2021ko uztailaren 30a

Nafarroak 56 milioi euro arte jasoko ditu Helmugetan Turismo Jasangarritasunerako Planak garatzeko

Turismoko zuzendaritza nagusiak prestatze-fasean lan egin du, gaur irekiko den deialdian Helmugetan Turismo Jasangarritasunerako Lurralde Planean (PTSTD) sar daitezkeen EKIMEN bideragarriak aurkezteko
collections Irudi galeria

Foru Erkidegoak 2021etik 2023ra bitartean 56 milioi euro jasoko ditu Helmugetan Turismo Jasangarritasunerako Planak egiteko Estatuko Programatik. Laguntza horiek Next Generation EU Europako berreskuratze-funtsetatik datoz, eta sektorea suspertzeko helburua dute. Gaur irekiko da lehen deialdi berezia. Nafarroa abiapuntu egokia da laguntza horiek lortzeko, turismo jasangarritasunaren aldeko apustua egin duelako, eta maiatzean tokiko erakundeei eta sektoreko beste eragile batzuei dei egin zielako Helmugetan Turismo Iraunkortasunaren Lurralde Planean (PTSTD) sar daitezkeen proiektuak identifikatzeko.

Laguntza-programa gaur goizean aurkeztu du Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Mikel Irujok, eta adierazi du “Next Generation EU programako europar funtsak funtsezko tresna direla sektorea berreraikitzeko eta ehun ekonomikoa eta soziala berreratzeko”.

Irujok honela azpimarratu du: “sektorearen erresilientzia indartzeko beharra eta betebeharra dugu, eredu turistikoa eraldatuta, haren iraunkortasuna eta modernizazioa bultzatzeko eta lehiakortasunari eusteko”. Gainera, ondorengoa gehitu du: “Nafarroan prest gaude eraldaketa horretarako, aspalditik ari baikara iraunkortasuna jorratzen. Nafarroa Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoa garatzen ari da, 2018an onartua, eta horren asmoa da espazio turistikoa eredu iraunkor bilakatzea, lurraldearen baldintzetara eta prozesu naturaletara gogor egokituta”.

Aurkezpenean, halaber, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak, Maitena Ezkutarik, parte hartu du, eta deialdiaren oinarrizko ildoen berri eman du.

Espainiak 1.858 milioi euro bideratzeko asmoa du datozen hiru urteetan laguntza-lerro honetara, eta autonomia-erkidego bakoitzak proposamen bateratua aurkeztu behar du aurkeztutako proiektuak eta jarduerak baloratu ondoren.

Modu horretan, behin proposamenak jasota, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusia arduratuko da dagokion zonan nahiz foru-lurralde osoan eragin handiena izan dezaketenak hautatzeaz. Aukeraketa hori estatuko laguntzetan parte hartuko duen Plan Autonomikoan (HITLP) sartuko da.

Helmugetako Iraunkortasun Turistikoaren Planen Programa Turismoko Estatu Idazkaritzak diseinatutako esku-hartzea da, eta Estatuko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean sartzen da.

Kohesio-ekintzak eta helmuga-planak

Nafarroa bi helmuga-motara aurkeztuko da gaur irekitzen den Iraunkortasun Planen ezohiko deialdien lehenengoan: “Nortasun turistikoa duen hiria” eta “Nortasun turistikoa duten landa-helmugak”. Autonomia-erkidegoen ekarpenen ondoren, murriztu egin da helmuga bakoitzeko eskatutako gutxieneko aurrekontua, maiatzean aurkeztutako lehen proposamenarekin alderatuta; horrela, milioi bat euro bideratuko dira landa-eremuko helmugarako eta bi milioi hiri-helmugarako. Era horretan, toki-erakundeek zenbateko txikiagoko proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte.

Laguntzak eskuratu nahi dituzten proiektuek zenbait baldintza bete beharko dituzte: eraldatzaileak izatea, enplegu-sortzaileak, estrategia berdearekin eta digitalizazioarekin, eta sektorea eraldatzeko benetako palankak izatea.

Nafarroak jada lehen prestatze-fasea landu du, toki-erakundeekin eta sektoreko agenteekin batera, proiektu bideragarriak eta programagarriak aurkeztu ahal izateko. Modu horretan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak maiatza eta ekaina artean egin zuen Nafarroako Helmugetako Iraunkortasun Turistikoko Lurralde Planean sar daitezkeen proiektuak identifikatzeko deialdia. Deialdi horretara, 58 adierazpen interesgarri aurkeztu zituzten. Ondoren, uztaila eta iraila artean, lurralde-agenteekin garatuko dira helmugako iraunkortasun turistikoko plan bideragarriak 2021eko deialdirako eta helmugen kohesio-ekintzak ere bai.

Beraz, Nafarroako Iraunkortasun Turistikoaren Lurralde Planaren proposamenean hiru “helmuga-proposamen” jasotzen dira: Iruña, Erribera eta Done Jakue Bidea, eta aurrekontuaren %50 horientzat izango da. “Helmugaren kohesio-ekintzak” proiektuen zeharkako lerroarentzat izango da beste %50a, eta, aurkeztutako proiektu asko hor sartu ahal izango dira; hau da, une honetan behar adinako garapenik ez dutenak helmugako plan propio bat izateko.

2021ean HITLPn sartzeko hain helduak ez diren proiektu horiek landu ahal izango dira 2022ko eta 2023ko deialdietan sartzeko. Ildo horretan, Zuzendaritza Nagusiak, udazkenetik aurrera, Nafarroako gainerako helmugekin egingo du lan 2022ko lehen hiruhilekoan irekiko den hurrengo deialdia prestatzeko.

Ostatu-gauak eta aurreikuspenak goraka doaz

Nafarroako Foru Komunitateko Hotelez kanpoko Ostatu Turistikoen Okupazioari buruzko behin-behineko datuen arabera (Landa Turismoa, Kanpinak, Apartamentuak eta Aterpetxeak), ekainean ostatu-gauak %67,6 gehitu egin dira Nafarroan, establezimendu horietan, aurreko hilabetearekin alderatuta (guztira, 107.193 ostatu-gau) eta %83,1 2020ko ekainarekin alderatuta, nahiz eta 2019ko hilabete berean baino %8,7 gutxiago izan.

Ostatu hartutako bidaiari-kopuruari dagokionez, maiatzetik hona %94 gehitu da; hots, 36.812 izan dira. Batez besteko egonaldia 2,9 gauekoa izan da, 2021eko maiatzean baino %13,6 baxuagoa.

Nafarroako hotelen elkartearen datuen arabera, uztailean hotelen okupazioa %55era iritsiko da, eta, abuztuari begira, %60ko okupazioa aurreikusten da. Landa-turismoari dagokionean, abuztuan jatorri ezberdinetako turistak espero dira, baina Madril, Katalunia, Valentziako Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegokoak dira nagusi. Kanpinetako okupazioa, berriz, %80koa litzateke uztailean eta abuzturako %90eko okupazioa aurreikusten da bungalowetan eta %60koa kanpalekuetan. Datu horiek erakusten dute turistek turismo seguruaren eta ez masifikatuaren aldeko apustua egiten jarraitzen dutela Nafarroan.