2020ko azaroaren 18a

Nafarroako Gobernuak 85,5 milioi emango dizkie datozen lau urteetan toki-erakundeei, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak finantzatzeko

Eskubide Sozialetako Departamentuak 20 milioi euro bideratu ditu aurten hitzarmen horietara, hau da, % 38 gehiago 2019ko datuekin alderatuta
El Gobierno de Navarra aportará 85,5 millones en los próximos 4 años a las entidades locales para financiar los Servicios Sociales de Base Irudi galeria

El Gobierno de Navarra ha aprobado, en su sesión de hoy, los convenios de financiación entre el Departamento de Derechos Sociales y las entidades locales titulares de los Servicios Sociales de Base en 2020 y los próximos tres años, por un importe total de 85.562.916 euros.

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Eskubide Sozialetako Departamentuaren eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen titular diren toki-erakundeen arteko finantziazio-hitzarmenak onartu ditu 2020rako eta datozen hiru urteetarak, eta, guztira, 85.562.916 euro dira.

Proposamena uztailaren 15eko 48/2020 Foru Dekretuaren barnean kokatzen da; horren bitartez, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek garatu beharreko oinarrizko programak nahiz finantzatzeko sistema berria arautzen dira, eta 2013az geroztik indarrean den aurreko araudia ere eguneratzen du.

Gobernu-akordio honen bitartez, 5,5 milioi euro baino gehiago gehituko dira 2020ko eta 2021eko hitzarmenetarako bideratutako aurrekontuan, hurrenez hurren, eta beste 2 milioi euro gehiago 2022. eta 2023. urteetarako.

Zehazki, 2020an, toki-erakundeek 20.023.256 euro izango dituzte, eta horietatik 8.951.923 euro jaso dituzte jada. Horrek esan nahi du hitzarmenak oro har %38 gehitu direla, eta, erlatiboki, %17,5, kontuan hartuta honako deialdi hauen bidez lortutako finantzaketa gehigarria: Babestutako Enplegu Soziala, Droga-mendekotasunaren Foru Plana eta Larrialdiko Laguntzak. 2019an, 2.551.318 eurora iritsi ziren.

2021erako aurreikusitako finantzaketa 20.375.771 eurokoa izango da, 2022an handiagoa, 22.388.888 eurokoa, eta 2023an 22.775.000 euroko ekarpena egingo du Nafarroako Gobernuak.

Gobernu-bilkuraren ondorengo prentsaurrekoan, Eskubide Sozialetako kontseilari Mª Carmen Maeztuk azaldu du “finantzaketa-sistema berria zuzenagoa dela, eta oinarrizko gizarte-zerbitzu guztietan gutxiengo batzuk bermatzen dituela, oinarrizko zona bakoitzaren premia espezifikoak kontuan hartuta”.

Igoera ez da soilik ekonomikoa izango, 153,47 lanaldi gehiago izango baitira, egungo 474,78tik 628,25 jardunaldira igarota.

Nafarroako Gobernuaren eta toki-erakundeen arteko akordioa gauzatzeko, hainbat urtetarako hitzarmenak sinatuko dira, eta ekarpenaren zenbatekoa urtero kalkulatuko da.

Finantzaketa-sistema berriak dakartzan hobekuntzak

“Prozedura berriari esker, Gizarte Zerbitzuen finantzaketak eta lanak egonkortasun handiagoa izango dute, haien funtsen zati bat urteko deialdien mende ez egoteagatik”, aitortu du Maeztu kontseilariak.

Finantzaketa-sistema berriak oinarrizko gizarte-zerbitzuetako taldeak indartzen ditu, profesionalen kopurua oinarrizko eremu bakoitzeko biztanleriaren arabera dimentsionatuta, eta, aldi berean, orain arte finantzaketa-sistematik kanpo geratzen ziren eta urteroko beste diru-laguntza deialdi batzuen mende zeuden taldeen iraunkortasuna eta jarraipena bermatuaz, hemendik aurrera hitzarmenen finantzaketan sartuko dira-eta.

Talde profesionalei dagokienean, gizarte-zerbitzu guztietan gizarte-laneko, gizarte-hezkuntzako, administrazioko eta familia-laneko profilak bermatu nahi dira, ratioa handituta, eta, era horretan, ezbairik gabe, herritarrak artatzeko kalitatea hobetuko da.

Modu horretan, proposamen berriarekin guztira 628,25 lanaldi finantzatu ahal izango dira; hau da, 153,47 lanaldi gehiago finantzatuko dira: 108,03 jada kontratatuta daude, eta horien kostua orain arte toki-erakundeek hartzen dute beren gain; eta kontratazio berriko 45,44 lanaldi, toki-erakundeen eskutik, proposamenean ezarritako oinarrizko talde profesionalak betetzeko.

Dekretu berrian jasotzen den beste berrikuntza bat da toki-erakunde guztiek finantzaketaren zati bat larrialdi sozialeko egoeretarako eta/edo gizarteratze-prozesuetarako laguntza moduan erabili ahal izatea bermatzen duela. 2019an, Nafarroako Gobernuak guztira 1.450.379 euro jarri zituen horretarako.

Egiturazko kostuen finantzaketa, espezifikoak eremuaren eta emandako arreta-motaren arabera, eta Etxez Etxeko Arreta Zerbitzua-EAZ

Hemendik aurrera finantzaketa eskuratu dezaketen kostuak hiru eremutan egituratzen dira: egiturazko kostuak, espezifikoak, eta, hirugarren, Etxez Etxeko Arretaren Udal Zerbitzuek, EAZ bezala ezagutzen direnek, mendeko pertsonak artatzetik eratorritakoak.

Beraz, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak finantzatzeko Nafarroako Gobernuari dagokion azken ekarpena hiru kontzeptu horien ekarpenak batuta ateratzen den zenbatekoa izango da.

Egiturazko gastuen barnean sartuko dira Gizarte Zerbitzuek aginduta dituzten eginkizunak garatzeko beharrezkoak direnak; hala nola, oinarrizko talde profesionala, funtzionamendu-gastuak eta lurralde-sakabanaketatik eratorritakoak. Horretarako, biztanleria 10 tartetan estratifikatuko da, horietako bakoitzerako oinarrizko talde profesionala zein izango litzatekeen zehaztuaz.

Nafarroako Gobernuak finantzatuko du oinarrizko talde profesional horien kostuaren %50a, eta zenbateko hori %80ra bitartekoa izan daiteke "jarduera berezikotzat" jotzen diren eremuetan (5.000 biztanletik beherako oinarrizko zonak).

Funtzionamendu-gastuei dagokienean, horien zenbatekoa oinarrizko talde profesionaleko langileen kostu zenbatetsiaren %10aren baliokidea izango da.

Funtzionamendu-gastuak ez ezik, sakabanatze geografikotik eratorritakoak ere oso-osorik Nafarroako Gobernuak finantzatuko ditu.

Oinarrizko eremu bakoitzeko ezaugarri sozialen eta artapenaren inguruko kostu espezifikoei dagokienez, berdintasunez haztatutako zazpi adierazle hartuko dira kontuan, hiru tokiko errealitatearekin lotutakoak (enplegu-eskatzaileak, 65 urteko edo gehiagoko biztanleria eta 18 urtetik beherakoak) eta lau Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek artatutako biztanleriarekin lotuta (OGZan artatutako pertsonak, mendekotasuna ofizialki aitortuta duten pertsonak, babesgabetze arriskuan edo -egoeran artatutako adingabeak eta errenta bermatua jasotzen duten pertsonen familia-unitateak). Kontzeptu horren finantzaketa oso-osorik Nafarroako Gobernuak hartuko du bere gain.

Azkenik, Nafarroako Gobernuak ordainduko du Etxez Etxeko Arretaren Udal Zerbitzuek (EAZ) mendekotasuna ofizialki aitortuta duten pertsonei emandako arretaren gaineko kostuaren %100, Mendekotasunaren Legeak eta Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Foru Legeak ezarritako moduan.

Maeztu kontseilariak azaldu duenez, “oinarrizko gizarte-zerbitzuen finantzaketa indartzen duen neurri honen helburua da gizarte-zerbitzuen kalitatea eta haietara jotzen duten herritarren arreta hobetzea. Une honetan, zerbitzu hauek funtsezkotzat jo dira pandemia dela-eta; beraz, horiek indartzea ezinbestekoa da adinekoak, mendekoak, desgaitasuna duten pertsonak, adingabeak eta gizartetik baztertzeko arriskuan aurkitzen direnak behar bezala artatzea bermatzeko”, amaitu du.