Castellano | Euskara | Français | English
(1993ko 42. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 7an)
Atarikoa
Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 47. artikuluan xedatzen du Nafarroak eskumen osoa duela irakaskuntzaren arauketa eta administrazioan, bere zabalera, maila eta gradu, modu nahiz espezialitate guztietan, gai honi buruzko manu konstituzionaletan erabakitakoa, beroiek garatzen dituzten Lege Organikoak eta titulu akademiko eta profesionalak eskuratu, eman eta homologatzeko, hala nola berauek bete eta bermatzeko Estatuak duen goi-ikuskapenaren baldintzak arautzeari dagokionez Estatuaren eskumenak ezertan ukatu gabe.
Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoak 11.2 artikuluan zehazten du, bertan agindutakoa Eskolaurreko Hezkuntza, Oinarrizko Hezkuntza Orokorra, Batxilergo eta Lanbide Heziketakoak ez diren ikasketak ematen dituzten Ikastetxeei egokitzea erregelamenduari jarraikiz egingo dela.
Azkenik, lege bereko Lehenengo Xedapen Gehigarriak ezartzen du, garatu egin ahalko dutela Autonomi Estatutuetan edo eskumenak transferitzeko Lege Organikoetan horretarako eskumena onartua duten Autonomi Elkarteek.
Erregelamentatzeko ahalmenaren gaikuntza erabiliz, Nafarroako Gobernuak, otsailaren 19ko 39/1987 Foru Dekretuaren bidez, Ikasketa Espezializatuen Ikastetxeetako gobernu organoen Erregelamendua onetsi zuen: Musika Kontserbatorioak eta Dantza Eskola. Abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuaren bidez irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloan Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera zerbitzuak eskualdatzearen ondorioz, Arte Aplikatu eta Lanbide Artistikoetako Eskolak eskualdatu dira. Horien gobernu organoak, irakaskuntza mota horretarako Foru Komunitateko erregelamendurik garatu ez denez, Estatuko arauteriari lotuta daude.
Xedapen honek bateratu egingo ditu Nafarroako Administrazio Publikoen menpean dauden Arte Ikasketen Ikastetxeetako pertsona bakarreko eta taldeko organoen egitura eta funtzionamendua arautzen duten erregelamenduzko xedapenak. Ikastetxe horiek Arte Aplikatu eta Lanbide Artistikoetako Eskolak eta Musika eta Dantza Kontserbatorioak dira.
Hori horrela, Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamahiruko martxoaren hamabostean egindako bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat etorriz.
Dekretatu dut:
I. KAPITULUA. Xedapen Orokorrak
1. artikulua
1. Arte Ikasketen Ikastetxe Publikoek honako gobernu organoak izango dituzte:
a) Pertsona bakarrekoak: Zuzendaria, Idazkaria eta Ikasketaburua.
b) Taldekoak: Ikastetxeko Eskola Kontseilua eta Irakasleen Klaustroa.
Ikastetxe publiko horiek Erregelamendu Organikoek ezartzen dituzten gainerako organoak izango dituzte.
2. Aurreko atalean ezarritakoaren ondorioetarako, arte ikasketen Ikastetxetzat joko dira Arte Aplikatu eta Lanbide Artistikoetako Eskolak eta Musika eta Dantzako Kontserbatorioak.
2. artikulua
Ikasleek, ikasleen gurasoek, irakasleek, Administrazio eta zerbitzuetako eta Udaletxeko langileek Ikastetxe publikoen kudeaketan izango duten parte hartzea Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoan aurrikusitakoari jarraikiz egingo da, Ikastetxeko Eskola Kontseiluaren bitartez, Irakasleen Klaustroak dituen eginkizunak galarazi gabe.
II. KAPITULUA. Pertsona bakarreko gobernu organoak
Lehen saila. Zuzendaria
3. artikulua
Pertsona bakarreko gobernu organoek Ikastetxeko zuzendaritza taldea osatzen dute. Pertsona bakarreko organoen agintaldia hiru urtetakoa izango da, izendapena egin eta jabetza hartzen denetik hasita.
4. artikulua
Ikastetxeko Zuzendaria Ikastetxeko Eskola Kontseiluak hautatuko du eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak edo, kasuaren arabera, behar den toki entitateak izendatuko.
5. artikulua
Zuzendarigaiek behin betiko destinoa Ikastetxean duten irakasleak izan beharko dute, edo bestela, bertan gutxienez urte bat egindakoak eta Arte Ikasketen Ikastetxe publikoetan hiru urtez irakaskuntzan aritutakoak, 8. artikuluan aipatzen den kasua izan ezik.
6. artikulua
Zuzendarigaiek Eskola Kontseiluari idatziz aurkeztu beharko dizkiote beraien programen oinarrizko lerroak eta lanbide merezimenduak, gero balorazioa egiteko, hautapenaren aurretik hamabost egun lehenago gutxienez.
7. artikulua
1. Hautapena Eskola Kontseiluko kideen gehiengo absolutuaren bidez egingo da, eta bozketa zuzenean eta isilpean horretarako eratzen den hautespen Mahaian. Lehen bozketan Kontseiluko kideen gehiengo absolutuaren botoa lortzen ez bada, beste deialdi bat egingo da berrogeita zortzi orduko epean, eta horretan ere gehiengo absolutua beharko da.
2. Hautapen prozesua ikasturteko azken hiruhilekoan egingo da.
8. artikulua
1. Hautagaiak ez daudenean edo gehiengo absolutua lortzen ez dutenean, Hezkuntza edo Kultura Kontseilariak edo, kasuaren arabera, behar den toki entitateak, behin-behineko Zuzendari bat izendatuko du. Izendapen hori, lehentasunez, Ikastetxeko irakasleen artean egingo da eta, hala ez bada, beste Ikastetxe bateko irakasleen artean, zerbitzu-eginkizunen erregimenean eta behin-behinekotasunez zuzendaritza eginkizunak bete ditzaten.
2. Sortu berriak diren Ikastetxeen kasuan, Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak edo toki entitate eskudunak Zuzendari bat izendatu ahalko du behin-behineko izaeraz.
3. Zuzendaria behin-behinekoz izendatzen den orotan, izendapenak ikasturte hori bukatu arte izango du indarra, eta Zuzendaria hautatzeko prozesua irekiko da Foru Dekretu honen 7.2. artikuluan aipatutako epean.
9. artikulua
Hautespen Mahaia bi irakaslek, aita edo ama batek eta hamabi urtez gorako ikasle batek osatuko dute. Mahaia osatzen duten guztiak zozketa bidez izendatuko dira. Mahaiburu lana zaharrena den irakasleak beteko du eta Idazkariarena gazteenak.
10. artikulua
1. Gehiengo absolutua lortzen duen hautagaiaren berri hautespen Mahaiak organo eskudunari emango dio, izendapena egin dezan.
2. Izendapenak hautapenaren ondoko uztailaren 1etik aurrera izango du indarra.
11. artikulua
Zuzendariak honako eskumen hauek izango ditu:
a) Ikastetxearen ordezkaritza ofiziala bere gain hartzea.
b) Legeak eta indarra duten gaineko xedapenak bete eta betearaztea.
c) Ikastetxeko iharduera guztiak zuzendu eta koordinatzea indarra duten xedapenen arabera, Ikastetxeko Eskola Kontseiluaren eskumenak galarazi gabe.
d) Ikastetxeari atxikitako langile guztien buru izatea.
e) Ikasketa egintzak eta Ikastetxeko taldeko organo guztien bilerak deitu eta horietan buru izatea.
f) Gastuetarako baimenak ematea Ikastetxeko aurrekontuaren arabera, eta ordainketak egin daitezen agintzea.
g) Ikastetxeko egiaztagiri eta agiri ofizialak ikus-onestea.
h) Pertsona bakarreko gainerako Gobernu organoetako titularren izendapena proposatzea.
i) Taldeko organoen erabakiak bere eskumenaren esparruan burutzea.
j) Eskola komunitateko sektore ezberdinen partaidetza koordinatzea, eta bakoitzaren eskurantzak ahalik eta era eraginkorrenean burutu daitezen behar diren neurriak hartzea.
k) Zuzendaritza taldearekin batera Hezkuntza Proiektuaren eta Urteko Programakuntza Orokorraren proposamena egitea, eta Kurrikulu Proiektua eratzeko prozesua zuzentzea.
l) Ikastetxeko iharduerei eta egoera orokorrari buruzko urteko Txostena igortzea Hezkuntza eta Kultura Departamentura.
ll) Bere mugapeko Irakasle Zentroekin eta beste hezkuntza zerbitzu batzuekin koordinazio ona izan dadin laguntzea, eta hezkuntzako agintari eskudunek eskaturiko informazioa ematea.
m) Ikastetxeko hezkuntza edukiekin zerikusia duten iharduerak burutzen dituzten Ikastetxe eta erakundeekin harremanak bultzatzea, beti ere bertan ematen den prestakuntzaren arloei loturik baldin badaude.
n) Ikastetxeko bizitzari buruzko informazioa bermatzea eskola komunitateko sektore ezberdinei eta beraien ordezkaritza erakundeei, eta irakasle, ikasle, ikasleen guraso eta administrazio nahiz zerbitzuetako langileei bilerak egiteko eskubidea gauzatzen laguntzea, uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan xedatutakoari jarraituz.
12. artikulua
1. Ikastetxeko Zuzendariak bere eginkizunak utziko ditu agintaldia bukatzean edo egoera hauetakoren bat izaten denean:
a) Irakasleen Klaustroko partaide izateari utzi beharra ekartzen duen edozein egoera.
b) Uko egite arrazoitua, izendapena egin zuen agintaritzak onartua.
c) Agintaritzak berak erabakitako atzera botatzea, Ikastetxeko Eskola Kontseiluak, kideen bi herenen gehiengoaz hartutako erabakiaren ondoren, arrazoiturik egindako proposamenaren arabera.
2. Zuzendariak bere eginkizunak agintaldia bukatu baino lehen uzten baditu aurreko atalean aipatutako arrazoiren batengatik, 8. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio, Foru Dekretu honen 7.2 artikuluan aurrikusitako epeetan hautapenerako deialdia egitea galarazi gabe.
3. Ikastetxe bateko Zuzendariak, behin-behinekotasunez bada ere, beste Ikastetxe baterako lekualdatzea lortzen duenean, edo jubilazio adinera iristeko urte bat baino gutxiago gelditzen zaionean, hauteskunde berriak burutuko dira ohizkotasunez egiten den lehen deialdian. Hautatutako Zuzendariak hurrengo uztailaren 1ean hartuko du bere karguaren jabetza, eta egun horretan bertan utziko bere kargua, ondorio guztietarako, aurreko Zuzendariak.
13. artikulua
Arestiko artikuluan xedatutakoa hala bada ere, izendapena egin zuen agintaritzak, administrazio espediente bidez, Zuzendaria bere kargutik kendu edo eten egin ahalko du agintaldia bukatu baino lehen, bere eginkizunetan huts larria egiten duenean, aurretik Ikastetxeko Eskola Kontseiluaren arrazoituriko txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda.
2. Zuzendaria kanpoan edo gaixo dagoenean Ikasketaburuak hartuko ditu bere eginkizunak, eta horrelakoetan Zuzendari karguari dagokion osagarria jasoko du, baldin eta egoera hori hilabete batez edo gehiagoz luzatzen bada.
Bigarren saila. Pertsona bakarreko gainerako Gobernu organoak
14. artikulua
1. Idazkaria eta Ikasketaburua behin betiko destinoa Ikastetxean duten irakasleak izango dira, Eskola Kontseiluak hautatuak Zuzendariaren proposamenez, eta Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak edo udal agintaritza eskudunak izendatuak.
2. Pertsona bakarreko gobernu organo hauen hautapena zuzeneko eta isilpeko bozketaren bitartez egingo da, eta beharrezkoa izango da Ikastetxeko Eskola Kontseiluko botoen gehiengo absolutua. Gehiengo hori lortzen ez bada, izendapena egiteko nahikoa izango da bigarren bozketan gehiengo soila ateratzea. Bigarren bozketan behar diren botoak lortzen ez badira, Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak edo udal agintaritza eskudunak beharrezko neurriak hartuko ditu Ikastetxeak funtzionamendu ona izan dezan.
3. Eskola Kontseiluak Idazkari eta Ikasketaburu karguak beteko dituzten irakasleak hautatu ondoren, Ikastetxeko Zuzendariak izendapen proposamena igorriko dio organo eskudunari, izendapena egin dezan, 10.2 artikuluan aurrikusitako ondorioetarako.
15. artikulua
1. Ikasketaburuak eta Idazkariak beraien eginkizunak utziko dituzte agintaldia bukatzean edo egoera hauetakoren bat izaten denean:
a) Uko egite arrazoitua, izendapena egin zuen agintaritzak onartua.
b) Kargu horietarako proposatu zituen Zuzendariak bere kargua uzten duenean.
c) Zuzendariak proposaturik, arrazoitutako txosten baten bidez eta Eskola Kontseiluko kideen gehiengoaren onespenarekin.
2. Ikasketaburuak edo Idazkariak aurreko atalean aipatutako arrazoiren batengatik beren karguak uzten dituztenean, Zuzendariak behar diren neurriak hartuko ditu hutsik gelditzen den kargua Foru Dekretu honen 14. artikuluan azaldutako prozeduraren bidez betetzeko. Hala ere, Zuzendaria 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz izendatu bada, izendapen proposamena hezkuntzako agintaritzak berak egin beharko du, aurretik Ikastetxeko Eskola Kontseiluari jakinarazita.
16. artikulua
Ikasketaburua edo Idazkaria kanpoan edo gaixo baldin badago, Ikastetxeko Eskola Kontseiluari jakinarazi ondoren Zuzendariak izendatzen duen irakasleak hartuko ditu eginkizun horiek.
17. artikulua
Idazkariak ondoko eskumenok izango ditu:
a) Ikastetxeko administrazio erregimena antolatzea, Zuzendariak emandako jarraibideen arabera.
b) Ikastetxeko taldeko organoen Idazkari lana egitea, bilkuren aktak jasotzea eta erabakien fede ematea Zuzendariaren ikus-onetsiarekin batera.
c) Ikastetxeko liburu eta agiritegiak zaintzea.
d) Agintariek eta interesatuek edo beraien ordezkariek eskatutako egiaztagiriak luzatzea.
e) Ikastetxeko inbentario orokorra egin eta eguneratuta edukitzea.
f) Zuzendariak eskuordetuta eta bere agintaritzapean, Ikastetxeko administrazio eta zerbitzuetako langileen burutza betetzea.
g) Ikastetxeko aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea.
h) Zuzendariak bere eskumenaren esparruan ematen dion beste edozein eginkizun.
18. artikulua
Ikasketaburuak ondoko eskumenok izango ditu:
a) Irakasle eta ikasleek Ikastetxeko urteko planari lotuta egiten dituzten ikasketa iharduerak koordinatzea eta horiek burutuaraztearen ardura izatea.
b) Irakasle eta ikasleek Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuari, Etapako Kurrikulu Proiektuei eta Urteko Programakuntza Orokorrari lotuta egiten dituzten ikasketa iharduerak koordinatzea eta horiek burutuaraztearen ardura izatea.
c) Ikasketa ordutegiak prestatzea pertsona bakarreko gainerako organoekin batera, eta zehatz-mehatz betearaztearen ardura izatea.
d) Ikasketa izaerako pertsona bakarreko organoen iharduerak koordinatzea, bai eta Departamendu edo Mintegiburuen iharduerak ere.
e) Eskola eta lanbide orientabideko iharduerak koordinatzea.
f) Irakasleek Klaustroak ikasleen ebaluazio eta errekuperazio lanari buruz finkatzen dituen irizpideak betearaztearen ardura izatea.
g) Eskola iharduera osagarrien eta zerbitzuetakoen garapena programatu eta koordinatzea, Ikastetxeko Eskola Kontseiluaren jarraibideen arabera.
h) Ikasketa egintzak antolatzea.
i) Zuzendariak bere eskumenaren esparruan eman diezaiokeen beste edozein eginkizun.
j) Zuzendaria ordezkatzea hura kanpoan edo gaixo dagoenean.
III. KAPITULUA. Eskola Kontseilua
Lehen saila. Osaketa
19. artikulua
Ikastetxeko Eskola Kontseilua eskola komunitateko sektore ezberdinek parte hartzeko organoa da.
20. artikulua
Arte Ikasketen Ikastetxe publikoetan, Eskola Kontseilua honako kide hauek osatuko dute:
a) Ikastetxeko Zuzendaria, Kontseiluburu izango dena.
b) Ikasketaburua.
c) Ikastetxea zein herritan dagoen, hango Udaleko Zinegotzi edo ordezkari bat.
d) Klaustroak hautatzen dituen Irakasleak, Ikastetxe mota bakoitzarentzat hurrengo artikuluan zehazten den kopuruaren arabera.
e) Ikasleen gurasoen edo legezko tutoreen ordezkariak, bai eta ikasleen ordezkariak ere, Ikastetxe mota bakoitzarentzat 22 eta 23. artikuluetan zehazten den kopuruaren arabera.
f) Administrazio eta zerbitzuetako ordezkari bat, administrazio eta zerbitzuetako 3 langile edo gehiago dituzten Ikastetxeetan.
g) Ikastetxeko Idazkaria, Eskola Kontseiluko Idazkari lana egingo duena, hizpidez baina botorik gabe.
21. artikulua
Ikastetxeko Eskola Kontseiluan ordezkatzeko Klaustroak hautatzen dituen Irakasleen kopurua honakoa izango da:
a) Arte Aplikatu eta Lanbide Artistikoen Eskoletan, zortzi irakasle 16 unitate edo gehiagoko Ikastetxeetan, eta lau 16 unitate baino gutxiagoko Ikastetxeetan.
b) Goi Mailako Musika Kontserbatorioetan, zortzi irakasle; Musikako Kontserbatorio Profesionaletan, sei irakasle; Musikako Oinarrizko Kontserbatorioetan, lau irakasle.
c) Dantza Kontserbatorioetan, hiru irakasle.
22. artikulua
Ikastetxeko Eskola Kontseiluan ikasleen gurasoek honako ordezkari hauek izango dituzte:
a) Arte Aplikatu eta Lanbide Artistikoen Eskoletan, lau 16 unitate edo gehiagoko Ikastetxeetan eta hiru 16 unitate baino gutxiagokoetan.
b) Musika Kontserbatorioetan, hiru aita edo ama.
c) Dantza Kontserbatorioetan, bi aita edo ama.
23. artikulua
Ikastetxeko Eskola Kontseiluan ikasleek honako ordezkari hauek izango dituzte:
a) Arte Aplikatu eta Lanbide Artistikoen Eskoletan, lau 16 unitate edo gehiagoko Ikastetxeetan eta bi 16 unitate baino gutxiagokoetan.
b) Goi Mailako Musika Kontserbatorioetan, bost ikasle.
c) Musika eta Dantzako Kontserbatorio Profesionaletan, hiru ikasle.
d) Musika eta Dantzako Oinarrizko Kontserbatorioetan ez da ikasleen ordezkaririk egongo, bai ordea ikasleen gurasoen ordezkari bat gehiago.
Bigarren saila. Hautapen prozedura
24. artikulua
Arte Ikasketen Ikastetxe publikoetako Eskola Kontseiluko kideak hautatzeko prozedura ikasturteko lehen hiruhilekoan eta eskola egunetan burutuko da. Bozketa eguna Hezkuntza eta Kultura Departamentuak finkatuko du.
25. artikulua
Hautapen prozeduraren antolaketarako, Ikastetxe bakoitzean honako hauek osatuko duten Batzorde bat eratuko da: Ikastetxeko Zuzendaria, irakasle bat, aita edo ama bat, 12 urtez gorako ikasle bat eta administrazio nahiz zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Azken lauak zozketa bidez izendatuko dira.
26. artikulua
1. Honako eskumenok izango ditu Batzordeak:
a) Hautesleen erroldak onetsi eta argitaratzea. Horietan hautesleen izena, deiturak eta helbidea agertuko dira.
b) Hautapen prozesuaren antolamendua.
c) Hautagaiak onartu eta aditzera ematea.
d) Hautespen Mahaien eraketa bultzatzea.
e) Hautespen Mahaiek hartutako erabakien kontrako erreklamazioak ebaztea.
f) Aukeratutako hautagaiak aldarrikatzea eta behar diren aktak administrazio agintaritza eskudunari igortzea.
2. Hautesle eta hautagarri eskola komunitateko kide guztiak izango dira, baina komunitate horretako behar den estamentuak baizik ez ditu hautatu ahalko.
27. artikulua
Ikastetxea zein udalerritan dagoen, hautespen Batzordeak toki entitate horri eskatuko dio Eskola Kontseiluan parte hartuko duen Zinegotzi edo ordezkaria izendatzea.
28. artikulua
Irakasleen ordezkariak Klaustroak hautatuko ditu, klaustrokideen artean. Botoa zuzena, isilpekoa eta eskuordetu ezinezkoa izango da.
29. artikulua
Aurreko artikuluan xedatutakoa bete dadin, Klaustrorako deialdia egingo da, eta Ikastetxeko Eskola Kontseiluan irakasleek izango dituzten ordezkariak hautatzeko prozedurari buruz Foru Dekretu honek ezartzen dituen arauak irakurriko dira. Bilkura horretan ohiz kanpoko Klaustroa egiteko eguna adieraziko da eta klaustro horretako gai bakarra irakasleak hautatu eta aldarrikatzea izango da.
30. artikulua
Aurreko artikuluak aipatzen duen ohiz kanpoko Klaustroaren bilkuran, hautespen Mahaia eratuko da. Mahai hori osatuko dute, Ikastetxeko Zuzendariak, Mahaiburu izango dena, eta jatorriko Kidegoan antzinatasun haundien eta txikiena duten irakasleak, azken horrek Mahaiko Idazkari lana beteko duelarik. Ikastetxe batean antzinatasun berdineko irakasleak daudenean, urte gehien duena izendatuko da lehen kasuan, eta urte gutxienekoa bigarrenean.
31. artikulua
Quoruma Klaustroko kideen erdia gehi bat izango da. Quorumik ez badago, beste bilkura bat egingo da lehenengoarentzat ezarritakoa baino hogeita lau ordu geroago. Horretan ere aipatu quoruma beharko da.
32. artikulua
Irakasle bakoitzak hautatu behar den irakasle kopuruaren bi herenen pareko izenak jarriko ditu gehienez ere bere txartelean.
33. artikulua
Ikastetxeko Eskola Kontseiluan gurasoek izango duten ordezkaritza horiei edo ikasleen legezko ordezkariei egokituko zaie, bat edo beste dela ere Ikastetxean dituzten seme-alaben kopurua. Hautatzeko eta hautatuak izateko eskubidea aitari eta amari eta, bestela, legezko tutoreei dagokie. Seme-alaben guraso boterea aitak ala amak bakarrik duenean, hautatzeko eta hautatua izateko eskubidea horrexek besterik ez du izango.
34. artikulua
Hautesle eta hautagarri, ikastetxean ofizialki matrikulatuta dauden eta, hortaz, erroldan agertzen diren ikasleen guraso edo legezko tutore guztiak izango dira. Hautapena egingo da Foru Dekretu honen 25. artikuluan aipatzen den Batzordeak onarturiko hautagaien artean.
35. artikulua
Ikasleen gurasoak hautatu aurretik honako eginkizunak izango dituen Mahaia eratuko da: bozketaren buru izan, ordena zaindu, bozketa garbia izan dadin begiratu eta boto kontaketa egin.
36. artikulua
Hautespen Mahaia osatuko dute, Ikastetxeko Zuzendariak, Mahaiburu izango dena, eta zozketa bidez izendatutako lau aita edo ama edo legezko tutore, Idazkari lana gazteenak egingo duelarik. Mahaiak ordezkariak izendatu beharko ditu, horiek ere zozketaz.
37. artikulua
Bozketaren gainbegiratzaile izan ahalko dira Ikastetxean matrikulatutako ikasleen gurasoak edo legezko tutoreak, Ikastetxeko ikasleen guraso Elkarte batek proposatuak, horretarako hamar hautesleren sinadurarekin abalatuta.
38. artikulua
Aita edo ama bakoitzak hautatu behar den irakasle kopuruaren bi herenen pareko izenak jarriko ditu gehienez ere bere txartelean. Botoa zuzena, isilpekoa eta eskuordetu ezinezkoa izango da.
39. artikulua
Ikasleen gurasoek posta bidez eman ahalko dute botoa.
Horretarako, botoa daukaten gutunak Ikastetxeko hautespen Mahaira kontaketa egin baino lehen bidali beharko dira, botoa isilpekoa izatea eta hauteslearen identifikazioa bermatuko dituen prozeduraren bitartez.
40. artikulua
Eskola Kontseiluan ikasleek izango dituzten ordezkariak Ikastetxean ofizialki matrikulatuta daudenek hautatuko dituzte.
Hautesle eta hautagarri, Arte Aplikatu eta Lanbide Artistikoen Eskoletako eta Musika eta Dantzako Goi Mailako Kontserbatorioetako eta Profesionaletako ikasle ofizialak izango dira, beti ere hamabi urtez gorakoak.
41. artikulua
Hautespen Mahaia osatuko dute, ikastetxeko Zuzendariak, Mahaiburu izango dena, eta zozketa bidez izendaturiko bi ikasle hautagarri, batek Idazkari lana egingo duelarik.
42. artikulua
Ikasle bakoitzak hautatu behar den irakasle kopuruaren bi herenen pareko izenak jarriko ditu gehienez ere bere txartelean. Botoa zuzena, isilpekoa eta eskuordetu ezinezkoa izango da.
43. artikulua
Bozketaren gainbegiratzaile izan ahalko dira ikastetxeko ikasleen Elkarte batek proposatzen dituen edo hamar hautesleren sinadurarekin abalatuta dauden ikasleak.
44. artikulua
Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaria Ikastetxean horrelako eginkizunak betetzen dituzten langileek hautatuko dute, beti ere erlazio juridiko administratibo edo laboralaz loturik egonez gero. Ikastetxeko administrazio eta zerbitzuetako langile oro izan ahalko da hautesle eta hautagarri, baldin eta aipatutako baldintzak betetzen baditu.
45. artikulua
Administrazio eta zerbitzuetako langileek Eskola Kontseiluan izango duten ordezkaria hautatzeko Mahai bat eratuko da, honako hauek osatua: Zuzendaria, Mahaiburu izango dena, Ikastetxeko Idazkaria eta langile horien artean Ikastetxean antzinatasun haundiena duena. Hautesleak bost baino gutxiago izanez gero, bozketa irakasleen hautespen Mahaian egingo da, hautes-ontzi ezberdinetan.
46. artikulua
Bozketa zuzena, isilpekoa eta eskuordetu ezinezkoa izango da. Boto emaile bakoitzak hautespen Mahaian uzten duen txartelean agertaraziko du ordezkari izateko hautatzen duen pertsonaren izena.
47. artikulua
Hautespen egintza bakoitzean, bozketa bukatu eta gero Mahaiak botoen kontaketa egingo du jendaurrean. Horren ondoren, akta bat egingo da, bertan Mahaiko kide guztiek sinatuko dute eta botorik gehienez hautatu diren ordezkariak agertaraziko dira. Akta Ikastetxeko Hautespen Batzordeari bidaliko zaio, aukeraturiko hautagaiak aldarrika ditzan, eta kopia bat igorriko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira.
48. artikulua
Bozketetan berdinketa gertatzen denean, hautapena zozketa bidez burutuko da.
49. artikulua
Aldarrikatu diren hautagaiak gerora ordezkatu beharra dagoenerako, aktan agertaraziko dira botoak lortu dituzten guztien izenak, bai eta bakoitzak zenbat boto jaso duen ere.
50. artikulua
Aukeratutako hautagaien aldarrikapen egintza Ikastetxeko hautespen Batzordeak burutuko du, Mahaiak kontaketa egin eta aktak jaso ondoren. Batzorde horrek hartzen dituen erabakien kontra erreklamazioa egin ahalko da Hezkuntza eta Kultura Departamentuan.
51. artikulua
Hautespen iharduerek sortzen dituzten gastuak, propagandarenak izan ezik, Ikastetxearen funtzionamendurako ezarrita dauden kredituen kargura ordainduko dira.
Hirugarren saila. Ikastetxeko Eskola Kontseiluaren eraketa eta eskurantzak
52. artikulua
Hamar eguneko epean, hautapen prozedura antolatu duen Batzordeak aukeratutako hautagaiak aldarrikatzen direnetik hasita, Zuzendariak dei egingo die kide guztiei Eskola Kontseilua eratzeko bilkurara ager daitezen.
53. artikulua
Ikastetxeko eskola komunitateko sektoreren batek, berari lepora dakizkiokeen arrazoiengatik, Eskola Kontseiluan izan behar dituen ordezkariak hautatzen ez baditu ere, ez da baliogabetuko Eskola Kontseiluaren eraketa. Horretarako, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu taldeko organo hori era dadin.
54. artikulua
Ikastetxeko Eskola Kontseiluaren bilkurak bertan ordezkatuta dauden sektore guztiak agertu ahal izateko moduko egun eta ordutan egingo dira.
55. artikulua
Ikastetxeko Eskola Kontseiluan ekonomia Batzorde bat izango da, Zuzendariak, irakasle batek eta ikasleen aita edo ama batek osatua. Ikastetxeen iraupenean Toki Korporazioek laguntzen dutenean, Eskola Kontseiluko kide den Udaleko Zinegotzi edo ordezkariak ere Batzorde horretan parte hartuko du.
56. artikulua
Ikastetxeko Eskola Kontseilua eratu ondoren, eta horren lehenbiziko bilkuran, Kontseiluko irakasleek beraien artean irakasle bat hautatuko dute ekonomia Batzordean parte hartzeko. Era berean, gurasoek ere beraien artean hautatuko dute Batzorde horretan ordezkatuko dituztenak.
57. artikulua
Ikastetxeko Eskola Kontseiluan hautaturik dauden kideak eta Ekonomia Batzordekoak bi urtez behin berrituko dira. Denbora horretan Kontseiluko edo Batzordeko partaide izateko behar diren baldintzak galtzen dituzten Kontseilariak boto kopuruan hurrengo diren hautagaiek ordezkatuko dituzte. Prozedura bera erabiliko da beste edozein arrazoirengatik izaten diren hutsuneak betetzeko.
58. artikulua
Ikastetxeko Eskola Kontseiluak honako eskurantza hauek izango ditu:
a) Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua onestea.
b) Zuzendaritza taldeak urtero prestatzen duen Ikastetxeko Programakuntza Orokorra onetsi eta ebaluatzea.
c) Zuzendaria hautatu eta berak proposatutako zuzendaritza taldea izendatzea.
d) Zuzendariaren izendapena atzera botatzea proposatzea, kideen bi hereneko gehiengoaz hartutako erabakiaren ondoren.
e) Ikasleen onarpenari buruzko erabakia hartzea, indarra duen legerian ezarritakoari hertsiki jarraikiz.
f) Arazoak ebatzi eta ikasleen disziplina arloko zehazpenak ezartzea, horien eskubide eta betebeharrak erregulatzen dituzten arauei jarraituz.
g) Ikastetxearen aurrekontu proiektua onestea.
h) Eskolako iharduera osagarriak, ikustaldiak eta bidaia kulturak programatu eta garatzeko jarraibideak ematea.
i) Ikastetxeak kultur, kirol eta josteta ihardueretan eta Ikastetxearen laguntza izan dezaketen sorospen ekintzetan izaten duen parte hartzeari buruzko irizpideak ezartzea.
j) Beste Ikastetxe batzuekin kultura eta hezkuntzaren arloan lankidetza izateko harremanak ezartzea.
k) Ikastetxeko barne erregimeneko Erregelamendua onestea.
l) Eskolako instalazioen eta horniduraren berriztapena sustatzea, bai eta horien kontserbazioa zaintzea ere.
ll) Ikastetxeak administrazio eta irakaskuntza arloetan izaten duen iharduera orokorra gainbegiratzea.
m) Ikastetxeko ihardueren eta egoera orokorraren gaineko urteko Txostena prestatzea.
n) Ikastetxeko eskola errendimendu orokorra ebaluazioetako emaitzen bitartez ezagutzea.
ñ) Ikastetxeak inguruko Erakundeekin dituen harremanak ezagutzea, eta bereziki hezkuntzaren arloan erantzukizunezko lanak burutzen dituzten Organismo publikoekin dituenak.
o) Bakoitzari dagokion lanbide arloko Ikastetxe eta erakundeekin dituen harremanak ezagutzea, bereziki prestakuntzari buruzko alderdien ingurukoak.
59. artikulua
Ikastetxeko Eskola Kontseilua hiru hilabetetan behin bilduko da eta, beti ere, Kontseiluburuak deitu edo gutxienez kideen herenak eskatzen duenean. Nolanahi ere, egin beharrekoa izango da bilkura bat ikasturtearen hasieran eta beste bat bukaeran.
IV. KAPITULUA. Irakasleen Klaustroa
60. artikulua
Irakasleen Klaustroa horiek Ikastetxean parte hartzeko duten organoa da eta bertan lanean ari diren Irakasle guztiek osatzen dute. Klaustroaren buru Ikastetxeko Zuzendaria izango da.
61. artikulua
Irakasleen Klaustroaren eskumenak honakoak dira:
a) Zuzendaritza taldeari proposamenak igortzea Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua, Kurrikulu Proiektua, Ikastetxearen urteko Programakuntza Orokorra eta iharduera osagarriak nahiz eskolaz kanpokoak prestatzeko.
b) Kurrikulu Proiektua eta izaten dituen aldaketak onetsi eta ebaluatzea.
c) Ikastetxeko Urteko Programakuntza Orokorraren irakaskuntza arloak onetsi eta horren berri ematea Eskola Kontseiluan aurkeztu baino lehen.
d) Ikastetxeko Eskola Kontseilurako ordezkariak hautatzea.
e) Pedagogi saiakuntza eta ikerketaren arloko ekimenak bultzatzea.
f) Bakoitzari dagozkion Erregelamendu organikoek emandako beste edozein.
62. artikulua
Klaustroa hiru hilabetetan behin bilduko da eta, beti ere, Zuzendariak deitu edo edo gutxienez kideen herenak eskatzen duenean.
Dena dela ere, Klaustroak bilkura bat egin beharko du ikasturtearen hasieran eta beste bat bukaeran.
63. artikulua
Klaustroko kide guztiek nahitaez joan beharko dute bilkuretara.
Xedapen Iragankor Bakarra
1. Arte Ikasketen Ikastetxe Publikoetako Gobernu organoak Foru Dekretu honetan xedatutakoari egokitzea Zuzendaritza Taldeak eta Eskola Kontseiluak hautatu ondoren egingo da, honako egutegiaren arabera:
a) Arte Aplikatu eta Lanbide Artistikoen Eskolak:
Zuzendaritza taldea: 1992-93 ikasturteko azken hiruhilekoan.
Eskola Kontseilua: 1993-94 ikasturteko lehen hiruhilekoan.
b) "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorioa:
Zuzendaritza taldea: 1993-94 ikasturteko azken hiruhilekoan.
Eskola Kontseilua: 1993-94 ikasturteko lehen hiruhilekoan.
2. Aurreko atalean ezartzen den ikastetxeetako gobernu organoen berriztatzea egin arte, Foru Dekretu honek indarra hartzean Gobernu organo horien titulartasuna duten pertsonek beren eginkizunetan jarraituko dute, bai pertsona bakarreko organoak bai taldekoak direnean, edo, bestela, arestian ezarritako daten aurretik izendatzen diren pertsonek.
Azken Xedapenetako Lehenengoa
Foru Dekretu honek indarra hartzearekin batera indarrik gabe geldituko da otsailaren 19ko 39/1987 Foru Dekretua, zeinen bidez Nafarroako Administrazio Publiko ezberdinen menpeko Irakaskuntza Espezializatuen Ikastetxeetako gobernu organoei buruzko Erregelamendua onesten baita, bai eta Foru Dekretu honetan ezarritako manuen kontrakoa den xedapen oro ere.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Ahalmena ematen zaio Hezkuntza eta Kultura Kontseilariari, Foru Dekretu hau betearazi eta garatzeko beharrezko diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Hirugarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.