2020ko irailaren 3a

2020 DNAk dantza garaikidearekin zazpi hitzordu porosatuko ditu urtea amaitu bitartean

Ikuskizunen programak irailaren 6tik abenduaren 5era bitartean izanen da zazpi herrietan
Amico Teatroren Tránsitos muntaiaren irudia.
Amico Teatroren Tránsitos muntaiaren irudia.  Deskargatu irudia Irudi galeria

2020 DNA ikuskizunen programako ekitaldiak Nafarroako zazpi herrietan izanen dira ikusgai irailaren 6tik abenduaren 5era bitartean. Zehazki, 2019 DNAn egoitza izan zuten Led Silhouette eta Dinamo Danza taldeen proiektuak; 2019ko Erriberriko Jaialdian egoitza izan zuen Amico Teatroren lana, eta Atalak dantza garaikidearen mugazgaindiko programan txertatutako Dantzak ekimena. 

Sormen-esperientzien emaitza izatera iritsi dira, publiko guztientzako proiektu bilakatuta. Emozioen sormena, edertasun estetikoa, umorea, energia eta sormena elementu nagusietariko batzuk dira.

2020ko DNAk horrela aurkeztuko du 2019an hasitako sormen-prozesu ezberdinen azken emaitza, fase guztietan jarraitutakoena. Prozesuak uneoro egon dira harremanetan lurraldearekin eta publikoarekin, eta azken horrek eboluzionatzen ikusi du. Modu horretan, Nafarroan dantza garaikidea eta mugimendu-arteak sustatzeko azken helburua duen ziklo naturala amaituko da.

Programa Kulturako Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea Erakundeak eta Baluarte Fundazioak antolatzen dute honako herri hauetako Udalekin elkarlanean: Antsoain, Agoitz, Bera, Etxarri Aranatz, Lizarra, Los Arcos, Arangurengo Ibarra, Ribaforada, Tafalla eta Atarrabia, horiek guztiak Nafarroako Antzerki Sarea osatzen duten espazioak.

2020ko DNAk, erakustaldien programa honez gain, aurtengo edizioan lau egoitza berri izan ditu, Tafallan, Antsoainen, Agoitzen eta Ribaforadan, uztailetik irailera bitartean, eta horien azken emaitzak datorren urtean ikus ahal izango dira. Modu berean, DNAn Haizea Elkartearekin (Nafarroan Dantzaren aldeko Elkartea) batera egingo den jarduera aurreikusten da; bertan, protagonista Led Silhoutte izango da, eta datorren irailaren 24an egingo da.

Kon Mocion konpainiak ere parte hartu zuen 2019ko egoitzetan, pandemiarekin loturiko kontu operatiboak direla-eta, hasiera batean programaturiko bi erakustaldi bertan behera utzi behar izan baditu ere.

Led Silhouettek hasiera emango dio erakusktaldien programari

Led Slhouetteren `Cóncavo-Convexo´ obra Martxel Rodriguez eta Jon Lopez koreografo eta dantzariek sortu dute, Gaizka Sarasolaren musika eta dramaturgiarekin eta Iñaki Cobosen jantziekin. Pieza horretan, musika, dantza eta eskultura batzen dira “emozio estetikoa” sortzeko. Obran hutsuneari buruzko gogoeta egiten da, gorputzaren eta horren eta espazioaren arteko harremanaren ikuspegi eskultorikoan oinarrituta. Mugimendua modu mekanizatuan edota zientifikoan sortzen da, isiltasunaren zonan, leku negatiboan edota bakardade eta hutsean sartuta. Ezerez horretan pertsonak bere izatea baieztatzen du.

50 bat minutuko obra Agoitzeko Kultur Etxean antzeztuko dute irailaren 6an, 19:00etan, eta irailaren 27an, baita ere 19:00etan, Etxarri Aranazko plazan izango da.

Amico Teatroren `Tránsitos´ obra izango da hurrena 2020ko DNAko erakustaldien programako hitzorduen egutegian. Lana Mercedes Castañok zuzentzen du eta Ion Barbarin eta Txori García Urizek antzezten, Idoia Oteizaren eta Itziar Etxegiaren zuzeneko musikarekin. Giza pasioei eta nortasunaren etengabeko bilaketari buruzko obra da, publiko gazte eta helduari zuzendua. Dantza, antzerkia, musika, arte plastikoak eta argiak batuko dira gure ekintzei buruzko gogoeta egiteko argilun baten bidez, eta, bertan, umorearen eta samurtasunaren artean dabilen obraren egitura onirikoa finkatuko da. Argian, sentsualitatea, batasuna, feminitatea eta harmonia miatuko ditu; itzalean, aldiz, konpromisoan jartzen gaituen dualtasuna, onarpena, kontraesanak eta gatazkak, batzuetan itzelak.

Obraren iraupena 70 minutukoa da. Urriaren 23an, Tafallako Kulturgunean ikus ahal izango da 20:30ean eta urriaren 24an, Arangurengo Ibarrako (Mutiloa) Kultur Etxean, 19:00etan.

Dinamo Danzaren `Elektrical Body´ lana abenduan iritsiko da Lizarrara; izan ere,  abenduaren 2an Los Llanos Kultur Etxean izango da 20:30ean. Abenduaren 5ean, berriz, Atarrabiako Kultur Etxean izango da ikusgai, 20:00etan. Obra Carmen Larraz eta Hilario Rodeirok sortu zuten, eta Larraz berak eta bost dantzarik antzezten dute. Obraren asmoa da konektatuta mantentzen gaituzten indar elektromagnetikoen edertasuna mugimenduaren bitartez adieraztea. Nicola Teslaren irudia eta argiaren eta elektromagnetismoaren inguruan egin dituen ikerketak sormen-prozesua inspiratzen duten txinparta bihurtzen dira. Zientziak garatutako kontzeptuak dantzara eramango dira giza harremanei buruzko irakurketa desberdinak egiteko konposizio koreografiko bikainak sortuz. Dantzak, musika-sormenak eta argiak edertasunean inspiratutako unibertso poetikoan murgilduko dute ikuslea.

Erakustaldi guztien sarreren kostua 6 eurokoa da, eta gune eszeniko horietako bakoitzaren leihatilan edo web orrialdean eskuratu ahal izango dira.

Atalak, programan hitzorduarekin

DNA Jaialdiaren 2020ko edizioan, halaber, Atalak dantza garaikidearen mugaz haraindiko proiektuaren barnean sortutako lanen erakustaldia aurreikusten da. Era horretan, urriaren 31n, 19:00etan, Baluarten, #56 ekoizpena erakutsiko du Dantzaz taldeak, Nazioarteko Koreografiako Sormen Zentrotik aterata, Auditorioan bertan eginda.

Atalak programa Dantzazek sortua da, eta Baluarte Fundazioak (Nafarroako Gobernuaren izenean), CCN Malandain-Ballet Biarritzek, Gipuzkoako Dantzagunea - Tabakalerak eta Vitoria-Gasteiz antzerki-sareak parte hartzen dute. Programak sormen-laborategiak eskaintzen dizkie Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko koreografo eta sortzaileei.

Atalak programak 2020ko DNAko programazioaren barnean Nafarroako Laida Aldaz dantzariaren egoitza du Los Arcosen. Halaber, hitzordua izango du Denis Santacanaren bideodantzako sormen-prozesuarekin urriaren 1ean, 19:00etan, Nafarroako Museoan.

Egunei eta orduei buruzko xehetasun guztiak programaren web gunean kontsulta daitezke: www.festivaldna.com/es eta Nafarroa Kulturaren sare sozialen bitartez (Facebook, Twitter eta Instagram).