(Edukira Joan)

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Zintzurreko mina

Kasu gehienetan, berez sendatzen da, eta, gaizki sentiarazten badizu ere, ez da profesionalen laguntzarik behar. Zerorrek zain dezakezu zeure burua etxean bertan.

Jarraibideak:

• Behar adina atseden hartu, bereziki sukarra duzunean.

• Likido beroak edan.

• Noizean behin, gargarak egin. Horretarako, ur epelari gatz pixka bat bota (koilarakadatxo bat gatz, katilu bat uretan).

• Izozkiak eta likido hotzak ere lagungarriak izan daitezke zintzurreko narritadura dagoen kasu batzuetan.

• Karamelu gogorrak edo zintzurrerako pastillak lagungarri eta freskagarriak izan daitezke, listua sorrarazten baitute.

• Lurrun hotza sortzeko hezegailu edo lurrungailu bat erabili, zintzur idor eta minberatua freskatzeko. Asma izanez gero, aldez aurretik kontsultatu.

• Ez erre eta ez arnastu tabakoaren kea; ez ibili giro kargatuetan.

• Babestu hotzetik eta saihestu tenperaturaren bat-bateko aldaketa handiak.



Neurri higienikoak:

• Garbitu eskuak maiz, erabili botatzeko mukizapiak, eta tapatu sudurra eztul eta/edo doministiku egitean.

Tratamendua botikekin:

Hobeki sentitzeko, prozesuak iraun bitartean sintomak tratatzea da egin behar den gauza bakarra. Ez da antibiotikorik behar, non eta medikuak ez duen ikusten edo uste infekzioa bakterioek sortua dela.

Sintomak arintzeko, analgesiko-antitermikoak hartu (parazetamola, esaterako), botiken argibide-orriak dioen bezala. Mota horretako botikek zintzurreko molestiak arinduko dizkizute.

38º C-tik gorako sukarra baldin baduzu, eta zorne-plakak edo gongoil handituak eta mintsuak, litekeena da bakterioek sortua izatea.

Erne egon, eta osasun-etxera joan baldin eta:

• Pertsona ahula edo adintsua bazara, eta sintomak larriak badira, edo 48 orduan hobera egiten ez baduzu.

• Arnasa hartzeko zailtasuna baldin baduzu, edo hatsandia, bularreko edo saihetseko mina, edo azalean orbanak agertuz gero, edo buruko min handiarekin edo zorabiatuta bazaude, edo burua aurrealdera makurtzean zurruntasuna sentitzen baduzu lepoan.

• Tratamenduarekin 48 ordu pasatuta, sukarra 38º C-tik gora baldin badago.

• Zorne-plakak gehiago badira, edo zintzurreko hantura handiagoa bada.

• Egoera orokorrak okerrera egiten badu.

• Eztul egitean, karkaxa edo muki berdexkak ateratzen badituzu.

• Deshidratazio-sintomarik baduzu (zaharren kasuan bereziki).

• Eritasun kronikorik baduzu.

   

Edozein zalantza duzula ere, galdetu osasun-etxeko erizainari.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa