2020ko maiatzaren 8a

Osasun Departamentua COVID-19ren aurkako prebentzioari buruzko kartelak eta triptikoak banatzen ari da saltokietan, ostalaritzako negozioetan eta ateak irekiko dituzten zerbitzuetan

Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua 2.000 ale baino gehiago ematen hasi da, eta eskerrak eman dizkie udalei eta merkataritza-elkarteei prebentzio-lanetan laguntzeagatik
Denda bateko erakusleihoan dagoen kartelaren irudia.
Denda bateko erakusleihoan dagoen kartelaren irudia.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) kartelak eta triptikoak banatzeari ekin dio udalen eta txikizkako merkataritzako,zerbitzuetako eta ostalaritzako establezimenduen artean, deseskalatze-prozesuan zehar,  COVID-19ren aurkako prebentzio-neurriei eusteko beharraz informatzeko eta kontzientziatzeko. Informazio hori Nafarroako biztanleria orokorrari eta inplikatutako establezimenduetako jabe, langile zein bezeroei zuzenduta dago.

NOPLOI 2.000 kartel baino gehiago eta beste hainbeste triptiko banatzen hasi da, hasiera batean. Material horiek banatzeko, Udalen eta merkataritza-elkarteen, ostalaritzaren eta beste erakunde batzuen laguntza izango du. Beraz, eskerrak eman nahi dizkie lankidetza eta lan horrengatik, “funtsezkoak izateagatik deseskalatzearen arrakasta kolektiboan”. Pandemiari aurre egiteko, “pertsona bakoitzak elkartasunez eta buruarekin jokatu behar du eta orain are gehiago, jarduera pixkanaka berreskuratzeko baimena eman dute-eta”, adierazi du. Amaitzeko, Osasun Publikoko agintariek esan dute “asko dugula jokoan”.

Funtsezko prebentzio-neurriak

Triptikoan eta kartelean koronabirusa transmititzea gerarazteko prebentzio-neurriak jasotzen dira. Funtsezkoena da, sukarra edo arnas sintomak izanez gero (kasu horretan osasun-etxearekin harremanetan jarri behar da), etxetik ez irtetea edota lanera ere ez joatea, ezta isolamenduan edo berrogeialdian egonez gero ere.

Kartelean oinarrizko bestelako prebentzio-neurriak ere azpimarratzen dira; alegia, pertsonen artean gutxienez 2 metroko segurtasun-tartea izatea, eskuak maiz garbitzea ura eta xaboiarekin edo gel hidroalkoholdunarekin, eztula edo doministiku egindakoan ahoa besaurrearekin estaltzea, erabili eta botatzeko mukizapiak erabiltzea eta paperontzira botatzea; eta ahoa, sudurra edo begiak ez ukitzea.

Halaber, esaten da maskara prebentzio-neurri osagarria izan daitekeela, eta ez dituela ezarritako beste neurriak ordezkatzen. Osasun Ministerioak normaltasun berrirako trantsiziorako Planaren bitartez iragarritako adierazpenetan adierazitakoaren arabera, maskara erabiltzea derrigorrezkoa da garraio publikoa erabiltzen denean (autobusa, trena, e.a.); aldiz, itxitako espazioetan erabiltzea gomendatzen da eta/edo gutxieneko 2 metroko segurtasun-distantzia mantendu ezin denean.

Establezimenduetako eta saltokietako neurriak

Bestalde, establezimenduetan, zerbitzuetan eta saltokietan, plantillaren eta bezeroen babesa bermatuko da. Eta bezeroekin hurbileko kontaktua behar denean (garatutako jardueraren izaera medio) langileek maskara eta/edo eskularruak erabili beharko dituzte nahitaez.

Halaber, espazio itxietan, pertsonen arteko tartea errespetatzeak eta adierazteak duten garrantzia sustatzen da. Modu berean, lokalaren sarreran herritarrentzako gel hidroalkoholdunak jarriko dira, jarduera-mota bakoitzerako adierazitako garbiketa eta desinfektatze-lanak bermatuko dira, aireztatze egokia burutuko da, eta garbiketa gogor egingo da, maizago eginaz instalazioetan nahiz lanerako lanabes eta materialetan.

Establezimenduek kartelen eta triptikoen aleak eska ditzakete banatzeko edo ikusteko moduko lekuan edota lokalaren sarreran jartzeko helburuarekin. Horretarako, erakunde publikoetara edo aipatu elkarteetara jo dezakete edo, zuzenean, NOPLOIren Osasuna Sustatzeko Atalera e-maila idatzita edo 848 423 450 telefonora deituta.