Descárgate la app
Gobernuak baimena eman du Tuterako Reina Sofía Ospitaleko Hemodialisi-unitate berriaren eraikuntza-lanak kontratatzeko
2020ko otsailaren 19a
Gobernuak baimena eman du Tuterako Reina Sofía Ospitaleko Hemodialisi-unitate berriaren eraikuntza-lanak kontratatzeko
Gaur eginiko bilkuran, Nafarroako Gobernuak adostu du Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideako zuzendari kudeatzaileari baimena emanen diola Tuterako Reina Sofía Ospitalean Hemodialisi-unitate berriaren eraikuntza-lanak kontratatzeko. Unitate hori 2021. urtearen bukaeran funtzionatzen hastea aurreikusten da.
Aurrekontua 3,3 milioi eurokoa da, 2020ko (300.000 euro) eta 2021eko (3.053.507 euro) aurrekontu-ekitaldietan ordainduko direnak. Baimena beharrezkoa da gastua 3 milioi eurotik gorakoa delako, eta gainera urtebeteko izaera duelako.
Aurreikusitako epeen arabera, irailean esleituko dira eraikuntza-lanak, eta horiek burutzeko epea 14 hilekoa izanen da.
Astero 80 gaixori arreta
Behin funtzionatzen hasirik, unitate berriak 80 gaixori ematen ahal izanen die arreta astero; egun denbora-tarte horretan arta daitezkeen 44 kasuen aurrean.
Eremu berrian bi gune izanen dira isolatuta dauden erientzat eta gaixo oso larrientzat; etorkizunean kirurgia-aldea izanen den eraikinaren beheko aldean kokatuko da.
Unitate honen azalera 2.340 m2-koa izanen da, sarrerako portxea barne; horietatik, 1.218 m2 izanen dira Hemodialisi-unitaterako, eta gainerako 1.122 m2-ak etorkizunean bertze prestazio batzuk jartzeko. Unitate berriak izanen dituen zerbitzuen artean, eta bertzeak bertze, harrera-eremua, itxarongela, komuna, tratamenduetarako gela, isolamendu-gela, gaixo larrientzako gela, kontsultategiak, aldagelak eta biltegiak daude.
Gaur egungo Hemodialisi eremuak ospitaleko hainbat gunetan barreiatuta daude, eta 300 m2 inguruko azalera dute.
Horrez gain, azpimarratzekoa da unitate berriak aukera emanen duela Hemodialisiko asistentzia-jarduerarako beharrezkoak diren zerbitzu guztiak eremu berean biltzeko, eta lagundu eginen duela gaur egun nafar Erriberako gaixoek jasotzen duten arreta hobetzen.
Dialisia egiteko 12 tokitik 20ra
Hain zuzen ere, Hemodialisi-unitateak, gaur egun bi gelatan banatutako 12 toki dituena dialisi egiteko (9 batean eta 3 bertzean), eta astero 44 gaixori arreta emateko ahalmena duena, orotara 20 toki izanen ditu dialisiak egiteko eta astero 80 eri baino gehiago artatzen ahal izanen ditu. Tuterako Osasun Eremuan heldu diren urteetarako aurreikusi den gaixo-kopuruaren hazkundea gertatuz gero (3-4 gaixo bi urtean behin), unitate berriak arreta egokia ematen ahal izanen die hemodialisi-tratamendua behar dutenei. Ildo beretik, gogorarazi beharra dago iaz, 2019an, 6.228 dialisi-saio egin zirela.
Etorkizunerako profesional-kopuruaz den bezainbatean, lehenbiziko fasean administrazioko langileen eta zaintzaileen kopurua handitzea aurreikusten da (gaur egun bertze zerbitzu batzuekin partekaturiko langileak dira), baita medikuena eta erizainena ere, zerbitzu-zorroaren eta unitatean artatutako gaixo-kopuruaren arabera.
Gaur egun, eremu honetan, bederatzi erizainek, erizaintzako zaintza osagarrien sei teknikarik (horietako bat, bertze unitate batekin partekaturik), arloan espezializaturiko hiru medikuk eta Alergologia-unitatearekin partekaturiko administrari batek egiten dute lan. Unitateari arreta emateko neurriko profesional taldea da, betiere kontuan izanik une jakin batzuetan, gaixo-motaren arabera, indartzeko beharra egon daitekeela. Ildo horretatik, prestakuntza-ekintzak eginen dira bai unitateko profesionalek bai gerora bertan aritu litezkeenek beren funtzioetarako behar adinako trebakuntza izan dezaten. Nabarmentzekoak dira, esate baterako, bertze erietxe batzuetan eginiko heziketa-egonaldiak eta –txandakatzeak, edota lan-jardunaldiaren barnean trebakuntzarako orduak ematea.