Castellano | Euskara | Français | English
(2007ko 27. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 2an)
Atarikoa
Ekainaren 9ko 711/2006 Errege Dekretuak besteak beste urriaren 14ko 2042/1994 Errege Dekretua aldatu zuen, ibilgailuen ikuskapen teknikoa arautu zuena. 711/2006 Errege Dekretuaren bidez, bi gurpileko ziklomotorren aldian aldiko ikuskapen teknikoaren eginbeharra ezarri zen.
Arau horrek, bigarren xedapen iragankorrean, xedatzen du autonomia erkidegoek, egoki diren azpiegiturak ez edukitzeagatik, bi gurpileko ziklomotorren aldian aldiko ikuskapen teknikoaren eginbeharra atzeratzen ahalko dutela, errege dekretua argitaratzen denetik hiru urte gehienez.
Ibilgailuen ikuskapen teknikorako estazioek gaur egun ez dituzte behar diren baliabideak ziklomotorren aldian aldiko ikuskapena egiteko.
Halaber, ibilgailu mota hori zirkulazioko murrizketa batzuen xede denez eta Nafarroan nekazaritzako ibilgailuen aldian aldiko ikuskapen teknikorako zerbitzua tokian tokiko estazioen bidez egiten denez, komenigarritzat jo da unitate horiek egokitu eta ziklomotorrak ikuskatzeko erabiltzea.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak xedatzen duenarekin bat, agindu dut:
1. artikulua
Nafarroako Foru Komunitateko bi gurpileko ziklomotorren aldian aldiko ikuskapen teknikoa nahitaezkoa izanen da 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera.
2. artikulua
Urriaren 14ko 2042/1994 Errege Dekretuko 6. artikuluko a) eta b) idatz-zatietan xedaturikoaren arabera, aldian aldiko ikuskapena gainditu behar duten bi gurpileko ziklomotorrek epe hauek izanen dituzte (errege dekretu hura ekainaren 9ko 711/2006 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen):
0z bukaturiko matrikula dutenak: 2008ko urtarrilean.
1ez bukaturiko matrikula dutenak: 2008ko otsailean.
2z bukaturiko matrikula dutenak: 2008ko martxoan.
3z bukaturiko matrikula dutenak: 2008ko apirilean.
4z bukaturiko matrikula dutenak: 2008ko maiatzean.
5ez bukaturiko matrikula dutenak: 2008ko ekainean.
6z bukaturiko matrikula dutenak: 2008ko uztailean.
7z bukaturiko matrikula dutenak: 2008ko abuztuan.
8z bukaturiko matrikula dutenak: 2008ko irailean.
9z bukaturiko matrikula dutenak: 2008ko urrian.
3. artikulua
Ikuskapena ibilgailuen ikuskapen teknikorako estazio finkoetan egin beharko da. Hala ere, nekazaritzako ibilgailuak ikuskatzeko tokian tokiko estazioak daudenez, ziklomotorren titularrek estazio horietan eskatzen ahalko dute ikuskapena, ikuskatzeko egun edo epeak aldatu beharrik gabe.
4. artikulua
Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio, behar adina xedapen eman ditzan foru agindu hau garatu eta betearazteko.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.