Descárgate la app
Nafarroako enpresen %80k eraldaketa digitalerako prozesua hasi dute
2020ko urtarrilaren 31a
Nafarroako enpresen %80k eraldaketa digitalerako prozesua hasi dute
Nafarroako 2019ko 4.0 Industria Diagnostikoaren Txostenaren emaitzen arabera, Nafarroako enpresen% 79,21ek eraldaketa digitalaren prozesuari ekin diote dagoeneko, eta 2018an, berriz,% 72,64k. Nafarroako Industriaren Elkarteak (Ain) egin du dokumentua, eta urtebete lehenagoko lehen azterketari jarraipena ematen dio.
Izaskun Goñik, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak, gaur goizean aurkeztu du diagnostikoa, Industria Navarra Summit 2020 ekitaldiaren barruan. Ekitaldia Nafarroako Foru Gobernuak antolatu du, atzoko eta gaurko egunez, Baluarte Kongresu Jauregian, Nafarroako Industriaren Elkarteko mahaiko eragileekin lankidetzan.
Dokumentu horri esker, 4.0 industria bultzatzen ari diren nafar eragileek eraldatze digitalera bideratutako ibilbide-orria bete ahal izango dute. Izaskun Goñiren esanetan, “Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (S3) nahiz 2020 Nafarroako Industria Planean aurreikusitako behar bat da, gure ekoizpen-ehuna indartzeko ezinbestekoa”.
Honela erantsi du: “Egia da 4.0 industriaren plangintza estrategikoa hobe daitekeela, baina diagnostikoan parte hartu duten enpresen % 44,55ak (2018an baino % 8,75 gehiago) badu eraldatze digitalerako plan bat”.
Teknologia berriei lotuta, ondorioztatu da gero eta enpresa industrial gehiagok baliabide horiek erabiltzen dituztela lan- eta lankidetza-modu berriak bultzatzeko. Erakundeen % 28,71ak telelana babesten du ( 2018ko % 27,83aren aurrean) eta % 42,57a, berriz, barne-kolaborazioa errazten duten plataforma digitalen aldekoa da (aurreko urtean % 29,25).
Bestalde, egin diren elkarrizketei eta txostenaren emaitzei erreparatuz gero, ondoriozta daiteke 4.0 industrian inbertsiorik handiena teknologia digitaletan egin behar dela: konektagarritasuneko sentsoreak edo gailuak, datuen analitika, softwarea eta kudeaketara bideratutako aplikazioak. Goñiren esanetan, “hemendik hiru urtera analitikari, sentsoreei eta adimen artifizialari lotutako teknologiak gailenduko dira”.
Etorkizunera begira
Laguntzeko eskariak eta beharrak ikusita, azterketatik ondorioztatu da eraldatze digitalaren esparruan prestakuntza eta gaikuntza direla lehentasuna. Gehien errepikatzen diren eskariak inplementatzen laguntzeko doako programak dira, eta, horregatik, txostenetik hauteman da industria-sektore osoan esperientziak eta ezagutza espezializatuak partekatzea ezinbestekoa dela.
Industria 4.0ri ikusgaitasuna eman eta dinamizatze aldera, enpresek startupen (enpresa sortuberriak) laguntza behar izaten dute erreferentziazko eskaintza-eskaria ekosistema eraikitzeko eta sustatzeko, irtenbideak garatze aldera.
Era berean, txostenak hainbat gomendio ematen dizkie enpresei, eta baita Nafarroako Administrazioari ere. Lehenik eta behin, hornidura-katearen kudeaketan dagoela ekoizpena malgutzeko gakoa, eta konpainien arduradun nagusiek plangintza estrategikoko dinamikak erraztu eta egonkortu behar dituztela erakundeetan eraldatze digitala sustatzeko.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak Industria 4.0 weba eta haren edukiak, Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloa, digitalizazioa bultzatzeko laguntza-programa espezifikoak, 4.0 ibilbideak, Activa Industria 4.0 Programa eta 4.0 arloan inbertsioak finantzatzeko programak sustatuko ditu.
Hain zuzen, Berrikuntza Digitaleko Poloak zentro teknologiko eta unibertsitateetako ikerketa eta berrikuntza S3n lehentasunezkoak diren sektore ekonomikoetara bideratuko ditu: automozioa eta mekatronika, elikadura-katea, energia berriztagarriak eta baliabideak, turismo integrala, sormenezko industriak eta industria digitalak. Horrez gain, ekonomiaren digitalizazioa eta enpresa berritzaileen sorrera bultzatuko ditu, lurraldearen garapen-ahalmena maximizatzeko politika adimentsuak erabiltzearen bidez.