2021ko abenduaren 16a

N-121-A errepidea 2+1 bide bihurtzeko lanak hasi dira Oronoz-Mugairitik Sunbillaraino 21 milioi euroko inbertsioarekin

Nafarroako Lehendakaria, Lurralde Kohesiorako kontseilariarekin eta Gobernuaren ordezkariarekin batera, Donezteben izan da lanen hasieran, eta 18 hilabeteko epea izango dute lanak gauzatzeko
La Presidenta Chivite acude al inicio de las obras del tramo Oronoz-Mugaire -Sunbilla de la N-121-A Irudi galeria

N-121-A errepidea 2+1 bide bihurtzeko lanak hasi dira gaur goizean, Oronoz-Mugairitik Sunbillaraino. Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak Donezteben ikusi du 21 milioi euroko inbertsioa duten lanen hasiera, batez ere bide hori eraldatzeko Estatuko Aurrekontu Orokorren esleipenaren bidez finantzatuta.

Lanei esker, errepide honetako segurtasuna handitu ahal izango da, eta lanak 2023. urtearen erdi aldera amaitzea aurreikusten da. Ibilbidearen zati handi batean, aurreratzeko hirugarren errei bat jarriko da, beste noranzkotik segurtasun-hesi zeharkaezin batekin banatuta, aurreko eta alboko talkak saihestearren, N-121-A errepideko istripu-tasaren kausa kaltegarriena dira-eta. Era berean, zati horretan, bi biribilgune berri eraikiko dira, bat Oronoz-Mugairin eta bestea Donezteben, Sunbillara hegoaldetik sartzeko sarrera berri batez gain, azpiko biribilgune batekin eta N-121-A errepiderako gaineko pasabidearekin.

Lehendakariarekin batera, honako hauek izan dira: Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Ciriza eta Gobernuaren Nafarroako delegatu Jose Luis Arasti; Herri Lan eta Azpiegituretako zuzendari nagusia; Pedro Lopez; Azpiegitura Berrien Zerbitzuko zuzendaria, Jesus Polo; zati horretako herrietako ordezkariak, hots, Baztango alkatea eta Herri Lanetako zinegotzia, Joseba Otondo eta Florentino Goñi; Doneztebeko alkatea, Leire Ortouste; Bertizaranako alkatea, Andres Echenique; Sunbillako alkateordea, Francisco Jose Errandonea; eta Obras Especiales, Edificación e Infraestructuras S.A.U. enpresa esleipenduneko kontseilari delegatua, Maria Jose Ballarin, konpainiako beste ordezkari batzuekin batera.

N-121-A errepidea bilakatzeko lanak 5 zatitan banatu dira, Ezkabako tuneletatik Endarlatsako zubiraino, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan. Lehen zatia (Ezkaba-Olabe) 2022. Urtearen hasiera aldera amaituko da, eta bigarrena (Olabe-Lantz) eraikitzen datorren urteko lehen lauhilekoan amaitzea aurreikusten da. Laugarren zati horretako obren kostua 21 milioi eurokoa izango da, eta Lehendakariak Estatuaren lankidetza eskertu du bide honen bihurtzea eskatzeko, Espainiako errepide batean era horretako ezaugarriak dituen bidearen lehen eraldaketa integrala izango baita. Era berean, Lehendakariak nabarmendu du garrantzitsua dela lurralde-kohesiorako eta Nafarroako garapenerako errepide-sare ezin hobea eta eraginkorra izatea.

Ibilbidearen inguruko xehetasunak

11,5 kilometroko ibilbide berria egingo da Oronoz-Mugairitik hasi eta Arrigazteluko tunelaren hegoaldeko ahoraino. Ibilbide berriak zati handi batean erdiko errei bat izango du, aurreratzeko errai gisa erabiltzearren txandakako tarteetan, zirkulazioaren beste noranzkotik bereizita metalezko hesi gaindiezin batekin.

N-121-A errepidea N-121-B errepideko bidegurutzearekin eta NA-1210 errepidearekin (Oronoz-Mugairi hegoaldean) lotzeko konexioak aldatu egingo dira biribilgune bat eraikita, bide-aldaketen segurtasuna sinplifikatu eta handituaz.

Doneztebe eta Sunbilla artean kokatutako zerbitzuguneko zirkulazioa berrantolatuko da; bertan, gasolindegia, IAT eta hainbat etxebizitza aurkitzen dira. Era horretan, biribilgune bat egingo da 48+300 puntu kilometrikoan, IATko sarrera eta irteerak erraztuaz eta ezkerraldeko zerbitzugunetik irteten diren ibilgailuen noranzko aldaketa ahalbidetu ahal izatearren. Halaber, 49+100 puntu kilometroko biribilgune zatitua kendu egingo da eta ezkerraldean zerbitzu-bide bat sortu, enbor nagusitik bereizita, hesi bertikal metaliko baten bidez, erdiko erdibitzailearen berdina, eta Sunbillako Hegoaldeko irteerak, zerbitzu-eremuak eta Hegoalderantz bi aldeetako etxebizitzek eragindako mugimenduak hartuko ditu, eskuin aldekoek noranzkoaz aldatzeko aukera izango baitute Sunbillako lotune berrian. Errepideak noranzko bakoitzerako errei bat izango du, eta 2 metroko erdibitzaileak banatuko ditu, hesi metaliko batekin.

Sunbillarako hegoaldeko sarreran, egungo biribilgune zatitua kenduko da, eta 2012an onartutako lotune-proiektua gauzatuko da, egun eguneratua eta N-121-A errepideko gainerako 2+1 tipologiara egokitua. Maila ezberdineko biribilgune bat eraikiko da, kasu honetan N-121-A errepideko galtzadaren azpian, eta Sunbillarekin hegoaldeko konexioa egiteko aukera emango du.

Faseetan gauzatutako obrak

Trafikoari ahalik eta kalte gutxien eragiteko, obrak faseetan egingo dira. Oronoz-Mugairi arteko loturarekin hasiko dira, galtzadari eragiten ez dioten lanekin: sasiak kentzea, kaltetutako zerbitzuak birjartzea, kanalizazioak, linea elektrikoak, e.a.

Errepidea zeharkatzen duten zeharkako drainatze-lanak galtzada-erdietatik egingo dira, eta zirkulazioa txandaka igaroko da erabilgarri geratzen den erreitik. Galtzadan egitea eskatzen duten lanei dagokienez, ibilbidearen zati handi batean hiru errei daudenez, horietako bi erabiliko dira trafikoa igarotzeko, abiadura 60km/h-ra mugatuta, eta bestea handitze-lanak egiteko.

2+1 bideak

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak onartu berri du 2+1 errepideei buruzko Espainiako lehen agindua. Hain zuzen ere, zirkulazioaren bi noranzkoko bideak dira, eta erabiltzeko 3 errei dituzte; hortaz, erdiko erreia aurreratzeko erabiltzen da noranzko batean edo bestean, tarte erregularretan.

Abantaila nagusi gisa, kontrako noranzkoko aurrerapen guztiak kentzen ditu, eta, beraz, nabarmen jaisten da aurretik edo albotik talka egiteko arriskua, hori baita N-121-A errepidearen egungo istripu-tasaren kausa kaltegarriena. Gainera, ilarak errazago desagerrarazteko aukera ematen du, aurreratzeko zonak optimizatzeagatik.

2+1 bidearen irtenbidea oso zabalduta dago nazioartean, eta eraginkorra dela erakutsi du bide-segurtasunaren eta funtzionalitatearen aldetik. Bide-mota horrek esperientzia zabala du Europako herrialde askotan (Suedia, Finlandia, Alemania, Frantzia, Irlanda, besteak beste) eta munduko gainerako lekuetan (AEB, Kanada edo Australia). Are gehiago, errepide-sarea zabaltzen eta hobetzen ari diren herrialdeetan ere, Polonian, esaterako, irtenbide horren aldeko apustu irmoa egin dute.