2020ko urtarrilaren 29a

Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala elkarlanean arituko dira memoria historikoaren eta biktimen arloan

Gerra Zibileko biktimen hilerriko panteoia handitzeko hitzarmena sinatuko dute eta ETAren biktimen omenezko plakak jartzen elkarlanean arituko dira
Ezkerretik eskuinera Martín Zabalza zuzendari nagusia, Maya alkatea, Ollo 
kontseilaria eta Ana Elizalde alkateordea.
Ezkerretik eskuinera Martín Zabalza zuzendari nagusia, Maya alkatea, Ollo kontseilaria eta Ana Elizalde alkateordea.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo eta Iruñeko alkate Enrique Maya gaur goizean bildu dira Udaletxean, batez ere memoria historikoaren eta terrorismoaren biktimen inguruko gai ezberdinak jorratzeko. Bileran izan dira, baita ere, Ana Elizalde alkateordea eta Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Martin Zabalza. Udalak Nafarroako Gobernuari adierazi dio ETAren 27 biktimari omenaldia egiteko asmoa duela hirian, eraildako lekuetan omentzeko plakak jartzearekin batera. Era berean, Gerra Zibileko eta frankismoko biktimen udal-hilerriko panteoia handitzea adostu dute, gorpuzki gehiago hobiratzeko espaziorik gabe geratu baita.

ETAren biktimen omenezko plakak jartzeko, Iruñako Udalak hitzarmena sinatuko du ANVITErekin (ETAren Terrorismoko Biktimen Nafarroako Elkartea). 2016ko ekainean, Nafarroako Parlamentuak akordio bat onartu zuen talde parlamentario guztien ekimenez, Bildu kenduta, abstenitu egin baitzen, eta, horren bitartez, Nafarroako Gobernuari eskatu zioten, Udalekin eta biktimen familiekin elkarlanean, plakak jartzeko ETA banda terroristak burututako erailketa-lekuetan; plaketan, biktimen izena eta atentatu-eguna agertuko ziren. Ildo horretan, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendaritza nagusiak Udalei gutun bat bidali zien plakaren diseinua, jartzeko prozesuaren aholkularitza eta biktimekiko kontaktua eskainiaz, familien egoera pertsonalaren berri izan zezaten. Nafarroako lau herritan dagoeneko egin da. Era berean, 2017ko martxoan, Udaleko Bozeramaileen Batzordeak akordio bat onartu zuen ekimen hori burutu ahal izateko.

Gerra Zibileko biktimak hobiratzeko zona berria

Bileran, halaber, Gerra Zibileko eta frankismoko biktimen panteoia handitzeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak sinatuko duten lankidetza-hitzarmenaz aritu dira. Panteoia San Jose udal-hilerrian aurkitzen da. Egungo panteoiak 60 pertsonaren gorpuzkiak sartzeko edukiera du, eta hobiratze gehiago egiteko lekurik gabe geratu da. Udalak kokapen bat proposatu du hilerri berean; hau da, San Juan, San Simon, San Lukas eta San Gabriel kaleek osatutako koadrantean, eta premien arabera lau panteoi ere egokitu ahal izateko aukera egongo litzateke, bakoitza egungoaren antzeko tamainakoa, hots, 60 bat pertsonaren gorpuzkiak hartzeko modukoa.

Panteoien zona berri horren erdialdean, batutasun leku bat egokitzea aurreikusten da, gertaera edo elementuren batekin, egungo panteoian dagoen monolitoaren kasuan bezala. Proposamen berri hori 80.000 euro inguruko kostatuko litzateke, hobiratzeko espazio gehiago egokitzeagatik. Egungo panteoiak 40.000 bat euroko kostua izan zuen, eta, hitzarmen berriarekin gertatuko den moduan, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak zati berdinetan finantzatu dute. Horrez gain, Udalak eta Gobernuak erabaki beharko dute egungo panteoiak egun dagoen lekuan jarraituko duen edo gorpuzkiak prestatuko den zona berrira eramango diren.