2021ko apirilaren 20a

Nafarroak eta Estatuak maiatzaren 24an sinatuko dute espetxe-osasunaren eskumenaren eskualdatzea, eta trafikoarena bigarren seihilekoan egitea adostu dute

Erabaki horiek hartu dituzte Maria Chivite Lehendakariak eta Miquel Iceta ministroak gaur Madrilen egin duten bileran
Navarra y el Estado firmarán el 24 de mayo el traspaso de la competencia de sanidad penitenciaria Irudi galeria

Nafarroak eta Estatuak datorren maiatzaren 24an sinatuko dute espetxe-osasunaren eskumenaren eskualdatzea. Horrela erabaki dute gaur Maria Chivite Lehendakariak eta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroa den Miquel Icetak egin duten bileran. Halaber, trafikoaren transferentzia bigarren seihilekoan egitea adostu dute.

Bilera Madrilen egin dute, Ministerioaren egoitzan, eta, Nafarroako Gobernuaren aldetik, lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilari Javier Remirezek eta, Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioaren aldetik, Victor Francosek, Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko estatu-idazkariak, eta Miryam Alvarezek, Lurralde Koordinaziorako idazkari nagusiak, ere hartu dute parte; halaber, Santos Cerdan bildu da; hots, diputatu nafarra eta PSOEko Lurralde Koordinaziorako idazkari exekutiboa.

Modu horretan, maiatzaren 24an, Nafarroaren eta Estatuaren arteko batzorde mistoa bilduko da, espetxe-osasunaren eskumenaren eskualdaketa sinatzeko. Gainera, bigarren seihilekoan egitea adostu dute trafiko eta bide-segurtasuneko eskumenaren transferentzia, Nafarroako Gobernuak Estatuaren  eskutik dokumentazio teknikoa jaso ondoren. Ildo horretan, Chivite Lehendakariak Iceta ministroari esan dio Foru Exekutiboa proposamen teknikoa lantzen ari dela, eta Nafarroako Gobernuaren erabakia berretsi du; hau da, Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legean aurreikusitako “pasabidea” izenekoa aktibatzea, Guardia Zibileko trafiko taldeko kideak Nafarroako Foruzaingoan sartzeko aukera emango duena.

“Espainiako Gobernuarekin ondo ulertzen garela nabarmendu nahi dut, harreman ona dugula Ministerio guztiekin, egiten ari garen bileretan, eta, batez ere, eskerrak eman nahi dizkiot Iceta ministroari, ezin hobeto ulertzen duelako Espainia plurala eta autonomiena eta gure foru-erregimena partekatu eta errespetatzen duelako. Eta ulermenaren ildo horretan, espetxe-osasunaren eskumena eskualdatzea erabaki dugu eta trafiko eta bide-segurtasunarena aurtengo bigarren seihilekoan egitea”, adierazi du Lehendakariak. Era berean, “orain aztertzen ari diren bezalako proposamen teknikorik Gobernu batek inoiz ez duela aurkeztu”, nabarmendu du.

Langile publikoen behin-behinekotasun egoera konpontzea

Horrez gain, Chivitek eta Icetak enplegatu publikoen behin-behinekotasunaren arazoa konpontzeko konpromisoa agertu dute. Horretarako, bi gobernuak konponbide bat lantzen ari dira, "enplegu publikorako sarbideari eta Administrazio bakoitzaren berezitasunei dagokienez, legezkotasuna eta araudia zehatz-mehatz errespetatuta”, plantillak egonkortzea erraztuko duen irtenbide bat eskaintzeko.

Azkenik, Chivite Lehendakariak Iceta ministroari jakinarazi dio Nafarroako Gobernuak behin betiko aurrera egin nahi duela Administrazioaren digitalizazioan, Ministerioarekin eta gainerako erkidegoekin lanean ari diren ildoan, zerbitzu publiko modernoa eta eraginkorra lortzeaz gain, langile publikoek ere baldintza duinak izatearren. 

Ildo horretan, Javier Remirez lehendakariordeak adierazi du “pozgarria dela Nafarroako Gobernua eta Espainiakoa bat etortzea Administrazioko plantillaren behin-behinekotasunaren arazoa konpontzeko. Bi Gobernuek nahi dutena da Administrazio Publikoan sartzean berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak errespetatuko dituzten irtenbideak bilatzea eta neurri malgu eta irudimentsuak hartzea, erkidego bakoitzak konponbide espezifikoak izan ditzan iraganean sortutako egoerari aurre egiteko”.

Chivite Lehendakariaren eta Iceta ministroaren arteko bilera, lehena azkena karguaz pasa den urtarrilean jabetu zenetik, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren arteko konpromisoan kokatzen da; alegia, "elkarrizketarako, akordiorako, baterako gobernantzarako eta leialtasun instituzionalerako espazioak sakontzen jarraitzea, jada ezarriak legegintzaldi honetan”.