2022ko apirilaren 5a

Berrikuntza sustatzeko eta komunikazio-bide berriak irekitzeko sortu den metabertsoan aurkeztu du bere espazio berria Nafarroako Gobernuak ,

Errealitate areagotua duen ingurune horrek abangoardia teknologikoan kokatzen du Foru Komunitatea, herritarren, enpresen, erakundeen eta Administrazioaren arteko interakzioa irauliz  
collections Irudi galeria

Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak Nafarroako Gobernuak metabertsoan duen espazio berria aurkeztu du gaur goizean. Errealitate areagotuko ingurunea da, administrazio autonomiko bateko lehena, eta herritarren, enpresen, erakundeen eta Administrazioaren arteko interakzioan garapen handia dakar, teknologiari eta berrikuntzari esker komunikazio zuzenagoa lortzeko.

Metabertsoa espazio birtual bat da, eta aukera ematen du bertako edukiarekin eta elementuekin ez ezik, murgiltze-espazio horretara sartzen diren pertsonen artean ere elkarreragiteko, ordenagailuaren, gailu eramangarrien edo VR (Errealitate Birtuala) betaurrekoen bidez.

Modu horretan, Cigudosa kontseilariak adierazi du, metabertsoan osorik emandako prentsaurrekoan, Nafarroako Gobernuak jauzi digital horren alde egindako apustuak “Foru Komunitatea abangoardia teknologikoan eta berritzaileak kokatzeko aukera ematen duela, konektatzeko modua aldatuz”.

Ildo horretan, kontseilariak gonbita luzatu die pertsonei, erakundeei eta enpresei ingurune hau bisitatu eta ezagutzeko, “ekonomia, transakzioak, komunikazioa, harremanak eta, oro har, Internet tradizionala deitzen den horretan egiten dugun guztia ulertzeko modua iraultzen ari baita”.

Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak zuzentzen du proiektua, eta eredu izan nahi du beste erakundeentzat eta berrikuntza gidatu ikuspegi teknologikoago horretatik. “Nafarroako Gobernuak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egiten du batzen eta konektatzen gaituen eta gizarte bezala aurkezten zaizkigun erronkei partekaturiko irtenbide hobeak ematea ahalbidetzen duen erreminta gisa”, adierazi du kontseilariak.

Espazio ezberdinak Nafarroako Gobernuaren metabertsoan

Cigudosa kontseilariak, Telekomunikazio eta Digitalizazioko zuzendari nagusia den Guzman Garmendiarekin batera, Nafarroako Gobernuaren errealitate areagotuko espazio berria bisitatu du. Espazioa Nafarroako You Media enpresak garatu du.

Nafarroako Gobernuaren metabertsoa Spatial plataformaren bidez egin da eta Metaren barruan sartu da. Hiru gela ezberdin ditu, eta horietan, oraingoz, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua aurki daiteke.

Horietako lehena areto nagusia da, eta, bertan, Departamentua eta hori osatzen duten hiru zuzendaritza nagusiak aurkitzen dira. Gune horretan, erabiltzaileak zuzenean ezagutu ahal izango ditu Departamentuaren zenbait ekintza, estrategia eta helburu nagusi.

Metaplace horretan auditorioa ere badago; hortik aurkezpenak, hitzaldiak, workshops-ak eta prentsaurrekoak egingo ditu Departamentuak, gaur errealitate areagotuko ingurune batean eskainitakoa bezala.

Azkenik, espazio honetan, banako bulegoak ere badaude kontseilariarentzat eta zuzendari nagusientzat, Nafarroako Gobernuaren metabertsoaren bidez pertsona ezberdinekin bildu ahal izateko.

Spatial plataforma

Spatial plataforma errealitate birtualeko (VR) zerbitzu bat da, eta erabiltzaileei aukera ematen die beste pertsona batzuekin (abatarrak) munduko edozein lekutatik, urruneko moduan, biltzeko espazio pertsonalizatuak sortzeko. Beste plataforma batzuetatik bereizten duena da edozein gailu-motatatik sar daitekeela; grafikoak errealistagoak dira, eta, beraz, abatarrek pertsonen antz gehiago dute, animazio-pertsonaiena baino. Gainera, pertsonalizazio-maila handiagoak eskaintzen ditu.