2020ko maiatzaren 29a

Nafarroak sendotu egin du zentro soziosanitarioetako arreta-eredu bateranzko aldaketa, pertsonan eta zainketen kalitatearen hobekuntzan oinarritua

Aldaketa sakona ekarriko du gaur egun Nafarroan dauden eta etorkizunean martxan jarriko diren 525 zentroen lan egiteko moduetan, kudeaketa ereduetan eta konfigurazioan
Erregulazio berria zentro soziosanitarioetarako Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak beste urrats bat egin du adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroaren eredu berri bat ezartzeko. Berrikuntza nagusiak izango dira erabiltzaileek parte-hartze handiagoa izatea erabakiak hartzerakoan, arreta pertsonalagoa ematea eta espazio seguruagoak sortzea, etorkizunean COVID-19k sortutakoen antzeko egoerei aurre egin ahal izateko. Hala jakinarazi du gaur Maria Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak prentsaurrekoan, Inés Francés Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendariarekin eta Ignacio Iriarte departamentuko idazkari nagusi teknikoarekin batera.

Nafarroako Gobernuak beste urrats bat egin du adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroaren eredu berri bat ezartzeko. Berrikuntza nagusiak izango dira erabiltzaileek parte-hartze handiagoa izatea erabakiak hartzerakoan, arreta pertsonalagoa ematea eta espazio seguruagoak sortzea, etorkizunean COVID-19k sortutakoen antzeko egoerei aurre egin ahal izateko. Hala jakinarazi du gaur Maria Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak prentsaurrekoan, Inés Francés Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendariarekin eta Ignacio Iriarte departamentuko idazkari nagusi teknikoarekin batera.

Adinekoen eta desgaituen egoitzen funtzionamendua ez ezik, Nafarroako Gizarte Zerbitzuen sistemako gizarteratzeko zentroen, gaixotasun mentalekoen eta eguneko zentroen funtzionamendua ere arautuko duen Foru Dekretu berria ekarriko duen parte-hartze prozesua jada hasi du Exekutiboak. Guztira, Foru Komunitateko 525 zentrotako 13.097 erabiltzaileri eragingo die Dekretuak, eta horietatik 9.105 jarduneko 219 egoitza-zentrotako batean aurkitzen dira.

Jendaurrean dagoen arau berriari esker, duela 29 urtetik hona indarrean zegoen legedia eguneratu ahal izango da, gizartearen premia eta eskaera berrietara egokitzearekin batera. Modu horretan, ematen dituzten zerbitzuen kalitatea hobetzeaz gain, arretarako eredu berriak sartu ahal izango dira. Dekretua onartzea oso garrantzitsua da une honetan, Eskubide Sozialak lan egiteko modu berri bat abian jartzeko eta zentroetan espazioak konfiguratzeko nahi dituen neurri asko ahalbidetzen baititu; izan ere, horrela, zaintzan kalitatea eta gizatasuna hobetzeaz gain, segurtasun handiagoa eskainiko da COVID-19aren antzeko egoeren aurrean, etorkizunari begira.

Dekretu berrian jasotzen diren neurrien artean ondorengoak nabarmentzen dira: tamaina txikiagoko zentroak sortzea gehienez 16 pertsonako bizikidetza-unitateekin, zaintzaileen ratioa gehitzea artatutako pertsonekiko, erreferentziazko langilearen irudia sortzea eta erabiltzaileek elikadura edo ordutegiak bezalako faktore erabakitzaileen inguruan erabakiak hartzen parte hartzea.

Egoitzak etxearen antza handia duten zentro bilakatzea

Foru Dekretuak dakarren berrikuntza nagusietako bat da bizikidetza-unitateak sortzea eta erregulatzea; hau da, denentzako eremua izango duten espazio berriak (tartean egongela eta sukalde propioa), erabiltzaile-kopuru txikiaren arteko bizikidetza bultzatuaz. Modu horretan, zentro bakoitzeko plazen %65a gutxienez era horretako unitate bilakatu beharko da. Gainera, unitate bakoitzak gehienez 16 pertsonako edukiera izango du, arau orokor gisa.

Banaketa hori nahitaez bete beharko dute eraikuntza berriko zentro guztiek nahiz hamabost plazatik gorako handitze-lanak egiteko jada baimendutako zentroek. Zentro berriak bizikidetza-unitateetan banatu nahi izatearekin, zentro handi despertsonalizatuetatik ihes egin nahi da, era horretan eta ahal den neurrian etxeen antzeko egiteko, pertsonarengan oinarritutako arreta-ereduari jarraiki.

Gelak beren bainugela izango dute, eta horien azalera gutxienez 14 m2 erabilgarrikoa izango da banakako logelen kasuan  eta 20 m2 erabilgarrikoa logela bikoitzetarako, bainugelaren azalera sartu gabe. Espazio horiek norberaren tresnekin pertsonalizatu ahal izango dira. TV hartunea eta Interneterako sarbidea ere izango dituzte. Bizikidetza-unitateak eremu komunak izango ditu, etxebizitza baten eta sukalde baten antzeko tamainakoak.

Halaber, langileen ratioa gehituko da artatutako pertsona-kopuruarekiko. Ratioa ez da berdina izango, baizik eta zerbitzu-motaren eta langileen egitekoen arabera erabakiko da; era horretan, gutxienez lortu nahi den kalitatea hobeto bermatuko da.

Arau berrian aurkezturiko beste neurri bat da egoitza-zentroetan psikogeriatria unitatea egonez gero, egoitza-zentroko gainerako lekuetatik bereizita dagoen espazio fisiko batean egotea.

Eguneko arreta-zerbitzuei dagokienez, hainbat modalitate definitzen dira. Era berean, guztietarako baldintza orokorrak jarriko dira, landa-eremuko eguneko zentroen eta gizarteratzekoen modalitaterako salbuespenekin, hurbileko zerbitzu horiek garatu ahal izate aldera.

Bestalde, esperientzia pilotuen esparruan diseinatu eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten zerbitzuetarako baimen espezifikoak erregulatzea aurreikusten da, premia berriak jorratzeko formula berriak ahalbideratuaz; esate baterako, “cohousing” delakoa.

Pertsonengan oinarritutako arreta: pertsona bakoitza berezia eta bakarra da

Araudi-aldaketarekin, Nafarroako Gobernuaren asmoa da pertsonarengan oinarritutako arretaren inguruko filosofia berria sartzea, herrialde aurreratuetan, gizarte-politiketan, jada ezarrita dagoena; adibidez, Iparraldeko herrialdeetan, Erresuma Batuan, Kanadan edo Australian. Ikuspegi berri hori laguntza-kalitatea hobetzeko funtsezko elementu gisa eskaintzen da, bai adinekoei edo desgaituei zuzendutako zerbitzuetan, neurri handiagoan garatu delarik, bai gizarte-zerbitzuetako beste eremu batzuetan.

Foru Komunitatean, El Vergel bezalako zenbait zentro (Nafarroako Gobernuaren zentro propioa) jada lehen urratsak ematen ari dira ildo horretan, eta Nafarroako zentro askok eta askok konpromisoa hartu dute pertsonarengan oinarritutako arreta-eredua ezartzeko; bereziki, Eskubide Sozialetako Departamentuarekin plaza hitzartuak dituztenek, Adinekoen Egoitzetarako azken Esparru Akordioaren baldintzetako bat baitira.

Eredu horien xedea da antolakuntza-sistemak arreta edo zaintzak behar dituztenen lehentasun eta nahiekin harmonizatzea. Ikuspegi hori kontuan hartuta, zentroaren edo zerbitzuaren kudeaketa pertsonen bizi-kalitatearekin loturiko helburuetara mugatu behar da. Pertsonengan oinarritutako arretaren printzipioak honako hauek dira: horietako bakoitza izaki berezi eta baliotsu bezala onartzea, biografia ezagutzea, pertsonen autonomia erraztea, pertsonen eta haien ingurune sozialaren arteko mendekotasuna lantzea, laguntzen garrantzia azpimarratzea, negoziazioa arretaren funtsezko elementu gisa, eta pertsonek beren bizitza kudeatzeko eta haien arretarekin loturiko erabakietan parte hartzeko duten eskubidea onartzea. Ikuspegi horretatik, bizitza-proiektua modu adostuan planifikatzen da, nortasun pertsonalarekin bat etorrita, pertsona bakoitzarentzat benetan garrantzitsua denarekin.

Horretara egokitzeko, diseinu arkitektonikoa eta zentroetako espazio fisikoen eraketa aldatu beharko dira, bereziki egoitzetan. Halaber, zerbitzuen kudeaketa-ereduak nahiz ebaluazio-sistemak aldatu beharko dira. Foru Exekutiboak proposaturiko arau berriak baita ere rol profesionalak aldatuko ditu, erabiltzaileari komeni zaiona erabakitzen duen adituaren paperetik akonpainamendua, laguntzen hornidura, orientazioa eta motibazioa nagusi den beste batera.

Ildo horretan, Foru Dekretuarekin langileen bermeak eta bitartekoak indartuko dira, kalitatearen estandarrak garatuko dira, horien ezarpena ebaluatuko da, eta jardunbide egokiak eta erremintak partekatzeko laguntza-sarea sortuko da, Eskubide Sozialetako Departamentuak sustatutako Batzordeak bultzatu eta babestuko duen sarea.

Nafarroan guztira dauden 525 zentrotatik, 90 gizarteratzearen arlokoak dira, 71 desgaitasunekoak, 43 gaixotasun mentaleko zentroak, eta kopuru handiena, 321, adinekoen zentroak. Guztira 5.000 bat pertsonak egiten dute lan horietan. Erabiltzaileei dagokienez, berriz, 1.273 gizarteratzeko arlokoak dira, 2.317 desgaitasunekoak, 1.236 gaixotasun mentalekoak eta 8.271 adinekoak.