Descárgate la app
Foru errepideen sareko 3.821 kilometroen egoera zaintzeko eta egokitzeko 8,3 milioi euro bideratu ditu Nafarroak
2020ko azaroaren 12a
Nafarroak 8,3 milioi bideratu ditu foru errepideen sareko 3.821 kilometroen egoera egokia zaindu eta kudeatzeko
Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bidez, datozen 4 urteetarako Errepideen Kontserbaziorako Kontrol Zentroaren (C4) kudeaketa- eta mantentze-kontratuak lizitatu ditu, 8.330.976,19 euroan (BEZa barne).
C4 bezala ezagutzen dena, Errepideen Kontserbazio Zerbitzuaren mendekoa, Nafarroako Errepideen Sareko 3.821 kilometroren egoera egokia kontrolatzeaz, zaintzeaz eta gainbegiratzeaz eta izan daitezkeen gorabeherak konpontzeko beharrezkoak diren baliabideak kudeatzeaz arduratzen den zentroa da. 24 pertsonako taldeak osatzen du, eta eguneko 24 ordutan egiten du lan urteko 365 egunetan, inolako etenik gabe. 2019an, 6.548 gorabehera erregistratu zituen kontserbazio-zentroak.
C4 zentroaren ustiapena bi kontratutan zatitu da: bat bidezaintzako gorabeherak kontrolatzeko eta zaintzeko zentroa kudeatzeko 2021-2024 urteetan, 2.809.889,67 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne), eta bestea zentroa eta mendeko sistemak eta instalazioak (tunelak, argiak, semaforoak eta neurgailuak) mantentzeko, 5.521.086,52 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne), 2021 eta 2024 urte arteko denboraldirako.
Gorabeherak hautemateko sistema automatikoak
Errepideen Kontserbazioko Kontrol Zentroan dauden langileek bidean gertatzen diren gorabeherak jasotzen dituzte, gorabehera konpontzeko dagokien langileei abisua ematen die eta, azkenik, erabiltzaileari jakinarazten dio gorabeheren maparen, herritarrak artatzeko telefonoaren eta seinaleztapen-elementuen bitartez.
Lan hori egiteko, ondorengoak dituzte: tunelen eta sareko puntu berezien bideozaintzako sistemak Zirkuitu Itxiaren (CCTV) bitartez, laguntza-posteak (SOS) autobia eta tuneletan, mezu aldakorreko panelak, bidegurutze jakin batzuetako semaforoen eta argien kudeaketa, megafonia-sistemak hitzezko mezuak edo aurrez grabatutakoak tuneletan jartzeko, edukiera-estazioak eta trafikoaren neurketa nahiz estazio meteorologikoak, C4ren mendeko beste elementu batzuen artean.
Gorabeheren berri jaso dezakete SOS Nafarroaren bidez, Herri Lan eta Azpiegituretako teknikarien edo kontserbazio-zentroen zuzeneko abisuen bitartez edo C4ren kontrolerako mekanismo propioen bitartez. Sistema horien artean, aipatzekoa da Gorabeherak Automatikoki Detektatzeko (GAD) programa; izan ere, segurtasun-kameretako irudiak jasotzen ditu eta irudiak prozesatu denbora errealean trafiko-gorabeherak detektatzeko; hala nola, geratutako ibilgailuak, abiadura bat-batean jaisteak, auto-ilarak, tunelen barruan dauden oinezkoak, aurkako noranzkoan doazen ibilgailuak, e.a. Sistema horri esker, aretoko langileek berehala identifika dezakete gorabehera non dagoen, nola gertatu den ikustearekin eta dagozkion neurriak hartzearekin batera.
Behin gorabeheraren berri emanda, esku hartzeko eskuliburuko jarraibideen bitartez konpontzen da, arazoa ahalik eta azkarren artatze aldera. Aldi berean, erabiltzaileei jakinarazten zaie mezuen panelen bidez, Nafarroako Errepideen Sareko gorabeheren maparen bidez edo informazioa emateko 24 orduko telefonoaren bitartez (848 423 500).
Gertaera amaitu ondoren, aretoko langileei jakinarazten zaie, gorabehera itxi eta dagokion abisua amaitze aldera. Prozesu osoa gorabeheren partean erregistratu eta artxibatzen da, ondoren estatistika-analisia egiteko.
Mantentze teknikoaz arduratzen diren taldeak
Horrez gain, C4-ko langileak zentroko gailuak etengabe aztertzeaz eta mantentzeaz arduratzen dira, edozein arazo detektatu ahal izateko. Gailuen funtzionamendu okerra detektatzearen ondorioz egin beharreko jardueretarako, bi talde espezialista daude: argiketarien taldea argiteriarekin, hartune elektrikoekin eta abarrekin loturiko arazoak konpontzeko, eta elektronikoen taldea trafikoko azpisistemen, ekipamendu elektronikoen eta abarren matxurak konpontzeko. Era berean, tunelak zaintzeko beste talde bat ere badago, mantentze-lanak egiteko eta tunel garrantzitsuenetako gorabeherak in situ artatzeko, batik bat N-121A errepidearen ardatzean kokatutakoetakoak.