Castellano | Euskara | Français | English
(2007ko 45. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 11n)
Atarikoa
Nafarroako Parlamentuko eta Langileen Batzordeko ordezkariek 2004tik 2007ra bitarterako akordioa sinatu zuten. Haren 5. artikuluko b) letran hauxe esaten da: "b) Lanpostuak merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko erregelamendu-garapena sustatuko da, eta, bertan, Nafarroako Parlamentura etorri nahi duten funtzionarioentzat, antzinatasunaz eta prestakuntzaz gain, ezartzen diren gaitasun probak gainditzeko aukera ere jasoko da". Aurreko guztia eta legelari nagusiak eginiko txostena ikusirik, eta Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 34. artikuluaren eta lehen xedapen gehigarriaren arabera Langileen Batzordeari eman beharreko entzunaldia eman ondoren, erabaki da:
Lehena
Nafarroako Parlamentuan lanpostuak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko erregelamendua onestea.
Bigarrena
Erabaki hau eta honekin batera doan erregelamendua Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen agintzea.
NAFARROAKO PARLAMENTUAN LANPOSTUAK LEKUALDATZE-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO ERREGELAMENDUA
1. artikulua. Nori eragiten dion.
Comptos Ganberako eta foru erkidegoko administrazioko funtzionarioek parte hartu ahalko dute Nafarroako Parlamentuak deitzen dituen lekualdatze-lehiaketetan baldin eta lanpostu hutsei dagokien maila berekoak badira eta deialdian zehazturiko lanbide-kualifikazioa eta gainerako betekizunak betetzen badituzte. Horretarako, deialdietan aipatuko da erakunde horietako zer lanposturen titularrek parte hartu ahalko duten deialdi horietan, eginkizun berak edo antzekoak dituztela ikusita.
2. artikulua. Aplikatu beharreko araubidea.
1. Lekualdatze lehiaketetako prozedurak kasuan kasuko deialdiko oinarrien araberakoak izanen dira; eta oinarri horiek bete beharko dute erregelamendu honetan, Nafarroako Parlamentuko langileen estatutuan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoa.
2. Deialdietako oinarriak lotesleak dira organo dei-egilearentzat, lehiaketetako epaimahai kalifikatzaileentzat eta lehiaketa horietan parte hartzen dutenentzat.
3. artikulua. Deialdiaren publikotasuna.
1. Deialdiak eta prozesuak amaitzen dituzten ebazpenak Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.
2. Aurreko idatz-zatiak aipatzen dituen nahitaezko argitaratze horiek ezertan galarazi gabe, egokien suertatzen diren bestelako ezagutarazpen-moduak erabiliz (iragarki-oholak, web orriak eta abar) deialdien eta haietako izapideen berri ematea sustatuko da.
4. artikulua. Deialdiaren oinarrizko edukia.
Lanpostuak betetze aldera, lekualdatze-lehiaketarako deialdietan honako hauek aipatu beharko dira:
a) Lanpostuaren izendapena, maila, kidegoa eta eginkizunen azalpena.
b) Balioetsi beharreko merezimenduak eta zein baremotan oinarrituz esleituko zaizkion puntuak merezimendu bakoitzari.
c) Lehiatzaileek bete behar dituzten parte-hartze baldintzak.
d) Lehiaketako epaimahai kalifikatzailearen osaketa.
e) Eskabideak aurkezteko epea.
f) Errekurtsoak.
5. artikulua. Lehiaketan aintzat hartzekoak diren elementuak.
1. Lehiaketan aintzat hartuko dira administrazio publikoetan emandako zerbitzuak, prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa, eta bestelako merezimenduak, erregelamendu honen eranskinean jasotako baremoari jarraituz.
2. Arau orokor gisa, lehiaketetan sartuko da, gainera, lanpostuaren eduki eta eginkizunei eta Nafarroako Parlamentuaren gaineko ezagutzari buruzko proba praktiko baztertzaile bat. Proba hori ariketa bat edo gehiago egitean datza, eta hartan gehienez ere hogei puntu lortu ahalko dira. Proba gainditu ahal izateko, gutxienez ere hamar puntu lortu beharko dira.
Lehiaketaren epaimahai kalifikatzaileak egokitzat jotzen badu, proba praktikoa ahoz defendatu ahalko du izangai bakoitzak, eta ekitaldi horretan jorratu ahalko dira, halaber, aurkeztutako merezimenduei eta lehiaketaren xede den lanpostuaren ezaugarrien araberako egokitasunari buruzko kontuak.
3. Probak egin ondoren, lanpostu hutsei dagokien mailako lanpostu desberdinetan diharduten funtzionarioen parte-hartzeari irekitako lekualdatze-lehiaketetan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak txosten psikotekniko bat eginen du, zeinean aztertuko baita deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei izangai bakoitza nola egokitzen zaien. Txosten horretako gehieneko puntuazioa hamabi puntukoa izanen da, eta izangai bakoitzari emandako puntuazioa loteslea izanen da epaimahai kalifikatzailearentzat.
6. artikulua. Epaimahai kalifikatzailea.
1. Lekualdatze-lehiaketetako epaimahai kalifikatzaileak Parlamentuko Mahaiak deialdia onestean izendatuak izanen dira, eta honakoek osatuko dituzte: epaimahaiburu batek eta bi epaimahaikidek. Epaimahaikideetako bat Langileen Batzordeak hautatuko du.
2. Deialdiak hala ezartzen badu, epaimahaia osatzen duten pertsonen kopurua bosteraino igo ahalko da.
3. Epaimahaiburuak izan ezik, epaimahaia osatzen duten pertsonek jardun beharko dute deialdiko lanpostuetarako eskaturiko maila edo titulazio bereko edo goragoko lanpostuetan.
4. Epaimahai kalifikatzaileek Mahaiari eskatu ahalko diote adituak hauta ditzala aholkulari gisa jardun dezaten, hizpidea bai baina botorik izan gabe.
7. artikulua. Epaimahai kalifikatzaileen funtzionamendua.
1. Epaimahai kalifikatzaileak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitara eman ondoko bost eguneko epean eratu beharko dira.
2. Epaimahaia ezin izanen da eratu kideen gehiengoa bildu gabe.
3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen arazo guztiak.
8. artikulua. Epaimahai kalifikatzaileen erabakien araubidea.
Epaimahai kalifikatzaileen erabakiak lotesleak izanen dira Parlamentuko administrazioarentzat, salbu eta hark haien jardunean irregulartasunak izan direla jotzen duenean; kasu horretan, Parlamentuko Mahaiak egoki diren neurriak hartuko ditu, bai izapide akastunei bai epaimahaia osatzen duten pertsonen jardunari dagokienez.
9. artikulua. Eskabideak eta epeak.
1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Parlamentuko lehendakariari zuzenduko zaizkio, eta horretarako eskainiko diren eredu normalizatuen araberakoak izanen dira.
2. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu beharko dituzte lehiaketan parte hartu ahal izateko betekizun edo baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak eta aintzat hartzekoak izan daitezkeen merezimenduen frogagiriak.
10. artikulua. Behin-behineko eta behin betiko zerrendak.
1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Parlamentuko lehendakariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrendari erantsiriko ohar batean adieraziko da ezen, zerrenda argitaratu ondoko bost egun naturaleko epean, izangai baztertuek egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkeztu eta, akatsik egin badute, horiek zuzendu ahalko dituztela. Eskabiderik aurkeztu ez bada, Parlamentuko Mahaiak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazten duen ebazpena emanen du eta ebazpen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
2. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Parlamentuko lehendakariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
3. Bazterturiko izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko da.
11. artikulua. Berdinketak ebaztea.
Lehiakideen puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoei zerbitzuak ematen antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Hori eginagatik ere, berdinketak hautsi gabe irauten badu, adinez zaharrena den lehiakidearen aldeko erabakia hartuko da.
12. artikulua. Jabetza hartzea.
1. Epaimahaiak izangai guztien kalifikazioa emanen du eta izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa, igorriko dio Nafarroako Parlamentuko Mahaiari. Horrek zerrenda hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.
2. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak puntuaziorik handiena lortu duten izangaiei esleituko dizkie lanpostuak, eta haien izendapenak Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen aginduko du.
3. Izendatuak diren izangaiek lanpostuen jabetza hartu beharko dute haien izendapenari buruzko erabakia haiei jakinarazi ondoko hamar egun naturaleko epearen barruan.
4. Aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ulertuko da aipatu epean jabetza hartzen ez duen lehiakideak lehiaketaren jardunetatik sortutako eskubideei uko egiten diela eta, hala izanik, zerrendan hurrengo den izangaiarekin beteko da lanpostua.
13. artikulua. Aurkeztutako agiriak.
1. Izangaiek zilegi izanen dute aurkezturiko agiriak erretiratzea, horretarako berariazko eskaera egin ondoren. Eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztu ahalko da, beste hiru hilabete igaro direnean izendapena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.
2. Aurreko atalean ezarririko epea bukatu orduko ez baldin bada eskatu agiriak erretiratzea, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak berreskuratzeari, eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.
3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, aurkezturiko agiriak gordeta edukiko dira, haiek ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak eramaten ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren izapidetzeak horretarako aukera ematen duenean.
Azken Xedapenetan Lehena. Indarra hartzea.
Erregelamendu honek Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Arau osagarriak.
Erregelamendu honetan araututa ez dagoen orotarako aplikatuko da Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretu bidez onetsia.
ERANSKINA. Lehiaketetako merezimenduak balioesteko baremoa
Lekualdatze lehiaketetarako deialdietan honako hauek balioetsiko dira:
1.-Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak:
Administrazio publikoetan emandako zerbitzuen balorazioa deialdia argitaratzen den egunean izangaiak onarturik duen antzinatasunaren arabera eginen da, puntu bat urte bakoitzeko. Urte-kopurua osoa ez bada, proportzionalki dagokion puntuazioa esleituko da. Kontzeptu honetan gehienez ere 25 puntu eskuratu ahalko dira.
Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
Deialdiaren argitaratze-egunaren ondoren emandako zerbitzuak ez dira balioetsiko.
Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den aldietako zerbitzuak, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu den aldietakoak, egoera horietan sartzeko unean zuen lanpostuan emandako zerbitzu gisa hartuko dira aintzat.
2.-Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.
Kontzeptu honetan aintzat hartuko dira, soilik, deialdiko lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten merezimenduak. Kontzeptu honetan gehienez ere 15 puntu eskuratu ahalko dira.
a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartu izana: puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 irakastordu), gehienez ere 7 puntu eskuratu arte.
-Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak bete gabe ere, administrazioak agindurik edo hark oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin balioetsiko da. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatuak direnak.
-Balioetsi beharreko ikastaroen ikastordu-zatikiak hainbanatu eginen dira.
-Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriak kreditu batekoak izanen balira bezala balioetsiko dira.
-Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriak 12 kreditukoak balira bezala balioetsiko dira.
-Atal honetan ez dira balioetsiko ikasketa titulu bat, unibertsitatekoa nahiz unibertsitatez kanpokoa, lortzeko ikasketak.
b) Kongresu edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka jasotako edo sarituriko zientzia edo ikerketa lanak egin izana, eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana, bai eta argitaratutako itzulpenak ere: gehienez ere lau puntu, epaimahai kalifikatzaileak balioetsi beharrekoak, lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, nazio edo nazioarteko maila duen kontuan hartuz.
c) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere, lau puntu. Epaimahai kalifikatzaileak balioetsiko du, haien iraupenaren arabera.
3.-Gehienez ere bost puntu, epaimahaiak balioetsi beharreko bestelako merezimenduengatik, hala nola, kasua bada, deialdian eskaturiko titulazio eta espezialitate akademikoaz bestelakoak izatea, edo, kasua bada, deialdian eskaturiko titulazioaren gainetik dagoen doktoretza edo lizentziatura mailako titulazioa izatea, eta euskara eta beste hizkuntzak jakitea.