Descárgate la app
Garapen Ekonomiko eta Enpresarialak meatzaritzako ezagutza hobetzeko ekintza dibulgatiboak sustatuko ditu
2020ko otsailaren 27a
Garapen Ekonomiko eta Enpresarialak meatzaritzako ezagutza hobetzeko ekintza dibulgatiboak sustatuko ditu
Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak gaur goizean hitzarmena sinatu du Galiziako Mineira Ganbera Ofizialarekin eta Geoalcali SLU enpresarekin meatzaritza eta mineralen inguruko hezkuntza eta material dibulgatiboak partekatzeko. Guztia Nafarroako meatzaritza sektorearen ezagutza hobetu eta dibulgaziorako ekintzak sustatzeko.
Hitzarmena sinatu dute Nafarroako Gobernuko Industria, Energia eta S3 Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusi Yolanda Blancok, Galiziako Mineira Ganbera Ofizialeko lehendakari Juan de Dios Martínek eta GEoalcaliko Harreman Instituzionaletako zuzendari Ricardo Pérezek.
Gaur sinatutako hitzarmenaren bitartez, Galiziako erakundeak Nafarroari utziko dizkio “Coñece a minaría de Galicia” (Ezagutu Galiziako meatzaritza) unitate didaktikoak Haurren Hezkuntza eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako, irakaskuntzarako dagozkien eskuliburuekin eta hezkuntza-maila horietarako hiru bideorekin. Nafarroak lurraldeko meatzaritza-errealitatera egokituko ditu materialak, eta, behin prestatuta, Foru Komunitateko ikastetxeen eskura jarriko da meatzaritzarekin loturiko gaietan laguntza-material moduan erabil dezaten.
Bestalde, Geoalcali SLU enpresak Galiziako Meatzaritza Ganberaren esku jarriko du "Etorkizun iraunkorrerako ezinbesteko mineralak" erakusketa, Galiziako herri ezberdinetan erakuste aldera. Bertan, material grafiko ugari eta hogeita hamar bat mineralen bilduma ikus ahal izango dira, gehienak IGMEko (Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutua) ordezkariek utziak, azken horren eta Nafarroako beste meatzaritza-enpresa batzuen mineralez gain.
Lantaldea
Industria, Energia eta S3 Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritza Nagusiaren Meatze Atala, Nafarroako meatzaritza-sektoreko elkarte eta enpresa nagusiekin batera (tartean Geolcali SLU), meatzaritza zabaltzeko lantaldearen barnean sartzen da, eta horren helburua da meatzaritza-sektoreak gizartean duen paperaren ezagutza orokorra ez ezik, baliabide mineralen erabilerak eta aplikazioak ere sustatzea.
Galiziako Mineira Ganbera Ofiziala
Zuzenbide Publikoko korporazioa da eta Galiziako Administrazioaren organo aholku-emailea, Galiziako Xuntako Ekonomia eta Industria Conselleriak zaindua. Jarduerak unibertsitateekin, elkarte sektorialekin eta meatzaritzako komunitateko enpresekin elkarlanean garatzen ditu.