Descárgate la app
SOS Nafarroak 333.331 gertakariren kudeaketa koordinatu zuen 2019an, eta laguntza eta sorospen zerbitzuen 206.070 mobilizazio behar izan zituzten
2020ko otsailaren 11a
SOS Nafarroak 333.331 gertakariren kudeaketa koordinatu zuen 2019an, eta laguntza eta sorospen zerbitzuen 206.070 mobilizazio behar izan zituzten
112 larrialdietako telefono bakarraren Europako Eguna otsailaren 11n izaten da urtero, eta lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari Javier Remirezek nabarmendu nahi izan du SOS Nafarroako Larrialdien Kudeaketa Zentroak Foru Komunitatean garatutako lana. Kontseilaria egun hori dela-eta egindako ekitaldiaren buru izan da, eta SOS Nafarroako bi langile saritu nahi izan ditu, Jose Javier Jimenez eta Fernando Dorronsoro, iaz erretiroa hartu baitzuten.
Omenaldi-ekitaldian, Remirez kontseilariaz gain, Barneko zuzendari nagusiak, Amparo Lopezek, eta Babes Zibileko Zerbitzuaren zuzendariak, Jose Javier Boulandierrek, parte hartu dute.
Halaber, ekitaldian izan dira Su-hiltzaileen Zerbitzuaren zuzendaria, Francisco Javier Baldanta; Foruzaingoaren burua, Juan Carlos Zapico; eta SOS Nafarroaren arduraduna, Daniel Cano.
Remirezek bere hitzaldian nabarmendu du "zerbitzua ezinbestekoa dela larrialdiak artatzeko, eta erabat integratuta dagoela Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetan telefono bakarraren bitartez". Era berean, gehitu du SOS Nafarroak eskaintzen duen zerbitzua "funtsezkoa izateaz gain, eredu bat dela lankidetza operatiboaren garrantzian nahiz larrialdia ebazteko kudeaketan" eta erreferentea ere bai gorabeherak artatzeko "beharrezko baliabideak mobilizatzeko eraginkortasun eta ardurarengatik".
Orobat, Barneko zuzendari nagusia den Amparo Lopezek eta Babes Zibileko Zerbitzuaren zuzendaria den José Javier Boulandierrek adierazi dute, teknologia eta ekipoez gain, ezinbestekoa dela krisi-egoeretan erabakiak hartzen dituzten pertsonen ekarpena larrialdiak artatzeko katea abian jartzeko.
SOS Nafarroak guztira 1.040.435 dei kudeatu zituen 2019. urtean
Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren memoriaren arabera, SOS Nafarroa Larrialdien Kudeaketa Zentroak 112ra egindako 742.176 dei artatu zituen guztira 2019an, eta horien bitartez 333.331 gorabeheretan esku hartu eta laguntza eta sorospeneko zerbitzu ezberdinen 206.070 mobilizazio egin behar izan ziren.
2019an zehar, sartutako 742.176 deiez gain, SOS Nafarroak egindako 256.263 dei erregistratu zituen, tele alarmako 41.996 dei artatzeaz gain. Beraz, guztira 1.040.435 dei izan ziren; hau da, 2018an baino apur bat gehixeago (1.012.705) eta 2017an baino gehiago (983.261).
Guztira sartutako deietatik, 539.313 bidezkoak izan ziren eta 17.043 maltzurrak. Gainera, 63.622 kasutan informazioa eskatu zuten, eta 122.198 ‘hutsak’ izenekoak izan ziren, hutsune teknikoei egozteko modukoak.
Bestalde, urtarrilean artatu ziren dei gehien (79.545), eta, ondoren, uztailean, (66.307). Gutxien otsailean (56.761) eta urrian (58.803 dei) egin ziren.
Osasun-mailako larrialdiek kudeatutako gorabeheren %80a osatzen dute
Osasun-mailako larrialdiak, premiazko osasun-garraioa, osasun-zentroetako edo etxeko arreta medikoa eta telefono-kontsultak barne, kudeatutako 333.331 gorabeheraren %80 ingurukoak izan ziren. Zehazki, honako hauek artatu ziren: osasunarekin lotutako 241.937 kasu, 48.381 polizia-gai, trafikoko 11.999 gorabehera, bideko 6.012 istripu, 2.399 istripu, laneko 735 istripu, 2.837 asistentzia tekniko, basoetako 2.234 sute, industriako 79 sute, hiriko 1.579 sute, salbamendu eta erreskateko 30 operazio, genero-indarkeriaren inguruko 868 arreta eta beste 12.005 gorabehera.
Laguntza-baliabideak mobilizatzeari dagokionean, %56,5 (116.567) Lehen Arretako kontuak izan ziren eta %22 (45.153) gaixoak anbulantzian eramatekoak: 37.645 oinarrizko bizi-euskarrikoak eta 7.508 bizi-euskarri aurreratukoak (medikalizatua). Era berean, 853 kasutan aireko bitartekoak mobilizatu ziren.
Bestalde, Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak elkarteekin hitzarmenak eginda ditu babes zibilaren sisteman elkarrekin lan egiteko eta integratzeko: Gurutze Gorria eta DYA, Nafarroako Psikologoen Elkargoko taldea hondamendietan esku hartzeko, EBYS Elkartea (Bilaketa, Salbamendu eta Ingurumena Babesteko Taldea), Nafarroako Espeleologia Federazioko Espeleolaguntza taldea, Nafarroako Salbamenduko Txakurraren Taldea eta Mendiko eta Eskaladako Kirolen Nafarroako Federazioa. Horiek guztiak irabazi asmorik gabeko erakundeak dira, eta boluntarioen bitartez lan egiten dute.
Gaur egun, SOS Nafarroak koordinazioko operadorearen 48 plaza ditu, lanaldi osokoak.
112, doako zenbakia Europar Batasuneko edozein herrialde-kidetan
Europar Batasunean, 112 zenbakia larrialdiak artatzeko telefono-zenbaki bakar moduan normalizatuta dago 1992az geroztik. Europako Parlamentuak otsailaren 11 jarri zuen 112 Larrialdietako Telefono Bakarraren Europako Eguna bezala, eta egun hori hautatu zuten lehen bi zifrek bat egiten dutelako egunarekin eta hirugarrenak hilabetearekin.
112 doako zenbakia da, eta 24 ordutan eta asteko egun guztietan erabil daiteke Europar Batasuneko edozein herrialde-kidetan eta beste herrialde batzuetan. Deia egin daiteke GSM estaldura duen edozein lekutatik, nahiz eta estaldura hori bat ez etorri telefonoarekin kontrataturiko konpainiarenarekin.
Nafarroako Gobernuak gogoratu nahi du dei bidegabeek, maltzurrek edo gezurrezkoek benetako larrialdiak artatzen dituzten pertsonen lana ez ezik, kaltetutako pertsonak ere eragozten dituela, sistema behar ez bezala erabilita, ezin baitute baldintza egokietan harremanetan jarri.