2020ko ekainaren 5a

Nafarroa 3. fasean sartuko da astelehenean, ostalaritzako eta aire zabaleko kultur ekitaldietako edukiera mugatuta

Chivite Lehendakariak "Zuhurtzia" eta "erantzukizuna" eskatu ditu udaldian, jarduera soziala areagotu egiten baita, berragerraldiak gerta ez daitezen
Nafarroa deseskaladaren 3. fasera igarotzeko aukeraren balorazioa Irudi galeria

Foru Gobernuak deseskaladako 3. fasean sartuko da astelehen honetan, ekainaren 8an, baina espezifikotasunekin eta murrizketekin sartuko da jarduera-esparru guztietan. Aipagarrienak, peñak eta elkarte gastronomikoak berriz irekitzea, baina ez "piperoak edo baxerak", eta terrazetako edukiera% 75era handitzea, baina establezimendu horietan barrak erabiltzea gutxienez astebetez atzeratzea. Era berean, 400 lagunera mugatuko  da aire zabaleko kultur ekitaldietako edukiera.

Foru Gobernuak deseskaladako 3. fasean sartuko da astelehen honetan, ekainaren 8an, baina espezifikotasunekin eta murrizketekin sartuko da jarduera-esparru guztietan. Aipagarrienak, peñak eta elkarte gastronomikoak berriz irekitzea, baina ez "piperoak edo baxerak", eta terrazetako edukiera% 75era handitzea, baina establezimendu horietan barrak erabiltzea gutxienez astebetez atzeratzea. Era berean, 400 lagunera mugatuko  da aire zabaleko kultur ekitaldietako edukiera.

María Chivite Nafarroako Lehendakariak adierazi du bai Foru Erkidegoaren egoera bai Osasun Ministerioarekin eta hainbat parte-hartze organorekin batera eginiko lana egokiak direla; hala ere, eta Santos Induráin Osasun kontseilariarekin bat eginik, zuhurtzia eskatu du, osasun-adierazleak onak izanagatik. Ildo beretik, detekzioa eta herritarren sentsibilizazioa indartzen jarraituko dutela iragarri du, aurrerapausoak finkatzeko eta gaitzak berriz gora egitea saihesteko. 

Oro har, Osasun Ministerioak proposatu dituen portzentaje-tarteetatik zuhurrena aukeratu du Nafarroak.   

Lehendakariaren esku-hartzea

María Chivite Lehendakariak “zuhurtzia”, erantzukizuna” eta “autoexijentzia” eskatu ditu, gaitzaren gorakadarik berriz ez gertatzeko, eta oroitarazi du egoera berria, positiboa izanagatik, konplexua dela halaber. Batez ere, aitortu duenez, udaren atarian gaudelako, eta normalean gizarte-jarduerak areagotu egiten direlako sasoi horretan. “Jakitun gara, eta ulertzen dugu, herritarrek arnasaldi baten premia dutelarik ekingo diotela udaldiari, konfinamenduko hilabete gogorrak eta bizipen pertsonal ugari jasan ondoren, baina Gobernua garen aldetik lehentasuna eman behar diegu osasuna zaintzeko gomendioei eta gure jokabidearen bitartez babesa eskaini, bereziki oraindik ere zaurgarrienak direnei”, adierazi du.

Ildo horretan, Foru Erkidegoan hain erroturik dauden eta udan hain ugariak diren herrietako festak azpimarratu  ditu. Chivitek gogora ekarri du Udal eta Kontzejuen Federazioarekin sinatutako akordioa, eta “ekitaldi ofizialik ez egiteko” eskatu du, “udal-eskumenekiko begirunez betiere”. Halaber, herritar guztiei zuzendu zaie, “topaketa ez-formalak eta koadrilen, familien eta bizilagunen hitzorduak” saihesteko eskatuz. “Ulertu behar dugu egitarau ofizialik ez egotea inolako jairik ez egiteko deia dela”, pilaketak eta neurriak lasaitzea saihesteko. “Ezin diogu inola ere aisialdiari uko egin -esan du-, baina era aunitz dago gozatzeko eta elkarrekin egoteko. Erantzukizuna eta beharrezko distantzia eta higienea beti gogoan izatea besterik ez dugu galdatzen”.      

Chvite Lehendakariak aipaturiko beste gai bat gehien eskatzen den neurrietako bat da: autonomia-erkidegoen arteko mugikortasuna. Horri dagokionez, iragarri du hitz eginen duela Euskadi, Errioxa eta Aragoiko bere homologoekin, “dauden ideiez eta aurrera egiteko aukerez jarduteko, zabaltze hori, posible balitz, koordinaturik planifikatze aldera, guztiok bat gatozenean hala egiteko une egokia dela”, azpimarratu du. Hala ere, horren aurretik 3. fasearen hasiera nolakoa den eta normaltasun berria arautuko duen Dekretuaren zehaztasunak aztertu beharko dira.     

Berritasunak jarduera-arlo bakoitzean

Ondoren, honako arloetarako berritasun nagusiak xehatuko dira: merkataritza, ostalaritza, kultur eta aisialdi-jarduerak, kirol-jarduerak eta paseoak, kanpamentuak eta udako jarduerak, bainu-eremuak eta igeritokiak, eta ekitaldi erlijioso eta sozialak.   

Merkataritza:

- Txikizkako merkataritzako establezimenduak eta lokalak eta zerbitzu profesionaletako jardueretarakoak irekitzen ahal izanen dira, erakusketarako eta salmentarako azalera edozein dela ere, eta edukiera gehienez ere %50ekoa izanik.

- 65 urtetik gorakoei lehentasuna emanen dien arreta-ordutegia ezarriko da.

- Merkataritza-gune eta merkataritza-parkeetan baimendu eginen da gune komunak eta jolas-guneak irekitzea jendearentzat, baina edukiera %40ra mugatuko da, eta horietan dauden merkataritza-establezimendu eta lokalen edukiera, berriz, %50era.

- Azoka txikien kasuan, ohiko edo baimendutako saltoki-kopurua erdira jaitsiko dela bermatuko da. Udalek, kasu honetan, aukera izanen dute horretara bideraturiko azalera handitzeko edo jarduera gauzatzen ahal izateko beste egun batzuk ezartzeko.  

Ostalaritza:

-Aire zabaleko terrazen baimenduriko edukiera guztizko edukieraren %75era igoko da.

-Tabernen barnean, baimenduriko edukiera gehienezkoaren 2/3 izanen da, mahaien artean distantzia nahikoa utzirik.

-Mantendu eginen da, astebetez gutxienez, barran kontsumitzeko debekua, epidemiaren oraingo fasean distantzia mantentzea zaila den espazio itxiak baitira.

-Hoteletan eta turismorako ostatuetan baimendu eginen da gune komunak jendearentzat irekitzea, edukieraren 2/3 baino gehiago betetzen ez bada. 

Kultur eta aisialdi-jarduerak:

-Kultur jarduerak egin daitezke liburutegietan eta museoetan, baimenduriko edukieraren %50 baino gehiago betetzen ez bada.

-Edukiera %50ekoa izanen da, era berean, entzunaretoetan, zinemetan, antzokietan, karpadun zirkuetan eta mota horretako ikuskizun-aretoetan eta jesarlekuak aldez aurretik esleiturik dituzten guneetan, bai ikuskizunetarako bai bileretarako.  

-Turismoko jolas-guneak irekitzen ahal izanen dira, gehienezko edukiera %50ekoa izanik.

-Baimena emanen da kasinoak, diru- eta zori-joko kolektiboen establezimenduak, joko- eta jolas-aretoak, zozketak, tonbolak eta apustuak egiteko lokalak berriz irekitzeko, baimenduriko edukieraren %50 baino gehiago betetzen ez bada eta distantzia mantendurik. 

-Aire zabaleko ikuskizun eta kultur ekitaldietarako, edukiera 400 lagunera mugatuko da, hau da, Estatuak iradokitako 800eko edukieraren erdira. 

 

 

Gehiago irakurri

Kirol-jarduerak eta paseoak:

-Kirolean, txangoan, urtegi eta ibaietan eta paseoan ari diren taldeen gehienezko pertsona-kopurua 15etik 20ra handituko da. 

-Federaturiko zein federatu gabeko kirol-jardueretarako ordutegi-mugak ezabatuko dira.

-Nafarroa osoan zehar ibiltzen ahal izanen da paseoak eta xendazaletasunarekin loturiko jarduerak egiteko (oraindik ezin izanen da muga horietatik irten), baina ez zaie ordu-tarterik erreserbatuko kolektibo jakinei.

Kanpamentuak eta udako jarduerak:

-Haur eta gazteei zuzenduriko aisialdiko jardueren kasuan, edukiera %50ekoa eta parte-hartzaileen kopurua 200ekoa izanen dira, gehienez, jarduera horiek aire zabalean egiten badira; toki itxian eginez gero, gehienezko edukiera heren batekoa izanen da, eta pertsona-kopurua 80koa.  

-Gomendatzen da ekaineko azken astera arte ez antolatzea edo baimentzea ludotekarik, hiri-kanpamenturik, udako kanpamenturik edo udan egin daitekeen jarduera baliokiderik.

Bainu-eremuak eta igeritokiak:

-Udal-igeritokien irekiera gutxienez ekaineko azken astera arte gibeleratzea gomendatzen da, eta une bakoitzean arlo horri buruz indarrean dagoen araudia betetzea, baita osasun-agintariek edota osasun publikokoek eginiko iradokizunak eta gomendioak ere.

Ekitaldi erlijiosoak eta sozialak:

-Aire zabalean eginiko beiletan gehienez ere 50 pertsonak parte hartzen ahal izanen dute, eta 25ek gune itxietan eginikoetan, elkarrekin bizi ala ez.

-Hildakoa lurperatzeko edo errausteko agur-segizioan gehienez 50 pertsona joaten ahal izanen dira, senideak eta hurbilekoak bildurik.

-Kultu-guneetan eginiko ekitaldietarako %75era mugatuko da edukiera.

-Ezkontzetarako edukiera %75ekoa izanen da, eta gehienezko pertsona-kopurua 150ekoa aire zabalean eta 75ekoa toki itxietan.

 “Normaltasun berrirantz”

Aurreikusirik dago 3. faseak bi aste irautea, alarma-egoerarekin bat eginez, eta berritasun kualitatibo handirik ez badakar ere, bidea irekiko du zenbait aldaketa kuantitatibo nabarmen gertatzeko. Aldi berean, BOEn eta estatuaren planean aurreikusiriko azken fasea denez gero, udako balizko agertoki berriaren ataria da (edo are, urte bukaerarena, udazkenak zer ekarriko zain), ordurako autonomia-erkidegoen ardurapean, Ministerioak ahalik eta koordinaziorik handiena eskatu badu ere; ildo horretan, heldu den asteazkeneko Gobernu-batzordean oinarrizko araudi bat finkatzea aurreikusi du.  

Edonola ere, Nafarroako Gobernuak lanean jarraitzen du autonomia-erkidegoen eta departamentuen arteko koordinazio bikoitzean, orain arte egin duen bezala, eta era berean, 3. fase honi begira, hasiera-hasieratik abian jarritako parte-hartze sozial eta instituzionalaren ondoriozko hainbat ekarpen gehitu ditu, besteak beste atzo bildu zen Nafarroako Covid 19 Trantsizio Batzordeak eginikoak.

Adierazle onek fasez fase aurrera egitea ahalbidetu diote Nafarroari. Erkidegoa, gaur egun, atalase epidemikotik behera dago, eta zazpi egun egin ditu jarraian hildakorik gabe.