2020ko irailaren 16a

Gobernuak Nafarroako Kontseiluari egoitzak eta eguneko zentro berriak arautzen dituen foru dekretu proiektua helarazi dio

Adinekoen egoitzetan 130 eta desgaitsunen zentroetan 70 plaza berriko muga ezartzen duen araua urte amaieran onartuta egotea aurreikusi da da

Nafarroako Gobernuak kontuan hartu du adinekoen, ezgaitasunaren, eritasunaren eta gizarteratzearen arloetako egoitza-zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta anbulatorioen funtzionamendua arautzen duen Foru Dekretuaren proiektua. Nafarroako Kontseilura igortzea ere onartu da, irizpena eman dezan.

Eskubide Sozialetako Departamentuaren aurreikuspenen arabera, nagusien egoitzen gehienezko plaza-kopurua 130ekoa eta desgaitasunerako zentroena 70ekoa izanen dela dioen arau berria urtea bukatu aitzin onartuko da. Horrek aukera emanen du egoitza-eredu berriak martxan jartzeko. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernua osatu zuten indar politikoen arteko programa-akordioko konpromisoetako bat da hori.       

Testuaren zirriborroak, halaber, zentroetako bizikidetza-unitateetan egon daitekeen gehienezko pertsona-kopurua aurreikusten du: 16. Horren asmoa egoiliarrentzako gune atseginagoak eta bizitzeko egokiagoak sortzea da, Eskubide Sozialetako Departamentuak bultatzen duen pertsonengan oinarrituriko arreta-eredu berriaren ildotik, pertsonak eta haien bizitza-proiektuak kontuan harturik.       

Era berean, kalitate-adierazleak sortzeko asmoa aipatzen da testuan, baita homologazioen garapena ere. Hori dela eta, ezinbestekoa zen Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea garatzea.   

Bestalde, gizarte-zerbitzuen prestazioa kontrolatzeko erregimenarekin bat egiteko, zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006/123/CE Zuzentaraua egokitu beharra dago. Zuzentarau horrek hainbat xedapen ezartzen ditu zerbitzu-emaileen kokatze-askatasuna gauzatzea errazteko.      

Foru Gobernuak egokitu egin nahi du gizarte-zerbitzuren bat martxan jarri nahi duten pertsonek eta entitateek bete beharreko baldintzei buruzko araudia, erabiltzaileei behar bezalako kalitatea bermatzeko. Zentroentzako baimenak arautzen dituen Foru Dekretua 1991koa da, eta beraz legedia garatu beharra dago egoitza sozio-sanitarioen premia berriei egokitzeko.

Parte-hartze bidezko lanketa

Testua jorratzeko prozedura 2019ko azaroan hasi zen, eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak parte hartu du zeregin horretan. Hark ezarri zituen zirriborroaren ildo nagusiak eta helburuak, baita lan-egutegia ere.          

2020ko lehen hiruhilekoan, Baimenen, Erregistroen eta Homologazioen Batzordearekin, Kalitate sarearekin eta sektoreko entitateekin lansaioak egin ondoren, edukiari eginiko hainbat ekarpen jaso ziren.

Maiatzean eta apirilean, sindikatuek, indar politikoek eta beste zenbait entitatek, hala nola Pertsona Helduen Kontseiluak, eginiko iradokizunak gehitu ziren.    

Aurkezpen publikoko fasean, orotara, edukiari eginiko 230 ekarpen jaso ziren, 45 pertsona eta nagusien, desgaitasunaren, buruko gaixotasunen eta gizarteratzearen eremuetako entitateek eginak. Era berean, iritzia eskatu zitzaion Adingabeen Kontseiluari, adingabeentzako zentroekin zerikusia duten zenbait alderdi partzialki aplikatzeko xedapen iragankor bat gehitu baitzen, parte-hartze prozesuan eskatu zen bezala.  

Testua aberasteko eginiko ekarpen nagusien artean, azpimarratzekoak dira honako arloei buruzkoak: erabiltzaileen eskubideak, haien parte-hartzea, langileen baldintzak, desgaitasuna edo buruko gaixotasunak dituztenei eskainiriko arreta espezifikoa, gizarte-berrikuntzako esperientziak, metodologia eta ebaluazioa, Administrazioaren babesa, ratioak eta material-eskaerak, boluntariotzak, bizikidetza-unitateak eta osasun publikoko krisialdiei aurre egiteko prebentzio-neurriak.