Castellano | Euskara | Français | English
(1999ko 57. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 7an. Aldaketak: 28/2004 Foru Agindua, apirilaren 1ekoa)
Atarikoa
Industri eta Energia Ministerioak 1975eko abenduaren 9en emandako Aginduaren bidez onetsitako "Ur horniduraren barneko instalazioetarako Oinarrizko Arauek" irizpide eta material homogeneoen erabilpena erraztu zuten, horrela erabiltzaileak ur horniduraren zerbitzua hartzen zueneko kondizioak nabarmen hobetzeko lagungarri izan zirelarik.
Horren aplikazioan hartutako esperientzia, gaurdaino izandako aurrerapen teknologikoak eta Autonomien Estatuaren ondorioz eskumenen banaketa berria ikusirik, komenigarria dirudi instalazioen kontrola eta jarraipena errazten duen prozedura prestatzeak.
Bestalde, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan arauzko industri segurtasuna eta kontrolaren arloko jarduketak araupetzen dituen azaroaren 9ko 326/1998 Foru Dekretuak 3. artikuluan ezartzen duenez, irailaren 26ko 2135/1980 Errege Dekretuaren bidez liberalizatu eta 1980ko abenduaren 19ko Aginduak garatutako erregelamenduzko instalazioak abian jartzeko tramitazio administratiboa Kontrolerako Erakundeen bitartez egin ahalko dela, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak xedatzen duen kasuetan eta prozeduraren arabera.
Horrenbestez, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilari naizen aldetik, agindu dut:
8. artikulua. Instalazioaren ziurtagiria (Instalatzailearen boletina)
Foru Agindu honi loturiko instalazioak abian jartzeko beharrezkoa izanen da erakunde jardulearen aitzinean instalazioaren ziurtagiria aurkeztea (instalatzailearen boletina), lan hura egin duen enpresako instalatzaile baimenduak sinatua.
Erakunde jarduleak, dokumentazioa egiaztatu ondotik, ziurtagiria zigilatuko du.
Erakunde jarduleak beren jarduketetan Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak diktaturiko jarraibideei egokituko zaizkie. Administrazioko tramitazioan Departamentu honek ezarritako inprimakiak erabiliko dira.
9. artikulua. Ur hornidura
Ur horniduraz arduratzen diren entitateek instalazioaren titularrari eskatu behar diote instalatzailearen boletina, aurreko artikuluan aipatutako zigiluarekin, ur hornidura erregularrari hasiera emateko.
IV. KAPITULUA. Enpresa eta instalatzaile baimenduak
16. artikulua. Instalazioak egitea
Foru Agindu honi loturiko instalazioak enpresa instalatzaile gisa erregistratuta dauden enpresek bakarrik egin ditzakete.
17. artikulua. Enpresa instalatzaileak
"Enpresa instalatzaile" izateko enpresa batek behar du legez eratua izan, bere helburu soziala Foru Agindu honi loturiko instalazioen montaje lanak izan, dagokion erregistroan enpresa instalatzaile gisa erregistraturik egon eta Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak luzatutako ziurtagiria eduki.
18. artikulua. Enpresen erregistroa
Enpresa instalatzaileen erregistroan inskribatu izan nahi duten enpresek Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari eskatu beharko diote.
Eskabideari dokumentu hauek erantsiko zaizkio:
-Enpresaren nortasun juridikoa edo fisikoa egiaztatzen dutenak.
-Jarduera ekonomikoen zergan alta hartu izanaren agiria edo haren fotokopia konpultsatua.
-Plantillako langileen zerrenda, azken TC-2aren fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatua (Gizarte Segurantzaren kotizazioaren agiria, enpresako langileen zerrenda agertzen duena). Enpresario autonomoek Gizarte Segurantzan afiliatuta egotearen agiria aurkeztu beharko dute.
-Instalatzaile agiria daukaten langileen zerrenda. Enpresak agiridun langile bat bederen izan beharko du.
-Gutxienez 25 milioi pezetako erantzukizun zibilerako aseguruaren polizaren kopia bat edo hura sinatu izana frogatzen duen agiria. Zenbateko hori urtero eguneratuko da, kontsumoko prezioen indizeak aldatzen duenaren arabera.
19. artikulua. Langileen altak eta bajak
Erregistratutako enpresek Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari jakinarazi beharko dizkiote instalatzaile agiri baimendua duten langileen altak eta bajak, hilabeteko epean.
Era berean, enpresa batean baja eman eta beste batean alta hartzen duten agiriaren titularrek Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari jakinarazi beharko diote.
20. artikulua. Instalatzaile baimenduak
1. Foru Agindu honi loturiko instalazioak jartzeko lanak instalatzaile baimendu batek zuzenduko ditu eta hori enpresa instalatzaile baimendu bateko plantillakoa izanen da.
2. Instalatzaile baimendua izanen da pertsona fisiko bat, Foru Agindu honi loturiko instalazioak jartzeko lanak zuzentzen aritzen dena, erregistroan inskribatua eta Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak luzaturiko agiriaren jabe dena.
21. artikulua. Instalatzaile baimenduaren agiria lortzea
Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak ematen duen instalatzaile baimenduaren agiria lortzeko, baldintza hauek bete behar dira:
1. Erdi mailako Lanbide Heziketako edo horren baliokidea den mailako titulua edo ziurtagiria edukitzea. Fluidoen instalazioetarako egokia behar du izan.
2. Ur horniduraren barneko instalazioetarako Oinarrizko Arauen aplikazioari buruzko azterketa bat gainditzea.
Lehenbiziko baldintza ikastaro bat gainditzearekin ordezten ahal da, betiere Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak ezarritako eduki eta iraupenekoa.
Eraikinetako instalazio termikoen Erregelamenduko (uztailaren 31ko 1751/1998 E.D.) xedapenen arabera, berokuntza eta ur bero sanitarioa jartzeko baimena duen instalatzaile agiria dutenek, aurreko zenbakian ezarritako baldintzak bete beharrik gabe, ur instalazioak egiteko baimendutako instalatzaileen erregistroan sartzea eska dezakete.
Instalatzaile baimenduaren agiriak bi urteko balioko du eta iraungitze-data baino lehenago Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuan berritu beharko da.