2020ko abuztuaren 17a

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak elkarlanean jardungo dute guraso bakarreko etxeetan emakume migratzaileei laguntzeko

Bi erakundeek gaur sinatu dute 'Lagundu' proiektu pilotua arautzen duen hitzarmena, emakume horiek bizitegi-larrialdietarako udal-etxebizitzetan daudenei arreta emateko
Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak elkarlanean jardungo dute guraso bakarreko etxeetan emakume migratzaileei laguntzeko Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak guraso bakarreko etxeak osatzen dituzten emakume migratzaileei - Hau da, seme-alabekin bakarrik bizi direnei - laguntzeko programa jarriko dute martxan, eta Iruñeko larrialdietarako udal etxebizitzetan ostatu hartuta egon beharko dute.

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak guraso bakarreko etxeak osatzen dituzten emakume migratzaileei - Hau da, seme-alabekin bakarrik bizi direnei - laguntzeko programa jarriko dute martxan, eta Iruñeko larrialdietarako udal etxebizitzetan ostatu hartuta egon beharko dute.

Bi erakundeek elkarren arteko lankidetza hori izenpetu dute gaur, astelehenarekin, hitzarmen baten bidez. Sinatzaileak Eduardo Santos, Foru Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, eta María Caballero, Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorreko zinegotzi ordezkaria izan  dira. 

Programaren proiektu pilotuak, ‘Lagundu’ izenekoak, Nafarroako hiriburuko bizitoki-larrialdietarako udal-etxebizitzetan dauden zortzi familia-unitateri eginen die mesede hasiera batean. Aipatzekoa da etxebizitza horiek banaka edo partekaturik erabiltzekoak direla, gehienez ere bi familia-unitaterentzat, alokairupean eta hiru urterako asko jota.  

Programaren helburua emakume migratzaileei gizarte-zerbitzuan harrera egiten eta gizarte-orientazioa eskaintzen laguntzea da; ondorioz, Iruñeko Udaleko Auzo Unitateekin eta Etxebizitza Bulegoarekin koordinaturik gauzatuko da. Kasu bakoitzean behar den gizarte-laguntza aztertu eta era egokian bereiziko da, garapen pertsonalean inpaktu positiboa izan dezan, baita familia-unitatean ere.

Ezinbesteko “erakundeen arteko lankidetza”

Hitzarmenean gauzatu den erakunde arteko lankidetza “oso positiboa” da Nafarroako Gobernuaren ustez. Eduardo Santosen esanetan, lankidetza hori “Gobernuak aurkeztu duen Nafarroa Suspertu Planaren printzipio nagusietakoa da; plana funtsezko zutarria izanen da heldu diren urteetan, Nafarroarako nahi dugun berrosatze-prozesuan inor gibelean geratuko ez dela ziurtatzeko”.     

Bere aldetik, Iruñeko Udalak azpimarratu du proiektua zuzenduko zaien emakumeek, oro har, auzo-unitateetan hasi dituztela esku-hartzeko prozesuak; alabaina, unitate  horiek ematen duten lehen mailako arretaren izaeragatik “ezin da beti laguntza eman kasuok behar duten adinako intentsitatez, ahalduntze pertsonala eta kolektiboko benetako  prozesuak nahi genukeen bezala bermatzeko”.  

Hala, ‘Lagundu’ proiektuaren bitartez prozesu hori osatzeko ahalegina eginen da, “emakume horiek autodeterminazio-prozesuak garatzera eramanez, beren bizitzen protagonistak izan daitezen eta bai beraiek bai haien menpeko pertsonek jasan ditzaketen oztopoez eta gabeziez jabetu daitezen”.

Hiru faseko laguntza

Proiektu pilotuaren oinarria banakako ibilbidea ezartzea da, emakume horien autonomia eta ahalduntzea sustatzeko. Hiru laguntza-fase ezarri dira: lehenbizikoan harrera, diagnostikoa eta Esku Hartzeko Plan Pertsonalizatua eginen dira; bigarrenean, Norberaren Autonomiaren Sustapena landuko da; eta hirugarrenak baliabidea utzi eta esku-hartzea bukatzea izanen du xede. Hiru fase horietako bakoitzean hainbat planotan lan eginen da: norberarena, familiarena, taldearena eta komunitarioa.   

Iruñeko Udalak eskura dagoen informazioa bilduko du proiektuan parte har lezaketen eta horretarako interesa agertu duten familia-unitateez. Guraso bakarra ama duten etxeak izanen dira kontuan, eta horretarako aintzat hartuko da Nafarroako Foru Komunitatean familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legeak ezarririkoa. Ondoren, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak gehienez ere 8 familia-unitate hautatuko ditu parte hartzeko.

Nafarroako Gobernuko Zuzendaritza Nagusi horrek hartuko du bere gain hautaturiko familia-unitateei laguntza emateak dakarren kostu ekonomikoa. Gainera, langile espezializatuak jarriko ditu proiektuan lanean, Nafarroako Gurutze Gorriarekiko hitzarmen baten bidez. 

Iruñeko Udaleko Etxebizitza Bulegoan Gizarte Lanean diharduten langileek ere parte hartuko dute, Auzo Unitateetako erreferentziazko profesionalekin eta proiektu pilotu honetan gizarte-laguntza eskaintzeko ardura duen lantaldearekin koordinaturik. Horrez gain, iruindar udalak trebakuntza-ekintzak eskainiko ditu proiekturako, Gizarte Zerbitzuetako Arloaren bitartez, bai erabiltzaileei bai profesionalei zuzendurikoak, laguntza-prozesuan atzematen diren beharrizanei erantzuteko asmoz.