(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ikastetxeak :
    • Pribatu itunduak :
      • 416/1992 Foru Dekretua, abenduaren 14ekoa, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

416/1992 Foru Dekretua, abenduaren 14ekoa, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1993ko 8. NAOn argitaratua, urtarrilaren 18an; akats zuzenketa, 1993-02-24ko NAO. Aldaketak: 146/2002 Foru Dekretua, uztailaren 2koa)

Atarikoa

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoak eskatzen du, Konstituzioak oinarrizko irakaskuntza dohakoa izan dadin emandako aginduari jarraikiz, eskoletako dohako postuak egoki programa daitezela, eskubide hori betetzen dela ez ezik ikastetxea askatasunean hautatzen dela ere bermatzearren.

Bestalde, eskoletako nahitaezko eta dohako mailetako postuen programazio berezia eskaintza publikoari zein pribatuari dagokie. Horiek egokitu beharko dira elkarren osagarriak izan daitezen eta arauteriak aitortzen dien autonomiari euts diezaioten.

Asmo horiek lortzeko, 8/1985 Lege Organikoak aurrikusi du Administrazioak eta gizarte ekimeneko ikastetxeen titularrek sinatzeko itun ekonomikoen sistema, horiei diru publikoaz eusteko, Legeak aurrikusitako moduan hezkuntzaren zerbitzu publikoaren onerako izan dadin.

Itun horien arautzea, nahitaezko mailetan oinarrizko eskola dohainik eman nahi duten gizarte ekimeneko ikastetxeentzako beharrezko tresna juridikoa den aldetik, ezinbestekoa da, noiz eta haren iraupena luzatzen denean eta hezkuntza sistema berritzeari ekin zaionean.

Hezkuntzarako eskubideak eta, inolako bereizkeriarik gabe, agintaritza publikoak sortutakoak ez beste ikastetxeak aukeratzeko eskubideak eta ikasleek, irakasleek eta gurasoek ikastetxeak zaintzen eta kudeatzen parte har dezaten bermagarriak ezarri beharrak behartzen dute erregelamendu bidez arautzera bai itunen edukia, bai horien babesean jartzeko bidea, bai eta itunaren betearazpena, haren berritzea eta haren aldatzea eta hori iraungitzeko zioak ere.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 47. artikuluaren bidez esleitu zaizkidan ahalmenen arabera eta Irakaskuntza Ez-Unbertsitarioen Alorreko eginkizun eta zerbitzuak Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeko abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan aurrikusitakoari jarraikiz, bertako Gobernuari dagokio behar diren alor tekniko-juridikoetan legezko aurrikuspenak osatzeko egokiak diren xedapen guztiak ematea.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak proposaturik, dekretatu du:

I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua

1. Nahitaezko eta dohako hezkuntzarako eskubidea, hori bermatzea agintari publikoei badagokie ere, gizarte ekimeneko ikastetxeetan ere bideratuko da, uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan aurrikusitakoarekin bat etorriz, erregelamendu honetan arautzen den itun orokorraren erregimenaren bidez.

2. Foru Administrazioak erraztu eginen du hezkuntzarako eskubidea, Hezkuntza Sistema Orokorraren Antolamenduari buruzko 1/1990 Lege Organikoa arautzen dituen mailetan eta, indarra duteino, O.H.O.n, B.B.B.n eta II. L.H.n ere, gizarte ekimeneko ikastetxeetan erregelamendu honetan arautzen den itun berezien erregimenetik sortutako finantzabidearekin.

2. atal honetan aurrikusia Foru Aginduaren bidez ezartzen denean Haur Hezkuntzan ere izanen da aplikatzekoa.

2. artikulua

1. Foru Komunitateko Administrazioak, nahitaezko hezkuntzaren dohakotasuna bermatzeko eta, halakorik balitz, baita 1. artikuluaren 2. atalean aipatzen diren mailena ere, horretarako ezartzen diren aurrekontuetako kontsignazioen mugarekin, itun orokorrak zein bereziak sinatuko ditu diru publikoaz lagunduak izan nahi duten gizarte ekimeneko ikastetxeekin, baldin eta 8/1985 Lege Organikoaren IV. tituluan aurrikusitako betebeharrak betetzen badituzte.

3. artikulua

1 Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Kontseilariari dagokio hezkuntza itunak onestea.

2. Hezkuntza eta Kultura Departamentuko eskudun organoak eta ikastetxe bakoitzaren titularrak edo hori legez ordezten duenak sinatuko ditu hitzarmen horiek.

4. artikulua

1. Erregelamendu honetan aipatzen diren gizarte eskumeneko ikastetxeen titularrak diren eta Espainiako hiritartasuna duten pertsona fisiko eta juridiko pribatuek dute ahalmena hezkuntza itunak sinatzeko Foru Administrazioarekin.

2. Legeetan eta nazioarteko itunetan aurrikusitako kasuetan edo, horrelakorik ezean, elkarrekikotasun printzipioarekin bat, atzerriko hiritartasuna duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere izanen dute ahalmena hezkuntza itunak sinatzeko Foru Administrazioarekin.

5. artikulua

1. Hezkuntza Itunen erregimenean sartzeko, gizarte ekimeneko ikastetxeek uztailaren 6ko 251/1992 Foru Dekretuan ezarritako gutieneko betebeharrak bete beharko dituzte, baita itunaren xede diren ikasketak emateko baimenduak izan, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen 8/1985 Lege Organikoaren IV. tituluan ezarritako arauak onartu eta erregelamendu honetan ezarritako moduan itunetik sortutako eginbeharrak egin ere.

2. Nolanahi ere, titularrak Ikastetxeko Eskola Kontseilua eratu beharko du eta, erregelamendu honetan aurrikusitako epean, zuzendaria izendatu.

6. artikulua

1. Hezkuntza itunak lau urte iraunen du eta erregelamendu honetan ezarritako moduan berritzen ahalko da.

7. artikulua

1. Hezkuntza itunak maila bereko unitate guztiak ukituko ditu, nahitaezko mailetan. Aukerakoetan, irakaskuntza zikloka ituntzen ahalko da, itunak ukitzen dituen zikloetako unitate guztiak ukituko dituelarik.

2. Ikastetxe batean itundutako unitateak ez dira inoiz ere bertarako baimendutakoak baino gehiago. Haatik, salbuespen gisa, hitzarmen batzuetan zuzendaritza eta laguntza unitateak ere jasotzen ahalko dira.

8. artikulua

1. Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 61. artikuluan ezarritakoa deustan galerazi gabe, hezkuntza itunen erregimena aplikatzerakoan ezadostasunik sortuko balitz, Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak ebatziko luke eta haren erabakiei, gora joz, Nafarroako Gobernuan helegiten ahalko litzaieke. Gora jotzeko helegitea ebazteko Nafarroako Gobernuak erabakiaren kontra administrazioarekiko helegitea paratzen ahalko da, jurisdikzio hori arautzen duen Legearekin batera, Oinarrizko Eskubideen Babes Jurisdikzionalari buruzko abenduaren 26ko 62/1978 Legean aurrikusitarakoaren arabera bidezko diren halegiteak deustan ere galerazi gabe.

II. TITULUA. HEZKUNTZA ITUN MOTAK ETA HAIEN EDUKIAK

9. artikulua

1. Hezkuntza itun orokorren xedea da gizarte ekimeneko ikastetxeetan oinarrizko hezkuntza, nahitaezko eta dohakoa, bermatzea, Administrazioak horretarako darabilen diru publikoaren bidez, hezkuntzaren zerbitzu publikoa ematearren, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen 8/1985 Lege Organikoan aurrikusitako moduan.

2. Hezkuntza itun berezien xedea gizarte ekimeneko ikastetxeetan hezkuntzarako eskubidea bermatzea da, Administrazioak horretarako darabilen diru publikoaren bidez.

2.1. Hezkuntza itun berezia osoa izanen da esleitutako dirua aski bada itundutako ikasketen kostu osoa ordaintzeko.

2.2. Hezkuntza itun berezia hein batekoa izanen da esleitutako dirua aski bada itundutako hezkuntzen kostuaren parte bat ordaintzeko.

10. artikulua

Hezkuntza itunean bi alderdien eskubideak eta eginbeharrak agertuko dira, erregelamendu honetan eta itun erregimena arautzen duten gainerako xedapenetan ezarritakoari atxikiz, uztailaren 3ko 8/85 Lege Organikoaren 48. artikuluaren 1. atalean ezarritakoarekin bat.

11. artikulua

Hezkuntza itunak Administrazioa behartzen du diru publikoa erabiltzera ikastetxe itunduei eusteko, baita uztailaren 3ko 8/85 Lege Organikoaren 50. artikuluan aipatzen diren onurak onartzera ere.

12. artikulua

Ikastetxe itunduei eusteko diru publikoa, Foru Komunitatearen aurrekontu orokorretan ezarritako zenbateko osoaren arabera, eskola unitateko ezartzen diren modulu ekonomikoen eta hezkuntza mailaren arabera esleituko da.

13. artikulua

1. Unitateko ezarritako modulu ekonomikoen zenbatekoak bermatuko du irakaskuntza dohainik ematen dela eta bertan bereiztuko dira:

a) Irakasleen lansariei dagozkien zenbatekoak, kuota patronalagatik Ikastetxeen titularrek Gizarte Segurantzari ordaindu behar dizkioten kotizazioak barne. Irakasleen lansaria itunaren xede diren irakaskuntza mailetako Estatuko ikastetxe publikoetako irakasleen lansariaren adinakoa bilakatuz joanen dira zenbateko horiek.

b) Beste gastutarako zenbatekoakm administrazio eta zerbitzuetako langileenak, mantendu eta zaintzeko ohizkoak eta inbertsio errealak birjartzekoak izanen dira, baina inoiz ere ez da kontutan hartuko amortizaziorik edo kapital bereziaren korriturik.

c) Gastu aldakor gisa ikastetxe itunduetako irakasleen antzintasuna eta horrek Gizarte Segurantzan dituen ondorioak ordaintzeko zenbatekoak; irakasleak ordeztekoak eta zuzendaritzako osagarriak, baita Langileen Estatutuaren 68. artikuluaren e) letran ezarritakoaren ondoriozko eginbeharrak ere. Zenbateko horiek ikastetxe itunduetako irakasleei banan banan banatuko zaien fondo orokor batean bilduko dira, irakasle bakoitzaren gorabeheren arabera.

2. Administrazioak bere gain hartuko ditu Hitzarmen Kolektiboen ondorioz irakasleen lansarietan izan litezkeen aldaketak, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen 8/1985 Lege Organikoaren 49. artikuluaren 6. atalak dioen bezala, lansariei dagozkien zenbatekoen gehikuntza osoaren portzentaiatik gotikikoak ez badira.

14. artikulua

1. Hezkuntza itun orokorrak eta berezi osoak behartzen dute ikastetxe itunduaren titularra ituneko irakaskuntzak dohainik ematera, kasuan kasuko programa eta ikasketa planei jarraikiz eta ikasketen antolamenduan indarra duten arauei atxikiz.

2. Itun orokorraren edo berezi osoaren xede diren hezkuntza mailako ikasketak emateagatik ez da inolako zenbatekorik hartuko, zeharka edo zuzenean, iharduera horren ordain ekonomikorik dakarten kontzeptuak direla eta.

3. Hezkuntza itun orokorraren eta berezi osoaren arabera, Ikastetxearen titularra behartua dago 8/85 Lege Organikoaren IV. tituluan eta hori aplikatzeko erregelamenduetan ezarritako arauak betetzera.

4. Hezkuntza itun berezi hein batekoaren arabera, ikastetxearen titularrak kobratzen ahal ditu itun berezi osorako ezarritako moduluaren eta Administrazioak hartzen duenaren arteko aldea egiten duten zenbatekoak. Administrazioari jakinarazi beharko zaio ofizialki alde hori jasoa duela eta zenbatekoa den.

15. artikulua

Ikastetxe itunduen eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak borondatezkoak eta diskriminaziorik gabekoak izanen dira ikasleentzat, ez dute irabazi asmorik izanen, eta jarduera eta zerbitzu horien aldera dirua kobratzeko, Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez ezartzen duena bete beharko da.

16. artikulua

Hezkuntza itun orokorraren eta berezi osoaren arabera, Ikastetxearen titularra behartua dago itundutako mailei dagozkien eskola unitate guztiak arian izatera. Halaber, Ikastetxea dagoen eskualde, udalerri edo, halakorik balitz, barrutiko Ikastetxe publikoetako, ikasle/unitateko batezbesteko baino txikiagoa ez den proportzioari eutsi beharko dioa. Horretatik izaera berezikoak salbuetsiko dira.

17. artikulua

1. Aurreko artikuluan ezarritakoa deustan galerazi gabe, aski frogatutako zioak direla eta, Ikastetxe hauek salbuesten ahalko dira eginbehar horretatik:

a) Itunaren iraupenetik goitikoa ez den epean unitate guztiak pixkanaka-pixkanaka abian jartzea aurrikusia duten ikastetxeak.

b) Ituna eginda, horren iraupenaren erditik goitikoa ez den epean, ikasle/unitateko behar den batezbestekoa lor dezaketenak.

c) Behar bezala justifikaturik, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak baimena ematen dienak.

18. artikulua

1. Itun erregimenari atxikitako ikastetxeen titularrek agertarazi beharko duten haien izenean, haien agirietan eta haien publizitatean ikastetxe itundua dela eta zer itun mota duen.

2. Orobat, Ikastetxearen titularrak eskola komunitateko kideei eta, halakorik balitz, eskudun agintariei, jakinarazi beharko die ikastetxearen izaera berekia, baldin badu.

III. TITULUA. PROZEDURA

LEHEN KAPITULUA. Ikastetxe baimenduak

19. artikulua

1. Erregelamendu honen bostgarren artikuluan ezarritakoa betetzen duten eta halako ikasturte batetik aurrera itun erregimenean sartu nahi duten gizarte ekimeneko ikastetxeek, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari eskatuko diote eta ikasturte horren aurreko urte naturaleko lehenengo hiruhilekoan eginen den deialdi irekian parte hartuko dute.

2. Administrazioak epe hori baino lehen Ikastetxeen goraberen arabera ezartzen dituen agiri osagarriak erantsiko zaizkio eskabideari.

20. artikulua

Itun erregimenean sartzeko, lehentasuna izanen dute uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 48. artikuluaren 3. atalean aipatzen diren Ikastetxeek.

21. artikulua

1. Aurreko artikuluan ezarritako ondorioetarako, gizarte ekimeneko Ikastetxeek itunaren eskabidearekin batera, gorabera horiek azaltzen dituen txostena, Foru Administrazioak aztertzekoa, aurkeztuko dute, baldin eta eskolaratze beharrak betetzen badituzte, egoera sozioekonomiko latzetan dauden eskola populazioak hartzen badituzte edo, aurreko betebeharretako baten bat beterik, hezkuntza sistemarako interes pedagokikoa duten esperientziak egiten badituzte.

2. Txosten azalgarriak zehaztu beharko du, kasuan kasuan:

a) Ikastetxea dagoeneko eskualde, udalerri edo, halakorik balitz, barrutian dagoen eskaeraren arabera eskolaratze beharrak nola betetzen diren.

b) Hartzen den eskola populazioaren egoera sozioekonomikoaren urria.

c) Ikastetxean egindako esperientzia pedagogikoen ezaugarriak eta horiek hezkuntzaren kalitaterako eta hezkuntza sistemarako duten interesgarritasuna.

d) Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hori garatzen duten xedapenetan ezarritako aurrikuspenak aplikatzetik sortzen diren beharrak, baldin eta sare publikoan behar adina eskaintza ez badago.

e) Ikastetxearen zerbitzu osagarrien kostua, eskabidea aztertzeko ere kontutan har litekeena.

22. artikulua

Kooperatiba erregimenean dabiltzan ikastetxeek ezin edukiko dute beren estatutuetan baldintzarik, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen 8/1985 Lege Organikotik sortuta ikastetxe itunduek dituzten eginbeharrak betetzea galerazten duenik.

23. artikulua

1. Administrazioak eskatzen ahalko die horretarako izendatzen dituen batzordeei, aurkeztutako eskabideak azter ditzatela. Batzorde horietan, hezkuntza agintariak ez ezik, beren erakundeen bidez, doakien beste sektoreak ere ordezkatuak izanen dira. Nolanahi ere, batzorde horien proposamenak aurrekontuko kontsignazioei egokitu beharko zaizkie.

2. Batzorde horiek aurkezten diren eskabide eta txostenak aztertuko dituzte eta eskudun agintariaren aurrean kasuan kasuko proposamenak, arrazoituak izan beharko dutenak, eginen, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren 48. artikuluaren 3. atalean aipatzen den lehentasun ordenari jarraikiz.

3. Batzorde horien kideak Deialdiko Foru Aginduan zehaztuko dira eta bertan beti ere hauek izanen dira: Udalen eta Kontzejuen Elkartearen ordezkari bat, gizarte ekimeneko ikastetxeetako ugazaben erakundeen bi ordezkari, gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkari gehien duten sindikatuen bi ordezkari, Nafarroako gizarte ekimeneko ikastxeetan ordezkari gehien duen ikasle gurasoen erakundearen ordezkari bat eta Hezkuntza Administrazioak izendatutako sei kide. Hauetako bat izanen da Batzordeburu eta kalitatezko botua izanen du.

24. artikulua

1. Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak, aurkezten diren proposamenak ikusita, ebatziko du eskabideak onesten ala ukatzen diren. Ebazpena doakienei jakinaraziko zaie. Ebazpena ukatzekoa izanez gero, arrazoitua izanen da eta haren kontra gora jotzeko helegitea paratzen ahalko da Nafarroako Gobernuan.

2. Itunak kasuan kasuko urteko apirilaren 15a baino lehen onetsi beharko dira, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetzak aurretik fiskalizatuta, eta eskura dauden aurrekontu kredituen arabera. Ebazpen espresurik ez badago, eskabidea ukatutzat hartuko da.

25. artikulua

1. Hezkuntza itunak administrazio agiri ofizialean sinatuko dira, Foru Aginduaren bidez onetsitako ereduari jarraikiz, eta bertan agertaraziko dira elkarrekiko eskubide eta eginbeharrak, baita Ikastetxearen ezaugarri bereiziak eta Hezkuntzartako Eskubidea arautzen duen 8/1985 Lege Organikotik eta hori garatzeko erregelamendutik sortutako goraberak ere. Kasuan kasuko urteko maiatzaren 15an baino lehen sinatuko dira.

26. artikulua

1. Ituna sinatuta, ikastetxearen titularrak Eskolako Kontseilua eratzeko eta, hortakotz, zuzendaria izendatzeko behar diren neurriak hartu beharko ditu, hurrengo ikasturtea hasi baino lehen.

2. Ikastetxeko Eskola Kontseilua hauteskundeak ireki eta objektiboak direla eta eskola komunitateko kideen botua banan banako, zuzen, balio bereko eta isilpekoa dela bermatzen duen bideari jarraikiz eratuko da.

3. Ikastetxe itunduko Eskola Kontseilua osatzen den egunetik, hezkuntza langileen artean husten diren lanpostuak uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 60. artikuluan aurrikusitako prozedurari jarraikiz beteko dira. Haatik, prozedura horretatik salbuetsiko dira: Langileen Estatutuan aurrikusitako egoeretako batean egonik lanpostura itzultzeko eskubidea dutenek edo laugarren xedapen gehigarriaren 1. puntuan aipatzen direnek betetzen dituztenak; baita, halakorik balitz, unitate itunduak kentzetik sortzen diren lanpostu betegabeak ere, Hezkuntza Administrazioak eta enpresa erakundeek eta sindikatuek sinatu litzaketen erabakien arabera.

27. artikulua

1. Hezkuntza itunak sinatuta, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Ikastetxe Erregistroan inskribatuko dira. Hezkuntza eta Zientzia Ministeritzari horren berri emanen zaio.

2. Erregistro horretan, besteak beste, datu hauek apuntatuko dira:

a) Ituna noiz onetsi eta sinatu den, zenbat unitate itundu diren eta gainerako ezaugarri funtsezkoak adieraziz.

b) Halakorik balitz, Ikastetxeari izaera berekia ematen dioten osagarrien laburpena.

c) Berrikuntzak.

d) Aldaketak.

e) Ez betetzea eta horren ondorioak.

f) Iraungitzea eta horren kausak.

II. KAPITULUA. Ikastetxe sortu berriak

28. artikulua

1. Erregelamendu honetan aipatzen diren ikasketak eman behar dituzten eta itun erregimenean sartu nahi duten gizarte ekimeneko ikastetxe sortu berriek administrazio baimenaren prozedura hasterakoan eskatuko dute sartze hori, uztailaren 6ko 251/92 Foru Dekretuaren II. Tituluaren II. kapituluan ezarritakoarekin bat. Artean eskatu ezik, ezin sartuko dira erregimen horretan baimena ematen den egunetik bost urte pasa arte.

29. artikulua

1. Gizarte ekimeneko ikastetxe sortu berriek, itun erregimenaren betebeharrak bildu ez ezik proposatu egin beharko diote Administrazioari hitzarmen bat. Bertan, uztailaren 3ko 8/1985 Legean aurrikusitako esparruaren barnean, zehaztu beharko dira: zuzendaria izendatzeko prozedura, beti ere lanbidean eta irakaskuntzan frogatutako esperientzia duen irakaslea izanen dena; irakasleak hartzeko sistema, batik bat irekitasuna, merezimendua eta gaitasuna oinarri dituzten erizpideen bidez; Ikastetxeko Eskola Kontseilua eratzeko baldintza eta eguna. Adostasuna lortuz gero, sinatu eginen da hitzarmena.

2. Adostasunik ez badago, Administrazioak jakinaraziko dizkio ikastetxearen titularrari hitzarmena sinatzea galerazten duten zioak. Erabaki horren kontra, ikastetxearen titularrak gora jotzeko helegitea paratzen ahalko du Nafarroako Gobernuan, administrazioarekiko auzirako urrats gisa.

30. artikulua

Aurreko artikuluan aipatzen diren datuak zehazten direneko hitzarmenak ikastetxea abian jartzeko eta hitzarmena garatuz joateko aurrikuspenak ere jaso beharko ditu.

31. artikulua

Zuzendaria behin-behinean izendatuko da Ikastetxeko Eskola Kontseilua eratu arte.

32. artikulua

Ikastetxeko Eskola Kontseilua osatuta, behin betikoz izendatuko da Zuzendaria, uztailaren 3ko 8/1985 Legearen 59. artikuluan ezarritakoarekin bat. Irakasleen artean husten diren lanpostuak Foru Lege honen 26. artikuluaren 3. atalean ezarritakoarekin bat etorriz hornituko dira.

33. artikulua

Hitzarmena baimenduak diren Ikastetxeetarako aurrikusitako prozeduraren bidez sinatuko da.

LAUGARREN TITULUA. HEZKUNTZA ITUNAREN BETEARAZPENA

34. artikulua

1. Administrazioak hilero ordainduko dizkie lansariak ikastetxe itunduetako irakasleei, ordainketa delegatu gisa eta Ikastetxearen erakunde titularraren izenean.

2. Ikastetxeen funtzionamendu gastuei dagozkien zenbatekoak bi hilabetetik behin ordainduko dizkie Administrazioak haien titularrei.

3. Gastuetako bi kontzeptu horiek juridikoki kontraprestazio izaera izanen dute, Ikastetxetik itundutako hezkuntza zerbitzuengatik.

35. artikulua

Lansariei dagozkien zenbatekoak ordaintzeko, ikastetxe itunduen titularrek beren irakasleen nominak igorriko dizkiote Foru Hezkuntza Administrazioari, Gizarte Segurantzako kotizazioen likidazioak, behar diren kotizazio agiri ofizialak betez eta igorriz, baita alta, baja eta aldaketa agiriak ere.

36. artikulua

1. Gizarte Segurantzako erregimeneko irakasleen alta eta bajak Ikastetxearen titularrak kudeatuko ditu, lan harremaneko enplegatzailea den aldetik. Horrexek frogatu beharko ditu gorabehera horiek Foru Hezkuntza Administrazioan.

2. Alta, baja eta kotizazioen likidazioetako eginbeharrak ez betetzeak sor litzakeen erantzukizunak, Ikastetxearen titularraren gain izanen dira.

37. artikulua

Itundutako unitateei dagozkien irakasleak aipatuko dira nominetan. Irakasle bakoitzaren lansaria, antzinatasunagatik salbu, ez da inoiz ere Nafarroako aurrekontuetan lansariei buruzko ataletako moduluetan ezarritako zenbatekoak baino handiagoa izanen. Halaber, nominen zerrendak irakasle bakoitzak biltzen dituen gorabeherak edukiko ditu, lansaria, antzinatasuna, Gizarte Segurantzako kotizazioa eta beste zehazteko.

38. artikulua

Ikastetxe itunduetako irakasleen iharduera guztiak, Administrazioak ordaintzekoak izanez gero, bai eskolakoak, bai eskolatik kanpokoak, itunaren xede diren mailetan aurkeztuko dira.

39. artikulua

Administrazioak, ikastetxe itunduetako irakasleen lansariak ordaintzean, halakorik balitz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagozkion atxikipenak egin eta Foru Ogasunean sartu beharko ditu. Halaber, Gizarte Segurantzaren kotizazioen sarrera ere eginen du. Hortik kanpo uzten dira ikastetxeen erakunde titularrarekin lan harremanik ez duten irakasleak.

40. artikulua

Ikastetxe itunduaren beste gastu batzuetarako Administrazioak ordaindutako zenbatekoa arrazoitu eginen da, ikasturtea bukatzerakoan, ikastetxearen titularrak Eskola Kontseiluak kontuak onesteko hartu zuen erabakiaren ziurtagiria aurkeztuta.

41. artikulua

Ikastetxe itunduak indarra duten xedapenek Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontuhartzailetzari eta, halakorik balitz, Ikuskaritza Tekniko eta Zerbitzuak ikuskatzeko Zerbitzuari ematen dioten finantz kontrolaren menpe egonen dira.

BOSTGARREN TITULUA. HEZKUNTZA ITUNA BERRITU ETA ALDATZEA

42. artikulua

1. Hezkuntza ituna berritu edo luzatu nahi duten gizarte ekimeneko ikastetxeek Foru Administrazioari eskatuko diote, urteroko deialdiaren bidez, bukatzen edo aldatzen deneko urteko lehenengo hiruhilekoan.

2. Eskabidearekin batera, ikastetxeek ituna onestea posible egin zuten baldintzak oraindik ere biltzen dituztela eta hitzarmenak izan litzakeen aldaketak frogatzen dituen aitorpena aurkeztuko da, titularrak egina.

43. artikulua

1. Ikastetxeak onestea posible egin zuten baldintzak betetzen dituzten bitartean berrituko dira itunak, titularrak uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 62. artikuluaren 3. atalean ez berritzeko aurrikusitako ziorik egin ez badu eta behar adina aurrekontu-kontsignazio badago. Kasu horretan Lege Organiko haren 48. artikuluaren ataleko lehentasun erizpideak aplikatuko dira.

2. Administrazioak, aurkeztutako agiriak aztertu eta gero, ituna beste lau urtez berrituko du edo berritzeko eskabidea ukatuko du.

44. artikulua

1. Berritzea ukatzen bada, arrazoiak emanda, Administrazioak hitzartu lezake ikastetxearen titularrarekin ituna urte batez luzatzea. Ukatzearen kontra gora jotzeko helegitea paratzen ahalko da Nafarroako Gobernuan, administrazioarekiko helegiterako urrats gisa.

2. Ukatzea behar adina aurrekontu ez egoteagatik bada, posible izanez gero, itun berezi hein batekoa sinatzea erabakitzen ahalko da.

45. artikulua

Hezkuntza itunen berripena onetsi, sinatu eta inskribatzea, baita hura ukatzea ere, Titulu honetan aurrikusia ez dagoen guztian, erregelamendu honen Hirugarren Tituluaren Lehen Kapituluko arauei jarraikiz burutuko dira.

46. artikulua

1. Unitate kopurua aldatzeagatik edo banan banako beste goraberengatik ikastetxeetan izan litezkeen aldaketek hezkuntza itunaren aldaketa eraginen dute, aldaketa horiek haren onespena posible egin zuten baldintzak ukitzen ez badituzte.

2. Ikasmaila bereko bi unitate edo gehiago osorik itunak gelako ezarritako gehieneko ikasle kopurua gainditu gabe batzen ahal badira, Administrazioak baimendutako eta beti ere arrazoitutako salbuespenetan ezik, bidezko izanen da itundutako unitateak gutxitzea.

3. Unitate batean ikasleak/gela erlazioa itunean gehieneko gisa ezarritako erlazioaren 100eko 50etik goitikoa ez bada, unitateak gutxitzea ere izanen da bidezko, Administrazioak baimendutako eta beti ere arrazoitutako salbuespenetan ezik.

4. Ituna sinatzeko eskatzen diren betebeharrak biltzen dituzten eta ikastetxeko eskola postuen eskaeraren gehikuntza nahikoa dela frogatzen duten ikastetxe itunduek, itundutako unitateak gehitu daitezela eskatzen ahalko dute. Itundutako unitateak gehituko dira aurrekontuko kontsignazioak aski badira, indarra duten itun orokor eta bereziak berritzeko beharrak aztertu eta gero.

5. Titularra aldatzea ituna aldatzeko zioa izanen da, titularrak itunaren ondoriozko eskubide eta eginbeharrak ordezten baditu.

6. Itundutako unitateak gehitzen edo gutxitzen dituzten aldaketak ikastetxearen titularrak eskatuta egiten ahalko dira edo, ofizioz, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak burututa, titularra entzun eta gero.

SEIGARREN TITULUA. HEZKUNTZA ITUNA IRAUNGITZEA

47. artikulua

1. Hezkuntza ituna iraungitzeko zioak:

a) Irauteko epearen mugaeguna ailegatzea, hura berritu edo luzatzea erabakitzea bada ezik.

b) Parteak elkarrekin bat etortzea, interes publikoko zioek galerazten badute salbu, Eskola Kontseilua entzunda.

c) Foru Administrazioak edo ikastetxearen titularrak ituneko eginbeharrak larriki ez betetzea.

d) Ikastetxearen titularra den pertsona fisikoaren heriotza edo ezintasuna edo titulartasuna duen pertsona juridikoa iraungitzea.

e) Ikastetxearen kiebra edo ordainketa etendura deklaratzen duen ebazpen judiziala.

f) Ikastetxea funtzionatzeko administrazio baimena indargabetzea.

g) Behar bezala baimenduta, ikastetxea bere borondatez eskola ematetik gelditzea.

h) Ituntzeko behar ziren baldintzetako baten batek edo batzuen batzuek ez irautea.

i) Itunean ezartzen diren gainerako zioak.

48. artikulua

1. Titularrak, Administrazioak ituna iraungitzeko zerbait egin duela uste badu, eskatzen ahalko du haren iraungipena, erregelamendu honen 47. artikuluaren c) letran ezarritakoarekin bat. Administrazioak itunaren iraungipena ukatzen badu, titularrak erabaki horren kontra gora jotzeko helegitea paratzen ahalko du Nafarroako Gobernuan, administrazioarekiko helegiterako urrats gisa.

49. artikulua

1. Ikastetxe itunduaren titularra zenduz gero, haren oinordekoek eskubidea izanen dute beste itun bat sinatzeko, erregelamendu honetan aurrikusitako betebeharrak biltzen badituzte, eta ulertuko da itunak ondorio guztietarako dirauela.

2. Ikastetxe itunduaren titularraren den pertsona juridikoa iraungitzean ituna ere iraungiko da, haren antolamenduaren eta haren ondarearen titulartasuna beste pertsona batek bereganatzen badu salbu, erregelamendu honetan ezarritako betebeharrak bilduta, beste itun bateko eginbeharrak onartzen baditu.

3. Oinordekoek itun erregimenean ez irautea erabakiko balute edo pertsona titular berriak ituneko eginbeharrak bere gain hartuko ez balitu, ikasturtea bukatzen denetik aurrera izanen lirateke haren iraungipenaren ondorioak.

50. artikulua

Kiebra edo ordainketa etendura gertatzen bada, behar den ebazpen judiziala gauzatzen ez den bitartean, Administrazioak, kontuhartzaile judizialekin bat, itunaren ondoriozko eginbeharrak betetzeko behar diren neurriak hartuko ditu.

51. artikulua

Hezkuntza ituna larriki betetzen ez denean baizik ez da deseginen, uztailaren 3ko 8/85 Lege Organikoaren 62. artikuluaren 2. atalean ezarritakoarekin bat.

52. artikulua

1. Titularrak zerbait betetzen ez duela frogatzeko, Foru Hezkuntza Administrazioak, ofizioz edo Ikastetxeko Eskola Kontseiluak eskatuta, 8/85 Lege Organikoaren 61. artikuluan aipatzen den adiskidetze batzordea sortuko du.

53. artikulua

1. Batzorde horrek adostasunik lortzen ez badu, Administrazioak, hark ezadostasunerako dauden zioak azaltzen dituen txostena aztertuta, administrazio espedienteari ekiten ahalko dio, itunean ez-betetzerik izan den zehazteko eta, halakorik balitz, haren larritasuna ere bai.

2. Espedienteari ekitea eta hori ebaztea hezkuntza itunak onesteko esku duten agintariei dagokie.

3. Espedienteari Administrazio Prozedurari buruzko Legearen VI. Tituluaren II. Kapituluko arauei jarraikiz emanen zaie hasiera.

54. artikulua

Aurreko artikuluan aipatzen den administrazio espedientearen ondorioz, ikastetxearen titularrak ituna larriki bete ez badu eta Administrazioak ezartzen duen epean zioak zuzentzen ez baditu, hark desegin eginen du. Hala gertatuz gero, hurrengo ikasturtetik aurrera izanen du indarra. Kasu horretan uztailaren 3ko 8/85 Lege Organikoaren 63. artikuluaren 1. atalean aipatzen diren eskolaratze neurri beharrezkoak hartuko ditu Administrazioak.

55. artikulua

1. Administrazio espediente hartatik ikusten bada ez betetzea ez dela larria izan, Administrazioak ohartaraziko du ikastetxearen titularra eta hilabetetik beheitikoa izanen ez den epea irekiko du ez betetze horren zioak zuzentzeko. Zuzendu ezik berriro ohartaraziko du eta hilabetetik beheitikoa izanen ez den epean zuzentzen ez bada, ituna ez da berrituko.

2. Aurreko atalean aipatzen den portaerak behin eta berriro irautea itunaren ez-betetze larritzat jotzen ahalko da. Horretarako, Administrazioak adiskidetze batzordea sortuko du eta, halakorik balitz, behar den administrazio espedienteari ekinen dio.

56. artikulua

Ikastetxearen titularrak, Hezkuntzarako Eskubideari buruzko Lege Organikoari buruzko IV. Tituluan aurrikusitako moduan ez dagokion dirurik bereganatuko balu, kasuan kasuko espedientearen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, itzuli duela agiri bidez frogatu beharko dio Administrazioari . Hori dena, izan litezkeen erantzukizun zibil eta penalak deustan galerazi gabe.

57. artikulua

1. Administrazio baimena bertan behera uztea eta ikastetxearen iharduera nahita etetea arauteria bereziari jarraikiz eginen dira.

2. Ikastetxearen iharduera nahita etenez gero, iraungipenaren ondorioak iharduera hori egiazki eteten direnetik aurrera izanen dira.

58. artikulua

1. Hezkuntza ituna iraungita, Administrazioak, halakorik balitz, nahitaezko irakaskuntza dohainik bermatzeko behar diren badaezpadako neurriak hartuko ditu.

Lehen Xedapen Gehigarria

Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean behin betiko baimena eta, halakorik balitz, behin betiko sailkapena duten nahitaezko mailako ikastetxeak itun erregimenean sartzen ahalko dira, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 14. artikulua garatzeko arauetan ezarritakoa deustan galerazi gabe.

Aurreko xedapenean ezarritakoaren kalterik gabe, Administrazioak behin-behineko sailkapena edo ohiz kanpoko baimen iragankorra duten ikastetxeekin itunak sinatzen ahalko ditu, baldin eta bestela ezin konponduzko eskolaratze premia gorriak betetzen badituzte. Itun horiek urte baterako sinatuko dira eta, ikastetxeek epe horretan behin betiko sailkapena lortu badute edo ituna sinatzera behartu zuten eskolaratu beharrak badirau, luzatu eginen dira.

Nolanahi ere, behin-behinean sailkatuak dauden edo ohiz kanpoko baimen iragankorra duten ikastetxeak, ituna sinatuta, beren erregimen juridikoa arautzen duten arauen menpe egonen dira.

Hezkuntza Administrazioak, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko edo nahitaezko hezkuntzako Ikastetxeekin sinatutako itunak luzatzen ahalko ditu erregelamendu honetan ezarritako epeetatik kanpo, ikastetxe horietan xedapen gehigarri honetan aurrikusitako goraberak biltzen direnean.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Salbuespen gisa, Foru Administrazioak itunak sinatzen ahalko ditu ituna egiteko adina unitate ez dituzten ikastetxeekin, baserrietako edo aldirietako populazioa hartzen badute eta haien eskolaratze beharrak ezin badira bestela bete.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Hezkuntza itunek aurrikuspen bereziak izaten ahalko dituzte, itun erregimenak hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen ezaugarriei egokitzeko.

Laugarren Xedapen Gehigarria

1. Ikastetxe itunduetan ikastetxearen erakunde titularrarekin lan kontratu harremanik gabe diharduten irakasleen lansariak, Foru Administrazioak ordainduko dizkio hari zuzenean, erakunde titularrak lan kontratu harremanik ez dagoela aitortuta eta irakaslea espreski konforme dagoela jakinda. Horretarako, erakunde titularrak Administrazioari igorriko dio irakasleen izenen zerrenda banan banakoa.

Administrazioak, irakasle horien lansariak ordaintzean, irakasleen lansariengatik ordaintzen duen adinakoak izanen direnak, Gizarte Segurantzarentzako kotizazioei dagozkien zenbatekoak, nominaren bidez, ordainduko ditu, haren Erregimen Orokorrean kotizatzen ez direnean, zenbatekoa den frogatuta.

2. Uztailaren 3ko 89/1985 Lege Organikoaren 60. artikuluaren 6. atalean ezarritakoa betetzeko asmoz, irakasleen irakaskuntza iharduera bukatzean, xedapen honetan aipatzen denak, ez du iraizpen izaerarik izanen. Horrela husten diren lanpostuak lege haren 60. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz hornituko dira eta kasuan kasuko lan kontratua sinatuko da, xedapen honetan aipatzen diren langileen kasuan eta Foru Lege honen 26. artikuluaren 3. atalean aurrikusitako gainerako kasuetan.

3. Xedapen honetan aipatzen diren langileei analogiaz aplika lekieke lan arauteria berezikoan ezartzen den erretiratzeko adina eta, baita analogiaz ere, 26. artikuluaren 3. atalean aurrikusitako hornitzeko prozeduratik salbuestea ere aplika lekieke.

4. Xedapen honetan ezarritakoa indarra duten legeetan ikastetxearen titularrarekin lan kontratu harremanik ez duten irakasleei buruz ezarritakoa deustan galerazi gabe ulertuko da.

Bostgarren Xedapen Gehigarria

1. Aukerako mailako gizarte ekimeneko ikastetxeak, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoa eman zenean erabat edo hein batean diru publikoari esker ziharduten horiek, horretan ikastetxe itunduetarako legez ezarritakoari egokituko zaizkio eta, lege horren laugarren tituluarekin bat eta Foru Dekretu honetan aurrikusitako prozeduraren bidez behar diren itun bereziak sinatuko dira.

2. Aurreko atalean aurrikusitakoa deustan galerazi gabe, ikastetxe horien finantzabidea hein batekoa bada, ikastetxearen titularrak finantzabide osagarri gisa har lezakeen zenbatekoa Foru Dekretu honen 45. artikuluaren 4. atalean ezarritakoari egokitu zaio.

Seigarren Xedapen Gehigarria

Foru Dekretu honetan aipatzen diren mailak ematen dituzten Ikastetxeei, haien titularrak Toki Erakundeak badira eta uztailaren 3ko 8/85 lege organikoak indarra hartzean subentzionatuak bazeuden, Hezkuntza Administrazioarekiko kasuan kasuko itunen bidez lagunduko zaie eta ikastetxe horiek lege horretan aurrikusitakoari eta hori garatzen duten arauei egokitu beharko zaizkie.

Zazpigarren Xedapen Gehigarria

Itunen erregimen orokorra deustan galerazi gabe, Administrazioak, aurrekontuan dauden kontsignazioen barruan, eskolako instalazio eta ekipamenduen inbertsio gastuak finantzatzen laguntzen ahalko du, baldin eta kasuan kasuko deialdietan ezartzen diren betebeharrak biltzen badituzte, kalitate aitortua duen hezkuntza zerbitzua egiten badute edo kooperatiben edo antzeko esanahi sozialekoaren ekimena bada.

Lehen Xedapen Iragankorra

1992-93 ikasturtean indarra hartzen duten edo 1992-93 ikasturtean berritzen diren hezkuntza itunek hiru urteko edo bi urteko luzapena izanen dute, hurrenez hurren, erregelamendu honetan aurrikusitako moduan berritzea deustan galerazi gabe. Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean, indarrean daudenak erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat luzatzen ahalko dira.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Itunak sinatuak dituzten edo dirulaguntza erregimenaren menpe dauden ikastetxeetako irakasleen lansarien ordainketa delegatua erabakitzen ez deino, zenbatekoak ikastetxearen prestazio ekonomikoan orokorki sartuz ordaineraziko dira.

Horretarako, ordainketa bakoitza egin baino hilabete bat lehenago, Ikastetxeek agiri hauek igorriko dituzte Hezkuntza eta Kultura Departamentura:

1. Irakasleen Gizarte Segurantzari egin ordainketen ziurtagiriak, behar bezala zigilatuak.

2. Irakasleen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kontura egindako atxikipenen ordainketen ziurtagiriak.

3. Aitorpena, subentzionatutako unitateei atxikitako langile guztiek -irakasle zein ez irakasle - sinatua, baita erlijio irakasleak ere, datako egunean edukien kobrantza guztiak eguneratuak dituztela frogatzen duena.

Foru Administrazioak lansarietarako ezin ordainduko du egiatan ordainduei dagokiena besterik.

Hirugarren Xedapen Iragankorra

Ikastetxe pribatuek, beren irakasleen nominek adierazten badute kostua itundutako unitateen kopuruari dagokiona baino handiagoa dela, kontsignatu beharko dituzte nomina horietan lansarien partea eta itundutako mailetan egiazki emandako orduei dagokien Gizarte Segurantzarentzako kotizazioarena.

Azken Xedapenetako Lehena

Baimena ematen zaio Hezkuntza eta Kultura Kontseilariari Foru Dekretu honetan ezarritakoa betearazteko eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa