2020ko maiatzaren 6a

Hezkuntza Departamentuak 130 titulazio eta 4.545 plaza eskainiko ditu Lanbide Heziketan zein Arte Plastiko eta Diseinuan 2020-2021 ikasturterako

Maiatzaren 25etik ekainaren 5era bitartean egin daiteke hurrengo ikasturterako aurreinskripzioa eta 11 ziklo berri zein ikasleen plazen %6ko igoera barne hartuko ditu
El consejero Gimeno presenta las modalidades de FP y enseñanzas artísticas para el curso 20/21 Irudi galeria

El consejero de Educación, Carlos Gimeno, ha presentado hoy las novedades de la oferta de Formación Profesional y Artes Plásticas y Diseño para el curso 2020-2021, que contará con 4.545 plazas (un 6% más), y 130 titulaciones diferentes, con una importante ampliación de la oferta en ciclos de Grado Medio.

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak gaur aurkeztu ditu 2020-2021 ikasturterako Lanbide Heziketako zein Arte Plastiko eta Diseinuko eskaintzaren berrikuntzak. Eskaintza horrek 4.545 plaza izango ditu (% 6 gehiago), eta 130 titulazio desberdin, Erdi Mailako zikloetan eskaintza nabarmen zabalduta.

LHko erdi eta goi mailetako zikloetan sartzeko nahiz sarrera-probarako izen-ematea maiatzaren 25etik ekainaren 5era bitarte egingo da, eta, aurten, berrikuntza gisa, aurreinskripzio telematikoa eskainiko da, aurrez aurre egiteko aukeraz gain, betiere osasun-agintariek zehaztutakoaren arabera.

Kontseilariak adierazi duenez, irakaskuntza hauetako eskaintza, Erdi eta Goi Mailako modalitateetan eta Oinarrizko Lanbide Heziketan, “apustu oso garrantzitsua da LH dibertsifikatzeko eta modernizatzeko, profil berri eta guzti; era horretan, ahalegin handia egin da titulazioak Nafarroako zona geografiko guztietan zehar modu orekatuan eskaintzearren”.

Kontseilariarekin batera izan da prentsaurrekoan LHko zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza, eta azken horrek nabarmendu du dauden 22 ikastetxetatik 19k (%86,3) Zentro Integratuen ziurtagiria dutela (Lanbide Heziketako Tituluak eta/edo Profesionaltasun Ziurtagiriak eskuratzera bideratutako prestakuntza-eskaintza guztiak eman ditzakete), herrialdearen gainerako lekuetan aurkitzen ez den proportzioan. 

Hezkuntza Departamentuko arduradunek Oinarrizko LHko eta LH Bereziko (LHB) eskaintzaren izaera inklusiboa ere azpimarratu dute. LHBko zikloek gainerako irakaskuntzen diseinu eta egitura bera dituzte, eta LHko zentro normalizatuetan eskaintzen dira.

Aurkezpenean, gainera, COVID-19aren pandemia hezkuntza-eskaintza osoan eragiten ari den baldintzak eta ondorioak aztertu dituzte. Departamentua osasun-bermeak betetzeko protokolo zorrotzak jarraituz lan egitera behartu du, prestakuntzarako eszenatoki berriak planifikatu behar izan dira, presentziala teleprestakuntzarekin konbinatuaz, irakasleen plantillak egoera berrietara egokituta diseinatu behar izan dira edota enpresekin harremanetan jartzeko eredu berriak jorratu dira LH Duala indartzearren.

Hamar urtetan, Nafarroan bikoiztu egin da LHko ikasleen kopurua (gutxi gorabehera 6.000 ikasle izatetik 12.500 bat izatera). Gaur egun, zikloak, oro har, %100 beteta daude. Ikasturte berrirako, 4.545 plaza aterako dira, horietako 2.435 erdi mailako familia profesionaletan eta 2.110 goi mailako familietan. Modu horretan, %6 inguru gehituko dira erdi mailako plazak funts publikoekin sostengatutako zentroetan.

11 ziklo berri Prestakuntza Dualean

Hezkuntza Departamentua Modalitate Duala ezartzearen aldeko apustu garbia egiten ari da, eta beste 11 ziklo gehiago (%28) eskainiko ditu 2019-2020 ikasturtetik hona.

Zehazki, ziklo berrien barruan, bost berri eskainiko dira Erdi Mailan, hiru Goi Mailan eta beste hiru Lanbide Heziketa Berezian, guztiak ere Modalitate Dualean. Hona hemen horien banaketa:

- Oliba-olioetako eta Ardoetako teknikaria, Iruñeko "Nekazaritza eta Basogintza" IIn.

- Farmazia eta Parafarmaziako teknikaria, “Nafarroako Osasun Eskola Tekniko Profesionala - NOETP" IIn, Iruñean.

- Kimika eta Ingurumen Osasuneko Goi Teknikaria, “Nafarroako Osasun Eskola Tekniko Profesionala - NOETP" IIn, Iruñean.

- Mekanizatuko teknikaria, euskaraz, Iruñeko "Virgen del Camino" IIPn.

- Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonen Artapenerako teknikaria, Tuterako "ETI" IIPn.

- Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria, Tuterako "ETI" IIPn.

- Energia Berriztagarrietako Goi teknikaria, Tuterako "ETI" IIPn.

- Animazioko Goi teknikaria, Corellako Arte Eta Diseinuko Goi Eskolan.

Horiei Lanbide Heziketa Bereziko beste hiru ziklo berri gehitu behar zaizkie:

- Sistema Mikroinformatikoen Muntaketa eta Mantentze Eragiketetako laguntzailea, Administrazioa, Merkataritza eta Informatika IIn, Iruñeko Mª Ana Sanz-en.

- Gozogintza eta okintzako Eragiketetako laguntzailea, Burlatako IIn.

- Jarduera Balioaniztuneko laguntzailea, euskaraz, Berako Toki Ona BHIn.

Hezkuntzako arduradunek adierazi dute 2020-2021 ikasturteko eskaintza-proposamenak 2 jarduera-mota dituela: bata ekoizpen-sektoreen premiei erantzuna ematera bideratua, industria-zikloak gehituta eta sormen-industrietarako profil oso berriarekin, hori guztia lurralde-kohesioarekin uztartuz. Adibide oso nabarmenak dira Animazioko Goi Mailako zikloaren eskaintza Corellako Arte eta Diseinuko Goi Eskolan edo zikloak eta taldeak indartzea Tuterako ETI IIPn, Erriberan jarduera-maila altuak dituzten enpresa sendotuak izatearekin eta Komunitateko hegoaldeko premia sozialekin zuzenean lotuta.

Online LH indartzea

Hezkuntza Departamentua 2009-2010 ikasturtean (lehendabiziko kurtsoa) abian jarritako Online LHrekin hasitako bidea ere indartzen ari da. Nafarroak Estatu osoko batez bestekoaren gainetik kokatzea lortu du, ikasketak bide horretatik egiten dituzten LHko ikasleen portzentajeari dagokionean.

Ikasturte honetan, modalitate horretan ari dira ikasten 1.280  pertsona (672 mutil eta 608 neska), eta Nafarroan Erdi eta Goi Mailako zikloak egiten dituzten ikasleen %12a hartzen du.

Halaber, Hezkuntza Departamentuak LHko eskaintzaren modalitate erdipresentzialarekin jarraitzen du, helduei zuzenduta. Horrela, Nafarroan eskaintza malguen sorta zabaltzen da, helduei aukera emanez hezkuntza-maila eguneratzeko eta kualifikatzeko, LHko titulu bat lortzeko aukera eta guzti, lana eta familia uztartuta.

Azkenik, 2019-2020 ikasturteko Oinarrizko LH mantenduko da. Arlo horretan, Hezkuntza Departamentuaren asmoa da ikasturte akademikoen egungo denbora-eremuaren "zurruntasuna" gainditzen duen bira metodologikoa egitea, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzaren (POI) metodologian eta bestelako metodologia aktiboetan oinarrituta. Horretarako, talde horietako ikasleen ratioa murriztea aztertzen ari dira, sarrera berriko ikasleak 14tik 12ra jaitsiaz talde bakoitzeko. Azterketa hori etorkizuneko LOMLOEtik eratorritako ziklo horien antolaketa berriaren arabera gauzatuko da.