Descárgate la app
Osasun Departamentua itxaron-zerrendak COVID-19aren aurreko mailetara murrizteko lanean ari da
2020ko irailaren 15a
Osasun Departamentua itxaron-zerrendak COVID-19aren aurreko mailetara murrizteko lanean ari da
Osasun Departamentuak Lehen Arretan eta erietxeetan ohiko jarduera berreskuratzeko apustua du, bai eta diziplina anitzeko neurri berriak hartzearen aldekoa ere. Guzti hori, urte hasieran izandako medikuen gatazkekin amaitu eta ohiko jarduera-planak abian jarri ondoren, zeuden itxarote- zerrendetan hasitako beherakadarekin jarraitzeko (urtarriletik otsailera 1.306 paziente gutxiago).
COVID-19ak eragin handia izan zuen osasun-sisteman eta herritarrengan, eta abiatu berri zegoen beheranzko joera hori eraldatu zuen. Efektua ezohikoa eta bikoitza izan zen: pandemiaren hasierako hilabeteetan itxaron-zerrendak txikiagotu egin ziren, eta ondoren, ekainetik gaur arte, handitu. Igoera hori osasungintzako jardueraren errekuperazioak apaldu du neurri batean, ekainetik hona batez ere, udan eta oporraldian birusak iraun arren. Hala, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideak argitaraturiko azken datuak, abuztuari buruzkoak (43.802) eta beraz epidemiaren lehen uhin larriaren ondorengoak, urtarrilekoen (43.951 lagun) oso antzekoak dira lehen kontsultei dagokienez (-149), eta hobeak ebakuntzen itxaron-zerrendei erreparatuz gero, horietan 7.200 pertsona baitaude, hau da, urteko lehen hilabetean baino 716 gutxiago.
Ebakuntza-gelak arratsaldez irekitzea eta pandemian emaitza onez probaturiko beste bide batzuk (profesionalen arteko kontsultak, krisialdi honen aurretik hasitako hausnarketa estrategikoaren barneko plan pilotuak…) izan dira jadanik hartu diren, edo birusaren bilakabideak baldintzatuko duen udazken honetan indarrean jarriko diren neurrietako batzuk, gaur goizean Santos Induráin Osasun kontseilariak Parlamentuan azaldu duen bezala.
Pandemiaren eragin eraldatzaile bikoitza
COVID-19ak eragin bikoitz berdintsua izan zuen arlo guztietako itxaron-zerrendetan (lehenbiziko kontsultak, ondorengoak, proba osagarriak eta kirurgiazkoak), baina eremu bakoitzean ezaugarri espezifikoak izan zituen inpaktu horrek, saldoei eta elkarren arteko mugimendu eta elkarrekintzari dagokienez.
Orobat, hainbat faktorek bat egin izanak elkarren aurkako bi mugimendu eragin zituen, bata bestearen ondotik. Martxo, apiril eta maiatzean beherakada etengabe eta anormala izan zen bi zerrenda garrantzitsuenetan: lehen kontsultena eta ebakuntzena. Izan ere, lehenbizikoan otsailean 42.645 pertsona egotetik martxoan 32.451 eta apirilean 31.084 egotera pasatu zen, maiatzean gorakada txiki bat izan zen (31.994), eta uztailean (39.636) eta abuztuan (43.802) nabarmen handitu zen zerrenda. Beherakadaren zergatietako bat ospitaleetako kontsulten jarduera aldatzea izan zen (Vianako Printzea kontsultategia ixtea, arreta ez-presentzialak erabakimen txikiagoa izatea, etab.), eta beste horrenbeste esan daiteke Lehen Mailako Arretaz (askoz gaixo gutxiago bidali ziren espezialistengana, lehentasuna koronabirusari ematearen ondorioz). Azken batean, osasun-sistemak COVID-19ari aurre egitera bideratu behar izan zituen bai giza baliabide bai baliabide material asko.
Udaren hasieran, aitzitik, jarduera nabarmen gutxitu zen (ekainean batez ere, uztailekoa eta abuztukoa oporren aldiroko eraginak baldintzatu baitzituen), eta horrek egoera egonkortzea eta pandemia aurrekoen antzeko parametroetara itzultzea eragin du. Egoera hori aurreikusia zuen NOZ-Ok (zentro bakoitzean errekuperazio-plan bat dago), eta beste bultzada bat behar da urte-hasieran abiaturiko beheranzko joerara bueltatzeko. Urtearen bukaerarako joera hori finkatzen ahal izatea espero da.
Gibeleratu ezinezko kontsultak eta ebakuntzak une oro mantendu dira
Ebakuntzetarako itxaron-zerrenden argazki finkoa eta dinamikoa antzekoak dira, baina behin betiko kopuruak hobeak dira. Otsailean (7.875) hobekuntza izan zen urtarrilarekin (7.916) alderaturik; haatik, eta lehen kontsulten kasuan gertatu bezala, jaitsiera-gorakada efektua eman zen. Kopuruak maiatzean jo zuen behea (6.921 lagun) eta gorantz egin zuen ekainean (7.087), uztailean (7.045) eta abuztuan (7.200). Dena dela, kategoria honetan pandemiak utziriko emaitza urtarrilean baino 716 gaixo gutxiago egotea da, Nafarroako Gobernuaren webgunean gaur argitaratu den bilakaeran beha daitekeenez.
Ezohiko eta aldi bateko beherakada horrek zerikusia izan zuen gaixoetako batzuk “behin-behinean programaezin” egoerara pasatu izanarekin, eta batez ere eskaria gutxitzearekin, giza baliabideak eta baliabide materialak COVID-19ari aurre egitera bideratzearen ondorioz, nahiz eta une oro –lehen kontsulten kasuan bezala- gibeleratu ezinezko eta premiazko kontsultak eta ebakuntzak mantendu ziren, hala izatea bermatzen baitute kontingentzia-planek.
Ekaina, uztaila eta abuztua trantsiziozko aldia izan dira kontingentziaren eta “normaltasun berria” delakoaren artean. Gainera, pandemiaren presioaren ondoren eta etorriko den udazken zailari begira osasun-langileen opor gehienak sasoi horretan izatearen eraginez jarduera gutxitzeari, koronabirusak berriz gora egin izana gehitu behar zaio; COVID-19 Bai/COVID-19 Ez binomioa areagotzera behartu du horrek, tokiaren zein antolakuntzaren aldetik. Horregatik, eginahala handia izanagatik ere ohiko jarduera errekuperatzea (%88raino kontsultetan eta %75eraino ebakuntzei dagokienez, beste uda batzuekin alderatuz) ez da nahikoa izan osasungintza eta herritarren bizitza berpiztearen ondoriozko eskariaren gorakadari erantzuteko.
Hala ere, eta denboraren ikuspegi zabalagoaz azterturik, esan daiteke antolakuntza-arloan eginiko zabalkundeari eta eraldaketari esker pandemiaren lehen uhina gainditu dela, birusak otsailetik eragin duen astindu sozial eta sanitarioaren aitzinekoen oso antzeko kopuruekin.
Urritik, ebakuntza-gelak arratsaldez ere zabalik
Gaur egun, Osasun Departamentuak abiapuntu hori du heldu diren hilabeteetan itxaron-zerrenden kudeaketa-estrategia jorratzeko. COVID-19aren eragina nabarituko da baina, bestetik, pandemian martxan jarri diren diziplina anitzeko kudeaketa instrumentalaren arloko zenbait esperientzia balia daitezke, eta oporren ondoren lanera itzuli diren langileak ere badaude, COVID-19ari aurre egiteko ia 800 profesionaleko laguntza-taldeaz gain, COVID/Ez-COVID errealitate bikoitzak eta urtaroak berezko dituen beste fenomeno batzuek (gripea adibidez) zailduko duten udazken honi ekiteko.
Agertoki berrian, Osasunbideak zenbait jarduketa egitea aurreikusten du itxaron-zerrendak mantendu eta murrizteko, betiere epidemiaren bilakabideari adi eta gaixoen eta profesionalen segurtasuna bermatuz. Jarduketa horietako lehena kontsulten jarduera (%80 eta %100 bitartean, zerbitzuen arabera) eta ebakuntza guztiak errekuperatzea da; azken hori, hein batean, ebakuntza-gelak arratsaldez irekitzeari esker.
Pandemian ikasitakoa gogoan, aurrez aurreko jarduera –telematikoaren osagarri eta bateragarri- ahalik eta gehien errekuperatzearekin batera, profesionalen arteko kontsulta zabalduen sistema indartuko da, horrek arintasuna eta arretak ebazteko laguntza handitzea ekarriko baitu (baita Lehen Mailako Arretan ere), eta gaixoen itxaronaldiak laburtuko baititu.
Beste alde batetik, asistentzia-modalitatea identifikatzea eta zehaztea ere garrantzitsua izanen da irisgarritasuna hobetzeko eta prozesuak eta zirkuituak arintzeko, lan egiteko garaian lankidetza eta diziplinen aniztasuna handiturik.