Castellano | Euskara | Français | English
(2010eko 15. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 3an)
Atarikoa
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 68.2 artikuluan ezartzen du hezkuntza administrazioei dagokiela, nork bere eskumenen esparruan, aldian behin probak antolatzea 18 urtez gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratu ahal izateko, betiere etapako oinarrizko gaitasunak eta helburuak lortuz gero.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez ezaritako hezkuntza sistemaren antolamendu berria aplikatzeko egutegia ezartzeko ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuak 28.1 artikuluan ezartzen du 2008-2009 ikasturtetik aurrera hezkuntza administrazioek, 18 urtez gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko probak antolatzean, kontuan hartuko dituztela Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion gutxieneko helburu eta ikasketak.
Uztailaren 20ko 61/2009 Foru Dekretuaren bidez, Helduen Oinarrizko Hezkuntza arautu eta ikasketa horien egitura eta curriculuma ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean. Lehenengo xedapen gehigarrian adierazten da Hezkuntza Departamentuak 18 urtez gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko probak antolatu eta dagozkien deialdiak eginen dituela. Halaber, proba horiek Helduentzako Bigarren Hezkuntzako hiru jakintza esparruetan eta haren curriculumean oinarrituta antolatuko direla xedatzen du. Curriculuma foru dekretu horren 3. eranskinean jasotzen da.
Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
Foru lege honen xedea da 18 urtez gorako pertsonek Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba libreak arautzea.
2. artikulua. Proba libreen helburua.
Proba hauen helburua da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako oinarrizko gaitasunak eta helburuak lortu dituztela frogatzen duten pertsonei aukera ematea gure hezkuntza sistemako oinarrizko titulua zuzenean lortzeko.
3. artikulua. Betebeharrak.
1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko proba libreetan parte hartzen ahalko dute hemezortzi urtetik gorako pertsonek eta probak egiten dituzten urte naturalean adin hori betetzen dutenek.
2. Helduentzako Bigarren Hezkuntza ikasteko matrikula ofiziala egin duten pertsonek, proba libretan izena eman nahi izanez gero, ikasketa haietako matrikulari uko egin beharko diote proba hauetan izena emateko epea hasi baino hamabost egun lehenago.
3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Lanbide Hastapeneko Kualifikazio Programa oinarrizko batean matrikulaturik dauden pertsonek ezin dute izena eman proba libreak egiteko.
4. artikulua. Deialdiak.
Probak egiteko, urtean bi deialdi eginen dira. Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak proben deialdia eginen du urtero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den ebazpen baten bidez.
5. artikulua. Proben egitura eta salbuespenak.
1. Probek hiru zati izanen dituzte, hots, Helduentzako Bigarren Hezkuntzako hiru jakintza esparruetako bakoitzerako proba bat: komunikazioa, zientzia eta teknologia eta gizarte arloa.
2. Esparru bakoitzeko ariketak uztailaren 20ko 61/2009 Foru Dekretuaren 3. eranskinean agertzen den curriculumaren gainean izanen dira. Dekretu horren bidez, Helduen Oinarrizko Hezkuntza arautu eta ikasketa horien egitura eta curriculuma ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean.
3. Deialdiren batean epaimahai bat baino gehiago baldin badago, probak izangai guztientzat berdinak izanen dira eta aldi berean eginen dira, egun berean, goizez eta arratsaldez.
4. Jakintza esparru bakoitzari dagozkion ariketak prestatzea Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Lan horretan Helduentzako Bigarren Hezkuntzan irakasten ari diren Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoaren, katedradunen kidegoaren eta irakasleen laguntza izan dezake. Inplikatzen diren pertsonek konfidentzialtasunez jokatuko dute uneoro.
5. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu eta behar diren baliabide teknikoak eta langileak jarriko ditu izena emateko unean ezgaitasunen bat dutela agiri bidez egiaztatzen duten pertsonek probak baldintzarik egokienetan egin ditzaten.
6. Jakintza esparruren bateko ariketak ez egiteko salbuespenak foru agindu honen eranskinean agertzen diren baliokidetasunen arabera eginen dira. Salbuesteko eskubidea duten izangaiek kasuan kasuko ikasketa ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte izena ematearekin batera.
6. artikulua. Epaimahaia.
1. Proba hauek aplikatu eta ebaluatzeko ardura izanen duen epaimahaian epaimahaiburu bat eta lau mahaikide izanen dira, den-denak Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak izendatuak. Mahaikide gazteena epaimahaiko idazkari lanetan arituko da. Epaimahaiko kideak izendatzearekin batera, ordezkoak ere izendatuko dira.
2. Epaimahaia osatzen duten irakasleak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegokoak edo katedradunen kidegokoak izanen dira eta irakasten jardun beharko dute, ahal delarik, Helduentzako Bigarren Hezkuntzan. Epaimahaian Helduentzako Bigarren Hezkuntzako hiru esparruetatik irakasle bana gutxienez egon dadila bermatuko da.
3. Epaimahaia bera izanen da urteko bi deialdietan. 150 izangai baino gehiago inskribatzen badira, bigarren epaimahai bat izendatuko da, ez bestela.
7. artikulua. Ebaluazioa.
1. Probaren kalifikazioa orokorra izanen da hiru esparruetako bakoitzean. Emaitzak honela jasoko dira: Gutxiegi (G), Nahikoa (N), Ongi (O), Oso ongi (OO) eta Bikain (B). Kalifikazio horrekin batera, batetik hamarrera bitarteko adierazpen zenbakizkoa ere emanen da, dezimalik gabe, baliokidetasun hauen arabera:
-Gutxiegi: 1, 2, 3 edo 4.
-Nahikoa: 5.
-Ongi: 6.
-Oso ongi: 7 edo 8.
-Bikain: 9 edo 10.
2. Gutxiegi kalifikazioa (G) negatiboa izanen da, eta gainerako laurak positiboak.
3. Izangaiak salbuetsiak dituen esparruetan Salbuetsia (SALB) adieraziko da, salbuespena egitea ahalbidetu duten gaien, esparruen, moduluen edo multzoen batez besteko aritmetikoaren ondoriozko kalifikazioa eta zenbakizko nota adierazita.
4. Aurreko deialdietan gainditutako esparruak ADG letren bidez adieraziko dira, eta horrekin batera, kalifikazioa eta zenbakizko nota jasoko dira.
5. Probak ebaluatzen bukatu ondoren, emaitzak probak egin diren ikastetxeko iragarki oholean jarriko ditu epaimahaiak.
6. Proben kalifikazioekin ados ez badaude, izangai guztiek idatzizko erreklamazioak egin ahalko dizkiote epaimahaiburuari, emaitzak argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun balioduneko epean.
7. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak ebaluazio akta eginen du, non gutxienez ikastetxearen identifikazio datuak, proba libreak egin diren egunak eta inskribatutako pertsonen identifikazio datuak agertuko diren.
Ikastetxearen identifikazio datuetan, gutxienez, hauek agertuko dira: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Proba libreetan inskribatutako pertsonen identifikazio datuetan, gutxienez, honako hauek agertuko dira: guztira inskribatutako pertsonen kopurua, titulua jasotzeko proposatutako izangaien kopurua eta inskribatutako pertsonen zerrenda, jakintza esparru bakoitzean egindako ebaluazioaren emaitza, edo bidezkoa dena, adierazita: (EZ) ez aurkeztua, (ADG) aurreko deialdietan gainditua, (SALB) salbuetsita, eta (T.E.) tituluaren gaineko erabakia (B=titulua bai E=titulua ez).
8. Proben ebaluazio aktak probak egiten diren ikastetxeko idazkaritzan artxibatuko dira.
9. Parte hartzaileek egiten dituzten ariketak ikastetxean artxibatuta gordeko dira 3 hilabetez gutxienez, erreklamazioren bat jartzen denean izan ezik. Kasu horretan, erreklamazio prozesua ebatzi arte gorde beharko dira.
8. artikulua. Titulazioa eta ziurtapenak.
1. Hiru esparruak gainditzen dituzten izangaiek proba gaindituko dute, eta epaimahaiak proposamena eginen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua eman diezaieten. Epaimahaiak behin-behineko ziurtagiri bat eginen die Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua jasotzeko proposatuak daudenei.
2. Proba gainditu ez arren, esparru batean edo bitan kalifikazio positiboa lortzen dutenek gainditu dituzten esparruak egiaztatzeko ziurtagiria jasoko dute. Izangaiei gainditu dituzten esparruetako kalifikazioak gordezko zaizkie hurrengo deialdietarako.
3. Ebaluazio aktetan jasotzen diren emaitzak ikusita, deialdi bakoitzeko proba libreak gainditzen dituzten pertsonei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua luzatzeko proposamena kudeatu eta tramitatzeaz probak egiten direneko ikastetxea arduratuko da.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetutako arauak.
1. Indarrik gabe uzten da maiatzaren 9ko 170/2000 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean 18 urtez goitiko pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren titulua zuzenean ateratzeko proba libreak antolatzeko arauak ematen dituena.
2. Indarrik gabe uzten da Hezkuntzako kontseilariaren urriaren 28ko 298/2004 Foru Agindua, maiatzaren 9ko 170/2000 Foru Aginduaren artikulu batzuk aldatzen dituena. Azken foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean 18 urtez goitiko pertsonek Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean ateratzeko proba libreak antolatzeko arauak eman ziren.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ERANSKINA. Proba libreetan esparru batzuk egitetik salbuesteko baliokidetzak
SALBUESTEKO BALIOKIDETZAK, JATORRIZKO IRAKASKUNTZEN ARABERA |
SALBUETSITAKO ESPARRUAK | ||||||
DBHko 4. kurtsoko ikasgai gaindituak (LOGSE edo LOE) |
LOGSEko HBHko 4. moduluak gaindituak (255/1999 F.D.) |
LOEko HBHko 4. moduluak gaindituak (61/2009 F.D.) |
Curriculum aniztasuna gaindituak (LOGSE) |
Curriculum aniztasuna, 4., gaindituak (LOE) |
Borondatezko modulu gaindituak Lanbide Hastapeneko Kualifikazio Programetan |
Proba librea (170/2000 F.A.) |
Proba librea foru agindu honen bidez arautua |
Gaztelania eta literatura, Atzerriko hizkuntza eta Euskara (A eta D ereduak) |
Komunikazio esparrua |
Hizkuntza, Atzerriko hizkuntza eta Euskara (A eta D ereduak) |
Esparru praktikoa eta Hizkuntza eta Gizarte esparrua |
Hizkuntza eta gizarte esparrua gehi Atzerriko hizkuntza |
Komunikazioaren esparrua |
Komunikazio esparrua edo hizkuntza multzoa |
Komunikazioaren esparrua |
Matematika, Gorputz Hezkuntza eta hauetako bi irakasgai: -Teknologiak, -Biologia eta Geologia -Fisika eta Kimika |
Matematiken esparrua eta Natur Ingurunearen esparrua |
Matematika eta Natura eta osasuna |
Esparru praktikoa, Zientziaren eta Teknologiaren esparrua eta Gorputz Hezkuntza |
Zientziaren eta Matematikaren esparrua gehi Gorputz Hezkuntza |
Zientziaren eta Teknologiaren esparrua |
Matematikaren eta Natur Ingurunearen esparrua edo Zientziaren eta Teknologiaren multzoa |
Zientziaren eta Teknologiaren esparrua |
Gizarte zientziak, Geografia eta Historia eta Musika |
Gizarte Ingurunearen esparrua |
Gizartea |
Esparru praktikoa eta Hizkuntza eta Gizarte esparrua |
Hizkuntza eta gizarte esparrua gehi Herritartasunerako eta Giza Eskubideetarako Hezkuntza |
Gizarte esparrua |
Gizarte Ingurunearen esparrua edo Gizarte Zientzien multzoa |
Gizarte esparrua |