2021ko urtarrilaren 27a

Gobernuak gaurko bilkuran onartutako beste akordio batzuk

Esnaola kontseilaria José Miguel Barandiaren Fundazioko patrono izendatu da. Cabanillaseko herri-lurren desafektazioa.

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, erabaki bat hartu du Rebeca Esnaola, Kultura eta Kirol kontseilaria, “José Miguel de Barandiaran” Fundazioko patrono izendatzeko, Foru Gobernuaren beraren ordezkari gisa.

Jose Migel Barandiaran antropologo gipuzkoarrak eta Eusko Ikaskuntzak sortu zuten fundazioa 1998an. Patronatu batek zuzentzen du, eta Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek babesten dute.

Erakunde honen helburuak dira Barandiaranen bizitza, pentsamendua eta zientziari eta kulturari egiten dion ekarpena aztertzea, bere lana esparru guztietan zabalduz; eta bere ekoizpen zientifiko guztia biltzea, bai argitaratutakoa, bai argitaratu gabea, idazlanaren edizio kritiko zaindua sustatuz.

Gainera, Barandiaranek hasitako eta jarraitutako ikerketa-lanarekin jarraitzen du fundazioak, batez ere historiaurreko, arkeologiako, antropologiako eta etnografiako arloetan, ikerketa-programen eta -beken bidez, baita ikastaro, mintegi, hitzaldi edo antzeko jardueren bidez ere, eta fundazio berak sustatutako ikerketen emaitzak argitaratzen ditu.

Cabanillaseko herri-lurren desafektazioa

Nafarroako Gobernuak Cabanillaseko Udalaren herri-lurren desafektazioa onartzeko akordioa onetsi du gaurko bilkuran.

"Valdebona" eta "Serralta" parajeetan kokatuta dagoen lursailak 19.573 m2 ditu eta "Eólica Cabanillas, S.L.U." enpresari lagako zaio erabilerarako. Jarduketa honen helburua aerosorgailu berri bat eta haren azpiegitura zein sarbideak jartzea da, Serralta parke eolikoan kenduko diren beste batzuen ordez.

Lagapen-epea 30 urtekoa da, eta enpresak 2.200 euroko kanona ordainduko du urtean martxan jarritako MW bakoitzeko. Kanon hori urtero eguneratuko da, urteko KPIaren arabera.