Castellano | Euskara | Français | English
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna izendatu zuen maiatzaren 31, gogorarazteko oso garrantzitsua dela neurriak hartzea tabakoa kontsumitzen hasten direnen kopurua murrizteko eta tabakoa uzten dutenen kopurua handitzeko, baita tabako kerik eta aerosolik gabeko guneak sustatzea ere.
Urtero bezala, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) bat egiten du egun horrekin. Aurten, haurrak eta gazteak tabako kontsumoaren eta horrekin lotutako produktuetatik babestean fokua jarriz.
Faktore genetikoek eta bizi baldintzek eragina dute osasunean; hala nola, hezkuntzak, enpleguak, etxebizitzak eta osasun sistemetarako sarbideak. Gainera, argi dago merkataritza eragile jakin batzuen produktuek eta praktikek ere eragina dutela osasunean, zuzenean edo zeharka, batzuetan onerako eta askotan txarrerako. Osasunaren determinatzaile komertzialak dira, eta gaur egun osasunerako mehatxu bat dira, desberdintasun sozialak areagotzen baitituzte.
OMEk aurten bere kanpainan dioen bezala, tabako industriak eta kideko beste industria batzuek estrategia ugari erabiltzen dituzte tabakoaren kontsumoa eta horri lotutako produktuena sustatzeko, salmentak handitzeko asmoz, pertsonen osasunean eragin negatiboa sortuz.
Estrategia horiek maila desberdinetan eragiten dute, adibidez, tabakoarekin lotutako produktuak (zigarro elektronikoak edo berotutako tabakoa) sare sozialen eta streaming plataformen bidez merkaturatzea.
Aurten, Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna dela eta, OMEk gazteak sentsibilizatu eta animatu nahi ditu tabakoaren eta horrekin lotutako produktuen kontsumoarekin bukatzeko. Horretarako, mezu batzuk helarazten ditu bideo eta kartelen bidez, eta jarduerak proposatzen ditu kanpainaren webgunean.
Bestalde, Osasun Ministerioak 2024an onartu du “2024-2027 aldirako Tabakismoa Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Plan Integrala”. Plan horretan zenbait helburu, estrategia eta jarduketa ildo jasotzen dira; adibidez, merkatuan agertu diren eta gazteentzat diren produktu berrien erronkari aurre egiteko premia, erretzeko akuilu baitira.
2020ko Espainiako Osasun Inkesta Nazionalaren datuen arabera, tabakoaren eguneroko kontsumoaren prebalentzia % 19,8koa da 15 urtetik gorako biztanleen artean, eta beheranzko joera dago.
Nafarroan, EDADES 2022ko inkestako datuen arabera, 15-64 urteko biztanleen % 32,3k diote egunero erretzen dutela, eta prebalentzia hori handiagoa da gizonen artean (% 35) emakumeen artean baino (% 29,4). Gazteen kasuan, ESTUDES 2023ko inkestaren arabera, bigarren irakaskuntzetako 14-18 urteko ikasleen % 8,8k egunero erretzen dute, eta ehunekoa zertxobait handiagoa da nesken artean mutilen artean baino (% 9,6 vs % 8,2). Nahiz eta Nafarroan azken hamarkadan tabako kontsumoa beherantz doan eta kontsumitzen hasteko adina atzeratu den, gaur egun kezkagarria da zigarreta elektronikoen kontsumoa, batez ere gazteen artean.
2022-2025 aldirako Nafarroako Osasun Publikoaren Planak eta 2018-2023 aldirako Drogak eta Adikzioak Prebenitzeko III. Planak ezartzen dituzten jarraibideekin bat, Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalak (NOPLOIko Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzua) zenbait informazio eta komunikazio helarazten die herritarrei, honako hauen bidez: sentsibilizazio kanpainak, herritarrentzako hezkuntza materialak, eta osasun, hezkuntza eta beste arlo batzuetan lan egiten duten profesionalentzako laguntza materialak.
Halaber, beste jarduera batzuk egiten dira, hiru ekintza ildo nagusi hauekin:
- Prebentzioa: DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeetarako unitate didaktiko bat dago, ikasgelan prebentzioa lantzeko tabakoa eta horrekin lotutako produktuak kontsumitzen hastearen inguruan eta, orobat, kontsumo horiek osasunean, ingurumenean eta abarretan duten eraginari buruz hausnartzeko. Gainera, Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin batera, prebentziozko informazioa ematen zaie gazteei, Nafarroako Gazteen Osasuna webgunearen bidez.
- Erretzeari uzteko laguntzak: erretzeari uzteko laguntza programaren bidez. Programa 1994an sortu zen, Osasun Publikoaren eta Oinarrizko Osasun Laguntzaren arteko lankidetzaren ondorioz, eta osasun etxeetako profesionalen bitartez gauzatzen da, aholkuak emateko esku hartze laburren bidez, banaka eta taldeka, erretzeari uzteko eta berriro ez erretzeko laguntza emanez. 2017ko abendutik, gainera, erretzeari uzteko botikak finantzatzen dira
- Kerik gabeko guneak sustatzea: 2022an eta 2023an, kerik gabeko guneen seinaleztapena eguneratu zen Nafarroako osasun zentroetan, ingurune horiek «kerik gabeko gune» direla nabarmentzeko eta, orobat, osasun esparruetan eta haien kanpoaldeetan erretzea debekua dela gogorarazteko.
Tabakismoaren kontrola: ‘Kerik gabeko espazioak'
NOPLOIo Elikagaien Segurtasuneko eta Ingurumen Osasuneko Ataletatik lan aktiboa egiten da tabakoari buruzko araudia betetzen dela egiaztatzeko, eta elikagaien establezimenduak, igerilekuak eta abar ikuskatzeko protokoloetan tabakoaren aurkako prebentzio-neurriei buruzko berariazko atalak sartzen dira
.Era berean, eta aipatutako ataletan, herritar guztiek nahiz Foruzaingoak eta Estatuko Segurtasun Kidego eta Indarrek tabakoarekin lotuta egiten dituzten salaketak jasotzen eta berrikusten dira, eta dagozkion jarduketak egiten dira, hala nola establezimenduak ikuskatzea edota Tabakoari buruzko 28/2005 Legea ez betetzeagatik zehapen-espedienteak proposatzea. 2023an, zehapen espedienteak irekitzeko 40 proposamen inguru izapidetu ziren.