Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak Foru Komunitatearen berezitasunera egokitu ditu Koronabirusaren alarma-egoeratik eratorritako xedapenak
2020ko martxoaren 14a
Nafarroako Gobernuak Foru Komunitatearen berezitasunera egokitu ditu Koronabirusaren alarma-egoeratik eratorritako xedapenak
Koronabirusak eragindako osasun-krisia kudeatzeko, Espainiako Gobernuak larunbat honetan Errege Dekretu bidez ezarritako alarma-egoeran aurreikusitako establezimendu-itxierak eta jarduera-mugak zehaztu ditu Nafarroako Gobernuak.
Estatuko Gobernuarekin eta gainerako Foru Erkidegoekin lankidetzari, koordinazioari eta partekatutako erabakiei eutsirik, Nafarroako Gobernuak, bihar –igandea, martxoak 15– Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko duen Foru Agindu honen bitartez, sakondu eginen ditu Koronabirus-pandemiaren aitzinean nafar herritarrak babesteko ekintzak.
Induráin Osasun Kontseilariak Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasun Institutuaren eskariari erantzunez onarturiko xedapen honen bidez, ezarri egiten da, beste xedapen batzuen artean, kirol-instalazioen, hotelen, zinema-aretoen, antzokien eta bestelako kultur eta aisialdi-guneen itxiera. Saltoki xehekariez den bezainbatean, jardun ahal izatea bermatuko zaie elikagaien eta premiazko salgaien alorretako establezimenduei: fruta-dendak, harategiak, arrandegiak, okindegiak, farmaziak, estankoak, gasolindegiak, kioskoak eta elikagai-dendak.
Halaber, bertan behera utziko dira ekimen kolektiboak, eta kultu-guneei eta zeremonia zibil eta erlijiosoei dagokienez heren batera mugatuko da gehieneko pertsona-kopurua. Hileten kasuan, gehienez 25 pertsonak izanen dute segizioan joateko aukera.
Aginduak, era berean, jarraibideak ezartzen ditu bereziki zaurgarriak diren giza taldeentzat, hala nola adinekoak eta desgaitasuna dutenak, eta azkenik, jadanik hartuta zeuden zenbait neurri jasotzen ditu: aurrez aurreko hezkuntza- eta trebakuntza-jarduerak etetea, eta publikoarentzat ixtea justizia-aretoak eta beste gune publiko batzuk (liburutegiak, museoak, ikasle-egoitzak, aterpeak…).
Neurriok 15 egun naturaleko epean izanen dira indarrean, baina aukera izanen da gerora haien indarraldia luzatzeko.
Lehendakariak, María Chivitek, nafar guztiei dei egin die alarma-egoera berrira egokitu eta arauak eta jarraibideak errespetatzera, zeren, adierazi duenez, “hori izanen baita gakoa” osasun-krisi hau arrakastaz gainditzeko. Ildo horretatik, jakinarazi du hartutako neurriei buruz indar politikoen adostasuna sumatu duela, eta konfiantza duela “egoera hau gainditzeko, administrazioaren konpromisoarekin baina baita gizarte zibilaren konpromisoarekin ere”.
Gainera, iragarri du Nafarroako Gobernuak, egoera gainditzeko bidean, ekonomiaren arloko neurriak onartuko dituela heldu den asteazkenean.
Azkenik, osasun-arloko eta larrialdietako profesionalak egiten ari diren lana eskertu du.
Neurriak hezkuntzaren, justiziaren eta kulturaren arloetan
Zehazki, Foru Aginduak honako prebentzio-neurriak ezartzen ditu:
1. Aurrez aurreko hezkuntza-jarduera guztia etetea, gune eta maila orotan, eskola-orduetan zein eskolaz kanpokoetan, eremu publikoan eta pribatuan, zero urtetik Unibertsitateraino, hura barne, eta hezkuntza-jarduera osagarriak barne harturik.
Aurrez aurreko prestakuntza-jarduera etetea, enplegurako, autonomoentzako, ekintzaileentzako eta ekonomia sozialeko elkarteentzako lan-heziketa eskaintzen duten erakunde publiko eta pribatu orotan.
Publikoarentzat ixtea Justizia Jauregiak eta Bake Epaitegiak. Hala ere, oinarrizko zerbitzuak mantendu eginen dira, Justizia Ministerioarekin eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiarekin koordinaturik.
4. Publikoarentzat ixtea haurren aisialdirako guneak eta ludotekak.
5. Publikoarentzat ixtea Nafarroako liburutegi publikoen sarea, eta kudeaketa edo titulartasun publikoa duten museoak.
6. Titulartasun publikoko ikasle-egoitzak eta gazteentzako aterpeak ixtea.
Ostalaritzako eta aisialdiko establezimenduak ixtea
Aginduak honako jarraibideak ezartzen ditu ostalaritza-jardueraz, aisialdiaz, kultur eta kirol-ekimenez, ekitaldi sozialez eta erlijiosoez eta zezenketez.
1. Publikoarentzat ixtea tabernak, jatetxeak eta kafetegiak, etxez etxeko banaketa-zerbitzua edo lokalean jasotzea baimendurik.
Itxiera horrek ez die eragiten hotelen sukaldaritza-zerbitzuei, betiere bertako bezeroei baizik ez bazaizkie bideratzen, ezta ere funtsezko zerbitzu publikoak ematen dituzten instalazioetako sukaldaritza-zerbitzuei.
Merkataritza xehekariari dagokionez, Errege Dekretuak xedatutakoa beteko da. Edonola ere, bermatu eginen da elikagaien eta premiazko lehengaien merkataritza-gune xehekarien jarduera: fruta-dendak, harategiak, arrandegiak, okindegiak, farmaziak, estankoak, gasolindegiak, kioskoak eta elikagai-dendak.
Azalera handiko saltokien kasuan, elikagaiak eta premiazko produktuak saltzen dituzten establezimenduek baizik ezin izanen dute publikoarentzat zabalik egon.
2. Itxi eginen dira zinema-aretoak, antzokiak, joko-aretoak, kontzertu-aretoak eta auditorioak, azoka-guneak, aisialdi-guneak –dantzalekuak, diskotekak, pubak, kafe-antzokiak eta antzekoak–, elkarte gastronomikoak, aisialdi-gune pribatuak (gaztetxeak, gelak, txabolak, upelategiak eta antzekoak) eta Donejakue Bideko aterpetxeak.
3. Eten eginen dira, gune ireki zein itxietan, honako ekitaldi kolektiboak: ikuskizun publikoak, dibertimenduzkoak eta aisialdikoak, kultur jarduerak, jarduera erlijiosoak, zezenketak, kirol-jarduerak eta antzekoak, titularra, kudeatzailea edo antolatzailea publikoa zein pribatua izanik.
Hiletez den bezainbatean, beilatokietan eta haien baliokideetan sar daitekeen gehienezko pertsona-kopurua heren batera mugatuko da; hileta-segizioetan 25 pertsonak parte hartu ahal izanen dute gehienez.
4. Itxi eginen dira kiroletarako instalazioak, pabilioiak eta aretoak, baita gimnasioak eta igerilekuak ere. Kirol-ekitaldi profesionalak eta ez-profesionalak bertan behera geratuko dira, bai lehiaketa nazionaletakoak bai nazioartekoak, maila eta kategoria orotan.
Gizatalde zaurgarrien babesa
Azkenik, honako neurriak ezarri dira gizatalde espezifikoak babesteko:
Adinekoentzako eguneko zentroen irekiera etetea, baita ere egoitza-izaerarik gabeko eta izaera ludikoko adinekoentzako guneena, hala nola nagusien etxeak, klubak eta bizikidetza- eta aisialdi-guneak.
Adinekoen, adingabeen, eta desgaitasuna duten egoitzetara egin daitezkeen bisitak mugatzea. Egoiliar bakoitzeko pertsona bakarra joan ahal izanen da bisitan, egoitzaren zuzendaritzak ezarritako ordutegiaren barnean. Ez da muga hori ezarriko zaintza- eta humanizazio-neurri gehigarriak behar diren kasuetan; egoitzaren zuzendaritzaren esku egonen da horiek ezartzea.
Adinekoen eta desgaitasuna dutenen egoitzetara sartzea debekatzea arnasbideetako infekzio akutuaren sintomak dituztenei (eztula, sukarra edo arnasa hartzeko zailtasun akutua).
4. Adinekoei zuzendutako talde-jarduerak eta jarduera kolektiboak bertan behera uztea.