2020ko uztailaren 6a

Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkariak Erronkaribarko artzaintza transhumantearen esentzia aztertu du

Liburukiak argitalpenaren mugarri nagusiak jasotzen ditu, berrogeita hamargarren urteurrena dela eta
"Cuadernos de Etnografía y Etnología" aldizkariaren 93. zenbakiaren azala.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkariaren 93. zenbakiak artzain transhumantearen lanbidea aurkezten du, lan grafiko eta testual oso baten bidez. Argazki banku zabal bat dakar, eta argazkion bidez, tokiko ohituretan izan duen iraupena islatzen da, bai eta ere Pirinioetako gizartearen paisaia kulturalaren egungo aldaketak. XVI. mendeko Iruñeko jaien errepasoa ere egiten da zenbaki berean.

Jose Ignacio Riezu ikertzaileak egindako "Justillos y jubones roncaleses" artikuluarekin hasten da argitalpena. Lan horretan, Erronkaribarko janzkera tradizionala osatzen duten gerruntze eta jipoien deskribapen xehatua egiten da. Egileak Erronkariko 81 pieza original aztertu ditu, eta zerrenda ikertu du, jantzi horien osagai bereizgarrienetako bat den aldetik. Halaber, Erronkaribarko jipoia emakume ezkonduaren jantzi esklusiboa delako ideiari buruz argudiatu du.

Eremu geografiko berean kokatzen da "Altxunbidëa. Estudio etnográfico del ciclo anual trashumante roncalés", Carlos Orduna argazkilariak eta Pablo M. Orduna historialari eta etnologoak egina. Azterketa horrek abeltzaintza estentsiboaren urteko ziklo bat aztertzen eta azaltzen du, urte-sasoikako transhumantzian oinarritua, zeharkako ikuspegi batetik, erreferentzia gisa Altxonbidearen kasua hartuta – Erronkaribarko abelbidea –, Pirinioetako biztanlea ingurunera eta inguruko baliabide naturaletara nola egokitu den islatzen baitu. Hori egiteko, egileek etnologiaren eta argazkigintza dokumentalaren berezko teknikak erabili dituzte.

Ricardo Gurbindo historialariak "Fajeros pamploneses: de oficio humilde a solemne cometido" izeneko ikerketa garatu du. Azterlana duela hamarkada gutxi arte indarrean egon den zamarien lanbidearen jatorriari, eginkizunei eta bilakaerari buruzkoa da. 

Disko-formako hilarrien inguruko bi lan

Disko-formako hilarria testuinguru desberdinetan aztertzen duten bi lan ere biltzen ditu argitalpenak. Alde batetik, Koldo Colomo ikertzaileak egindako "La imagen del crismón en las estelas discoidales" artikuluan Erdi Aroko kronologiako disko-formako bederatzi hilarri katalogatu eta aztertzen dira, krismoiaren irudia beren ikonografian dutenak. Gainera, ezaugarri material, geografiko, kronologiko eta ideologikoei buruzko informazioa jasotzen da.

Bestalde, Joxepe Irigarayren ikerketan, "Recuperación del uso de la estela discoidal en Auritz/Burguete" izenekoan, adierazten da berreskuratu egin dela 1965etik aurrera disko-formako hilarriaren erabilera herrian ehorzketa-seinale gisa, eta deskribatu egiten ditu eremu berean aurkitutako antzinako hilarriak.

Ricardo Urrizola ikertzailearen "Juglares, danza y torneros en la Iruña del siglo XVI" artikuluak Iruñean XVI. mendean egiten ziren jai egunak aztertu ditu, hala nola txapelketak, juglareak, dantzak, Iruñeko maiatza, meza berriak, Udalak antolatutako dantza lehiaketak eta San Fermin jaien sorrera.

"Ondare ez-materiala iparraldeko mugan: nafar Pirinioen kasua” argitalpena ere sartu da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Aritz Larraiak idatzia. Bere ikerketan, Larraiak, Pirinioetako bi aldeetako pertsonei egindako elkarrizketetan oinarrituta, XX. mendearen amaieran euskarak inguruan izan zuen gainbehera eta inguruko bi komunitateen arteko harremanetan izan zuen eragina aztertzen du.

Zenbakia osatzeko, Kepa Fernández de Larrinoa, Karlos Irujo, Santiago Martínez, Txuri Ollo eta Cristina Saura, Lera-Ikerguneko kideek (ekintza etnografikoari buruzko Ikerketen tailerra da berau), egindako "Presentación de una investigación etnográfica sobre el recuerdo institucional, social y familiar de cuatro muertes de Estado" artikulua dator. Artikulu honek "Estudio de las memorias familiares, sociales y institucionales en los casos específicos de José Luis Cano Pérez, Germán Rodríguez Sáiz, Gladys del Estal Ferreño y Mikel Zabalza Gárate" ikerketaren gidaritzan erabilitako postulatu teoriko eta metodologikoak aurkezten ditu.

Azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Orreaga Ibarraren "El Valle de Erro y la emigración a California: Pedro Mari Murillo" izeneko lanean, Erroibarko Murillo artzainaren Kaliforniarako emigrazio prozesua aztertzen du. Ikuspegi autobiografikotik, kontratuak hasten ziren garaian egindako egonaldian sakontzen da.

Aldizkariaren 50. urteurrena

Ale honetan iaz izandako "Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra" aldizkariaren berrogeita hamargarren urteurrenaren berri ematen da. Aldizkariaren zuzendariak, David Mariezkurrenak, argitalpenaren ibilbide luzea erakusten du, 1969an hasi zenetik gaur egun duen ospe sonaturaino.

350 ikertzailek baino gehiagok egindako ekarpenek gure lurraldeko usadio eta ohituren aniztasuna eta aberastasuna sakonki ezagutzen lagundu dute. Bereziki azpimarratzekoa da aldizkaria abiarazteko funtsezko eragile izan ziren Jose Migel Barandiaranek, Jose Maria Satrusteguik eta Etniker taldeak egindako lana.

Mariezkurrenak 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiak ere biltzen ditu. Jarduera nagusi gisa erakusketa bat antolatu zen Diego Quiroga y Losada, Rafael Bozano Gallego eta Nicolás Ardanaz Piqueren argazkiekin. Era berean, mahai-ingurua egin zen, eta aldizkaria zuzendu duten hainbat pertsonak parte hartu zuten: Mikel Aranburu, Juan Cruz Labeaga, María Amor Beguiristain, Susana Irigaray eta David Mariezkurrena. Gainera, "La etnografía navarra a escena. Fiestas populares en el Archivo de la Filmoteca de Navarra” ikus-entzunekoa eman zen. Aldizkariaren zenbaki guztiak doan kontsulta daitezke webgunean:http://www.culturanavarra.es/es/aldizkariak.  

Bertan dira, halaber, ondoko berriak: Ricardo Gurbindoren "Contemplando la etnografía navarra", Naiara Ardanaz-Iñargak idatzitako "II Encuentros de Etnografía. José María Satrustegi: euskaltzale y etnógrafo navarro", eta Fernando Huarteren "Proyecto golondrinas". 

Aldizkariak 400 aleko tirada du, eta Nafarroako Gobernuaren argitalpen dendan (Navas de Tolosa kalea, 21. Iruña) eta liburu dendetan eros daiteke, 10 euroren truke.