(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Gazteria :
    • Arau orokorrak :
      • 116/2012 Foru Agindua, martxoaren 27koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako Gazteriaren Behatokia sortu eta arautzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

116/2012 Foru Agindua, martxoaren 27koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako Gazteriaren Behatokia sortu eta arautzen duena

 

(2012ko 93. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 17an)

Atarikoa

Espainiako Konstituzioaren 48. artikuluak botere publikoen esku uzten du gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean parte-hartze libre eta eragilea izateko baldintzak sustatzea. Bere aldetik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.18 artikuluak gazteentzako politikaren arloko eskumen esklusiboak ematen dizkio Nafarroako Foru Komunitateari.

Eskumen horren babesean hainbat arau onetsi dira, eta haien artean, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legea nabarmentzen da. Foru lege horren xedea da gazteriaren arloko politika berariazkoa arautzea, bai eta zeharkako politika bat ere, Nafarroako gazteria hartzaile izanen duena.

Gazteriaren arloko politikek zeharkakoak izan behar dute, zinez eraginkorrak izan daitezen; hortaz, Nafarroako Gobernuko departamentu guztien elkarlana beharrezkoa da, betiere gazteria eta gazteengan eragina duten hainbat aldagai aintzat hartuta diseinatzen eta martxan jartzen dituzten politiketan.

Gizarte honetan, informazioa eta ezagutza herrialdearen garapen politiko, sozial, kultural eta ekonomikoaren sustatzaile nagusiak izanik eta hain garrantzitsuak izanda erabakiak hartzerakoan eta politikak diseinatu eta ebaluatzerakoan, ikusi da beharrezkoa dela informazio iturriak sistematizatzea, informazio iturri globala eskaintzeko.

Informazioa eta ezagutza errazago eskuratzeko, informazio eta datu iturri osoak, integratuak, fidagarriak eta eskuragarriak izateko premia horri heltzen dio behatokiak sortzeak.

Hori dela eta, Gazteriari buruzko Foru Legearen 6.3 artikuluak adierazten du gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak erregelamendu bidez sortu eta zehaztu ahalko dituela Nafarroako Gazteriaren Behatokiaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu arauak. Hura organo tekniko prospektibo gisa definitzen da, zeinaren xedea baita beharrezkoak diren ezagutzak ematea, adierazleen ebaluazioaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gazteen egoera hobetzeko politikak ezar ditzan.

Halaber, foru lege horren azken xedapenetako lehenak ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuari eta gazteriaren arloan eskuduna den departamentuko titularrari, foru lege hau aplikatu eta garatzeko eska daitezkeen erregelamendu-xedapenak eman ditzaten.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Sorrera.

Nafarroako Gazteriaren Behatokia sortzen da, organo tekniko prospektibo gisa, Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikia eta haren estatutuetan ezartzen den erakunde autonomo horren atalaren menpe.

2. artikulua. Xedea.

Nafarroako Gazteriaren Behatokiaren xedea da beharrezkoak diren ezagutzak ematea, adierazleen ebaluazioaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gazteen egoera hobetzeko politikak ezar ditzan. Horretarako, informazioa eskuratzeko sistemak jarriko ditu martxan, hainbat iturritako datu osoak, integralak, fidagarriak eta eskuragarriak erdietsiz.

3. artikulua. Eginkizunak.

1. Nafarroako Gazteriaren Behatokiaren eginkizun nagusia da errazago egitea informazioa eta ezagutza eskuratzea eta transferitzea gazteriaren arloan.

2. Orobat, Nafarroako Gazteriaren Behatokiak eginkizun hauek ditu:

a) Informazioa biltzea, zuzenean edo zeharka Nafarroako gazteriaren errealitatea islatzen duena.

b) Azterlanak eta ikerlanak egitea, Nafarroako gazteriaren errealitatea hobeki ulertzeko.

c) Aldagai estatitistiko zehatzak ezartzea gazteriaren arloan, eta haien bilakaerari segimendua eta kontrola egitea.

d) Adierazleen sistema bat sortzea, gazteriari buruzko politika publikoa kudeatzeko ardura duten unitate administratiboekin elkarlanean.

e) Proposamenak egitea, lehenagoko azterlanetan oinarrituak, erabakiak hartzea errazagoa izan dadin.

f) Aholkuak ematea beste instituzio eta zentro informatzaileei bere lanari edo eginkizunei buruz.

g) Generoaren ikuspuntua sartzea egiten dituen analisi, azterlan, ikerlan eta ebaluazioetan.

h) Txosten bat prestatzea urtero Nafarroako gazteriaren egoerari buruz.

3. Nafarroako Gazteriaren Behatokiak, estatistikaren eginkizunetan ari dela, Nafarroan estatistika arautzen duen araudian xedatuari jarraituko dio, eta hura zuzentzen duten printzipioak begiratuko ditu.

4. Bere eginkizunak garatzeko, Behatokiak Nafarroako Gazteriaren Institutuko giza baliabideak eta baliabide materialak izanen ditu.

4. artikulua. Metodologia.

1. Nafarroako Gazteriaren Behatokiak sistema metodologiko bat garatuko du, informazioa ezagutza erabilgarria izatera pasa dadin.

2. Prozesu metodologikoak fase hauek izanen ditu:

a) Datuak eta informazioa eskuratzea: oinarrizko informazioa biltzea aurretik ezarritako irizpideen arabera, horretarako behar diren iturriak antzeman ondoren.

b) Informazioa kudeatzea: estatistikako egiturak eta euskarriak garatzea, eskuratutako datuak egiaztatu, ordenatu eta kontrastatzeko, haien artean edo dagoeneko dauden beste batzuekin.

c) Ezagutza sortzea: eskuratutako datuak ondorio objektiboak eta estrategikoak bihurtzea, oinarria izan dadin gazteriaren arloan politikak hartzerakoan, erabakiak hartzerakoan eta gazteriaren errealitatearen gaineko ikuspegi berria osatzerakoan.

d) Ezagutza eskaintzea: emaitzak igortzea eskudun diren administrazio publikoei, politika publikoak eta erabakiak hartzeko modua planifikatu, diseinatu, gauzatu eta ebaluatu ditzaten.

5. artikulua. Nafarroako Gazteriaren Behatokiko zuzendaritza.

1. Nafarroako Gazteriaren Behatokiko zuzendaritza Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari dagokio, eta zein atalaren menpe dagoen hura, horrexek lagunduko dio bere eginkizunetan.

2. Hona hemen Nafarroako Gazteriaren Behatokiko zuzendariaren eginkizunak:

a) Nafarroako Gazteriaren Behatokiaren funtzionamendurako ildo nagusiak onestea.

b) Programazio orokorra eta urteko jarduera plana onetsi eta ebaluatzea.

c) Nafarroako Gazteriaren Behatokiko jarduerak eta helburua betetzen direla gainbegiratzea.

d) Kanpoko kolaborazioak, egin behar izanez gero, aukeratzeko prozedura zehaztea.

e) Nafarroako Gazteriaren Behatokiaren ordezkari izatea.

6. artikulua. Kudeaketa.

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zein atalaren menpe dagoen, hari dagokio Nafarroako Gazteriaren Behatokiaren kudeaketa arrunta, eta koordinatzaile baten bidez eginen da.

2. Honakoak izanen dira kudeaketa arruntaren barrenean dauden berariazko eginkizunak, zuzendariak agintzen ahal dizkionak ukatu gabe:

a) Nafarroako Gazteriaren Behatokiaren jarduerak koordinatzea.

b) Nafarroako Gazteriaren Behatokiko zuzendariari aurkeztea urteko programazioaren proposamena eta urteko jardueren plana, bai eta hari jakinaraztea nola garatu eta ebaluatu diren.

c) Nafarroako Gazteriaren Behatokiaren ordezkari izatea, zuzendariaren ordez.

d) Nafarroako Gazteriaren Behatokiak egindako agiriak ziurtatzea.

7. artikulua. Elkarlana instituzioekin eta administrazioen artean.

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuak Behatokiaren emaitzak emanen dizkie gazteriaren arloan eskumenak dituzten administrazio publikoei, horiek arlo horretan planak prestatu eta politikak aurrera eraman ditzaten.

2. Nafarroako Gazteriaren Institutuak bidezko juzgatzen dituen lankidetza hitzarmenak, protokoloak, akordioak, planak eta programak sinatuko ditu beste administrazio publikoekin edo entitate pribatuekin haien jarduera hobeki garatzeko foru agindu honetan xedatuaren inguruan.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek, gazteriari buruzko politikaren arloko zeharkakotasun printzipioa aplikatuz, gazteriaren aldagaia izanen dute kontuan estatistikak eta ikerlanak prestatzerakoan.

Azken Xedapenetako Lehena. Garatzeko eta aplikatzeko gaikuntza.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari gaikuntza ematen zaio foru agindu hau garatu eta aplikatzeko behar diren egintza guztiak emateko.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa