Castellano | Euskara | Français | English
(1994ko 153. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 21ean)
Atarikoa
Zerga arloko arauteriak ezarrita du tributu eragina duten datuak, hirugarrenek jakinarazitakoak direnean, tributu helburuetarako soilik erabiltzen ahalko direla eta haien berri duten agintari zein funtzionarioak isilpean gordetzera beharturik daudela biziki. Arauteria horrek ez du antzeko xedapenik ezartzen zergapekoa bera denean datuak ematen dituena. Baina horrek ez du pentsarazi behar babes txikiagoa dagoela, datu horiek isilpekoak baitira, zergadunaren baitakoak arras.
Espainiako Konstituzioak, 18. artikuluan, norberaren eta familiaren intimitatearen oinarrizko eskubidea aitortzen du. Eskubide hori maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoak babesten du, 2. artikuluaren 2. zenbakian, bertan esaten baita ez dela legez kontrako eskuhartzerik babestutako esparruan, Legez berariaz baimenduta dagoenean.
Foru Lege honen helburua, Nafarroako Ogasun Publikoaren eskutan diren datu edo agiriak Nafarroako Parlamentura igorri ahal izatea da, Ikerketa Batzorderen batek hala eskatzen duenean kargu publikoetan ari edo aritu diren pertsonei buruz, baldin eta ikerketaren xedeak zerikusirik badu haien eginkizunarekin. Horregatik ezarri da datu edo agiri horiek jakinarazteko betebeharra, sujetu pasibo beraietatik, beste hirugarren batzuen bitartez, edo Administrazioak berak egindako ikuskatze edo ikerketetatik lortuak izanik.
Foru Lege honek horrela erantzun nahi dio gizartearen eskaerari eta Erakundeen funtzionamendu hobea bultzatu, batez ere, Parlamentu sailekoena, Nafarroako Parlamentuko Ikerketa Batzordeen kasuan bezala.
Artikulu bakarra
Ekonomi eta Ogasun Departamentuak bere esku dituen tributu aitorpen, datu, txosten eta aurrekin guztiak aurkeztu beharko ditu, bai eta ikuskapengai edo ikerketagai izan den dokumentazioa ere, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduan aipatzen diren Ikerketa Batzordeek eskaturik, beti ere, baldintza hauek betetzen badira:
Lehenbizikoa.-Hauteskunde edo izendapen bidez kargu hauetan ari edo aritu diren pertsonei buruzkoak izatea:
a) Nafarroako Gobernuko kideak.
b) Nafarroako Parlamentuko kideak.
c) Nafarroako Toki Entitateetako hautetsiak.
d) Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentuetako Zuzendari Nagusiak.
e) Nafarroako Gobernuko Lehendakari eta Kontseilarien eta Parlamentuko Lehendakariaren Kabineteetako kideak.
f) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren menpeko zuzenbide pribatuko Erakunde Autonomo eta Ente Publikoetako izendapen libreko lanpostuen titularrak, nahitaez funtzionarioen artean bete behar direnak salbu.
g) Nafarroako Toki Erakundeetako eta haien menpeko erakunde autonomo eta zuzenbide pribatuko ente publikoetako izendapen libreko lanpostuen titularrak, nahitaez funtzionarien artean bete behar direnak salbu.
h) Foru Komunitateko sozietate publikoetako eta Nafarroako Toki Entitateetako presidente, zuzendari betearazle edo horien parekoak.
Bigarrena.-Ikerketaren xedeak zerikusia izatea kargu horietan aritzearekin.
Hirugarrena.-Batzorde horiek uste izatea datu, txosten, aurrerakin, espediente eta agiri horiek gabe ezinezkoa dutela beren eginkizuna betetzea, horretarako sortuak izanik.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.