(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Erakunde Harremanak eta Gobernuaren Eleduna :
    • Parlamentua :
      • 14/2012 Foru Legea, uztailaren 5ekoa, Herriaren Legegintza-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 3/1985 Foru Legea eta Nafarroako Udalen Legegintza-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 4/1985 Foru Legea aldatzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

14/2012 Foru Legea, uztailaren 5ekoa, Herriaren Legegintza-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 3/1985 Foru Legea eta Nafarroako Udalen Legegintza-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 4/1985 Foru Legea aldatzen dituena

 

(2012ko 139. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 16an)

Atarikoa

Herriaren Legegintza-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 3/1985 Foru Legea eta Nafarroako Udalen Legegintza-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 4/1985 Foru Legea onestean, tresna garrantzitsuak jaso ziren Foru Komunitatearen antolamendu juridikoan, egiaz gauzatu ahal izan dadin herritarrek afera publikoetan parte hartzeko eskubidea, zeina Konstituzioak berak jotzen baitu botere publikoek sustatu beharreko balio gisa (9.2 artikulua) eta oinarrizko eskubide gisa (23. artikulua).

Konstituzio-agindu horiek araudi bat galdatzen dute, herritarrak demokrazia ororen ardatz bihurtuko dituena, legegintzak berekin dakarren erabakitze-prozesuan zuzenean jasoz.

Foruaren Hobekuntzaren 28. bis artikuluak gardentasunaren printzipioa ezartzen du gardentasunari oinarrizko balio iritziz demokraziaren kalitatea areagotzeko eta, hortaz, zuzenean aplikatzekoa da legegintza bezain zeregin garrantzitsu bati.

Hori dela-eta, egokitzat jotzen da herriaren legegintza-ekimena sendotzeko neurriak hartzea, Nafarroako herritarrei gure Foru Komunitateko bizitza parlamentarioan zuzenago eta modu efizienteagoan parte-hartzeko bide bat emanez.

Aldaketa horrek, halaber, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamendua aldatzea eragin behar du, halako moduan non herriaren legegintza-ekimenaren sustatzaile bat egonen den bertan (51. eserlekua), ekimena aurkeztu eta defendatzeko. Herritarren partaidetza-eskubidea sendotzea bilatzen duen ekimen honen esparru naturala Herriaren Legegintza-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 3/1985 Foru Legearen eta Nafarroako Udalen Legegintza-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 4/1985 Foru Legearen aldaketa da.

Bestalde, herriaren legegintza-ekimenaren kasuan, sinadura elektronikoko sistema bat ezartzeko aukera emanen da, ekimena aurkezteko behar diren sinadurak biltzeko prozedura erraztearren.

1. artikulua

Herriaren Legegintza-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 3/1985 Foru Legearen 3. eta 8. artikuluen aldaketa.

Herriaren Legegintza-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 3/1985 Foru Legearen 3. eta 8. artikuluak aldatzen dira. Hona testu berria:

"3. artikulua.

1. Herriaren legegintza-ekimena foru lege proposamen bat aurkeztuta gauzatuko da, eta, horretarako, ekimenarekin batera, sinadura-kopuru bat aurkeztu beharko da; hain zuzen ere, ekimena Nafarroako Parlamentuko Erregistroan aurkezten den egunean autonomia erkidegoan indarrean den erroldako hautesleen gutxienez ere %1eko sinadura-kopurua, eta hautesleek foru lege honen 1. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2. Proposamena aurkezten den idazkiarekin batera, zeina gaztelaniaz nahiz euskaraz egon baitaiteke idatzita, honakoak aurkeztu beharko dira:

a) Foru lege proposamenaren testu artikuluduna, zioen azalpen eta guzti.

b) Nafarroako Parlamentuak foru lege proposamena izapidetu eta onestea aholkatzen duten arrazoiak -sinatzaileen iritziz- zehazten dituen dokumentua.

c) Ekimenaren Sustapen Batzordea osatzen duten kideen zerrenda, zeinean adieraziko baitira kide horien guztien datu pertsonalak eta jakinarazpenetarako izendatutako kidearenak.

d) Legegintza-ekimenaren Sustapen Batzordeko kide baten izendapena, proposamena Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkuran defenda dezan aintzat hartzeko eztabaidan eta, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduan ezartzen den moduan, parlamentu-eztabaidetan parte har dezan."

"8. artikulua.

1. Proposamena izapidetzeko onartu izanaren jakinarazpena jasotakoan, sinadurak biltzeko behar diren agiriak aurkeztuko ditu Sustapen Batzordeak Nafarroako Hauteskunde-batzordean. Agiri horiek foru lege proposamenaren testu osoa jasoko dute, eta sinadurak biltzeko agiriei gehituko zaizkie, halako moduan non ezin izanen baitira bereizi; hartara, hurrengo idatz-zatian ezarritakoari jarraituz zigilatu eta zenbakituko dira.

2. Agiriak jasotakoan, Nafarroako Hauteskunde-batzordeak agiriak zigilatu, zenbakitu eta itzuliko dizkio Sustapen Batzordeari, bost egun balioduneko epean, hark behar diren sinadurak biltzeko prozesua abiarazi ahal izan dezan.

3. Sinadurak biltzeko prozedura bukatu beharko da bildutako sinadurak Nafarroako Hauteskunde-batzordeari emanda, arestiko idatz-zatian adierazitako jakinarazpenetik aitzina zenbatuko den sei hilabeteko epea agortu aurretik. Epe hori bi hilabetez luzatzen ahalko da, baldin eta horretarako arrazoi objektibo behar bezala justifikatuak eta egiaztatuak badaude. Arrazoi horiek Parlamentuko Mahaiak baietsi beharko ditu.

Epe hori agortu eta bildutako sinadurak aurkeztu ez badira, espedientea iraungi eginen da. Egoera hori Batzorde Sustatzaileari jakinaraziko zaio, eta ebazpena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4. Erregelamendu bidez ezarriko da zer baldintza bete beharko diren sinadurak biltzeko prozedura sinadura elektronikoko sistemaren bidez egin ahal izateko, indarrean den legediarekin bat".

2. artikulua

Nafarroako Udalen Legegintza-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 4/1985 Foru Legearen 3. artikuluaren aldaketa.

Nafarroako Udalen Legegintza-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 4/1985 Foru Legearen 3. artikuluaren aldaketa. Honela idatzita geldituko da:

"3. artikulua.

1. Udalen legegintza-ekimena foru lege proposamenen bidez baliatuko da, zeinak udalbatzak legez osatzen dituzten kideen gehiengo soilez onetsi beharko baitira. Udalbatza sustatzaileek orobat izendatuko dute ordezkari bat, horietakoren bateko kide izan beharko duena, proposamena Nafarroako Parlamentuan defendatu ahal izan dezan, eta Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduan ezartzen den moduan parte hartuko du parlamentu-eztabaidetan.

2. Ondokoak ere aurkeztu beharko dira entitate sustatzaileak ordezkatzen dituen zinegotziak sinatutako idatziarekin batera:

a) Foru lege proposamenaren testu artikuluduna, zioen azalpen eta guzti.

b) Nafarroako Parlamentuak foru lege proposamena izapidetu eta onestea aholkatzen duten arrazoiak -udalbatza sustatzaileen iritziz- zehazten dituen dokumentua.

c) Udal bakoitzeko idazkariak emandako ziurtagiria, ondokoak ziurtatuko dituena:

-Legegintza-ekimena baliatzeko erabakia hartu izana, eta udalbatzen ordezkariaren izendapena.

-Foru lege proposamenaren testu osoa".

Azken Xedapenetako Lehenengoa. Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua egokitzea.

Nafarroako Parlamentuak bere Erregelamendua aldatuko du, herriaren legegintza-ekimena eta Nafarroako udalen legegintza-ekimena sustatzen duten pertsonen parte-hartzea artikulatzeko behar den prozedura arautzeko, Legebiltzarreko Osoko Bilkuran nahiz kasuko parlamentu-batzordean ekimena aurkezteko eta defendatzeko eta eztabaidaren jarraipena egiteko, parlamentariei foru lege proposamenei dagokienez aitortzen zaien modu bertsuan.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Foru Legea zabaltzea.

Foru lege honi beharrezko zabalpena emanen dio Nafarroako Gobernuak, bai onetsi berritan, bai, aldizkako kanpainen bidez, aurrerago ere.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa