(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

147/2011 Ebazpena, urriaren 19koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Urteko Jarduketa Plana onesten duena, 2011-2012 ikasturterako

 

(2011ko 230. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 21ean)

Atarikoa

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuak honako hau xedatzen du 18. artikuluan: "Hezkuntzako Ikuskapenaren epe ertaineko gidalerroak islatzen dituen agiri instituzionala da plan estrategikoa" eta plan horrek "helburuak, estrategiak eta barne ekintzako ildoak ezarriko ditu, eta Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko da".

Era berean, 19.1 artikuluak hauxe xedatzen du: "Plan estrategikoa urteko jarduketa planen bidez garatu eta zehaztuko da. Urteko plan horiek Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira".

Irailaren 24ko 416/2008 Ebazpenaren bidez, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Plan Estrategikoa onetsi zen, 2008-2012 eperako, eta orain Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Urteko Jarduketa Plana ezarri behar da, 2011-2012 ikasturterako.

Plan horrek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak 2011-2012 ikasturterako jarduketa argi eta zehatza ezartzea ahalbidetzen duten helburuak, jarduerak, baliabideak eta denborak aurreikusten ditu.

Plan horren bidez modu koherentean antolatu eta sistematizatu nahi da Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eguneroko lana, horrela, zerbitzuko kideen lana erraztu, testuinguru batean sartu eta koordinatzeko.

Bestetik, abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretuak, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, 9. artikuluan, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren egiturari esleitzen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, ebatzi dut:

Lehena

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Urteko Jarduketa Plana onestea 2011-2012 ikasturterako. Hona hemen

OINARRIAK

1.a Urteko Jarduketa Plana.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren jarduerak urteroko plangintza eta berrikuspena eskatzen du, hezkuntza sistemaren errealitate konplexu eta aldakorraren aurrean erantzun eraginkorra eman ahal izateko. Urteko jarduketa plan hau ikuskatze jarduera 2011-2012 ikasturtean bideratuko duen lan esparrua da.

Indarra duen araudiak Ikuskatzailetzari esleitzen dizkion eginkizunen garapenean txertatzen dira Urteko Jarduketa Planean ageri diren zerbitzu edo jarduketa guztiak.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko hezkuntza sistema osatzen duten ikastetxe, programa, zerbitzu eta jarduera guztiak sartzen dira planaren aplikazio eremuan. Testuinguru horretan, planak lehentasuna ematen dio Ikuskatzailetza ikastetxean agertzeari, ikastetxea oinarrizko hezkuntza erakundea baita, bai eta hezkuntza prozesuaren garalekua ere.

Plana prestatzerakoan kontuan hartu dira Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen 80/2008 Foru Dekretuan xedatutakoa, 2008-2012 ikasturterako Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Plan Estrategikoan ezarritakoa, Ikuskapen Zerbitzuaren antolaketa eta funtzionamendua berrikustearen emaitzak, 2010-2011ko Urteko Planaren ebaluazioa eta Hezkuntza Administrazioak 2011-2012 ikasturterako dituen eskaera berriak.

2.a Urteko Jarduketa Planaren helburuak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren 2011-2012 ikasturteko Urteko Jarduketa Planaren helburuak honako hauek dira:

a) Ikuskapenak ikastetxeei, Hezkuntza Departamentuari eta hezkuntza komunitate osoari ematen dizkien zerbitzuen plangintza ziurtatzea.

b) Ikuskatzailetzaren jarduketak zehaztea kontrolaren eta gainbegiratzearen arloan.

c) Ikuskatzaileek ikastetxe, irakasle eta programak ebaluatzeko egin behar dituzten jarduketak ezartzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistema ebaluatzeko Ikuskatzailetzak egin beharreko jarduketak zehaztea eta Ebaluazio Institutuari laguntzea Nafarroako ikastetxeetan egiten diren nazioko edo nazioarteko ebaluazioak egiten.

e) Ikastetxeentzako aholkularitza jarduketak identifikatzea.

f) Hezkuntza administrazioari informazioa emateko eta Hezkuntza Departamentuko bestelako zerbitzuekin elkarlanean aritzeko jarduketak ezartzea.

g) Hezkuntza Ikuskatzailetzaren eginkizunen esparruan, ikastetxeetan bizikidetza hobetzeko jarduketak identifikatzea.

h) Ikuskatzailetzaren jarduketak zehaztea ikasleak eskolatzeko arloan.

i) Ikuskatzaileen jarduketak ezartzea, ikastetxeetako irakasleen plantillak zehazteko.

j) Planaren definizioaren, ezarpenaren eta jarduketen hobekuntzaren gaineko erantzukizunak zehaztea.

k) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren kalitatea kudeatzeko sistemak finkatzea, planaren helburuak lortzen laguntzeko.

l) Zerbitzuko langileen ezagupenak berritu eta handitzeko jarduerak zehaztea, planean aurreikusitako zerbitzuak ematean kalitatea eta bikaintasuna lortzearren.

m) Ondorioak atera eta proposamenak egitea, egindako jarduketei buruzko txosten eta azterlanak eginez.

n) Kasuan kasuko ikasturtearen ekintza estrategikoaren plana diseinatu eta gauzatzea, helburu estrategikoak lortzeko aurrera egiteko moduan.

3.a Urteko Jarduketa Planaren edukia.

2011-2012 Urteko Jarduketa Planean zenbait zerbitzu edo jarduera sartzen dira, hain zuzen ere Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak zerbitzu horien hartzaileen premiei eta espektatibei erantzuna emateko egin beharko dituenak. Zerbitzu horietako bakoitza prozesu elkartu baten bidez ematen da.

Ebazpen honen I. eranskinean - Prozesuen matrizean, 2011-2012 ikasturtean garatu nahi diren funtsezko eragiketa prozesuak, bezeroei zerbitzu ematekoak, agertzen dira.

II. eranskinean -Urteko Jarduketa Planean- Zerbitzuko kideek egin beharreko zerbitzu eta jarduerak zehaztu dira, epeak, emaitzak, arduradunak eta ebaluatzeko adierazleak adierazita.

III. eranskinean -Ekintza Estrategikoaren Planean- ikasturte honetarako ezarritako helburu estrategikoak lortzea ahalbidetuko duten prozesu eta proiektuen diseinua eta garapena ezarri dira.

IV. eranskinean -Jarraipena eta ebaluazioa- Urteko Planaren II. eranskinean aipatutako zerbitzu eta jardueren lorpen maila neurtzeko, aldaketa beharrak atzemateko eta, hala badagokio, behar diren doikuntzak egiteko jarraipen sistema aurreikusi da.

4.a Erantzukizunak.

Plan honek bere baitako zerbitzu eta jarduketen diseinuan, ezarpenean, jarraipenean eta hobekuntzan erantzukizunak zehazten ditu. Era berean, planaren garapen egokirako, zerbitzuko zuzendariak atalburu, koordinatzaile eta ikuskatzaile desberdinei bestelako eginkizun eta zereginak esleitzen ahalko dizkie.

Ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuak Hezkuntza Ikuskatzailetzari esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, ikuskatzaileak ikastetxeei argibideak, aholkuak eta orientabideak emanen dizkie etengabe, bitarteko lana eginen du eta, hezkuntza komunitateak eskatuz gero, behar duten laguntza emanen die, deusetan galarazi gabe irakaslana, ikastetxeak eta, oro har, hezkuntza sistema etengabe hobetzera bideratutako kontrol, gainbegiratze eta ebaluazio lanak.

5.a Kalitatea kudeatzeko sistema.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzeko hasitako prozesuarekin eta 2008-2012 Plan Estrategikoarekin bat, 2011-2012 ikasturtean, finkatu diren azpiprozesuak ezartzen jarraituko du, baita prozesu berriak ezartzen ere, uste baita sistema horrek Zerbitzuaren funtzionamendua arindu eta koherenteagoa eta homogeneoagoa egiten duela eta, aldi berean, ikuskatzaileen praktika hobetzen laguntzen duela.

6.ªa Prestakuntza instituzionala.

2008-2012 Plan Estrategikoa garatzeko, Ikuskatzaileak bere postuan izanen dituen lanbide gaitasunak zehaztuko dira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko langileen prestakuntza beharrak modu sistematikoagoan zehazte aldera.

Era berean, Prestakuntza Instituzionalaren Plana gauzatzea aurreikusten da, beharrezkoa izanen duten planaren eremuetan ezagutzaren garapenerako tresna egoki gisa. Prestakuntza Instituzionalaren 2011-2012 Planaren bidez zehaztuko da prestakuntza ekintza horien garapena.

Prestakuntza instituzionaleko jarduerak nahitaezkoak izanen dira eta lanorduetan eginen dira.

7.a Jarraipena eta ebaluazioa.

Planaren jarraipena eta ebaluazioa eremuko taldeen bilera arruntetan eta koordinatzaileek Zerbitzuko zuzendariarekin egin beharrekoetan gauzatuko da. Egindako lanak ebaluatu eta Plan Orokorra aurrera eramateko behar diren neurri zuzentzaileak sartuko dira bilera horietan.

Ikasturtea bukatutakoan, arduradunek planaren betetze mailaren azken ebaluazioa eginen dute. Ondorio nagusiak Zerbitzuko urteko memorian jaso eta Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiari helaraziko zaizkio.

Horretarako Ebazpen honen IV. eranskinean -Jarraipena eta ebaluazioa- heldu den eredua erabiliko da.

8.a Aurreikusitako aldaketak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Urteko Plana, berez, eginkizunak ongi mugatuak dituen laneko baliabidea da.

Hala ere, planaren dinamikaren eta hezkuntza errealitatearen ondoriozko beharren arabera, beharrezkoa da aurrera eramaten den bitartean aldaketak egiteko modua izatea.

Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak edozein unetan egiten ahalko ditu aldaketa horiek; Zerbitzuko zuzendariak ere egin ditzake, presako jarduketaren bat egin beharra dagoela uste duenean. Betiere, zuzendari nagusiari horren berri eman beharko dio.

Hezkuntza Departamentuko gainerako zerbitzuetako zuzendariek ikuskapenaren gainean proposatzen dituzten jarduketetarako, oniritzia eman beharko du Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak, zeinek haien bideragarritasuna baloratu beharko baitu Urteko Planaren arabera.

Bigarrena

Ebazpen honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hirugarrena

Ebazpena eta oinarriak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera igorriko dira, behar diren ondorioak izan ditzaten.

ERANSKINA

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa