2020ko apirilaren 18a

Maiatzaren 4ra arte luzatu dute Iruñeko “Anezka Enplegu Konekta” programarako eskariak egiteko epea

Doakoa da, eta 18 eta 60 urte bitarteko langabetuei zuzentzen zaie, ikasketadunak zein gabekoak

Pamplona / Iruñako lanbide-orientazioko “Anezka Enplegu Konekta” programan parte hartzeko eskariak maiatzaren 4ra arte egiten ahal izanen dira, epea luzatu ondoren. Programaren xedea langabezian dauden 20 pertsonari laguntzea eta gaur egungo merkatuan lan-bilaketa berpiztu dezaten gidatzea da, teknika eta lanabes berriak eskainiz, eta zeharkako konpetentziak eta konpetentzia digitalak sendotuz.    

Doako ekimen hori 18 eta 60 urte bitarteko langabetuei zuzentzen zaie, prestakuntza-maila edozein dutela (ikasketarik ez, DBH, LH, Batxilergoa edo unibertsitate-graduak) eta edozein lan-sektoretatik datozela ere, aurretiazko eskarmentuarekin ala gabe.

Nafarroako Gobernuak bultzatzen du programa, Nafarroako Enplegu Zerbitzua – Nafar Lansareren (NEZ-NL), Santa María la Real Fundazioaren eta Teléfonica Fundazioaren bitartez. Europako Gizarte Funtsak finantzazioan parte hartzen du, POISES programa operatiboaren barnean.

Maiatz hasieran hastekoa zen programa, baina koronabirusaren krisia dela eta, hura sustatzen duten erakundeek maiatzeko azken egunetara arte gibeleratzea erabaki dute. Heldu den irailean da bukatzekoa.

Programaren garapena

Izena ematen duten guztien arteko hautaketa-prozesu bat eginen da parte hartuko duten 20 pertsonak zeintzuk izanen diren erabakitzeko. Alarma-egoera ezartzen duen Errege Dekretua betetze aldera, prozesua online edo telematikoki eginen da, bide-konferentziazko edo telefonozko elkarrizketen bidez, izena ematen dutenen beharren edo baliabideen arabera.     

Parte-hartzaileek hainbat jarduera burutuko dute enplegagarritasuna hobetzeko eta  lan-munduan txertatzea sustatzeko, hala nola lan-merkatuaren azterketa-plan bat egiten ikasteko adimen emozionaleko teknikak berenganatzea, curriculumak eguneratzea eta lan-elkarrizketen simulazioak egitea, enplegegarritasun-mapak osatzea eta enpresei bisitak egitea, bertzeak bertze. 

Gogorarazi beharra dago azken urteetan programa honen barneko bost ekimen gauzatu direla Nafarroan, hiru Iruñean eta bi Tuteran. Ehundik gora lagunek hartu dute parte, eta %60k hobera egin dute lan-arloan, hainbat sektoretan besteren konturako enplegua lorturik, beren negozioak abiarazirik, prestakuntza handiagoturik edo profesionaltasun-ziurtagiri bat eskuraturik.