Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2012ko 132. NAOn argitaratua, uztailaren 5ean. Aldaketak: 16/2013 Foru Dekretua, uztailaren 2koa; 62/2014 Foru Dekretua, uztailaren 30ekoa)
Atarikoa
Ekainaren 22ko 11/2012 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuari dagokio erakunde publikoen estatutuak onestea.
Uztailaren 2ko 35/2012 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Politiketako Departamentuaren oinarrizko egitura onetsi da. Bertan ezartzen da orain arte Nafarroako Gazteariaren Institutuak eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak zituen eskumenak, hemendik aurrera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Departamentuaren esku geldituko direla.
Foru dekretu honen helburua da Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onestea.
Horiek horrela, Gizarte Politiketako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko uztailaren 2an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:
Artikulu Bakarra. Estatutuak onestea.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren Estatutuak onetsi dira. Horien testua foru dekretu honen eranskin gisa ageri da.
Lehenbiziko Xedapen Gehigarria. Lege erreferentziak.
Foru dekretu honetan esleitutako eginkizunetan eragina duten egungo araudiko aipamen organiko eta funtzionalak foru dekretu horretan arautzen diren organo eta unitateentzat direla ulertuko da.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Genero berdintasuna.
Zenbait pertsona, kargu edo lanposturi buruz ari denean foru dekretu honek genero gramatikal mugatuko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan (gaztelaniazko "consejero", "director", "presidente", "secretario" eta abar) ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek bai emakumezkoek bai gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio guztietarako.
Hirugarren Xedapen Gehigarria. Administrazio unitateen jarraipena.
Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalak baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekotasunez, egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte izan dituzten eginkizunekin bat.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki abuztuaren 24ko 140/2011 Foru Dekretua, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onetsi zituena eta abuztuaren 24ko 139/2011 Foru Dekretua, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren Estatutuak onetsi zituena, salbu eta azkeneko foru dekretu horren hirugarren xedapen gehigarria.
Azken Xedapenetan Lehena. Erregelamenduzko garapena egiteko gaikuntza.
Gizarte Politiketako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
NAFARROAKO KIROLAREN ETA GAZTERIAREN INSTITUTUAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA. IZAERA ETA ESKUMENAK
1. artikulua. Izaera.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua administrazio izaerako erakunde autonomo bat da, nortasun juridiko propioa duena, bai eta jarduteko ahalmen osoa ere, bere xedeak bete ahal izateko.
2. artikulua. Atxikipena eta babesa.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua, bere helburuak betetzeko, Gizarte Politiketako Departamentuak plangintza eta politika orokorrari buruz ematen dituen jarraibideen menpean dago. Departamentu horren esku gelditzen dira Institutua kontrolatu eta babesteko ahalmenak, Estatutuetan, foru legerian eta administrazioaren antolamendu juridikoan esleitzen zaizkionak, hain zuzen ere.
3. artikulua. Eskumenak.
1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari eskumen hauek dagozkio:
a) Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeak Foru Komunitateko Kirol Administrazioari eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroari esleitzen dizkienak.
b) Gazteriari buruzko Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko administrazioari esleitzen dizkionak, eta bereziki, gazteen arloko politika publikoak planifikatu, sustatu eta ebaluatzea, ikuspegi bikoitza erabiliz: berariazko ekintzak garatzea eta zeharkakotasuna aplikatzea gazteriaren gaineko arloetan.
c) Nafarroako Gobernuak Nafarroako gazteen gainean dituen eskumenak koordinatzea, eta, orobat, Gobernuak agintzen ahal dizkion beste batzuk.
d) Berariazko legediak ondarearen, kontratuen, aurrekontuen, kontabilitatearen, finantza kontrolaren eta langileriaren arloetan erakunde autonomoei esleitzen dizkienak.
2. Eskumen horiek garatzeko, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Kirolaren eta gazteriaren arloko zerbitzu eta programa berariazkoak bultzatu, kudeatu eta haien jarraipena egitea.
b) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari atxikiriko zentro eta instalazioak kudeatu, kontrolatu eta gainbegiratzea, eta haietako mantentze eta berritze lanez, inbertsioez eta ekipamenduez arduratzea.
c) Laguntza eta diru-laguntzetarako programak zuzendu eta kudeatzea.
d) Estatutu hauetan xedatutakoarekin bat, Institutuaren eskumenekoak diren arloen gainean aholkatu eta informatzea.
e) Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek nahiz bestelako administrazio publikoek gazteen arloari buruz eskatzen dituzten txostenak eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren helburuak lortzen laguntzen duten jarduera guztiak egitea.
f) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren helburuak lortzen laguntzen duten jarduera guztiak egitea.
g) Esleitzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen antolamendu juridikoarekin bat.
II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA
I. KAPITULUA. Zuzendaritza organoak
4. artikulua. Zuzendaritza organoak.
Honako hauek dira Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendaritza organoak:
1. Gobernu Kontseilua.
2. Kudeaketako Zuzendaritza.
3. Kirolaren Zuzendariordetza Nagusia.
4. Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusia.
5. Azpiegituren Zuzendariordetza.
II. KAPITULUA. Gobernu kontseilua
5. artikulua. Osaera.
1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Gobernu Kontseiluak kide hauek ditu:
a) Kontseiluburua: Gizarte Politiketako kontseilaria.
b) Kontseiluburuordea: Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.
c) Kontseiluko kideak:
1. Gizarte gaien arloan eskumena duen zuzendari nagusia.
2. Kirolaren zuzendariorde nagusia.
3. Gazteriaren zuzendariorde nagusia.
4. Azpiegituren zuzendariordea.
d) Kontseilukide-idazkaria: Administrazio eta Kudeaketa Ataleko burua.
2. Departamentuak Gobernu Kontseiluan dituen kideen zuzendaritza karguren bat hutsik geldituz gero, departamentuko kontseilari titularrak haien ordezkoak izendatuko ditu, aldi baterako, behin betiko izendapenak egin bitartean.
3. Gobernu Kontseiluak, bidezko baderitzo, baimena ematen ahalko die kirolaren eta gazteriaren arloan aritzen diren organo eta entitateen ordezkariei bilkuretan parte har dezaten. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.
6. artikulua. Ahalmenak.
Honako ahalmen hauek dagozkio Gobernu Kontseiluari:
a) Urtero, erakunde autonomoaren aurrekonturako aurreproiektuaren proposamenari buruzko txostena egitea.
b) Erakundearen zuzendaritza lanak kontrolatu eta gainbegiratzea.
c) Zentro eta instalazio berekiak erabiltzeko prezio publikoen araubidea onestea.
d) Nafarroako Gazteriaren eta Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak presako kasuetan hartu behar izan dituen ebazpenen berri izatea.
7. artikulua. Gobernu Kontseiluko buruaren ahalmenak.
1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Gobernu Kontseiluko buruak ahalmen hauek izanen ditu:
a) Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea, eguneko gai zerrenda finkatzea, bilkuretako buru izatea eta horiek zuzentzea.
b) Gobernu Kontseiluaren erabakiak eta haren jardunari buruzko arauak betearaztea.
c) (indargabetua)
2. Postua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, kontseiluburuaren ordez kontseiluburuordea arituko da.
8. artikulua. idazkaria.
1. Gobernu Kontseiluko idazkaria Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Ataleko burua izanen da, hizpidea eta botoa dituela.
2. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Kontseiluburuaren jarraibideei jarraikiz, Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, kontseiluburuordearekin elkarlanean, eta haren erabakiak betearazteko izapideak egitea.
b) Gobernu Kontseiluaren bilkuretako aktak egitea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiak egitea.
c) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak betetzea.
9. artikulua. Funtzionamendua.
1. Gobernu Kontseilua nahitaez urtean behin bilduko da bilkura arruntean. Bilkura bereziak kontseiluburuak hala erabakirik eginen dira.
2. Gobernu Kontseiluaren funtzionamenduari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoentzat ezarritakoari men eginen zaio.
10. artikulua. Aholkularitza.
Gobernu Kontseiluak edozein unetan beste pertsona batzuen aholkua eskatzen ahalko du, haiek dituzten ezagupenak, prestakuntza, izen ona edo bestelako inguruabarrak direla kausa, esku hartzea egokitzat jotzen baldin badu. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.
III. KAPITULUA. Zuzendari kudeatzailea
11. artikulua. Izendapena eta kargutik kentzea.
1. Nafarroako Gobernuak izendatu eta kenduko du kargutik zuzendari kudeatzailea, Gizarte Politiketako kontseilariak proposaturik.
2. Kargua hutsik dagoenean, edo zuzendari kudeatzailea kanpoan edo eri dagoenean, edo ezin jardun duenean, haren ordez Kirolaren zuzendariorde nagusia arituko da. Hori ere aipatutako egoeraren batean baldin badago aldi berean, Gazteriaren zuzendariorde nagusiak ordeztuko du, eta horren atzetik, Azpiegituren zuzendariordeak.
12. artikulua. Eginkizunak.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, besteak beste, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Erakunde autonomoaren jardunaren goreneko ardura bere gain hartzea.
b) Erakundearen ordezkari gorena izatea.
c) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren eskumenekoak diren instalazio, zentro eta organoen jarduera guztiak zuzendu, kudeatu eta barrutik antolatzea.
d) Gobernu Kontseiluaren eta kontseiluburuaren erabakiak aplikatu eta betearaztea.
e) Erakunde autonomoari atxikiriko instalazio eta zentroen funtzionamendurako irizpideak onestea.
f) Nafarroako Gobernuak edo Gizarte Politiketako kontseilariak espedienteak ebaztea arrazoitzen duten proposamenei buruzko txostenak egitea.
g) Erakundeak jarduteko behar diren administrazio ebazpenak ematea eta administrazio egintzak bete daitezen agintzea.
h) Presako kasuetan, Institutuaren eskumeneko gaietan beharrezkoak diren ebazpenak ematea, eta horien berri ematea Gobernu Kontseiluari hark egiten duen hurrengo bilkuran.
i) Kontratazio administratiboaren arloan indarra duen araudiak kontratuak egiteko erakunde autonomoen ordezkariei esleitzen dizkien ahalmenak.
j) Erakunde autonomoak jarduteko beharrezkoak diren gastu xeheak baimentzeko ahalmena, aurrekontuei, ekonomiari eta kontratuei buruzko araudiak zuzendari nagusiei esleitzen diena.
k) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari dagozkion ondare erantzukizuneko prozedurak eta auzibide zibila eta lan auzibidea baino lehenagoko erreklamazioak ebaztea, langileriaren arloko erreklamazioak izan ezik.
l) Edozein gastu ekonomiko baimendu eta xedatzea, pagatzeko obligazioak aitortzea eta erakundearen aurrekontuaren aurreproiektuaren proposamena aurkeztea, arlo horretan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.
m) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren helburuak ezartzea eta urteroko memoria eta jarduteko programak prestatzea.
n) Nafarroako Kirolaren Gazteriaren Institutuko atalburuak, bulegoburuak eta ataletik beherako beste unitate batzuetako buruak bitarte baterako izendatzea, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak aldeko txostena eman ondoren.
ñ) Nafarroako Gazteriaren eta Kirolaren Institutuari atxikitako zentroko zuzendariak izendatu eta kargutik kentzea.
o) Langileriari buruzko araudiak erakunde autonomoei arlo horretan ematen dizkien gainerako eskudantziak.
p) Bere karguarekin zerikusia izanik, Gizarte Politiketako kontseilariak agintzen dizkion eginkizun guztiak.
13. artikulua. Eginkizunak beste baten esku uztea.
Zuzendari kudeatzaileak dituen eskudantzietako batzuk erakunde autonomoko zuzendariordeen esku utz ditzake, indarra duen legerian ezarritakoaren arabera.
IV. KAPITULUA. Zuzendariordetzak
14. artikulua. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendariordetzak.
1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak unitate organiko hauek ditu bere egituran, zuzendari kudeatzailearen menpe zuzenean:
a) Kirolaren Zuzendariordetza Nagusia.
b) Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusia.
c) Azpiegituren Zuzendariordetza.
2. Unitate organiko horietako bakoitzeko titularrak bere eginkizunei helduko die elkarrekiko lankidetzaren printzipioan oinarrituta, beste unitate batzuen eskudantziak galarazi gabe, eta erakundeko zuzendari kudeatzailearen goi plangintza, zuzendaritza eta koordinazioaren pean.
15. artikulua. Izendapena.
Nafarroako Gobernuak libreki hautatu eta izendatuko ditu zuzendariordeak, foru dekretu baten bidez, Gizarte Politiketako kontseilariaren proposamena kontuan harturik.
16. artikulua. Kirolaren Zuzendariordetza Nagusia.
1. Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako kirol federazioak eratzeko baimena ematea eta haien estatutu eta erregelamenduak onestea.
b) Nafarroako Foru Komunitatean dauden kirol mota eta espezialitateen aitorpena kudeatzea.
c) Elkarteak eta bestelako kirol entitateak aitortu ahal izateko, kirolari buruzko araudiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen direla egiaztatzea.
d) Nafarroako kirol federazioak eta, hala badagokio, Nafarroako beste kirol entitate batzuk koordinatu eta babestea eskuordetu zaizkien eginkizun publikoak betetzen ari direnean, haien jarduera pribatua ezertan eragotzi gabe.
e) Nafarroako lehiaketa ofizialak antolatu, kalifikatu eta haien antolaketa gainbegiratzea.
f) Derrigorrezko eskolatzealdian daudenentzako Nafarroako kirol lehiaketa ofizialak antolatzea, edo, hala badagokio, beste batzuek antolatzeko baimena ematea.
g) Nafarroako kirol federazioen eta, hala bada, Nafarroako beste entitate batzuen bitartez, Nafarroako selekzioak osatzen dituzten kirolariak hautatzea.
h) Nafarroako lehiaketa ofizialen eta Nafarroako selekzioen ikur eta ezaugarriak sustatzea.
i) Nafarroako goi mailako kirolarien kalifikazioa kudeatzea eta goi mailako kirolaren arloko indarreko legediak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dizkion eginkizun guztiak bere gain hartzea.
j) Kiroletako dopajea saihestu eta kontrolatzea, kirol federazioekin, Estatuko Administrazioarekin eta, bidezko bada, bestelako entitate publiko edo pribatuekin elkarlanean.
k) Ohiz kanpokotzat jotzen diren ikuskizun eta kirol jarduera publikoak egiteko baimenak kudeatzea.
l) Kirol arloko ikerketa zientifikoa eta kirolarien egoera fisikoaren jarraipen medikoa eta hobekuntza sustatzea.
m) Kirol jarduera sustatzea laguntzak eta diru-laguntzak emanez, eta kirol jarduerak gizarte-interesekoak deklaratzeko kudeaketak egitea, behar diren kenkari fiskalak izateko.
n) Zuzendariordetzari atxikitako langileek egindako hutsegite arinak direla eta, diziplina espedienteak irekitzea.
ñ) Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiaren menpeko zentroak koordinatu eta gainbegiratzea langileriaren arloan, ohiko horniduren arloan, fakturetako ohiko gastuen arloan eta kirol jardueren arloan.
o) Nafarroako Gazteriaren eta Kirolaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzari eta gainerako unitateei aholku eta sostengu ematea bere eskumeneko arloetan.
p) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zuzendari kudeatzaileak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.
2. Erakunde autonomoak jarduteko beharrezkoak diren gastu xeheak baimentzeko ahalmena Kirolaren zuzendariorde nagusiari dagokio, aurrekontuei eta ekonomiari buruzko araudiak ahalmen hori zerbitzuetako zuzendariei esleitzen dien kasuetan
.17. artikulua. Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusia.
1. Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Gazteriaren arloko zeharkako politika publikoak zuzendu, planifikatu eta ebaluatzea indarreko araudiaren arabera.
b) Departamentuarteko Batzordea koordinatzea eta gazteentzako politikak garatzeko zeharkako harremanak sustatzea.
c) Gazteekin harremanbide iraunkor eta egituratuak izatea eta Nafarroako Gazte Kontseiluarekiko harremanen esparrua koordinatzea.
d) Gazteriari buruzko gaien inguruko elkarrizketa eta lankidetza bultzatzea toki entitateen, eragile ekonomiko eta sozialen, gazteriaren arloko profesionalen eta arlo honetan eskumenak dituzten bestelako erakundeen artean.
e) Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola zuzentzea.
f) Nafarroako Gazteen Behatokia zuzentzea.
g) Zuzendariordetzari atxikitako langileek egindako hutsegite arinak direla eta, diziplina espedienteak irekitzea.
h) Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiaren menpeko zentroak koordinatu eta gainbegiratzea langileriaren arloan, ohiko horniduren arloan, fakturetako ohiko gastuen arloan eta kirol jardueren arloan.
i) REAJ-Gazteentzako Aterpetxeen Espainiako Sarearen partzuergoan sartuta dauden Nafarroako gazteen instalazioak gainbegiratzea, eta Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan gazteen aterpetxeen gaineko baimenak proposatzea, Azpiegituren Zuzendariordetzarekin koordinatuz, sektorearen araudiari jarraikiz.
j) Nafarroako Foru Komunitatean gazteentzako aire zabaleko jardueren araudia eta kontrola garatzea, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari eman zaizkion eskumenen eremuan, eta gazteentzako jarduerei buruzko araudia garatu eta kudeatzea.
k) Nafarroako Gazteriaren eta Kirolaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzari eta gainerako unitateei aholku eta sostengu ematea bere eskumeneko arloetan.
l) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zuzendari kudeatzaileak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.
2. Erakunde autonomoak jarduteko beharrezkoak diren gastu xeheak baimentzeko ahalmena Gazteriaren zuzendariorde nagusiari dagokio, aurrekontuei eta ekonomiari buruzko araudiak ahalmen hori zerbitzuetako zuzendariei esleitzen dien kasuetan
.18. artikulua. Azpiegituren Zuzendariordetza.
Azpiegituren Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Kirolaren eta Gazteriaren zuzendariordetza nagusiekin batera, haien menpeko zentro eta instalazioetako inbertsioak koordinatzea, obrak eta zaharberritze lanak egitean.
b) Lehenbiziko aldiz ezartzeko obrak, berritzekoak edo konponketa handikoak eta ekipamendu handiak egiteko inbertsioak koordinatu, kontrolatu eta zuzendari kudeatzaileari proposatzea, baita konponketa arrunten ondorioz sortzen diren ondasun eta zerbitzuetako gastu arruntak ere, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari atxikita dauden zentroetan.
c) Zuzendari kudeatzaileari kirolerako eta gazteentzako instalazioen planak proposatzea oniritzia eman diezaien eta onesteko tramitazioa has dadin, eta plan horien betearazpena koordinatzea.
d) Kapital transferentzien bidez kirolerako eta gazteentzako instalazioetarako inbertsio induzituetan laguntzak koordinatu, kudeatu eta kontrolatzea.
e) Gazteentzako instalazioetako, erabilera publikoko kirol instalazioetako eta hango ekipamenduetako segurtasun planak egiteko lanak koordinatzea.
f) Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Instalazioen Erroldaren kudeaketa, mantentze-lanak eta akten kontrola.
g) Lehenbiziko aldiz ezartzeko eta zaharberritzeko obren inbertsioak, erakundearen egoitza nagusikoak, planifikatu eta kudeatzea.
h) REAJ-Gazteentzako Zuzendariordetza Nagusiari laguntzea Gazteentzako Aterpetxeen Espainiako Sarearen Partzuergoan sarturik dauden Nafarroako gazte instalazioak gainbegiratzen.
i) Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiari laguntzea Nafarroako Foru Komunitateko gazteentzako aterpetxeak baimentzeko proposamenetan, sektoreko araudiari jarraituz.
j) Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiaren eta Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiaren menpeko zentroen aholkularitza teknikorako eta hornidurarako kontratuak koordinatu eta gainbegiratzea.
k) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zuzendari kudeatzaileak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.
2. Erakunde autonomoak jarduteko beharrezkoak diren gastu xeheak baimentzeko ahalmena Azpiegituren zuzendariorde nagusiari dagokio, aurrekontuei eta ekonomiari buruzko araudiak ahalmen hori zerbitzuetako zuzendariei esleitzen dien kasuetan
.V. KAPITULUA. Atalak
19. artikulua. Administrazio eta Kudeaketa Atala.
Administrazio eta Kudeaketa Atala Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen menpe egonen da zuzenean, eta eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko jarduera administratiboak planifikatzea, koordinatzea eta banatzea.
b) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzari eta gainerako unitate organikoei aholku eta sostengu ematea, erakunde autonomoak egoki diharduela bermatzeko behar diren jarduera guztiak sustatzeko lanetan.
c) Erakunde autonomoaren Erregistro Orokorra eta Artxibo Orokorra kudeatzea.
d) Erakunde autonomoan ondorioak izanen dituzten dokumentuak eta hark sortu eta beste batzuetan ondorioak izanen dituztenak konpultsatzea, eta ebazpenen eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan dauden dokumentu eta datuen ziurtapenak luzatzea.
e) Erakundeko zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpenak jakinaraztea.
f) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren giza baliabideen eta barne araubidearen arloetan planifikatu, koordinatu eta kudeatzea, arriskuen prebentzioa, osasuna, segurtasuna eta laneko autobabesa lehenetsiz, hala nola langileen prestakuntza arlo horietan.
g) Kirolaren eta gazteriaren arloan administrazioko arau-hausteak egiteagatik jartzen diren zehapenen jarraipena egitea eta haiek betetzen direla kontrolatzea.
h) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko egoitza nagusiko mantentze-lanak, funtzionamendua eta ekipamenduetako inbertsioak gainbegiratu eta betearaztea.
i) Informaziorako sistema eta baliabideetan berezko edukiak koordinatzea, bereziki erakunde autonomoaren beraren webgunean.
j) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Aurrekontu Orokorren aurreproiektua prestatzen parte hartzea, erakunde autonomoko zuzendariordetzekin elkarlanean.
k) Jarduera ekonomiko-administratiboaren plangintza eta kudeaketa koordinatzea, eta erakunde autonomoaren aurrekontuaren eta kontratazio eta esleipen prozesu guztien jarraipena egitea.
l) Erakunde autonomoaren kontabilitatearen eta aurrekontuen segimendua egitea.
m) Erakunde autonomoaren unitate organikoen multzoan eragina duten izaera orokorreko administrazio aferen kudeaketa gainbegiratzea.
n) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiarekin koordinaturik, administrazio jarduerak planifikatu, koordinatu, banatu eta haien jarraipena egitea, bereziki Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren urteroko jarduketa plana.
ñ) Kirolaren eta gazteriaren arloetako kide anitzeko organoen funtzionamendu egokia bermatzeko behar diren administrazio lan guztiak kudeatzea.
o) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak bere dituen arloetako datu estatistikoak jaso eta eguneratzea, Nafarroako Estatistika Institutuarekin eta bestelako erakundeekin koordinatuz.
p) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zuzendari kudeatzaileak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.
20. artikulua. Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiaren atalak.
Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiak atal hauek ditu bere egituran:
a) Kirola Sustatzeko Atala.
b) Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atala.
21. artikulua. Kirola Sustatzeko Atala.
Kirola Sustatzeko Atalak eginkizun hauek ditu:
a) Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiari bere eskumeneko arloei buruzko informazioa ematea.
b) Kirol jarduerak eta aisialdikoak sustatzea.
c) Kirolaren baloreak sustatzea.
d) Kiroleko boluntarioen lana eta prestakuntza sustatzea, kirolaren esparruan elkarlanean aritu ahal daitezen.
e) Nafarroako Kirol Jokoak bultzatu, koordinatu, kudeatu eta gainbegiratzea, gehienbat eskola-umeentzako kirol programa gisa, kirolaren balio hezitzaileak sustatuz, kiroltasuna bereziki, Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin elkarlanean.
f) Eskola-umeek kirol jarduerak egin ditzatela sustatu eta bultzatzea.
g) Arreta berezia behar duten giza-taldeentzat eta gizarte intereseko giza-taldeentzat kirola sustatzeko programak bultzatu eta sustatzea.
h) Toki entitateen eta beste entitate batzuen bidez, helburu nagusitzat kirolaren sustapena duten kirol ekitaldien antolaketa sustatzea.
i) Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiari aholku eta sostengua ematea bere eskumenekoak diren arloetan eta kirolari buruzko araudia garatzeko orduan, arautu beharreko gaia atalaren menpekoa bada eta hori Kirolari buruzko Legean aurreikusita badago.
j) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta kirolaren zuzendariorde nagusiak agintzen dizkionak.
22. artikulua. Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atala.
Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiari bere eskumeneko arloei buruzko txostenak egitea.
b) Kirol Entitateen Erregistroa antolatu eta kudeatzea.
c) Kirol babesgoa bultzatu eta gizarte intereseko adierazpenak kudeatzea.
d) Kirolaren Etxea kudeatzea, edo Nafarroako kirol federazioak kokatzen diren ondasun higiezina.
e) Kirola bultzatu, sostengatu eta kudeatzea, Nafarroako kirol federazioekin eta horri loturiko bestelako entitate interesgarriekin batera, bereziki kirol teknifikazioa eta Nafarroako selekzioak.
f) Nafarroako kirol federazioetako eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin hitzarturiko bestelako entitateetako hauteskunde prozesuak gainbegiratzea eta haien kudeaketaren jarraipen arrunta egitea.
g) Beste entitate batzuk sostengatu eta haiekin elkarlanean aritzea, jarduerak egin eta kirol lehiaketa eta ikuskizunak antolatzeko.
h) Goi errendimenduko kirolarientzat eta goi mailetako talde eta klubak sustatzeko laguntzak kudeatu eta tramitatzea, hala nola Espainiako eta nazioarteko kirol jarduerak antolatzeko laguntzak.
i) Nafarroako unibertsitateetako kirol jarduerak koordinatzea.
j) Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiari aholku eta sostengua ematea bere eskumenekoak diren arloetan eta kirolari buruzko araudia garatzeko orduan, arautu beharreko gaia atalaren menpekoa bada eta hori Kirolari buruzko Legean aurreikusita badago.
k) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta Kirolaren zuzendariorde nagusiak agintzen dizkionak.
23. artikulua. Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiaren atalak.
Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiak atal hauek ditu bere egituran.
a) Plangintzaren eta Gazteriaren Behatokiaren Atala.
b) Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala
24. artikulua. Plangintzaren eta Gazteriaren Behatokiaren Atala.
Plangintzaren eta Gazteriaren Behatokiaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Gazteriari buruzko Legeak behar duen erregelamendu-garapena koordinatzea.
b) Gazteriaren arloko politikak diseinatu, jarraitu eta ebaluatzea neurtzeko adierazleen bitartez.
c) Gazteriaren arloko berrikuntzak proposatu eta gazteen interes orokorrerako berrienak direnak bultzatzea.
d) Gazteriaren Behatokia kudeatzea.
e) Gazteriarekin lotutako ikerlanak, azterlanak eta txostenak koordinatu eta egitea.
f) Gazteriaren arloan interesekoak diren argitalpenak editatzea.
g) Nafarroako Gazteentzako Argibide Sarea eta "Esan... Gazte telefonoa" kudeatzea.
i) Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola, aitorpen ofiziala eta astialdirako eskolak kudeatzea.
j) Gazteekin lan egiten duten teknikarientzako etengabeko prestakuntza programak diseinatu, garatu eta sustatzea Gazteentzako Jardueren Eskolaren bitartez.
k) Gazteriaren arloko profil profesionalak arautzeko proposamenak egitea profesionaltasunaren kualifikazioen arabera.
l) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta Gazteriaren zuzendariorde nagusiak agintzen dizkionak.
25. artikulua. Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala.
Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Gazteen arteko trukaketak eta udako jarduerak bultzatu eta antolatzea.
b) Atzerrian hizkuntzak ikasi eta praktikatzeko programak sustatu eta kudeatzea.
c) Gazteentzako programa europarrak sustatu eta kudeatzea, nazioarteko mugikortasuna eta kultur ikaskuntza bultzatzeko.
d) Gazteen kultur sormena bultzatu eta gazteei artearen arloan parte hartzeko laguntza ematea, lehiaketen eta diru-laguntzetarako deialdien bitartez.
e) “Gazteak ekinean” programa europarra kudeatzea.
f) Gazte txartelaren eta nazioarteko beste txartel batzuen programak kudeatzea.
g) Gazteen artean nazioarteko mugikortasuna, hizkuntzen ikaskuntza eta gazte turismoa bultzatzeko programak garatzea, Europako eta Estatuko erakundeekin eta beste autonomia erkidegoekin bat.
h) Gazteen balioak garatu eta haien autonomia hobetzeko beste zerbitzu eta programa espezifiko eta/edo zeharkako batzuk sustatzea.
i) Gazteek gizartean parte hartzea eta gazteen boluntariotza errazten duten programak garatzea.
j) Toki entitateei, gazteen elkarteei eta gazteen ordezkaritzako eskumenak dituzten bestelako entitateei aholku ematea.
k) Nafarroako Foru Komunitatean gazteentzako aire zabaleko jardueren araudia eta kontrola kudeatzea, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari eman zaizkion eskumenen eremuan, eta gazteentzako jarduerei buruzko araudia garatu eta kudeatzea.
l) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta Gazteriaren zuzendariorde nagusiak agintzen dizkionak.
26. artikulua. Azpiegituren Zuzendariordetzaren atalak.
Azpiegituren Zuzendariordetzak Azpiegiturak Kudeatzeko Atala du bere egituran.
27. artikulua. Azpiegiturak Kudeatzeko Atala.
Azpiegiturak Kudeatzeko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Azpiegituren Zuzendariordetzari argibideak, aholkua eta sostengua ematea bere eskumeneko arloetan.
b) Lehenbiziko aldiz ezartzeko obrak, berritzekoak edo konponketa handikoak eta ekipamendu handiak egiteko inbertsioak kudeatu eta kontrolatzea, baita konponketa arrunten ondorioz sortzen diren ondasun eta zerbitzuetako gastu arruntak ere, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari atxikita dauden zentroetan.
c) Kirolerako eta gazteentzako instalazioetako planak prestatzea oniritzia eman dakien eta onets daitezen, indarreko araudiaren arabera, eta plan horien betearazpena kudeatzea.
d) Kapital transferentzien bidez eragindako inbertsioetako laguntzak koordinatu, kudeatu eta kontrolatzea, baita kirolerako eta gazteentzako ekipamendu eta instalazioetarako diru-laguntzak ere.
e) Toki, kirol eta gazte entitateei aholku ematea azpiegituren arloan eta horietan garatu behar diren programen gainean.
f) Gazteentzako instalazioetako, erabilera publikoko kirol instalazioetako eta hango ekipamenduetako segurtasun planak kudeatzea eta toki entitateei aholku ematea arlo horren gainean.
g) Nafarroako Foru Komunitateko kirol instalazioen errolda kudeatzea.
h) Kirolerako eta gazteentzako instalazioen eraikuntzarekin eta/edo birmoldaketarekin zerikusia duten ekintzak koordinatzea beste departamentu edo entitate publiko batzuekin.
i) Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiaren eta Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiaren menpeko zentroen aholkularitza teknikorako eta hornidurarako kontratuen prozedurak koordinatu, gauzatu, garatu eta kontrolatzea.
j) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta Azpiegituren zuzendariorde nagusiak agintzen dizkionak
.28. artikulua. Bulegoak eta horiekin parekaturiko unitateak.
Bulegoak edo bulegoekin parekatutako beste unitate administratibo edo tekniko batzuk sortu, aldatu edo kentzea Gizarte Politiketako kontseilariari dagokio, foru agindu baten bidez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.
VI. KAPITULUA. Zentroak
29. artikulua. Zentroak.
1. Hona hemen Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroak:
a) Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa.
b) “Larrabide Estadioa” Kirol Teknifikazioaren Zentroa.
c) Guelbenzu Jolaslekua.
d) Kirolaren Etxea.
e) “Printzearen Gotorlekua” Kirol Egoitza.
f) “Printzearen Gotorlekua” Gazteen Egoitza.
g) “Otadiko Kristo Santua” Gazteen Aterpetxea eta Prestakuntzarako Baliabide Zentroa.
h) “Baztan” Gazteen Aterpetxea.
i) “Belbieretxea” Gazteen Aterpea.
j) Getadarko Gazteen Aterpea.
2. Aurreko zenbakiko a), b), c), d) eta e) letretan adierazitako Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zentroak Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiaren menpe egonen dira hierarkikoki.
3. Aurreko zenbakiko f), g), h), i) eta j) letretan adierazitako Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zentroak Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiaren menpe egonen dira hierarkikoki.
30. artikulua. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa.
1. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeak eskuordetzen dizkionak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzaren goi plangintza, zuzendaritza eta babespean.
b) Nafarroan dauden kirol arloko industria eta zerbitzu sektoreen lehiakortasuna, modernizazioa, berrikuntza eta dibertsifikazioa hobetzea.
c) Nafarroako kirolarien kirol marka hobetzea.
d) Herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetu eta horretaz arduratzea, kirolari loturiko esparruetan, giza-talde berezi batzuk lehenetsiz, hala nola, zaharrak eta eri kronikoak.
e) Kirolari buruzko ikerketetan gorako estandarrak lortzea, kirol errendimendu altuari eta osasunari loturiko arloetan.
f) Ikerkuntza zientifiko eta teknologikoa etengabe eguneratzea.
g) I+G proiektuak burutzeko eta doktoretza mailako ikasleak prestatzeko orduan eraginkortasuna lortzea.
h) Kirol teknikariak prestatzeko orduan eraginkortasuna lortzea, bere buruaz baliatzeko modukoak eta berritzaileak izan daitezen.
i) Kirol profesionalak prestatzea, lan merkatuaren beharren arabera.
j) Motibazioa, sormenerako pizgarria, lan taldeko garapen pertsonala eta taldekako partaidetzaren izpiritua sustatzea.
k) Nafarroako goi mailako kirolariei eta giza-talde bereziei laguntza teknikoa ematea.
l) Ikerkuntza aplikatuko proiektuak, diziplinartekoak, gidatzea, errendimendu altuko kirolarien eta giza-talde berezien gaitasun funtzionala hobetzeko arazoak konpontzea xede dutenak, eta berrikuntza teknologikoa.
m) Ariketa fisikoaren ikerketaz arduratzen diren Espainiako eta nazioarteko erakunde, elkarte eta erakundeekin batera elkarlanean aritzea eta horietan parte hartzea.
2. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendariak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Zentroaren helburu, programa eta jarduerak diseinatu, planifikatu, ebaluatu, koordinatu eta garatzea.
b) Zentroko laguntza, ikerkuntza eta prestakuntza jarduerak koordinatu eta bultzatzea eta horietan parte hartzea.
c) Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiari eta zentroko langileei garatzen diren estrategien eta lortzen diren emaitzen berri ematea.
d) Zentroaren jarduera Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko unitate organikoekin koordinatzea, kasuan kasukoarekin.
e) Nafarroako Foru Komunitateko osasun administrazioarekin ekintzak koordinatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileak eta baliabideak ahalik eta hobekien aprobetxatzeko.
f) Zentroko kudeaketa arloetan aplikatzekoa den araudia betetzen dela begiratzea.
g) Zentroaren filosofia planifikatu eta garatzea, bereziki zentroaren eta erabiltzaileen arteko harremanei eta zentroko langileek egiten diren ekintzetan izan beharreko esku-hartzeari dagokienez.
h) Foru dekretu honetan zentroko zuzendariei, oro har, esleitzen zaizkion eginkizunak.
i) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta Kirolaren zuzendariorde nagusiak agintzen dizkionak.
31. artikulua. Zentroetako zuzendariak.
1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zentroei zuzendari bana esleituko zaie, baldin eta kargu hori berariazko lanpostu gisa agertzen bada Institutuko plantilla organikoan.
2. Zuzendariaren karguari dagozkion ordainsariak aipatutako plantilla organikoan ageri direnak izanen dira. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendariaren ordainsariak atalburuenak bezalakoak izanen dira.
3. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroetako zuzendaritza lanpostuak askatasunez egindako izendapenaren bidez beteko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileen artetik hautatuz.
4. Institutuetako zentroetako edo haiekin parekaturik dauden unitate organikoetako zuzendariei dagokie zentroak kudeatzea arlo hauetan: administrazio-lanak, langileria, ohiko hornidurak, fakturetako ohiko gastuak, laguntzarako eta ekipamendurako kontratazioen ohiko jarraipen-lanak eta, orobat, dokumentu-kudeaketa eta artxiboa.
Haiei dagokie, orobat, zentroko jarduerak programatzea eta zentroko kudeaketa arlo bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzen dela begiratzea, hori guztia deusetan galarazi gabe, arloa zein den, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko beste unitate organiko batzuei dagozkien eskumenak
.VII. KAPITULUA. Kide anitzeko organoak
32. artikulua. Kide anitzeko organoak.
1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko kide anitzeko organoak, erakundeko zuzendari kudeatzaileari zuzenean atxikita daudenak, hauek dira:
a) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea.
b) Nafarroako Kirolaren Kontseilua.
c) Nafarroako Kirol Instalazioen eta Ekipamenduen Segurtasunerako Batzordea.
d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren Departamentuarteko Batzordea.
e) Sortzeko arauekin bat, atxikitzen zaizkion gainerako organoak.
2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren Departamentuarteko Batzordea gazteentzako zeharkako politikak koordinatzeko eta bultzatzeko organoa da. Batzordeko kideak eta batzordearen eginkizunak eta funtzionamendu arauak Gizarte Politiketako kontseilariak ezarriko ditu.
III. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDE EKONOMIKOAK, AURREKONTUAK ETA EKONOMIAKO ETA KONTABILITATEKO ARAUBIDEAK
33. artikulua. Ondarea.
Gai horiek erregulatzen dituen araudian xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Fisikoaren Institutuaren osagai izanen dira erakundeari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkion Nafarroako Ondarearen ondasun eta eskubide guztiak. Ondare horren ondasun direnez gero, dagokien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute.
34. artikulua. Baliabide ekonomikoak.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baliabide ekonomikoak hauexek dira:
a) Hari atxikitako ondasun eta eskubideen interes, errenta eta mozkinak.
b) Nafarroako Foru Komunitateak erakundeari bere gizarte prestazio eta zerbitzuetarako atxikitzen dizkion baliabideak.
c) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura egiten zaizkion transferentzia eta ekarpenak.
d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen diru-sarrera arruntak nahiz bereziak.
e) Entitateek emandako borondatezko ekarpen edo diru-laguntzak.
f) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.
35. artikulua. Aurrekontuen araubidea.
1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen menpe izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.
2. Aurrekontuen egitura, diru-sarrera eta gastuen sailkatzeari eta horien zehaztasun-mailari dagokienez, Nafarroako aurrekontu orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor horien barnean baitira.
3. Aurrekontuen exekuzioari eta likidazioari dagokienez, Nafarroako aurrekontu orokorrei aplikatzen zaizkien arau orokorretara joko da.
36. artikulua. Kontu-hartzea.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko kudeaketa ekonomikoa -hots, edukin ekonomikoko ondasun eta eskubideak sorrarazten dituzten egintza, agiri eta espedienteak- Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat ezarritako modu eta baldintza berberetan eramanen da kontu-hartzailetzari eta kontabilitateari dagokienez.
37. artikulua. Kontabilitate araubidea.
1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua kontabilitate publikorako araubidearen menean geldituko da, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak dituen modu eta baldintza berberetan.
2. Kontuen ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurrikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.
IV. TITULUA. LANGILEAK
38. artikulua. Langileen araubidea.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko langileria honako hauek osatzen dute:
a) Nafarroako Gobernuak hautaturik, izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren erakundeari atxikita daudenak eta atxikitzen zaizkionak.
c) Erakunde autonomoari atxikitako lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak.
V. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA
39. artikulua. Araubide juridikoa.
1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluaren I. kapituluan erakunde autonomoentzat ezarritakoa izanen da.
2. Langileei, kontratazioei eta aurrekontuei buruzko administrazio egintzei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren araudi berariazkoari jarraituko zaio.
40. artikulua. Errekurtsoak.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak emandako egintza eta ebazpenen kontra bidezko izanen da legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak paratzea.
41. artikulua. Laguntza juridikoa.
1. Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren letratuei dagokie, ordezkatu eta defendatzeko elkargoko beste abokatu bat izendatzen den kasuetan salbu.
2. Halaber, Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoak aholku juridikoa ematen ahalko dio Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuan ezarritako moduan.