseko inbertsio gisa aitortzeko erabakia; enpresak udalerri horretan sorgailu eolikoen ardatzak fabrikatzea aurreikusten du.
Enpresa berriak bederatzi pertsonari lana eman nahi die 2018an, eta plantilla gehitzen joango da, gehienez 23 pertsonara iritsi arte 2021. urterako; denak ere goi-mailako prestakuntza teknikokoak izango dira. Egingo duen inbertsioan aipatzekoa da Lekunberriko Industrialdean 4.000 metro karratuko pabiloia eraikiko duela, kanpoan 2.200 metro karratuko azalera librearekin; halaber, 100 tonako zubi-garabia eta 25eko beste bi, 25 tonako portiko-garabiarekin; 13,5 tonako prentsa hidraulikoa; eta lau labe, bi forjazkoak eta bi tratamendukoak, eta tamaina handiko bi tornu horizontal. 2017ko bigarren seihilekoan eta 2018ko lehen hilabeteetan egin beharreko inbertsioa 14.500.000 eurokoa da.
Enpresa-proiektu berriarekin, sorgailu eolikoen osagai estrategikoetariko bat fabrikatuko da, zehazki, errotaren ARDATZA, "forja bidezko kofadun ardatza" izeneko prozesu berritzailearen bitartez; horrek ia %30 murrizten du bere pisua, eta lehengai gutxiago kontsumitzen du.
Gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak foru intereseko inbertsio bezala deklara ditzakeela Foru Komunitateko garapen ekonomiko, sozial edo lurralderako garrantzi berezia duten proiektuak. Hori lortzen duten ekimenek lehentasunezko eta premiazko bultzada izaten dute ondoren, Nafarroako administrazio publiko guztiekin egin beharreko izapide ezberdinetan. Era horretan, esate baterako, erdira murrizten dira jarduera ezartzeko, hirigintza-plangintza egiteko edo gauzatzeko, irekitzeko edo funtzionamendurako lizentziak izapidetzeko aurreikusitako epe arruntak.
Lekunberri de Corte, S.L.
Lekunberri de Corte, S.L. Riza Taldeak sustaturiko enpresa-proiektu berria da; enpresak 65 urteko esperientzia du tratamendu termikoak egiten pieza metalikoetan eta forja astunean. Industria Talde horrek bederatzi produkzio-zentro ditu Nafarroan, Gipuzkoan eta Araban.
Lekunberrin kokatuko den enpresa-proiektu berria Mekatar Group taldearekin integrazio industrialerako eta lankidetza estrategikorako lortutako akordioaren esparruan garatuko da. Talde industrial hori mekanizazio-prozesuak eta azaleko tratamenduak egiten espezializatua da, lau industria-instalazio ditu, eta horietako bi Lekunberriko Industrialdean bertan kokatzen dira. Bi taldeen artean, 400 langile biltzen dituzte, eta ehun milioi eurotik gorako fakturazioa dute.