2021ko apirilaren 20a

La Fura dels Baus taldeak kontzertua eskainiko du SciencEkaitzan, ekainaren 25ean Iruñean ospatuko den Nafarroako zientziaren ekitaldi eta festan

SciencEkaitza sarien hirugarren edizioak beste erkidego batzuetako eta nazioarteko proposamenei zabalduko die bere parte hartzea
La Fura dels Baus taldeak kontzertua eskainiko du SciencEkaitzan, ekainaren 25ean Iruñean ospatuko den Nafarroako zientziaren ekitaldi eta festan Irudi galeria

SciencEkaitza Nafarroako Ekitaldi Zientifikoaren hirugarren edizioa ekainaren 25ean izango da Iruñean, La Fura dels Baus antzerki konpainiaren emanaldiarekin, Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta enpresarialeko kontseilariak eta Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak gaur iragarri dutenez. Topaketa zientifiko hau, zientzia eta teknologia herritarrengana hurbiltzen duen festa bihurtua, Nafarroako I+G+b Sistemaren (SINAI) koordinatzailea den ADItech korporazio teknikoak antolatzen du, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan. Aurkezpenean Paula Noya Aditech-eko Lankidetza Teknologiko eta Bikaintasuneko zuzendariak ere parte hartu du.

SciencEkaitza Nafarroako Ekitaldi Zientifikoaren hirugarren edizioa ekainaren 25ean izango da Iruñean, La Fura dels Baus antzerki konpainiaren emanaldiarekin, Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta enpresarialeko kontseilariak eta Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak gaur iragarri dutenez. Topaketa zientifiko hau, zientzia eta teknologia herritarrengana hurbiltzen duen festa bihurtua, Nafarroako I+G+b Sistemaren (SINAI) koordinatzailea den ADItech korporazio teknikoak antolatzen du, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan. Aurkezpenean Paula Noya Aditech-eko Lankidetza Teknologiko eta Bikaintasuneko zuzendariak ere parte hartu du.

COVID-19ak 2020an eragindako geldialdiaren ondoren, SciencEkaitza ekitaldia aurten itzuliko da hainbat berrikuntzarekin. Horietako nagusietarikoa da beste erkidego eta herrialde batzuetako proiektuetara ireki dela. “Izan ere, SciencEkaitza, ekitaldiaz gain, lehiaketa zientifikoa da, ideia berritzaileenak eta ekonomia aldatzeko gaitasun handiena dutenak identifikatzearren”, gogoratu du Irujo kontseilariak, eta gehitu du oso urte  gutxitan ekitaldia “erreferentzia garrantzitsua izatera iritsi dela zientzia hedatzearen aldetik, Nafarroa ikerkuntzaren nazioarteko mapan kokatuaz”.

Zehazki, SciencEkaitza sarietan, lau kategoria izango dira oraingoan. Aurreko edizioetan bezala, SINAI saria emango zaie jarduneko lankidetza-proiektuei, baldin eta Nafarroako espezializazio adimentsuko (S3) sei arlo teknologikotakoren bati erantzuten badie; era berean, herritarren saria jasoko du boto gehien lortutako ekimenak. Horrez gain, aurten, IDEAS saria eta OPEN saria atera dira: lehena Nafarroako ideia disruptibo eta kolaboratibo berriak saritzeko eta bigarrena estatuko eta nazioarteko ideia berritzaileentzat. Aurkeztutako hautagai guztiek batera eta berdintasunean eskuratu ahal izango dute herritarren saria; hau da, herritarrek gehien bozkatutako proiektuarentzako Viscofan Taldeak babestutakoa.

Parte hartu nahi duten ikerketa-taldeek beren hautagaitzak aurkeztu ahal izango dituzte datorren maiatzaren 14ra bitarte, SciencEkaitzaren web orrialdearen bidez (dagoeneko hainbat hautagaitza jaso dira). Zientziaren eta teknologiaren arloan izen handia duten pertsonek osatutako nazioarteko epaimahaiak hautatuko du kategoria bakoitzeko proiektu irabazlea.

Sari horien bitartez, Foru Exekutiboaren helburua da “zentro teknologikoetan eta baita enpresetan ere ikerketaren dinamizazioa bultzatzea eta berrikuntzaren alderdi guztietan hobekuntzak egitea”, nabarmendu du Irujok.

Hala ere, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak azpimarratu du Foru Exekutiboaren inplikazioa sari horietatik haratago doala, berrikuntza sustatzeko laguntza-lerro ezberdinak sortuta. “Aurten, urrunago joan gabe, aurrekontua gehitu dugu enpresa-arloko I+G+b sustatzeko eta enpresen eta zentro teknologikoen artean proiektu estrategikoak indartzeko”, nabarmendu du, eta jada ateratako bi deialdi aipatu ditu, 12 eta 16 milioi eurokoak, hurrenez hurren. “Nafarroako Gobernuak enpresa-arloko I+G+b sustatzeko bideratutako 28 milioi euroko laguntza-sortaz ari gara”, laburbildu du.

COVID-19aren pandemiak agerian utzi du “berrikuntza gehiago, lankidetza gehiago, digitalizazio gehiago eta sormen gehiago behar direla krisitik irteteko”, gogoratu dute Irujok eta Cigudosak. Eta horretan zentro teknologikoek, enpresek eta Administrazioak asko dute esateko, “lehiakortasun solido eta sendoago bat duen eredu ekonomikoa sortzearren”. SciencEkaitza beste urrats bat da norabide horretan.

Zientziaren jaia

Duela hiru urtetik hona, SciencEkaitza ekitaldiak bere tokia egin du Foru Komunitateko ekitaldi garrantzitsuen artean, eta gero eta herritar gehiago erakarri ditu, ez nahitaez zientziarekin loturikoak, baina bai berrikuntzaren aurrerapenetan interesatuak.

Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosak ekimena garrantzitsua dela esan du, zientzia herritarrengana hurbiltzeaz gain, Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) ikerketa-komunitatearen lana saritu nahi baita horren bitartez. “SciencEkaitza bat dator zientzia, berrikuntza eta hedapena sustatzeko departamentuak duen helburuarekin nahiz nazioartekotzea bultzatzearekin”, adierazi du.

Ildo horretan, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosak aitortu du “zientzia egitea bezain garrantzitsua dela hori komunikatzea eta gizartea ikerketa-lanaren partaide egitea”. Eta, hain zuzen ere, SciencEkaitza ekitaldia helburu bikoitz horrekin sortu zen 2018. urtean.  “Gizartea jabearazi behar dugu jarduera zientifikoak talentuari eustea sustatzen duela, inpaktu sozial handia duela eta ekonomiaren iraunkortasuna ziurtatzen duela, zientziarik gabe ez baita susperraldirik etorriko”, gehitu du Cigudosak.

Zientzia gizartearengana hurbiltzeko modu bat da umorea eta antzerkia erabiltzea. ADItech-eko Lankidetza Teknologikoko  eta Bikaintasuneko zuzendaria den Paula Noyak La Fura dels Baus antzerki-konpainia SciencEkaitza jaiako “funtsezko pieza” gisa aurkeztu du. Sariak banatzeko ekitaldirako ad hoc sortutako istorioa antzeztuko du konpainiak. “SciencEkaitza gure ikerketa-ehunak garatutako zientziari egindako omenaldia da inoiz baino gehiago. Horretarako, Fura dels Baus izango dugu, antzerki digitalaren aitzindaria eta diziplinen tirabira bilatzen duen munduko konpainia berritzaileenetarikoa, arte eszenikoen eta teknologia disruptiboenen artean”, erantsi du Noyak.

Ikuskizunak pentsamendu zientifikoaren garrantzia aitortzen du eta komunitate zientifikoaren eta ikertzailearen jakin-minari, pazientziari eta kemenari esker gizartearen ongizatea hobetzen laguntzen duten emaitzak lortzen direla.

Luis Piedrahita umoristak aurkeztuko ditu beste urte batez zientziari buruzko ekitaldia eta sarien banaketa, ohiko umorearekin. Nafarroako Gala Zientifikoa  Navarra Arenan egingo da ekainaren 25ean (ostirala), 19:00etan. Ekitaldira joateko sarrerak laster jarriko dira salgai 5 euren truke, Navarra Arenaren web gunean eta Baluarteko leihatilan.

Noyak “eskerrak eman dizkie aurreko edizioetan lagun izan dituzten erakunde publiko eta pribatu guztiei, haien laguntzarik gabe ezinezkoa izango baitzen gaur hemen SciencEkaitzaren hirugarren edizioa aurkezten egotea”. Orain arte, topaketa zientifiko honek zientzia eta teknologia sustatu nahi dituzten erakundeen babesa du; besteak beste, Viscofan Taldea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Nasertic, Dana Automotive eta Intia, Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutua. Hala ere, oraindik parte har dezakete proiektuarekin bat egin nahi duten enpresa eta instituzio berriek. Gainera, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) SciencEkaitza kultura zientifikoa, teknologikoa eta berrikuntza sustatzeko proiektutzat jo du.