Descárgate la app
Kontaktuzko kirol lehiaketak modu mailakatuan hasiko dira Nafarroan otsailaren 12tik aurrera, eta pandemiaren bilakaeraren menpe egongo dira
2021ko urtarrilaren 26a
Aurkaritzako kirol lehiaketak modu mailakatuan hasiko dira Nafarroan otsailaren 12tik aurrera, eta pandemiaren bilakaeraren menpe egongo dira
Otsailaren 12tik aurrera hasiko dira, modu mailakatuan, kontaktu- edo aurkaritza-kiroletako autonomia mailako lehiaketa ofizialak. Nafarroako Kirolaren Institutuak baimendu du lehiaketa horiek hastea, eta COVID-19 pandemiaren bilakaeraren menpe egongo dira. Horiek antolatzen dituzten Nafarroako federazioek, aldez aurretik eta nahitaez, osasuna babesteko neurri guztiak biltzen dituen protokoloa aurkeztu beharko dute.
NKIko zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotzen dira kontaktu- edo aurkaritza-kiroletako modalitateen lehiaketak abian jartzeko bete beharreko baldintzak. Taldekakoen artean, futbola, areto-futbola, saskibaloia, eskubaloia, errugbia, hockeya, patinetako hockeya eta waterpolo sartzen dira; banakoetan, berriz, borrokakoak eta arte martzialak.
Hasteko egunak aldatu edo bertan behera utzi ahal izango dira, egoera epidemiologikoaren eta Nafarroako Gobernuko osasun-agintariek har ditzaketen neurrien arabera. Hori dela-eta, lehiaketak hasi ondoren, aldi baterako edo behin betiko eten ahal izango dira.
Kategorien arabera, taldeko modalitateetarako baimendutako egunak hauek dira: senior, junior edo baliokideak otsailaren 12tik aurrera; kadeteak otsailaren 19tik aurrera; haurren kategoria otsailaren 26tik aurrera; eta gainerako kategoriak martxoaren 5etik aurrera.
Banako kirolei dagokienean, kategoria absolutuak otsailaren 12an hasi ahal izango du; juniorrak 19tik aurrera; kadeteak otsailaren 26tik aurrera; haurren kategoriak martxoaren 5etik aurrera; eta gainerakoak martxoaren 12tik aurrera.
Ebazpenaren arabera, federazio bakoitzak goragoko kategoriarako hautatutako hasiera-data edozein izanda ere, gainerako kategorien hasiera mailakatua izango da beti, adierazitako denbora-diferentziekin.
Horrez gain, NKIren ebazpenean esaten da entrenamendu osoak egin ahal izango direla bi talde ezberdinen artean –lagunarteko partiden kasua– , kirol-maila edo dibisio berean parte hartzen badute, eta behin lehiaketa hasita.
Kontaktu edo aurkaritzako kirolak ez diren gainerako modalitateek badute jada baimena izaera autonomikoko lehiaketa ofizialak egiteko. Era berean, nazio-mailako edo autonomia-erkidegoen arteko kontaktu-kiroletako lehiaketak egiten ari dira, federazio nazionalek edo Kirol Kontseilu Gorenak arautzen dituztenak.
Jarduteko derrigorrezko protokoloa
NKIko zuzendari kudeatzailearen ebazpenean ezartzen den moduan, lehiaketa bakoitza hasi aurretik —kontaktu edo aurkaritzako kirolak nahiz gainerako modalitateak—, federazioek jarduera-protokolo loteslea aurkeztu beharko dute derrigorrez, parte hartuko duten erakunde guztientzat; bertan, inplikaturiko pertsona guztien osasun babesteko neurri espezifikoak ezarriko dira, osasun-agintariek emandako irizpideen arabera.
Halaber, kirol-federazioek COVID-19aren arduraduna izendatu eta horrek garatu beharreko funtzioak ezarri beharko dituzte; era berean, parte hartzen duen klub bakoitzak arlo horren arduraduna izendatu beharko du, eta pertsona hori arduratuko da parte hartzen duten pertsonei eta publikoari segurtasun- eta osasun-neurriak betearazteaz. Arduradun hori federazioko arduradunarekin koordinatuta egongo da. Kirol-proba bakoitzaren ondoren, berriz, klub bakoitzeko COVID-19 arduradunak gorabeheren gaineko txostena bidaliko dio federazioak izendatutako COVID-19 arduradunari.
Bestalde, kirol-egutegiak baldintza malguak izango ditu, kirol-partiden edo -proben egunak aldatzeko aukera eta guzti. Aurreikusitako egutegiaren arabera lehiaketa osorik garatzen ez bada, hori amaitzeko araudia ezarriko da.
Salbuespen gisa, lehiaketa antolatzen duten erakundeek egutegian aurrez aurreikusi gabeko kirol-lehiaketa edo kirol-topaketa bat egiteko baimena eskatu ahal izango diote NKIri, arrazoituta eta betiere baldintzek uzten badute.