Castellano | Euskara | Français | English
(1996ko 78. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 28an)
Atarikoa
Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak, 4.4 artikuluan xedatu zuen ikasketa tituluak eta lanbide tituluak Estatuak homologatu eta hezkuntzako administrazioek emanen dituztela, aipatu legean ezarritako baldintzen eta xede horretarako ematen diren oinarrizko eta berariazko arauen arabera.
Maiatzaren 5eko 733/1995 Errege Dekretuak (1995-6-2ko EAO) urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak ezarritako ikasketei dagozkien tituluak eta irailaren 2ko 967/1988 Errege Dekretuak aipatzen dituen hizkuntzen irakaskuntza berezituen tituluak emateko, hezkuntzako administrazio eskudunek bete behar dituzten baldintzetako arauak onetsi zituen. Era honetan haien izaera ofiziala bermatzen da, Espainiako lurraldean baliagarria izateko eta nazioartean ere onartuak izan daitezen.
Aipatu Errege Dekretuaren 4. artikulua -Administrazio Publikoetako Erregistroak- eta 733/1995 Errege Dekretuaren (1996-5-8) 4.3 eta 5. artikuluak garatzen dituen 1996.eko apirilaren 30eko Agindua betetzeko, beharrezkoa da urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak ezarritako ikasketei eta hizkuntzen irakaskuntza berezituei buruzko irailaren 2ko 967/1988 Errege Dekretuak araututakoei dagozkien Nafarroako Foru Komunitateko ikasketa tituluen eta lanbide tituluen Erregistroa sortzea.
Horrenbestez, Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposatuta eta mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko ekainaren 3ko bilkuran Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:
1. artikulua
Nafarroako Foru Komunitateko ikasketa tituluen eta lanbide tituluen Erregistroa sortu da. Bertan sartuko dira urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak aipatzen dituen ikasketa titulu eta lanbide titulu guztiak, bai eta hizkuntzen irakaskuntza berezitua arautu zuen irailaren 2ko 967/1988 Errege Dekretuak aipatu zituen tituluak ere, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ikasketak bukatu dituzten ikasleei emandakoak.
2. artikulua
Tituluen Erregistroa publikoa izanen da eta titulu bakoitzari buruzko honako datuak izanen ditu:
-Titularraren izen-abizenak
-Jaiotze data, udalerria eta probintzia.
-Departamentua.
-Herrialdea.
-Nazionalitatea.
-Sexua.
-N.A.N.ren edo pasaportearen zenbakia.
-Ikastetxe publikoa.
-Ikastetxe baimendua.
-Ikasketak bukatu ziren eguna.
-Kalifikazioa (baldin eta azken kalifikaziorik bada, oinarrizko arau bat dela-eta).
-Ikasketak edo modalitatea.
-Hezkuntza maila.
-Dokumentu mota (titulua edo egiaztagiria).
-Noiz luzatu zen.
-Erregistroko identifikazio klabea.
Titulu bikoiztuetarako:
-Titulua bikoizteko kodea.
-Jatorrizko tituluaren zenbakia.
-Jatorrizko titulua noiz luzatu zen.
3. artikulua
Tituluen Erregistroa Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuaren Ikasketak Antolatu eta Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuari atxikiko zaio.
Azken Xedapenetako Lehena
Baimena ematen zaio Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri kontseilariari Foru Dekretu honetan xedatutakoa garatu eta aplikatzeko.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.