Castellano | Euskara | Français | English
(2008ko 45. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 9an)
Atarikoa
Maiatzaren 21eko 44/2007 Foru Dekretuaren bidez, Julio Lafuente López jauna Unibertsitateko errektore izendatua izan da, unibertsitateko komunitateko kideen artean boto unibertsalez hautatu eta gero. Hori dela eta, Unibertsitateko errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi, eta bere funtzioak zehaztu behar dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuek zehazten dute errektorea, errektoreordeak, idazkari nagusia eta Unibertsitateko kudeatzailea direla eremu orokorreko pertsona bakarreko gobernu-organoak, eta horiek osatzen dutela Zuzendaritza Kontseilua izenekoa (27. artikulua). Estatutu-arauak idazkari nagusiari eta Unibertsitateko kudeatzaileari dagozkien eskurantzak zehazten ditu, adierazten du errektoreordeen eginkizuna Unibertsitatea gobernatzeko lanetan errektoreari laguntzea dela, ematen zaizkien zereginak koordinatuz eta zuzenduz, eta errektorearen ordezkaritza eginez delegatzen zaienean, eta hala errektorearen nola errektoreordeen edo idazkari nagusiaren laguntzaile izan litezkeen beste hainbat irudi aurreikusten ditu.
Horregatik, beharrezkoa da Unibertsitateko errektoretza-taldearen egitura orokorra ordenatzea, osatzen duten kideek zer eskurantza duten garatuz, eta kide hauei laguntza ematen dieten karguak zein diren zehaztuz.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, bere 12. eta 13. artikuluetan, arautzen du organo administratiboei emandako eskurantzak beste organo administratibo bati delegatzeko irudia, hori gomendagarri egiten duten inguruabarrak gertatzen direnean. Horregatik, unibertsitatearen antolamendua zaluagoa izan dadin, bidezkoa da zehaztea Unibertsitateko errektoreak errektoreordeei eta kudeatzaileari zer baldintzatan delegatuko dizkien eskurantzak. Aldi berean, ez dagoenean edo gaixo dagoenean, errektorearen ordezkapena nola egingo den zehaztea ere bidezkoa da.
Abenduaren 21eko 6/2001 Unibertsitateei buruzko Lege Organikoko 20. artikuluak eta Unibertsitatearen Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidaten eskurantzak erabiliz, ebatzi dut:
Lehenengoa
Errektoreordeek, idazkari nagusiak eta kudeatzaileak laguntzen diote bere eginkizunak betetzen Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari, eta, hala balegokio, errektoreari atxikiek, eta denek batera Zuzendaritza Kontseilua osatzen dute.
Bigarrena
1. Honako hauek dira jardun eremu oinarrizkoak, zeinen inguruan hezurmamitzen baita Unibertsitateko Zuzendaritza Kontseiluaren egitura:
-Ikerkuntza.
-Irakasleak.
-Irakaskuntzak.
-Ikasleak eta nazioarteko harremanak.
-Ekonomia Gaiak, Plangintza eta Prospektiba.
-Gizarte eta Kultura Proiekzioa.
2. Errektoreorde bat izango da aipatu oinarrizko jardun eremu bakoitzeko burua. Hala ere, errektoreak, nahi duenean, jardun eremuak hedatu edo are jardun eremu berriak sortzen ahalko ditu, eta horiek zuzentzeko dagozkion errektoreordeak izendatuko ditu.
Idazkari nagusiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Idazkaritza Nagusia hartuko du bere gain, eta kudeatzaileak, berriz, Unibertsitateko Kudeatzailetza eta Administrazioa.
Unibertsitateko errektoreak errektoreari atxikiak izendatzen ahalko ditu, lehen esandako oinarrizko eremu jardunetan sartuta ez dauden jardun eremu zehatzetarako.
3. Errektoreordeek, idazkari nagusiak eta kudeatzaileak Arloko zuzendariak izendatzeko eskatzen ahalko dute. Halaber, hala badagokio, Unibertsitateko antolamenduaren beharrek hala eskatuta, sor litezkeen beste gainontzeko egituretako arduradunen edo zuzendarien izendapenak proposatuko dituzte.
Hirugarrena
Ikerketarako Errektoreordetzak honako jardun eremu hau hartzen du bere baitan:
-Ikerketaren programatu, sustatu eta bultzatzea.
-Harremanak I+G erakunde eta organismo publiko zein pribatuekin.
-Ikerketa Batzordea.
-Ikerketa azpiegitura eta ekipamendua.
-Ikerketarako pizgarriak eta laguntzak. Ikerketa bekak.
-Ikerketa institutuak eta ikastegiak.
-Doktoretza ikasketak eta Doktoretza Batzordea.
-Ikerketa-emaitzak bestetaratzea.
-Ikerketa kontratuak. Patenteak.
-Ikerketari Laguntzeko Zerbitzua.
-Informazio zientifikorako sarrera edukitzeko politika.
-Liburutegia.
-Ikertzaileen prestakuntza iraunkorra.
-Etika, animalia-esperimentazio eta biosegurtasun batzordea.
-Nafarroako Unibertsitate Publikoaren spin-off izenekoak.
-Ikerkuntza lehentasunezko xede duten fundazioak.
Laugarrena
Irakasleen Errektoreordetzak honako jardun eremu hau hartzen du bere baitan:
-Irakasleak eta ikertzaileen plantilla.
-Irakasle eta ikertzaileen erregimena: irakasle funtzionario eta kontratupekoen lanpostuak, hautaketa, administrazio egoera, bateraezintasunak eta betebeharrak.
-Irakasle eta ikertzaileen lizentziak, baimenak eta mugikortasuna.
-Diziplina-araubidea eta irakasleen kalitatea
-Irakaslanaren jarraipena, ebaluazioa eta kontrola.
-Harremanak irakasle eta ikertzaileen ordezkaritza-organoekin.
Bosgarrena
Irakaskuntzako Errektoreordetzak honako jardun eremu hau hartzen du bere baitan:
Irakaskuntzen irakaskuntza-antolamendua:
-Ikasketa planak.
-1. eta 2. zikloetako titulazio ofizialak.
-Gradu eta Master titulazioak diseinatu, prestatu eta ezartzea.
-Titulu Berekiak.
-Unibertsitateko irakaskuntzaren plangintza, antolaketa eta jarraipena.
-Ikastegietako eta sailetako irakaslana koordinatzea.
Hezkuntza-berrikuntza:
-Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegia (CSIE).
-IKT teknologiak (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) irakaskuntzan ezartzea.
-Prestakuntza iraunkorra, eta ikertzaileak eta irakasleak birziklatzea.
Hizkuntza Plangintza:
-Hizkuntza Plangintzarako Batzordea.
-Harremanak Euskalgintzan lan egiten duten erakunde publiko zein pribatuekin.
-Hizkuntza Plangintzarako Zerbitzuaren eta Euskararako Unitate Teknikoaren zuzendaritza funtzionala.
-Unibertsitate zabalpena euskararen alorrean.
Seigarrena
Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako Errektoreordetzak honako jarduera-eremu hau hartzen du bere baitan:
Ikasleak:
-Sarrera, harrera eta matrikula prozedurak.
-Ikasleei harrera egin eta argibideak ematea, bai eta aholkularitza eta orientabideak ematea ere.
-Ikasketen eta iraunkortasunaren erregimena. Irakaskuntza-disziplina.
-Ikasleen Kontseilua. Harremanak ikasleen elkarteekin.
-Bekak eta ikasteko laguntzak.
-Estatuan mugitzeko programak.
Nazioarteko Harremanak:
-Unibertsitatea nazioartekotzeko prozesua
-Nazioarteko unibertsitate, erakunde eta instituzioekiko harremanak. Nazioarteko foroak.
-Nazioarteko mugikortasun-programak.
-Garapenerako unibertsitate lankidetza.
Zazpigarrena
Ekonomia Gaietarako, Plangintzarako eta Prospektibarako Errektoreordetzak honako jardun-eremu hauek hartzen ditu bere baitan:
Ekonomia Gaiak:
-Nafarroako Gobernuarekin sinatutako finantziazio-hitzarmena.
-Beste finantziazio-iturri batzuk.
-Aurrekontuak Kudeatzailetzarekin lankidetzan.
-Harremanak Nazioarteko erakunde eta instituzioekin.
Plangintza:
-Unibertsitatearen plangintza estrategikoa
-Unibertsitateko campusa eta azpiegiturak planifikatu eta garatzea.
-Kalitate plana.
Prospektiba:
-Urteanitzeko programazio ekonomikoa.
-Unibertsitate ikasketen prospektiba.
-Unibertsitateko estatistika.
Zortzigarrena
Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzak honako jardun eremu hau hartzen du bere baitan:
-Unibertsitatea presentzia publikoa gizartearen eta kulturaren arloan.
-Kultura eta kirol jardueren eta unibertsitate zabalpeneko jardueren programazioa, jarraipena eta kontrola.
-Unibertsitateko gizarte ekintza.
-Unibertsitate-Gizarte Fundazioa.
-Amado Alonso Fundazioa.
-Jaime Brunet Fundazioa.
-Jorge Oteiza Katedra.
-Unibertsitatearen adiskide eta ikasle ohiak.
-Osasun laguntza, laguntza medikoa eta psikologikoa.
-Unibertsitateko boluntariotza.
-Iraunkortasuna eta ingurumen-estrategia campusetan.
Bederatzigarrena
Unibertsitateko errektorearen jarraibideak aintzat hartuz, errektoreordeek unibertsitateko politika, urteko planak eta urteanitzeko programazioak proposatzen dituzte; hori guztia beren jardun eremuaren barruan eta gainontzeko errektoreorde eta Zuzendaritza Kontseiluko kideekin koordinaturik.
Hamargarrena
Idazkari nagusiak Unibertsitateko Idazkaritza Nagusia zuzentzen du, eta Estatutuetako 42. artikuluak ematen dizkion gainerako eginkizunak garatuko ditu, eta, edonola ere, ondoren aipatzen diren beste hauek ere:
-Legez dagozkion aktak, Unibertsitateko gobernu erakundeenak, bete eta gordetzea.
-Unibertsitateko dokumentazio ofizialean jasota dauden ekintzen edo gertaeren dokumentuak eta egiaztagiriak ematea.
-Azterketen kalifikazio aktak jaso eta gordetzea.
-Hitzarmenak eta itunak, Artxibo Nagusia, zigilu ofiziala, Unibertsitateko Urrezko Liburua eta "Honoris Causa" doktoretzarena gordetzea.
-Ekitaldi ospetsuak eta protokoloa.
-Gobernu Kontseiluaren erabakiak eta errektorearen ebazpenak argitaratzea, bidezkoa bada.
-Titulu ofizialak ematea.
-Aholkularitza Juridikoa, Agiritegi Nagusia, Tituluen Agiritegi Nagusia eta Unibertsitateko Erregistro Orokorraren zuzendaritza.
-Unibertsitateko jardueren urteko oroitidazkia egitea.
-Kanpoko eta barneko komunikazioa eta informazioa.
Unibertsitateko idazkariorde nagusiak idazkariari laguntzen ahalko dio bere eginkizunak betetzen.
Hamaikagarrena
Unibertsitateko Kudeatzaileak Unibertsitateko administrazioa zuzentzen du, eta Unibertsitatearen Estatuetako 43. artikuluak ematen dizkion eginkizun guztiak beteko ditu, eta, edonola ere, ondoren aipatzen diren hauek:
-Unibertsitatearen administrazio eta ekonomia zerbitzuak kudeatzea.
-Kudeatzailetzaren antolamendurako eta funtzionamendurako abiaburuko agiria.
-Zerbitzuen kalitate-plana.
-Unibertsitatearen ondarea eta aurrekontua administratu eta kudeatzea.
-Unibertsitateko ondarearen inbentarioa egitea.
-Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileen zuzendaritza.
-Giza Baliabideen Zerbitzua.
-Informatika Zerbitzua.
-Mantentzea, Obrak eta Zerbitzu Orokorrak.
-Unibertsitate egoitza.
Hamabigarrena. Tuterako Campuserako Atxikitza.
Tuterako Campuseko Atxikitzari honako eginkizun hauek dagozkio errektoreordetza guztiekin lankidetzan:
-Irakaskuntza eta ikerketa baliabideak nola ezartzen diren gainbegiratzea.
-Azpiegiturak eta zerbitzuak, gune fisikoak.
-Erakunde-harremanak Tuterako campusean.
Hamahirugarrena. Eskumenak delegatzea.
1.-Ikerketa alorreko gai hauetan guztietan, ondoren aipatzen direnetan, Unibertsitateko errektoreari dagozkion eskurantza guztiak Ikerketaren errektoreordeari delegatzen zaizkio:
-Beste unibertsitate eta erakunde publiko zein pribatuekin hitzarmenak gauzatzea, beren eskurantzen alorrean, Unibertsitateko errektoreak berariaz salbuetsi dituenak alde batera utzirik.
-Unibertsitateko doktoretza ikasleen matrikulazioaren prozesua ebaztea.
-Doktoretza ikasleen espedienteen lekualdatzeak ebaztea.
-Doktoretza Batzordeko eta Ikerketa Batzordeko burua izatea.
-LOUren 83. artikuluaren babesean egindako kontratuak, Unibertsitateko errektoreak berariaz salbuetsi dituenak alde batera utzirik.
2. Irakasleen alorreko gai hauetan guztietan, ondoren aipatzen direnetan, Unibertsitateko errektoreari dagozkion eskurantza guztiak Irakasleen errektoreordeari delegatzen zaizkio:
-Beste unibertsitate eta erakunde publikoekin hitzarmenak gauzatzea, beren eskumenen alorrean, Unibertsitateko errektoreak berariaz salbuetsi dituenak alde batera utzirik.
-Irakasleak eta Ikertzaileak arloko langile iraunkorren edo kontratupekoen bizitza administratiboa ukitzen duten agiri administratiboak gauzatzea, beren kontratazioari, izendapenari eta kargu uzteari dagozkienak salbu.
3.-Irakaskuntza alorreko gai hauetan guztietan, ondoren aipatzen direnetan, Unibertsitateko errektoreari dagozkion eskurantza guztiak Irakaskuntzako errektoreordeari delegatzen zaizkio:
-Beste unibertsitate eta erakunde publiko zein pribatuekin hitzarmenak gauzatzea, beren eskumenen alorrean, Unibertsitateko errektoreak berariaz salbuetsi dituenak alde batera utzirik.
-Irakasleak eta ikertzaileak prestatzeko eta birziklatzeko ikastaroak eta programak antolatzea.
-Unibertsitateko ikasle sartu berrien onarpen-prozesua ebaztea.
-Unibertsitateko doktoretza ikasleen matrikulazioaren prozesua ebaztea.
-Unibertsitateko titulu berekietako, masterretako eta graduondoko ikastaroetako ikaslea onartu eta matrikulatzeko irizpide arautzaileak eta administrazio-prozeduren egutegia ebaztea.
-Irakaskuntza-programazioaren proposamena egiteko eta haren doiketak tramitatzeko prozedurak.
-Graduondoko Ikasketa Batzordearen burutza.
4. Irakasleen alorreko gai hauetan guztietan, ondoren aipatzen direnetan, Unibertsitateko errektoreari dagozkion eskurantza guztiak Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeari delegatzen zaizkio:
-Beste unibertsitate eta erakunde publiko zein pribatuekin hitzarmenak gauzatzea, beren eskumenen alorrean, Unibertsitateko errektoreak berariaz salbuetsi dituenak alde batera utzirik.
-Unibertsitateen arteko aldebiko hitzarmenen eremuko ikasle trukeen, Europako truke programen eta beste kontinente arteko hitzarmen batzuen prozedurak ebaztea.
-Lekualdatze espedienteak eta bigarren zikloetarako sarrerak ebaztea.
-Bere jardun eremuko prozesuei egiten zaizkien erreklamazioak ebaztea, edo, bidezkoa bada, dagokion erabaki proposamena organo eskudunei igortzea.
5. Plangintza eta Prospektiba alorreko gai hauetan guztietan, ondoren aipatzen direnetan, Unibertsitateko errektoreari dagozkion eskurantza guztiak Plangintza, Prospetika eta Ekonomia Gaietarako Errektoreordeari delegatzen zaizkio:
-Beste unibertsitate, instituzio eta erakunde publiko zein pribatuekin hitzarmenak gauzatzea, beren eskumenen alorrean, Unibertsitateko errektoreak berariaz salbuetsi dituenak alde batera utzirik.
6. Irakasleen alorreko gai hauetan guztietan, ondoren aipatzen direnetan, Unibertsitateko errektoreari dagozkion eskurantza guztiak Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeari delegatzen zaizkio:
-Beste unibertsitate, instituzio eta erakunde publiko zein pribatuekin hitzarmenak gauzatzea, beren eskumenen alorrean, Unibertsitateko errektoreak berariaz salbuetsi dituenak alde batera utzirik.
7. Unibertsitateko Kudeatzailetza eta Administrazioaren alorreko gai hauetan guztietan, ondoren aipatzen direnetan, Unibertsitateko errektoreari dagozkion eskurantza guztiak Unibertsitateko Kudeatzaileari delegatzen zaizkio:
-Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileen zuzendaritza organikoa eta funtzionala, bidezkoa bada.
-Unibertsitateko administrazioko funtzionamendua antolatzea eta lan moduak zehaztea.
-Osasun Lanaren Batzordeko burua izatea, eta eremu horretako erabaki eta negoziazio ahalmenak edukitzea.
-Beste unibertsitate, instituzio eta erakunde publiko zein pribatuekin hitzarmenak gauzatzea, beren eskumenen alorrean, Unibertsitateko errektoreak berariaz salbuetsi dituenak alde batera utzirik.
-Administrazio eta zerbitzuetako langile funtzionarioen edo kontratupekoen bizitza administratiboa ukitzen duten agiri administratiboak gauzatzea, beren kontratazioari, izendapenari eta kargu uzteari dagozkienak salbu.
-Aurrekontuen Exekuzio Oinarriek berariaz esleitzen dizkioten eskumenak.
8. Errektoreordeei eta kudeatzaileari delegatzen zaizkie gastua baimentzeko edo adjudikatzeko eskurantzak, ekitaldi ekonomiko bakoitzeko aurrekontu arautegiak urtero ezarriko den arautegi espezifikoak xedatzen duen moduan.
Hamalaugarrena. Delegazio-erregimena.
Eskurantzak delegatzeko erregimena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak ezartzen duenari egokituko zaio.
Eskurantzen delegazioa erabiliz hartuko diren ebazpen administratiboek berariaz adieraziko dute delegazioaren bidez hartuak direla, eta ebazpen honen berariazko aipamena egingo dute.
Errektoreordeek eta kudeatzaileak informazioa emango diote errektoreari delegazio honen arabera egiten diren ebazpen eta egintza administratiboei buruz.
Aurreko artikuluak aipatzen duen eskurantza delegazioa erabiliz hartuko diren ebazpenek eta ekintza administratiboek delegazioak egin duen organoek egin izan balute edukiko luketen ondorio juridiko berberak edukiko dituzte, eta hortaz, administrazio bidea agortuko dute; horren ondorioz, administrazio bidean aurkatu ahalko dira errektorearen aurrean aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarriz, edo bestela zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean, dagokioen adminitrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarriz.
Hamabosgarrena. Ahalmenak bereganatzea.
Errektoreak, edozein unetan, bereganatzen ahalko du delegatua izan den auzi baten gaineko ebazpen-ahalmena, inguruabar tekniko, sozial edo juridikoek hori komenigarria dela erakusten dutenean.
Hamaseigarrena. Ordezkapena.
Oro har, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea ez badago, postua hutsik badago edo gaixo badago, baita Unibertsitatearen Estatutuetako 36.3 artikuluak aurreikusten dituen kasuetan ere, berak izendatutako errektoreordeak ordezkatuko du errektorea, eta halakorik ez bada, Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle lanetan aintzinatasun hadiena duen errektoreordeak, betiere Unibertsitateko katedraduna denean.
Baldin eta ordezkapena egin behar duen errektoreordea ere ez badago, honen ordezkapena egin beharko du Unibertsitateko Irakaskidegoetako irakasle bezala aintzinatasunik handiena duen irakasleak, hau ere Unibertsitateko Irakaskidegoetako irakaslea delarik, eta horrela hurrenez hurren.
Idazkari nagusia ez badago, bere eginkizunak Unibertsitateko idazkariorde nagusiak beteko ditu.
Azken Xedapen Bakarra
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra ebazpen honek.