Castellano | Euskara | Français | English
419/2008 EBAZPENA, urriaren 23koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Bigarren Hezkuntzako institutuetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onesten dituena
(2008ko 136. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 7an)
Atarikoa
Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du institutuetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko, hezkuntza komunitateko sektore guztien parte hartzea bermatzeko asmoz.
Ebazpen honek xedea du ikastetxe horietako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko deialdia egitea, ondoko arau hauek kontuan harturik: Irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea onetsi zuen abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Komunitatean dauden Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretua (II. tituluko II. kapitulua. A. "Institutuko Eskola Kontseilua" eta hirugarren xedapen iragankorra) eta Helduendako Oinarrizko Hezkuntza arautzen duen uztailaren 6ko 255/1999 Foru Dekretua.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, ebatzi dut:
Lehenbizikoa
Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Bigarren Hezkuntzako institutuetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onestea, baita haien eranskina ere. Hona hemen:
I.-Aplikazio eremua.
1. Ebazpen hau Bigarren Hezkuntzako institutuetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan aplikatuko da, baldin eta:
-Beren Eskola Kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.
-Beren Eskola Kontseiluen zati bat berritu behar badute, hau da, erdietako bat berritu behar badute hartan hautatutako kideak egoteko denbora bukatu delakoz.
2. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak ebazpen hau aplikatzen ahalko du, Eskola Kontseiluen bi erdietako sektore batean edo gehiagotan postu hutsak daudenean.
II.-Hauteskunde prozesua prestatzea.
1. Ebazpen honek aipatzen dituen ikastetxeetako Eskola Kontseiluak hautatu eta haien zati bat berritzeko deialdia otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren II. tituluaren II. kapituluko A letran ("Institutuko Eskola Kontseilua") eta hirugarren xedapen iragankorrean horri buruz ezarritakoari lotuko zaio. "Félix Urabayen" Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuak, aldiz, uztailaren 6ko 255/1999 Foru Dekretuaren 33.1 artikuluan ezarritakoari jarraituko dio.
2. Institutuetako zuzendariek hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren hauteskunde errolda eginen dute. Erroldak datu hauek bildu beharko ditu: bozkatzeko eskubidea duten pertsonen izena, abizenak eta NANa edo agiri baliokidea.
3. Halaber, Hauteskunde Batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko zozketak antolatuko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Orobat, behar diren prestaketa lan guztiak eginen dituzte hauteskunde prozesuaren jarduketak errazteko.
III.-Hauteskunde Batzordea.
1. Hauteskunde Batzordea, hauteskunde prozedurari ekiteko, ekitaldi publikoan eratuko da azaroaren 10etik aitzina. Hauteskunde Batzordeak kide hauek izanen ditu:
-Ikastetxeko zuzendaria, buru izanen dena.
-Irakasle bat.
-Aita, ama edo legezko ordezkari bat.
-Ikasle bat.
-Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.
Batzordeko kide guztiak, zuzendaria izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hauteskunde errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira.
2. "Félix Urabayen" Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuko Hauteskunde Batzordeak ez du gurasoen sektorearen ordezkaririk izanen.
3. Hala ere, ebazpen honen I.2 puntuan azaltzen den kasuan, bete behar ez den sektorekoak diren batzordekideak parte hartzetik salbuesten ahalko ditu zuzendariak.
4. Hauteskunde Batzordearen eskumenak otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 11. eta 12. artikuluetan eta ebazpen honetan adierazitakoak dira.
IV.-Hauteskunde mahaiak.
1. Bozketa egunean irakasleendako, ikasleendako, gurasoendako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileendako hauteskunde mahaiak eratuko dira, otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 14., 15., 16. eta 17. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Hauteskunde mahaiek bozketa gobernatu, hauteskundearen garbitasuna zaindu eta botoak kontatuko dituzte.
2. Irakasleen hauteskunde mahaia ikastetxeko zuzendariak, mahaiburu lana eginen baitu, ikastetxean urte gehien egin dituen irakasleak eta urte gutxien egin dituenak osatuko dute. Azken horrek idazkari lana eginen du. Antzinatasun bereko irakasle batzuk baldin badaude, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena.
3. Gurasoen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, eta lau guraso edo legezko ordezkari, zozketaz aukeratuak, izanen dira. Haietatik gazteenak idazkari lana eginen du. Hauteskunde Batzordeek ordezkoak, hauek ere zozketa bidez aukeratuak, izendatuko dituzte.
4. Ikasleen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu ariko dena, eta bi ikasle, zozketaz aukeratuak, izanen dira. Ikasle zaharrenak idazkari lana eginen du.
5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu ariko dena, idazkaria eta, langileen artetik, ikastetxean antzinatasun handiena daukana izanen dira. Hautesleak bost baino gutxiago baldin badira, bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautestontzi batean.
V.-Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagaien zerrendak.
1. Sektore bateko kide guztiek eskubidea dute hautesle eta hautagai izateko, otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 13. artikuluak irakasleen sektorerako aipatzen dituen berezitasunak kontuan harturik.
Hori dela eta, kontuan izan behar da gurasoen ordezkaria hautatzeko eta hautatua izateko eskubidea ikastetxeko ikasleen aitak eta amak daukatela edo, halakorik izanez gero, legezko ordezkariak.
2. Eskola Kontseiluaren osaketa, institutuek duten ikasle kopuruaren araberakoa, otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarrita dago.
3. Eskola Kontseiluaren erdia bi urtetik behin berrituko da, lehenbizi erdia eta gero beste erdia. Agintaldiak eta hautatu beharreko ordezkarien kopuruak, deialdi honetan berritu behar den erdia zein den kontuan harturik, otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 9. artikuluan xedatzen dena izanen dute oinarri. Erdi bakoitzeko ordezkarien kopurua, sektore bakoitzean, ebazpen honen eranskinean ageri da.
4. "Félix Urabayen" Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan, beste institutuetan gurasoei dagokien ordezkaritza ikasleei emanen zaie, hauteskundeen bidez.
5. Hautagaien zerrenda modu formalean aurkeztu behar da. Horretarako idazki bat igorri behar zaio Hauteskunde Batzordeari, hautagaiaren sinadura jarrita eta NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia atxikirik.
6. Hauteskunde Batzordeak hautagaien zerrendak onartzeko epea paratuko du eta kontuan hartuko du, betiere, hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratzeko egunaren eta hauteskundeen egunaren artean zazpi egun naturaleko tartea utzi behar dela gutxienez.
Onartu eta baztertzen diren hautagaien behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioa egiten ahalko da, argitara eman eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde Batzordeak ondoko egun baliodunean ebatziko du erreklamazioa, eta erabaki horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etengo.
7. Sektore batean aurkeztutako hautagai kopurua berritu beharreko ordezkarien kopuruarekin alderatuz gero berbera edo txikiagoa bada, Hauteskunde Batzordeek besterik gabe aldarrikatuko ditu aurkeztu diren hautagaiak.
VI.-Hauteskunde prozesua.
1. Eskola Kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak 2008ko azaroaren 24tik abenduaren 11ra bitarte, biak barne, eginen dira.
Bozkatzeko orduak hautesleen parte hartze handienari begira paratuko dira.
2. Hauteskunde Batzordeak berariazko boto paper ereduak onartzen ahal ditu. Haietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko deituraren arabera alfabetikoki sailkatuak. Gurasoen edo ikasleen sektoreetan hautagaien zerrenda bat baino gehiago izanez gero, hautagai bakoitzaren izenaren azpian kide diren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan kasu, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.
3. Irakasleen sektoreko ordezkariak otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 14. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz hautatuko dira.
Zuzendariak klaustro berezirako dei eginen du, irakasleen ordezkariak hautatzeko hauteskunde mahaia eratzeko. Bozketak boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen dira. Irakasle bakoitzak gehienez lau izen paratuko ditu bere boto paperean, bete beharreko postuak sei direnean, hiru izen lau-bost postu bete behar direnean, bi izen hiru bete behar direnean eta izen bakarra, bat edo bi direnean. Aurreneko bozketan behar adina irakasle hautatzen ez badira, ekitaldi berean bigarren bozketa eginen da kopuru horretara iristeko.
4. Gurasoen sektoreko ordezkariak otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 15. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz hautatuko dira. Bozketa prozesurako hauteskunde mahaia eratuko da. Bozketa boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen da. Hautesle bakoitzak gehienez ere bi izen idatziko ditu bere boto paperean hautatu behar diren ordezkariak hiru direnean, eta izen bakarra, berriz, bat edo bi hautatu behar direnean. Hautesleek botoa ematerakoan NANaren bidez edo agiri baliokide baten bidez egiaztatu beharko dute beren nortasuna.
Ikasleen gurasoek botoa posta bidez eman dezakete. Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, ikastetxeko Hauteskunde Batzordera igorriko baita, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia eta bigarren gutun-azala sartuko dira. Bigarrenaren barnean boto papera sartuko da. Postaz bozkatzen duten hautesleek gutun-azal frankeatu bat igortzen ahalko dute edo gutun-azal bikoitza Hauteskunde Batzordeak horretarako zehaztuko duen postontzian sartu. Hautesleek behar den dokumentazioa eskatuko diote Hauteskunde Batzordeari eskubide hori erabili ahal izateko. Hauteskunde Batzordeak gorde eginen ditu bozketa ixteko ezarritako ordua baino lehen posta bidez jasotako botoak, eta ordu hori iritsi baino lehentxeago hauteskunde mahaiari emanen dizkio. Geroago iristen diren botoak ez dira kontatuko.
5. Ikasleen sektoreko ordezkariak otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 16. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz hautatuko dira. Bozketa prozesurako hauteskunde mahaia eratuko da. Bozketa boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen da. Hautesle bakoitzak gehienez ere bi izen idatziko ditu bere boto paperean hautatu behar diren ordezkariak hiru direnean, eta izen bakarra, berriz, bat edo bi hautatu behar direnean. Bozketa egiteko Hauteskunde Batzordearen jarraibideei atxikiko zaizkie hautesleak.
6. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektoreko ordezkariak otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 17. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz hautatuko dira. Hautesle bakoitzak hautagai bakarrari emanen dio botoa. Bozketak boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen dira.
VII.-Hutsuneak betetzea.
1. Ebazpen honen I.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz, zuzendariak hauteskundeetarako dei egiten ahalko du sektoreetan diren hutsuneak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere hutsuneak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.
Hutsuneak esleitzerakoan, agintaldia beranduen bukatzekoa duen kide ordeztuaren hutsunea esleituko zaio boto gehien bildu dituen hautagaiari. Hortaz, ordeztutako kidearen agintaldia zein egunetan bukatzekoa litzatekeen, egun horretantxe bukatuko zaio agintaldia kide berriari.
2. Bi erdietako bat berritu behar duten institutuek postu hutsak esleitzeko deskribatu duen prozesua erabiliko dute berritu beharrekoa ez den erdiko hutsuneak betetzeko, hala egokitzen denean.
Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratzen dituzten hautagaiei berritzen den erdiko postuak esleituko zaizkie eta hurrengoek beste erdiko hutsuneak beteko dituzte. Azken ordezkari hauek sektore bakoitzean ordeztutakoek bukatuko zuten egun berean bukatuko dute beren agintaldia.
VIII.-Botoak kontatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.
1. Hauteskunde egintza bakoitzean, bozketa bukatu eta gero, mahaiak botoen kontaketa eginen du.
Baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (fondo eta formakoak), batzordeak ereduren bat onartzen badu boto paperetarako, beste eredu batean ematen direnek ez dute baliorik izanen.
Botoak ekitaldi publikoan kontatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, honako datuok bildu beharko dituena: aurkezturiko hautagai zerrenda eta bakoitzak lorturiko boto kopurua; Eskola Kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta. Hauteskunde mahai bakoitzak ikastetxeko Hauteskunde Batzordeari igorriko dio akta, hautetsien aldarrikapena egin dezan.
2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde mahaiak eginen duen zozketaren bidez eginen da hautaketa. Hauteskunde Batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.
3. Hauteskunde Batzordeak, mahaiek boto-kontaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzorde horren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
4. Ikastetxeko zuzendariak, Hauteskunde Batzordeko burua den aldetik, ebazpen honen eranskinean ageri den ereduaren araberako akten kopiak igorri beharko ditu Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera, sektore guztietako bozketak amaitu eta bi eskola-eguneko epean.
IX.-Izendatzeko kideak.
1. Otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 8. artikuluak dioen moduan, Eskola Kontseiluko kide izanen dira ikastetxea dagoen herriko udaleko zinegotzi edo ordezkari bat, bai eta legez eratuta dagoen eta kide gehien dituen guraso elkarteko aita edo ama ordezkari bat ere.
2. Hauteskunde Batzordeak ikastetxea kokatuta dagoen herriko udalari eskatuko dio Eskola Kontseiluko kide izateko zinegotzi edo ordezkari bat izenda dezala.
3. Bat-egiteen ondoriozko ikastetxeek herri batean baino gehiagotan dauden eraikinak erabiltzen dituztenean, ukitutako udalen artean akordiorik ez bada, biztanleen kopuruaren ordenari segituz -biztanle gehien duen herritik hasita- izendatuko dituzte udalek ikasturte bakoitzerako ordezkariak. Gainerako udalen ordezkariek ere esku hartzen ahal dute Eskola Kontseiluan, hitza dutela baina botorik ez.
4. Hauteskunde Batzordeak ikastetxean kide gehien dituen ikasleen guraso elkarteari eskatuko dio Eskola Kontseiluko kide izateko ordezkaria izenda dezala. Elkarte horren ordezkaritzarako proposamenik ez bada edo ikastetxean horrelako elkarterik ez bada, hutsune hori beteko du gurasoen sektoreko ordezkoen zerrendan lehenengo dagoen ez-hautetsiak.
5. Halaber, 300 ikasle baino gehiago izan eta gutxienez ere bi lanbide arlo ematen dituzten institutuetan edo ikasleen %25, gutxienez, lanbide heziketan ari denetan, 25/1997 Foru Dekretuaren 8.2.h) artikuluak dioenari jarraikiz, institutuaren jardunaren esparruan kide gehien dituen enpresaburuen elkarteari eskatuko dio ordezkari bat izendatzeko, Eskola Kontseiluan hitza bai baina botorik izanen ez duena.
6. Kide gehien dituen guraso elkarteak izendatutako ordezkaria, udaleko zinegotzi edo ordezkaria eta, horrelakorik bada, enpresaburuen elkarteak proposatzen duen ordezkaria, Eskola Kontseiluaren bi erdietako baterako hauteskundeak egitean, hau da, bi urtetik behin berrituko dira, edo, lehenago, haiek izendatu zituen organoak erabakitzen duenean.
X.-Eskola Kontseiluaren osaera.
1. Hautetsien aldarrikapena egin eta ondoko zortzi egun naturaleko epean, zuzendariak Eskola Kontseilua eratzeko bilkurarako dei eginen du.
2. Eskola Kontseilua eraturik geldituko da ikastetxeko eskola komunitateko sektoreren batek -sektore horri egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik- ordezkariak hautatu gabe baldin baditu ere.
XI.-Ikasle kopurua handitzearen edo gutxitzearen eragina.
1. Hauteskunde hauetan Eskola Kontseiluaren zati bat, hots, bi erdietako bat, berritu behar duten institutuek ikasle kopuruan aldaketa izan baldin badute eta, horren ondorioz, Eskola Kontseiluaren osaketan ere aldaketa egin behar baldin badute, kasu bakoitzean berritu behar den erdia moldatuko dute dagokion osaketa berriari egokitzeko, ikastetxeak duen ikasle kopuruaren arabera, otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 9. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz. Beste erdiari dagokion kide kopuruan ez da aldaketarik eginen.
XII.-Hezkuntza-arreta osagarriko langileak.
1. Hezkuntza bereziko berariazko ikastetxeetan eta hezkuntza bereziko unitateak dauzkaten horietan hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkari bat ere izanen da Eskola Kontseiluko kide.
XIII.-Prozesuaren bermea.
1. Ikastetxeetako Eskola Kontseiluak behar bezala eratu daitezen, behar diren neurriak hartuko dituzte Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, ikastetxeetako zuzendariek eta Hauteskunde Batzordeek; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.
Bigarrena
Ebazpen honen eta eranskinaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Hirugarrena
Ebazpen hau eta eranskina Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Ikasketak Antolatzeko Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Laugarrena
Ebazpen honek eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.
ERANSKINA. Eskola Kontseiluak hautatzea, haien zati bat berritzea edo sektoreak osatzea, Bigarren Hezkuntzako institutuetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan (2008-2009)
1.-IKASTETXEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK
Izena …………….. Telefonoa ………………….
Herria ……………………… Faxa: ………………………………
Helbide elektronikoa …………………………………
300 ikasle bitarte [ ] 300 ikasle baino gehiago [ ]
2.-ESKOLA KONTSEILUA HAUTATZEKO MODUA
2.-a) 300 ikasle bitarte
* Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdiko hutsuneak bete behar direnean edo, hala egokituz gero, bietakoak direnean soilik bete)
[ ] Irakasleen sektorea
[ ] Gurasoen sektorea
[ ] Ikasleen sektorea
[ ] Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorea
(1) "Felix Urabayen" NHBHIn ikasle bat egonen da haren partez.
(2) DBHko 1. mailatik hasita.
(3) "Felix Urabayen" NHBHIn 2 ikasle egonen dira haren partez.
2.-b) 300 ikasle baino gehiago
* Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdiko hutsuneak bete behar direnean edo, hala egokituz gero, bietakoak direnean soilik bete)
[ ] Irakasleen sektorea
[ ] Gurasoen sektorea
[ ] Ikasleen sektorea
[ ] Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorea
(1) "Felix Urabayen" NHBHIn ikasle bat egonen da haren partez.
(2) DBHko 1. mailatik hasita.
(3) "Felix Urabayen" NHBHIn 2 ikasle egonen dira haren partez.
3.-AURKEZTUTAKO HAUTAGAIEN ZERRENDA ETA LORTUTAKO BOTOEN KOPURUA (boto kopuruaren arabera ordenatua)
Irakasleak Gurasoak
MOTA (4) IZENA BOTOAK MOTA (4) IZENA BOTOAK
Ikasleak Administrazioko eta zerbitzuetako langileak
MOTA (4) IZENA BOTOAK MOTA (4) IZENA BOTOAK
(4) O.H.: Ordezkari hautatua berritu behar den erdirako.
S.H.: Sektoreak osatzeko hautagaia.
O.Z.: Ordezkoen zerrendarako hautagaia.
4.-HAUTESKUNDEETAKO PARTE HARTZEA ETA ORDEZKARI HAUTATUAK
Irakasleak Gurasoak edo tutoreak Ikasleak Administrazioko eta zerbitzuetako lang.
Errolda osoa
Boto emaileak (Kopurua eta %)
1. erd. 2. erd. 1. erdia 2. erdia 1. erd. 2. erd. 2. erdia
Erdi bakoitzerako aurten hautatutako izangaien kopurua
5.-ESKOLA KONTSEILUAREN OSAERA BERRIA
5.-a) Eskola Kontseiluko kide ez-hautetsiak
Kontseiluburua
Ikasketaburua
Idazkaria
Kide gehieneko guraso elkartearen ordezkaria (5-6)
Udaleko zinegotzi edo ordezkaria (6)
Enpresaburuen erakundearen ordezkaria (LH) (6-7)
(5) Izendapenik izan ezean, gurasoen ordezkoen zerrendako lehenbiziko hautagaiak beteko du hutsunea. NHBHIaren kasuan desagertu egin da figura hori.
(6) Bi urtetik behin berritzen da.
(7) 300 ikasle baino gehiago dituzten eta gutxienez ere bi lanbide arlo ematen dituzten ikastetxeetarako, edo ikasleen %25, gutxienez, lanbide heziketako ikasketetan ari den ikastetxeetarako.
5.-b) Eskola Kontseiluko kide hautetsiak
1. erdiko kideak
Irakasleak Gurasoak edo tutoreak Ikasleak
2. erdiko kideak
Irakasleak Gurasoak edo tutoreak Ikasleak Adm. eta zerbitzuetako lang.
6.-ORDEZKOEN ZERRENDA (boto kopuruaren arabera ordenatua)
Irakasleak Gurasoak edo tutoreak Ikasleak Adm. eta zerbitzuetako lang.
Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak
7.-HAUTESKUNDE MAHAIAK
Irakasleak Gurasoak edo tutoreak Ikasleak Adm. eta zerbitzuetako lang.
Kideen sinadura Kideen sinadura Kideen sinadura Kideen sinadura
Data Data Data Data
................................................(e)n, ..............(e)ko .........................aren .................(e)an.
IKASTETXEKO ZUZENDARIA,