(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

  • Ekonomia :
    • Diruzaintza :
      • 71/1995 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzaren fondo likidoak non ezarri arautzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

71/1995 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzaren fondo likidoak non ezarri arautzen duena

 

(1995eko 42. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 3an)

Atarikoa

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legean dauden xedapenekin bat eginez onetsi zen abenduaren 28ko 359/1990 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko diruzaintzaren fondo likidoak non ezarri arautzen duena.

Foru Dekretu horrek indarra hartu zuenetik, Foru Ogasunean finantza aldaketa handia izan da. Aurrekontuetan superabit izatetik defizita izatera ailegatu gara, batez ere, hezkuntza, osasun eta gizarte ongizate arloetan eskumenak hartu eta Ekonomi Hitzarmena sinatu zenetik. Azken urteotako defizita beherantz doa, baina zorduntzeko eragiketak egitera behartu du, eta horien ondorioz ehun mila milioiko zorra dago gaur egun. Horrek finantza kargak areagotu ditu, eta, beraz, austeritate ahalegina ere bai, urteroko aurrekontuak ahalik eta defizit txikienarekin orekatzeko egin behar denaz gain.

Zorduntzeko eragiketa horien ondorioz, baita tributuak biltzeko Foru Ogasunaren kudeaketaren ondorioz ere, dirusarrera iturri handiak sortzen dira, diruzaintzaren aldetik korritu puntu altuak dituztenak.

Hori guztia dela eta, Foru Ogasuneko fondo likidoak kudeatzeko erabili den prozedura ez da egokiena finantzen oraingo egoerarako, eta errentabilitate eta segurtasun gehiago ematen dien erabilera bilatu behar zaie.

Horrenbestez, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen IV. Tituluan xedatutakoari jarraikiz, Ekonomia eta Ogasun Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko martxoaren hogeian egin zuen bilkuran hartutako erabakiarekin bat eginez, dekretatu dut:

1. artikulua

Foru Dekretu honek bere ondorioak sor ditzan, Foru Komunitateko Diruzaintzan dauden fondo likido guztiek maila bera izanen dute eta hemendik aurrera ez da arrunten eta berezien arteko sailkapenik eginen horiekin, ez zenbatekoa, ez jatorria, ez beste edozein gorabehera dela medio.

2. artikulua

Honako hauetan sartuko dira Foru Komunitateko Diruzaintzaren fondo likidoak: Espainiako Bankuan irekitako kontu korronteetan, Nafarroan dauden edo Foru Komunitatearekin harremana duten entitate publiko edo pribatuetan, beti ere, Ekonomia eta Ogasun Kontseilariarekin sinatu badituzte Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 92. artikuluaren 3. zenbakiak aipatzen dituen elkarlanerako hitzarmenak, eta finantza merkatuetan horretarako dauden edozein baliabideetan.

3. artikulua

Ekonomia eta Ogasun kontseilariak izanen du fondo likido horiek han edo hemen ezartzeko eskumena, eta Foru Komunitateko Diruzaintzaren kudeaketa hobetzeko eragiketak hitzar ditzake. Eragiketa horiek, beti ere, segurtasun eta errentagarritasuna izanen dituzte irizpidetzat eta, horretaz gainera, zenbatekoak finantza entitateetan banatzerakoan kontutan hartuko da entitate horiek gizartearentzat interes berezia duten iharduerak finantzatzen dituzten ala ez.

4. artikulua

Ekonomia eta Ogasun kontseilariak berehala jakinaraziko dio Nafarroako Gobernuari non eta nola ezarri dituen fondo likidoak, beti ere, aurreko artikuluan adierazitakoaren arabera.

5. artikulua

Ekonomia eta Ogasun kontseilaria izanen da Foru Dekretu honen 2. artikuluak aipatzen dituen elkarlanerako hitzarmenak sinatu, aldatu edo baliogabetzeko ahalmena duen organoa.

Xedapen Iragankor Bakarra

Foru Dekretu honen 2 eta 5. artikuluek aipatzen dituzten eta orain indarra duten elkarlanerako hitzarmenak aldatzen ez diren bitartean, kontu korronte orokorretan sartuta dauden fondo likidoen banaketa abenduaren 28ko 359/1990 Foru Dekretuan ezarritako moduan eginen da.

Azken Xedapenetan Lehena

Ekonomia eta Ogasun kontseilariari ahalmena eman zaio Foru Dekretu hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak emateko.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Baliorik gabe gelditu dira Foru Dekretu honetan ezarritakoaren kontra dauden lerrun bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak, eta, bereziki, abenduaren 28ko 359/1990 Foru Dekretua.

Azken Xedapenetan Hirugarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa